Nola eraman txakurra autoan
Txakurra aztoratuta badago, gidaria urduri jartzen da, bidaiariak deseroso sentitzen dira eta haurrak oihuka hasten dira etengabe. Ekuazio makurra osatzen dute bidaiak, txakur urduriak, gidari aztoratuak eta giro nahasiak, eta nabarmen handitzen da istripu bat izateko arriskua. Hori dela eta, txakurra kume-kumetatik ohitu behar da autoan bidaia dezan, edozein unetan eta edozein bidaiarirekin. Heziketa-metodo egokia erabiliz lortzen da hori, baina beti ez da erraza izaten ongi asmatzea; hori dela eta, maskoten zainketaren eta osasunaren arloan aditu direnek aholku batzuk ematen dituzte animalia autoan lasai joan dadin.
- Kume-kumetatik ibilarazi autoan, ohitu dadin: Txakurrak egoera askotara ohitu beharko du bizitzan, eta horien artean, baita autoan joatera ere. Beharrezkoa da kumetatik hastea zeregin horretan. Zenbat eta beranduago hasi txakurra autoan eramaten, hainbat eta gehiago kostatuko zaio egokitzea eta ez urduri jartzea.
- Autoan joatea esperientzia on gisa har dezala lortu behar da: Txakurra autoan sartzen dugun lehen aldietan, ahalik eta esperientziarik onena izan dezan saiatu behar dugu. Ez da komeni lehen bidaia horiek albaitariarengana joateko erabiltzea, zeren bestela estres-une batekin lotuko baitu autoa. Berdin saihestu behar dira beldurra edo larritasuna eragingo dioten beste esperientzia batzuk ere. Egokiena litzateke irtenaldi laburrak egiteko erabiltzea autoa, mendira joateko, adibidez; hartara, lehen bidaia horiek ez zaizkio aspergarriak egingo.
- Lasai gidatu: Txakurraren jabeak lasai badoaz, txakurra ere hala joango da gehientsuenean. Bidaia eta ekipajea prestatzeak urduri jarri ohi du jendea, baina saihestu egin behar dira halako egoerak.
- Txakurra ohartzen bada jabeak urduri eta aztoratuta daudela, ohikoa ez den jokabidea daukatela, berehala kutsatuko da. Bera ere urduri jarriko da, aztoratu egingo da, tentsioa antzeman duelako eta arriskuren bat dagoela uste duelako. Txakurrak sumatzen badu jabeak aldarte oneko daudela, ez direla oihuka ari eta beti bezala tratatzen dutela, konfiantza gehiagorekin joango da autoan.
- Txakurra autoan ez zorabiatzeko pastillak: Txakurra zorabiatzea izan daiteke autoan joan nahi ez izatearen arrazoietako bat. Zorabiatzeko joera badu, komeni da albaitariari zorabioaren aurkako pastilla batzuk eskatzea. Bestalde, ez da komeni txakurrak deus jan dezan bidaian abiatu aurreko lau orduetan; ura bai, edan dezake.
- Bi orduz behin geratu atseden hartzera: Bidea luzea bada, bi orduz behin geratzea komeni da. Geldialdia egiten denean, txakurra ez da autoan utzi behar, eta are gutxiago bero handia badago. Autoa tranpa hilgarria bihur daiteke txakurrarentzat, izugarri berotzen baita denbora gutxian. Txakurra autotik ateratzea komeni da, eta hark ere zangoak luza ditzala.
Txakurra estresatua eta urduri dagoenean, arnasestuka aritzen da etengabe, baita adurra dariola ere. Autoan, ahoaren bidez adierazten du txakurrak bere antsietatea; adur-jarioan ari daiteke, eta goitika ere egin dezake.
Azkenik, kontuan hartu behar da prebentzioa dela modurik egokiena txakurra autoan doanean ez estresatzeko. Jabeek gauzak ongi eginez gero, familia guztiak gozatuko du bidaiarekin, baita txakurrak ere.
Nola kokatu txakurra
Aukera bat baino gehiago daude ibilgailuan doazen guztiak seguru joan daitezen:
- Sareak edo metalezko barrak jarri autoa bi zatitan bereizteko: aurreko aldea izango litzateke bat, gidaria doan gunea, eta haren atzean jarriko genuke beste eremua. Izan daiteke atzeko eserlekuen aurrean, edo maletategiaren aurrean, txakurrak ezin badu handik aurrera pasatu. Bestela, legeak esaten du txakurra eta gidaria hesi fisiko batekin bereizi behar direla, galarazia dago-eta autoan aske eramatea.
- Arnes berezi bat erabili txakurra ongi kokatuta eramateko. Era horretan, atzeko eserlekuko segurtasun-uhalari lotzen zaio. Kasu horretan, txakurra eserita edo etzanda joaten da eserlekuan bertan, pertsonak joaten diren leku berean.
- Saskia edo eserleku tolesgarria. Txakurra oso handia ez bada, saski batean ere sar dezakegu edo eserleku tolesgarri batean jarri; maletategian joan daiteke edo eserlekuren batean.
Garrantzitsua da txakurra ez zorabiatzea, bestela beldurra hartuko baitio bidaian joateari. Hona hemen aintzat hartzeko zenbait aholku:
- Ez eman jatekorik bidaian abiatu aurreko orduetan.
- Zorabiatzeko joera badu, galdetu albaitariari zer sendagai eman diezaiokegun.
- Ibilgailuan aire freskoa sartu behar du, baita neguan ere.
- Hartu txakurraren jostailuak, horzka eginez ibil dadin eta entretenituta egon dadin.
- Eskaini gozoren bat (azukre pixka bat ere izan daiteke), elikagai mota horrek lagundu egiten du-eta zorabioari aurre egiten.