Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Hondakinak birziklatzea eta ingurumenaren aldeko kontzientzia: inkesta egin diegu 1.000 pertsonari : Sukaldeko olioa eta sendagaiak: hondakin horiek bereizten dituzte gutxien herritarrek

55 urte edo gehiago dituzten emakumeak daude kezkatuen birziklatze-ohiturekin, baina hondakinak gaika bereizteko orduan, gazteek egite dute ongien

Gero eta kontzientzia gehiago

Hondakinak kudeatzen aritzen direnek eta ingurumenaren alde jarduten duten GKEk diotenez, herritarrak garai batean baino ohartuagoak daude beren joerek zuzenean eragiten diotela inguruneari. Baina oraindik bide luzea egin behar dela azpimarratzen dute.

EROSKI CONSUMERek, herritarrek zenbateko kontzientzia duten jakiteko, esaldi batzuk irakurri dizkie, eta haiek bat hautatu behar izan dute. Ildo horretan, erantzun dutenen % 93ren iritziz, “hondakinak modu desegokian desagerrarazteak kutsatu egiten du ingurumena, eta, gainera, arriskuan jartzen du jendearen osasuna”.

Horretaz gain, % 88ren irudiko, “hondakin gutxiago sortuko genituzke, ez bagenu hainbeste xahutuko”. Autonomia erkidegoei banan-banan erreparatuz, Andaluzian jende gehiagok bat egin du baieztapen horrekin, % 94k, hain zuzen. Ezin da ahaztu, izan ere, erosten eta kontsumitzen dugun guztiak lotura zuzena duela zaborretara botatzen dugunarekin. Ingurumenaren alde jarduten duten GKEen ustez, erosketak egiteko garaian, gehienok ez dugu kontuan hartzen gure kontsumo moduek zer-nola eragiten dioten planetari. Baina eragiten diote, eta, horregatik, funtsezkoa da zentzuz kontsumitzea eta deus ez alferrik xahutzea. Azken batean, jendeari oroitarazi egin behar zaio arduraz kontsumitu behar dela, eta oinarri-oinarrizko lehen helburua zabor gutxiago sortzea dela, eta birziklatzea garrantzitsua izanik ere, are garrantzitsuagoa dela berrerabiltzea.

Jenderik gehiena ohitua dago sortzen dituen hondakinak bereiztera. Irakurri diegun beste baieztapen batek honela dio: “Hondakinak etxean gaika bereizteak ez du deusetarako balio”. Bada, gehien-gehienak ez daude batere ados. Adinka begiratuta, 20 eta 34 urte artean dabiltzan herritarrek adierazi dute adostasunik gehien esaldi horrekin: adin tarte horretan dauden % 14ren iritziz, hondakinak gaika bereizteak ez du deusetarako balio; 35 eta 54 urte artean dabiltzanetatik, % 4 soilik dira uste horretakoak, eta 55 urtetik gorakoetan, % 7.

Kanpaina gehiago

Jendearen iritziak eta usteak nolakoak diren ikusita, aditu gehienen iritziz orain ere funtsezkoa da sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak egitea, egunetik egunera zikloa hobeki itxi dadin. Haiek diotenez, herritarrek jabetu egin behar dute oinarri-oinarrizko eragileak direla birziklatze-katean, eta azpimarratzen dute txiki-txikitatik ekin behar zaiola ingurumen-heziketari.

Elkarrizketatuen artean ere, lautik hiruk uste dute kanpaina gehiago egin behar direla hiri-hondakinen eta horien kudeaketaren inguruan. Gainera, % 84ren ustez, erakundeek badute aukera gauzak hobeki egiteko hondakinen kudeaketaren arloan. Gaur egun, eztabaida handia dago zein ote den etxeko hondakinak biltzeko sistemarik onena. Gasteizko Udaleko kudeatzaileen iritziz (European Green Capital izendapena jaso du 2012. urtean), ez dago sistema bat “onena” izenda daitekeenik, faktore askoren menpe egoten baita sistema horiek ongi funtzionatzea; besteren artean, herritarren menpe.

Azkenik, herritarren erdiak baino gehiagok uste du ez dela ideia ona zigorrak jartzea hondakinak behar bezala bereizten ez dituzten herritarrei.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak