Atzerapena bi ordu baino txikiagoa denean ez dago zer eginik
Helmugara iristeko hegazkina erabiltzen dutenen oporraldietako izu eta mehatxua bihurtu dira aspaldi honetan hegaldien atzerapen eta ezeztapenak. Espainiako Kontsumitzailearen Defentsarako Elkarteak emaniko datuen arabera, joan den udan atzerapenek erreklamazioen %16 sortarazi zuten eta ezeztapenek %12, baina arazoa ez da uda partean bakarrik gertatzen. Aurtengoaren lehen hiruhilekoan Madrilgo aireportuan Europako Aire-lineen Elkarteko kide diren aire-konpainiek eginiko Europa barneko hegaldien irteeren %23 atzerapenez egin ziren eta bidaien %22 atzerapenik izan zuten iristean. Puntualtasunari dagokionez, aztertu ziren Europako 27 aireportuetatik 9. tokian agertu zen Madrilgoa; Bartzelonakoa zerrenda horretan hurrena zetorren, atzeratutako irteerak %22 eta iristeak %23 izaki.
Zer egin dezakegu, ordea, gure hegaldia atzerapenez dabilenean? Nolako eskubideak ditugu eta nola exiji dezakegu eskubide horiek bete daitezen? Ez ahaztu aire-garraioko txartela kontratua dela: hortaz, bera erositakoan, itundutako baldintzetan eraman behar du garraiolariak bidaiaria. Batasun Europarrak iaz onetsi zuen Europar Parlamentuaren 2004ko otsailaren 11ko 261/2004 Araudia aurtengo otsailaren 17an sartu da indarrean. Araudi horrek, hegazkinean sartzea ukatzekotan edo hegaldia bertan behera gelditu edo atzerapenez ibiltzekotan, bidaiariei laguntza eta ordainketa egiteko ohiko arauak xedatzen ditu.
Hegaldia atzeratzean
Nolako arrazoiak eman ditzake konpainiak hegaldiaren atzerapena zuritzeko?
Askotxo dira: ezegonkortasun politikoa, hegaldia ezinezko bihurtzen duten baldintza meteorologikoak (ekaitza, elurra, kazkabarra) segurtasun alorreko arriskuak, hegaldiaren segurtasuna ezin bermatuzko bihurtzen ustekabeko akatsak eta konpainiaren lanean eragina duten grebak. Horiek denak “halabeharrezkotzat” kalifikatuak daude, hots, bidezko neurri guzti-guztiak hartuta ere, aparteko gorabehera horiek saihestea ezinezkoa litzateke. “Aparteko gorabeheratzat” hartzen dira, era berean, hegazkinaren hegaldi bat edo batzuen ezeztapena edo atzerapen larria sortaraz dezakeen airezko trafikoaren gestioa eragina daukan erabakiaren ondorioak ere, airezko garraiolariak atzerapen horiek gerta ez daitezen ahalegin guztiak egin baditu ere.
Nolako arrazoiak ezin ditzake eman konpainiak, ostera, hegaldiaren atzerapena zuritzeko?
Kontsultatu ditugun adituen iritziz, ardura gainetik astintzeko konpainiek tradizioz argudiatu dituzten arrazoi gehientsuenak epaileek onargarritzat jotzeari ateak zabaldu dizkio aipatu dugun Araudi horrek. Eragindako kontsumitzaileari geratzen zaion defentsa bakarra, alegazio horien agiri bidezko justifikazioa eskatzea da. Arrazoia nahikoa baldin bada, onartu egin beharko du. Bestela, auzitara jo edo ez jo erabaki dezake.
Nolako atzerapenek sortarazten dituzte bidaiarien aldeko eskubideak?
A – 1.500 kilometro arteko bidaietan, bi ordutik aurrerako atzerapenak.
B – 1.500 kilometrotik gorako Europa barneko hegaldietan eta mundu zabalerako 1.500 eta 3.000 kilometro artekoetan, hiru ordutik aurrerako atzerapenak.
C – Aurreko ataletan aipatzen ez diren hegaldietan, lau ordutik gorakoak.
Atzerapena bi ordu baino txikiagoa baldin bada, kontsumitzaileari ez zaio jaramonik egingo; areago, atzerapena handiagoa izanik ere, baliteke jaramonik ez egitea, artapen horrek atzerapen larriagoen kausa dela argudiatuz. Hori gertatuko balitzaizu eta azkenean janaria zeuk ordaindu beharko bazenu, gorde txartela, erreklamazioa egin ahal izan dezazun.
