Langabezia: sari mota bat kasu bakoitzerako

Langabeak oinarri arautzailearen % 70 kobratzeko eskubidea dauka lehen 180 egunetan, eta % 50a handik aurrera
1 azaroa de 2012
Img economia domestica listado 139

Langabezia: sari mota bat kasu bakoitzerako

Ekonomiaren herrena gero eta handiagoa da Espainiako Estatuan, lanik ez da sortzen eta langabezia-tasa % 25eraino joan da. Ez da harritzekoa, beraz, lanaren ingurukoak izatea herritarren kezka eta elkarrizketa gehienak. Europako Batzordeak estu hartu du Espainiako Gobernua, eta esan eta esan ari zaio erreformak eta murrizketak egin behar dituela ongizate-sisteman. Asko egin ditu orain arte, eta gehiago ere etorriko direnez, pentsatzekoa da langabezia-tasa are gehiago handituko dela. Eta inor gutxi dago salbu langabeziaren mamutik. Berdin du enpresa berean 20 urtean aritu edo aldi baterako kontratua eduki. Beraz, langabezia-saria zenbatean geratuko den edo litzatekeen kalkulatzen ikasi beharra dago… Herritar bakoitzak edukiko du bere lan-ibilbidea, askotariko baldintzak egon litezke tartean, eta horiek guztiak kontuan hartu behar dira kalkuluak egiteko. Hona hemen ohiko izan daitezkeen egoera batzuk:

Nola kobratzen da langabezia-saria bizitza guztia enpresa berean aritu ondoren?

Hauxe da kalkulatzeko hipotesi oinarrizkoena, ohikoena eta errazena: urte luzeetan besteren kontura lanean aritu den pertsona batena. Kasu honetan, langabezia-saria zenbatekoa izango den jakiteko, azken sei soldatetako kontingentzia arruntak hartu behar dira kontuan. Beharrezkoa da eguneko oinarri arautzailea kalkulatzea, eta hori lortzen da azken sei soldatak batu eta 180 egunekin zatituta.

Lehen 180 egunetan, oinarri arautzailearen % 70 kobratzeko eskubidea izango du langabeak, eta hortik aurrera, oinarri arautzaile horren % 50 kobratuko du. Hori izan da, hain zuzen, azken lan-erreformak egin duten aldaketetako bat (uztailean onartu zuten). Ordu arte, oinarri arautzailearen % 70 kobratzen zen lehen 180 egunetan, eta % 60 handik aurrera. Langilea luzaroan aritu denez lanean, pentsatzekoa da gehienez dagokion aldian kobratu ahal izango duela saria: 720 egunez, hain zuzen.

Aldi berean bi enpresatan ari den langilea, lanaldi erdian bietan. Zenbateko saria dagokio?

Bi lan-kontratuak aldi berean bukatuko balira, honelaxe kalkulatu behar litzateke langabezia-saria: lan egindako azken 180 egunetako langabezia-kontingentziei dagozkien kotizazio-oinarrien batez bestekoa atera behar da lehenik. Kalkulu horrek eguneko oinarri arautzailea zenbatekoa den esaten du, eta oinarri horri ezartzen zaizkio lehen aipatu ditugun ehunekoak: lehenbiziko 180 egunetan, oinarri arautzailearen % 70 kobratuko du, eta hortik aurrera, % 50a.

Aldiz, kontratua enpresa bakarrak eteten badio, aukera izango luke lana eta langabezia-saria bateragarri egiteko (lanaldia mugatua denez, horren araberakoa izango da langabezia). Hau da, Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) lan egin gabeko lanaldiagatik soilik ordainduko dio saria, eta beti lanaldi arrunt bati -zortzi ordukoa, gehienean- dagokion ordaina berdindu arteko proportzioan.

Ba al dago modurik lan egin eta aldi berean langabezia kobratzeko?

Aurreko kasuak erakusten du badela modua horretarako. Ahal da lanaldi erdian aritu eta beste nonbait egindako lanari dagokion langabezia-saria kobratu. Saria ez da izango lanaldi hari zegokion guztia: une horretan daukan lanaldiak hartzen duen proportzioaren arabera murriztuko zaio.

Autonomoek ba al dute langabezia-saria kobratzerik?

Bere kontura ari diren langileek (autonomoek) ez dute eskubiderik ohiko langabezia-saria jasotzeko. Hala ere, eska dezakete jarduera etetegatik ematen duten prestazioa. Autonomoek daukaten babes-sistema berezi bat da, eta hilean kopuru bat kobratzeko aukera ematen die. Hori eskuratzeko, baldintza batzuk betetzen dituztela frogatu behar dute, lan-kontingentziak konponduta edukitzea, Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak ordainduta edukitzea, eta jarduera eten aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez, jarraian kotizatu izatea. Gainera, frogatu egin behar da jarduera eteteko arrazoiak ekonomikoak, teknikoak, produktiboak edo antolakuntzari dagozkionak direla, eta langileak ez duela iritsi erretiroa hartzeko adina. Eta frogatu egin behar da, halaber, langileak konpromiso bat sinatu duela SEPErekin, lan-formazioa emango dioten eta laneratze-bidean jarriko duten ekintzak egiteko, berriz ere lanean has dadin.


Alaba edo seme adingabe bat zaintzeko lanaldi murriztuan ari denak zenbateko langabezia-saria izan dezake?/

Norbaitek lanaldi murriztua eduki badu 8 urtez azpiko adingabe baten legezko zaintza egin behar izateko edo zuzenean zaintzeko, eta lanik gabe geratzen bada, langabezia-sariaren oinarri arautzailea kalkulatzeko, murrizketarik gabe lanean arituz egokitu izango zitzaiokeen kotizazio-oinarria hartzen da kontuan; hau da, lanaldi osoan aritu izan balitz bezala hartuko zaio kontuan.

Zenbat denboraz kobratuko da langabezia-saria?

Gizarte Segurantzan kotizatu diren egunen araberakoa izango da langabezia-sariaren iraupena. Honako taulan ageri dira xehetasunak: