Elikadura kezkak Consumer Eroskiko adituen erantzunak
Askotan entzun izan dut letxugak likido-debekua eragiten duela eta haizeak sortzen dituela. Letxuga mota guztiekin gertatzen al da hori?
Elikagai bakoitzak era jakinean eragiten dio pertsona bakoitzari. Dena den, gero eta pertsona gehiagok aipatzen dute sabelaldea hanpatuta sumatzen dutela letxuga jan ondoren. Baliteke elikadura-histaminosiak eragin izatea ondoez hori (elikadura arloko intolerantzia berezi bat da). Letxugarekiko intolerantzia edukiz gero, berdin du mota batekoa edo bestekoa jan, guztiek eragingo dituzte sintoma desatsegin horiek. Beste zenbait kasutan, baliteke zuntz gehiegi jan izateagatik hanpatzea sabelaldea, eta letxugak, hain zuzen, zuntz disolbaezin ugari dauzka. Organismoak ez du digeritzen zuntz mota hori, eta kolonera iristen denean, heste lodiaren azken zatira, alegia, hesteetako bakterioek hartzitu egiten dute, eta horrelaxe sortzen dira haizeak, oso ugari batzuetan, desatsegin gertatzeraino eta sabelaldea hanpatzeraino. Aztertu egin beharko litzateke zehazki zerk eragiten duen ondoeza, ezin baita orokortu eta besterik gabe elikagai bat jateari utzi.
Azido urikoa oso goian daukala jakinarazi diote gure aitari. Zer elikagai jatea komeni zaio eta zein baztertzea?
Zenbait elikagai kaltegarriak dira hiperurizemia eta hezueria dauzkatenentzat, eta, beraz, azido urikoa goian dutenek saihestu egin behar lituzkete:
- Animalia-jatorriko proteina. Elkarri lotu-lotuta daude haragi gehiegi jatea (kopuruz eta oso maiz) eta hiperurizemia edukitzea, eta arrain urdina eta itsaskiak jateak areagotu egiten du hiperurizemia pairatzeko arriskua. Ehizakien haragiak saihestu egin behar dira, azido laktikoa izaten dutelako ehunetan, eta gure organismoak azido uriko bihurtzen du. Haragi-errazioak txikitzea da aholku dietetikoetako bat (100 g/errazioko), eta kalitatezko animalia- proteinak eskuratzeko, oilaskoa, indioilarra, arrain zuria eta arrautzak ere jatea, txandakatuz.
- Edari alkoholdun guztiak, eta horien artean, baita garagardoa, sagardoa, ardoa, cava eta xanpaina ere.
- Zukuak, freskagarriak eta fruktosarekin eztituta dauden edari eta elikagai guztiak. Ameriketako Erreumatologia Elkargoak emandako datuen arabera, fruktosa daukaten edari gozoak hartzeak nabarmen handitzen du azido urikoaren maila serikoa.
- Purina ugari dituzten elikagaiak. Halakoak dira erraiak eta barrukiak, haragi gorriak eta haragiaren eratorriak, arrain urdinak, itsaskiak eta horien eratorriak (kabiarra, keztatuak, kontserbak).
Elikaduraren oinarriak: aflatoxinak
Onddo-toxinak dira, Aspergillus saileko lizunek sortuak; oro har Aspergillus flavusaren andui batzuek sortzen dituzte eta Aspergilllus parasiticusaren ia andui gehienek. Lizun horiek, batik bat, kakahueteetan hazten dira, hezetasun- eta tenperatura-baldintza txarretan egon direlako. Ugaltzeko tenperaturarik egokiena 27 ºC-koa izaten dute. Aflatoxinek kalte handia ekartzen diote organismoari, mutagenikoak dira, minbizi-sortzaileak eta neurotoxikoak. Ikerketa eta argitalpen zientifikoek esaten dutenez, aflatoxinak modu jarraituan hartzeak badu zerikusia gibeleko minbiziarekin. Europako Batasunean arautua dago zenbat aflotoxina eduki ditzaketen arriskutsutzat jotzen diren elikagaiek, substantzia toxikorik arriskutsuenetakoen sailekoa jotzen baitute. Produktuak duen kilogramo bakoitzeko, 1 eta 100 mikrogramo artean eduki ditzake.
Amak haurdunaldian egiten duen dietak aldatu egin dezake geneek ondorengoetan daukaten funtzioa
Aspalditik dakigu haurdun dagoen emakumearen dietak eragin egingo diola haurtxoaren ongizateari. Ikerketa batek beste pauso bat eman du, eta iradoki du amak haurdun geratu aurretik jaten duenak ere baduela eragina haurren osasunean.
Animaliekin egin dute ikerketa hori, eta honako aldizkari honetan argitaratu dute: The FASEB Journal (Journal of the Federation of American Societies for Experimental Biology). Hor esaten denez, haurdun geratu aurreko dietak kimikoki aldatzen du amaren DNA, eta aldaketa horiek haren ondorengoetara pasatzen dira. “Aldaketa epigenetikoak” esaten zaie DNAren aldaketa horiei, eta modu nabarmenean eragiten diote ondorengoak ekartzeko beharrezko diren gantz azidoen metabolismoari. Aurkikuntza horien ondorioz, aldaketak gerta daitezke zenbait gaixotasunetan: diabetesa, gizentasuna, minbizia eta beste immunitate-eritasun batzuk. Ipar Karolinako Unibertsitatean Nutrizioa Ikertzeko Institutuan ari diren zientzialariek azaldu dute norberaren ezaugarri biologikoek ere zerikusia izan dezaketela seme-alaben patuan, eta eragin horrek luzaroan iraun dezakeela.
Omega 3 eta omega 6 gantz azido polisaturatugabeak funtsezkoak dira gizakien hazkundean eta bilakaeran, zelula-mintzetan egoten baitira. Haurdunaldian, edoskitze-garaian eta lehen aldiko haurtzaroan omega 3 gantz azidoak hartzea oinarrizkoa dela dirudi haurraren ikusmena eta garuneko neurona-ehuna ongi garatu daitezen.
Kolesterolaren aurka, lekaleak
Lekaleak elikagai bikainak dira kolesterola erregulatzeko. Izan ere, bihotzeko eritasunei aurre hartzeko hainbat konposatu dauzkate: zuntza, saponinak, lektinak eta fitosterolak, eta horien artea, estanolak eta esterolak. Azken osagai horiek egokiak dira kolesterola murrizteko, eta elikadura industriak erantsi egiten dizkio zenbait elikagairi; adibidez, margarinei eta esnekiei. Naturak, berriz, substantzia horiek berez dauzkaten elikagai funtzionalak eskaintzen dizkigu. Estanolak eta esterolak ezinbesteko osagaiak dira landareen zelula-mintzetan, eta horien egitura fisiko-kimikoa kolesterolak duenaren antzekoa da. Lekaleen artean, soja da fitosterol gehien ematen duena (guztira, 153 miligramo dauzka 100 gramo bakoitzeko). Gainerakoek gutxiago izaten dute, baina kopuru aipagarriak dira horienak ere.
Fitosterolak hesteetara iristen direnean, lagundu egiten dute kolesterola xurgatzen, bai elikagaietatik datorrena eta bai endogenoa ere, gibelak sortzen duena, alegia. Lekaleak astean lau aldiz jatea pauso ona da elikadura kardio-osasungarriaren alde (astean bitan osagai nagusi gisa hartu behar litzateke, eta beste bitan guarnizio gisa edo beste plater batzuen osagarri moduan). “Nola egin daiteke hori?”, pentsatuko du batek baino gehiagok. Mila modutan: entsaladan jar daitezke lekaleak, zopan, kremaren batean, eltzekari gisa berdurekin edo arrozarekin, guarnizioetan, plater bakar gisa haragiarekin konbinatuta, edo arrainarekin, edo arrautzarekin…. Hona hemen plater jakin batzuen adibideak: garbantzuak pinaziekin; dilista eltzekaria txibiekin; babarrun zuriak espinakekin eta kalabazarekin; babarrun gorrien zopa artoarekin; ilarrak kuskusarekin erregosiak eta baba erregosien guarnizioa, porrusalda eta urdaiazpikoarekin.
Hamaiketako eta askari berritzaileak
Gozoa beti da tentagarria, eta zenbaitek ia otordu guztietan hartuko luke gozotik, gosaritan, hamaiketako garaian, askaritan… Frutak, zukuak, kafesnea eta azukrea, galletak, xigorkiak marmeladarekin, opilak, magdalenak, ogia eta txokolatea… horiek dira jendeak gehien jaten dituen elikagai gozo edo azukretsuak. Baina zaporeek ere orekan egon behar dute: gozoa eta gazia; garratza eta mikatza.
Oreka horri eusteko, askotariko elikagaien artean hautatzea da onena eta zaporeak txandakatzea eta konbinatzea; era horretan, “gaziak” hautatzen badira, beti ez daitezen izan hestebeteak.
Hona hemen otordu arteko mokadutxoak egiteko 14 proposamen:
- Ogi-xigorkia, tomatea, atuna eta antxoak
- Ogi-xigorkia, urdaiazpikoa, zainzuriak eta galeper-arrautza
- Ogia, ahuntz-gazta eta mugurdi-marmelada
- Ogi haziduna, eztia eta tahinia (sesamo-krema)
- Muesli-ogia
- Fruitu lehorrak dituen ogia
- Gazta, irasagar-konfitura eta intxaurrak
- Mahatsa eta gazta freskoa
- Ogi-xigorkia, izokin ketua, anana eta laranja
- Baratxuri berriekin eta ganbekin egindako tortilla
- Ogi-xigorkia, piper gorriak, baratxuri berriak eta antxoak albaka ukituarekin
- Ogia eskalibadarekin eta sardinekin
- Arroz-opila atun-patea emanda
- Arroz-opila sardina-patea emanda