Atzerapenak kalteturiko bidaiariak nolako eskubideak ditu?
Europar Batasuneko arauen arabera, konpainiak bidaiariei hurrengoak eskaini behar dizkio doan:
- Itxaron beharreko tarte horretarako adinako janari eta freskagarri.
- Bi telefono dei, telex, fax mezu edo mezu elektroniko.
- Gau bat edo gehiago eman behar denean, doaneko lojamendua, edo bidaiariak aurreikusiriko egonaldiaz gaineko egonaldi osagarria.
- Aireportua eta ostatuaren arteko garraioa doan, baldin eta “alternatibazko hegaldiaren irteera aurreikusitakoa baino gutxienez 24 ordu geroago gertatzen bada”.
- Atzerapena bost ordu baino handiagoa izaki, hegaldia bidaiariarentzat alferrikakoa bada, txartelaren prezioa itzuli beharko zaio eta, bidezko baldin bada, abiapuntura itzultzeko hegaldia, lehenbailehen. Dirua, gehienez ere, zazpi egun igarota itzuliko zaio bidaiariari.
Hegaldia atzeratzen denean bidaiari guztiek dute ordaina jasotzeko eskubiderik?
Ez: Europar Batasunak xedaturiko ordain horiek jasotzeko eskubidedun izateko hurrengo baldintzak bete behar dira:
- Hegaldia Europar Batasuneko Batasunetik kanpoko herrialdeetako bateko -baldin eta bertako arauek ez ordainik, ez artapenik xedatzen ez badute- aireportu batetik edo irtengo da Batasuneko aireportuetako batera eta konpainia ere Batasuneko herrialdeetako batekoa izango da.
- Hegaldiaren erreserba berretsia ez ezik, aire-konpainiak onetsi eta erregistraturiko txartela (inprimakia edo elektronikoa) edo bestelako froga bat edukitzea beharrezkoa da.
- Eskaturiko baldintzetan eta adierazitako orduan, fakturaziora agertu behar du bidaiariak. Ordurik adieraziko ez balitz, irteera baino 45 minutu lehenago, gutxienez.
Hegaldi bat egiteko erreserba eskuan, hegazkin-aldaketa egin edo beste hegaldi bat hartzeko beharrean egokitu diren bidaiariek ere izango dute ordaina jasotzeko eskubidea.
Atzerapenak diruzko ordainik jasotzeko eskubidea ematen al du?
Aire-konpainiak dirutan ordaintzeko obligaziorik ez duen arren, bidaiariak Montrealgo Hitzarmenera jo dezake; atzerapenen, ekipaien galera eta eraginiko kalteen ondorioak arautzen dituen nazioarteko itun hori Espainian 2004 urteko ekainean sartu zen indarrean.
Hegaldia bertan behera uztean
Hegaldia bertan behera uzteko nolako kausak argudia ditzake konpainiak?
Atzerapenak eragiteko arrazoi berberak. Begira txosten honetako “Hegaldia atzeratzean” atalean.
Hegaldiaren ezeztapenak kalteturiko bidaiariak nolako eskubideak ditu?
Garaio alternatiboen gaineko informazioa eskaini behar du konpainiak. Horrez gainera, bidaiariari dirua itzultzeko eta, bidezkoa bada, abiapuntura lehenbailehen itzultzeko edo, bestela, bidaiariari komeni zaion geroagoko data batean helmugara eramateko (hori bai, erabilgarri dagoen eserlekuen kopuruaren arabera) aukera ere planteatuko dio. Ezeztapenak eraginiko bidaiariak eta hegaldiaren atzerapenak kalteturikoak eskubide berberak dituzte: janaria eta freskagarriak doan hartzea, bi telefono-dei egitea, etc.
Ba ote du bestelako eskubiderik ezeztapenak kalteturiko bidaiariak?
Txartelaren prezioa jasotzeko edo alternatibazko garraiobideren batean joatea gehi diruzko ordaina jasotzea.
Dirua jasotzearen alde egiten badu, zenbat ordainduko zaio?
