Helburu bera, beste bitarteko batzuk: emakumeentzako antisorgailu berriak

Baginako eraztuna, partxe eta inplante dermikoak edo DIU hormonatua dira emakumeentzako sortu diren metodo berrietako batzuk, baina gure inguruan ez dira oso ezagunak
1 azaroa de 2012
Img salud listado 860

Helburu bera, beste bitarteko batzuk: emakumeentzako antisorgailu berriak

/imgs/20121101/salud1.jpg
Antisorgailuen gaiak utzi dio tabu izateari. Espainiako Estatuan, esaterako, ugaltzeko adinean dauden emakumeen % 75ek erabiltzen dute metodo horietakoren bat. Antisorgailuetan aukera handia dago gaur egun, eta horri esker, emakume eta gizon bakoitzak dituen nahiak eta ezaugarriak kontuan hartuz egin daiteke hautua. Ugaritasunak ugaritasun, hala ere, betikoak dira nagusi merkatuan, preserbatiboa eta pilula, alegia. Gutxixeago erabiltzen dira DIU izenekoa eta behin betiko metodoak (basektomia edo tronpen lotura). Baina emakumeek erabil ditzaketen metodo berriak ere sortu dira, eraztuna, partxea eta inplanteak, besteak beste, eta komeni da jakitea horiek zer-nolako ezaugarriak dituzten.

Betiko pilulatik modernoetara

Bost hamarkadako ibilbidea egin du betiko pilulak, eta, gaur egun, ahotik hartzeko beste hormona-tratamendu batzuk ere badira aukeran, bestelako osaera dutenak. Hor daude, esaterako, estradiola daukaten pilulak, zeinak modu eraginkorragoan kontrolatzen duten hilerokoaren zikloa eta ezaugarri biokimiko hobeak dituen emakumearentzat.

Minipilula da beste berrikuntza bat. Ohiko pilulak emakumeenak diren bi hormona izaten ditu: progestagenoa, zeinak antisorgailu gisa jarduten duen, eta estrogenoa, hilerokoaren zikloa erregulatzen duena eta eragin kaltegarriak izan ditzakeena arrisku kardiobaskularra daukaten emakume helduetan, bai erretzaileak izan direlako, bai hipertentsioa, diabetesa edo gizentasuna daukatelako, bai lipidoen maila goi samarrean dutelako. Minipilukak progestagenoa soilik dauka. Era horretan, ez du eragin kaltegarririk sortzen, eta egoki-egokia da adineko emakumeentzat.

Bide berriak

Gehien erabiltzen diren antisorgailuak alde batera utzita (preserbatiboa eta pilula), metodo berriak ez dira oso ezagunak gure inguruan, nahiz eta abantaila handiak eskaintzen dituzten. Honako hauek sortu dira azken hamarkadan:

  • Baginako edo ematutuko eraztuna: ohiko pilularen antzeko osaera du (estrogenoak eta gestagenoak). Plastikozko eraztun berezi bat da, hormonak dituena, eta ematutuan sartzen da. Hiru astez eraman ohi da, eta kendu egiten da astebetez, atseden hartzeko; ondoren, berriz jartzen da. Pilula bezain eraginkorra da, ohar eta neurri berberak hartu behar dira kontuan, eta bikain kontrolatzen du zikloa. Badu gauza on bat pilularen aldean: hilean behin soilik kendu behar denez, zailagoa da ahaztu eta hanka sartzea. Gauza ez hain onak ere aipatu behar dira: ematutuan jarri behar da, eta gerta liteke hori ez izatea emakume guztien gustukoa; gainera, areagotu egin daiteke ematutuko jarioa (ez, ordea, infekzioak). Prezioa, berriz, 20 euro ingurukoa du.
  • Partxe dermikoa: astean behin jartzen da, eta 21 egunez jarraian eramaten da; ondoren, kendu egiten da astebeterako. Pilularentzat eta ematutuko eraztunarentzat egiten diren ohar berberak hartu behar dira aintzat. Honako desabantaila edo desegokitasun hauek izaten ditu: bularretako mina sortzen du erabiltzen den lehen bi zikloetan, nahiz eta gero apaltzera egiten duen; zenbaitetan, minberatu egiten du partxea dagoen gunea. Hiru aleko kutxa batek 17,50 euro balio du (hilabete baterako izaten da), eta bederatzi alekoak, 48 euro inguru.
  • Inplante dermikoa: larruazalpeko ziritxo bat da, besoan jartzekoa larruazalaren azpitik; hiru urte irauten du, eta oso eraginkorra da tarte horretan. Jarri ondoren, dena den, aldatu egiten da hilerokoaren erregulartasuna (gutxitzera edo desagertzera egiten du), eta erabiltzaileak galdu egiten du zikloak neurtzeko balio dion erreferentzia hori. Ondorioz, zenbait emakumek utzi egiten diote erabiltzeari. Gerta daiteke, halaber, emakume batzuei aknea eragitea, aldarte gorabeherak edo gizentzeko joera areagotzea, batez ere lehendik pisu gehiegi badu. Medikuak jarri beharrekoa da. 160 euroren inguruan dabil, eta Gizarte Segurantzak finantzatu egiten du.
  • DIU hormonatua: Umetoki-barneko gailu hormonatuak hamar urteko bidea egin du, baina oso gutxi ezagutzen dugu, nahiz eta tronpen lotura baino eraginkorragoa den. DIU izeneko gailua emakumearen umetokian jartzen da; hormona bat izaten du, eta haren jarduna oso eraginkorra gertatzen da haurdunaldia eragozteko. Metodo kirurgikoak (lotura edo basektomia) baino eraginkorragoa da hormona, eta gehiegizko odol-jarioaren aurkako tratamendu gisa ere erabiltzen da. Gerta liteke hilerokoaren maiztasuna aldatzea eta gutxitzera edo desagertzera jotzea. 150-180 euro balio izaten du.
  • ‘Essure’ edo tronpak blokeatzea kirurgiarik gabe: behin betiko metodo bat da. Hiperoskopia erabiliz, metalezko gailu bat jartzen dute Falopioren tronpetan, eta eragotzi egiten du espermatozoideek obulua ernal dezaten. Oso metodo eraginkorra da, hormonarik gabea, baina atzerakorik ez duena, tronpen loturak bezalaxe. Beraz, metodo hau hautatzen duten emakumeek ziur egon behar dute ez dutela haur gehiagorik eduki nahi.
Antisorgailuei buruzko aholkuak
  1. Ezinbestekotzat jo behar da antisorgailuak erabiltzea sexu-harremanak hasten diren unetik beretik, zeren nerabe asko geratzen baitira haurdun (20 urtez azpiko 30.000 neska geratzen dira haurdun nahi gabe, Ikerketa Zientifikoen Goi mailako Zentroak (CSIC) emandako datuen arabera).
  2. Ongi informatu behar da antisorgailu bakoitzak zer-nolako ezaugarriak dituen, aukera ugari daudelako eta denek ez dutelako berdin balio emakume eta egoera guztietarako.
  3. Ez zaio beldurrik eduki behar kontrazepzio-metodoak eta pilula erabiltzeari, mesede handia egiten diote-eta emakumearen osasunari; besteak beste, murriztu egiten dituzte obulutegiko minbizi-kasuak, EPIC izeneko ikerketan ageri denez (Minbiziaren Europako Ikerketa Prospektiboa); lan hori 2011. urtean argitaratu zuten, British Journal of Cancer agerkarian.
  4. Preserbatiboak soilik babesten du sexuaren bidez transmititzen diren infekzioetatik, eta bikotekidearen osasun-egoeraren berri izan ezean, erabili egin behar da; ohiko bikotekidearekin erabiltzea ere lagungarria da, bakoitzak metodo bat erabilita, are babestuagoak egongo gara eta.
  5. DIU izeneko gailua antisorgailu bikaina da, emakumeentzat oso erabilgarria, baina gutxi erabiltzen da gure inguruan.
  6. Larrialdietarako pilula ez da abortatzeko metodo bat, eta beharrezko denean soilik erabili behar da.
  7. Antisorgailuak erabiltzea beharrezkoa da nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko.

Iturria: Ezequiel Perez Campos, Requenako Ospitale Nagusiko Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuko burua (Valentzia), Kontrazepzioaren Espainiako Fundazioko presidente ohia eta Fundazioko patronatuko kidea.