Erositako prezioan, txartelaren balio osoa, hegaldiaren egin ez duen parteari dagokionez. Baita eginiko hegaldiaren parteari dagokiona ere, hegaldia alferrikakoa bada, bidaiariaren hasierako planen arabera. Horiek ez ezik, bidezkoa denean, lehen abiapunturainoko hegaldia, lehenbailehen egin beharrekoa. Bidaia konbinatu edo antolatu baten parte den hegaldiko bidaiariei, bidezkoa bada, abiapunturainoko hegaldia lehenbailehen egiteko aukera emango zaie baina dirurik ez. Itzulketa gehienez ere zazpi egunean egin beharko du konpainiak dirutan, txeke, banka-transferentzia elektroniko edo arruntaren bidez edo, bidaiariarekin elkar hartuz gero, bidai bonoetan zein bestelako zerbitzuetan.
Nola egiten da garraio alternatiboa?
Baliokidetzat hartzeko moduko baldintzetan helmugarainoko garraioa lehenbailehen egingo da edo, bestela, bidaiariari komeni zaion geroagoko data batean (hori bai, erabilgarri dagoen eserlekuen kopuruaren arabera). Eskualdeak edo hiriak aireportu bat baino gehiago baditu, konpainiak bidaiariak erreserban hartutakoaz beste aireportu baterainoko garraio alternatiboa eskaintzen duenean, hasieran bidaiariak hitzarturiko aireportua eta alternatibazko aireportuaren edo bidaiariarekin adostutako tokiaren arteko lekualdaketa-gastuak konpainiak ordainduko ditu.
Atzerapenak diruzko ordainik jasotzeko eskubidea ematen al du?
Bai, hona hemen gorabeherak eta kopuruak:
A – 1.500 kilometro arteko bidaietan, 250 euro.
B – 1.500 kilometrotik gorako Europa barneko hegaldietan eta mundu zabalerako 1.500 eta 3.000 kilometro artekoetan, 400 euro.
C – Aurreko ataletan aipatzen ez diren hegaldietan, 600 euro.
Itzulketa gehienez ere zazpi egunean egin beharko du konpainiak dirutan, txeke, banka-transferentzia elektroniko edo arruntaren bidez edo, bidaiariarekin elkar hartuz gero, bidai bonoetan zein bestelako zerbitzuetan.
Alternatibako garraioa onartzen duen bidaiariak ba al du dirurik jasotzeko eskubidea?
Bai, baina konpainiak ordain horien erdia bakarrik entregatu ahal izango du, garraio alternatibo horrek helmugara iristeko eta hasieran aurreikusiriko hegaldiarekiko aldeak hurrengoak direnean:
A – 1.500 kilometro arteko bidaietan, bi ordu baino gutxiago.
B – 1.500 kilometrotik gorako Europa barneko hegaldietan eta mundu zabalerako 1.500 eta 3.000 kilometro artekoetan, hiru ordu baino gutxiago.
C – Aurreko ataletan aipatzen ez diren hegaldietan, lau ordu baino gutxiago.
Ordaina jasotzeko eskubidea ezeztatzen al du gorabehera jakinen batek?
Bidaiariak ez du dirurik jasotzeko eskubidea baldin eta hegaldiaren ezeztapena gutxienez bi aste lehenago jakinarazi baldin bazaio; ezta, jakinarazpena zazpi egun lehenago egin bazaio eta aurreikusitako orduak baino gehienez ere bi ordu lehenago irten eta, gutxienez, lau ordu beranduago iristeko aukera ematen dion helmugara alternatibazko garraioa eskaini baldin bazaio ere. Diruzko ordaintze hori ez da egingo, era berean, jakinarazpena zazpi egun lehenago egin bazaio, baldin eta aurreikusitako orduak baino gehienez ere ordubete lehenago irten eta, gehienez, bi ordu beranduago iristeko aukera ematen dion helmugara alternatibazko garraioa eskaini bazaio. Ez zaio dirurik ordainduko, halaber, hegaldien ezeztapena ekidin ezinezko kausengatik egin dnean, konpainiak horrela frogatzen badu.
Konpainiak arau horiek betetzen ez baditu, ordea?
Bidaiariak erreklamazioa aurkeztu ahal izango du. Horretarako, aire-konpainia guztietako informazio-bulego eta txarteldegietan eskura dituen erreklamazio-orriak eskatuko ditu erabiltzaileak. Garraioa baizik kontratatu ez denean, erreklamazioa konpainiara igorriko da. Bidaia konbinatua denean, antolatzaileak eta bidai agentziak dira bidaia hitzarturiko baldintzetan egitearen arduradun. Txosten honetan aipaturiko eskubideak ukatzen baldin bazaizkio, bidaiariak Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusian aurkez dezake erreklamazioa eta erakunde horrek, bidezkotzat jotzen badu, aire-konpainien aurkako neurriak hartuko ditu.