Erosketa Gida: sagarrak

Sagarra: osasunaren fruta

Gala, Fuji, Goldena... ba al dakigu zer-nolako aukerak eskaintzen dituen sagar mota bakoitzak, zeinak bitamina-, mineral- eta zuntz-iturri naturalak diren?
1 azaroa de 2012
Img alimentacion 3 listado

Sagarra: osasunaren fruta

Fruta biribila da sagarra. Erakargarria, ezaguna eta oso estimatua bazter guztietan. Sinbolismoa ere ez du nolanahikoa (boterearen ikur gisa agertzen da sarri askotan), eta dohain ugari biltzen ditu bere baitan. Menderik mende, asko idatzi da sagarrari buruz, eta literatura-lan handiak sortu dira sagarraren inguruan, baita lan erlijioso eta zientifikoak ere. Itun Zaharrean eta Greziako mitologian, Edurnezuriren ipuinean eta Isaac Newtonen buru gainean… sagarra betidanik egonda gure historiari lotuta, eta gaur egun ere ohikoa da sukaldeko mahaian toki bat egitea harentzat. Baina, zer dakigu hari buruz?

Munduan barrena gehien landatzen den frutetako bat da sagarra. Eta zaharrenetakoa ere bai, antzina-antzinako arrasto arkeologikoek erakutsi duten bezala. Inork ez daki non duen jatorria, baina Europako hego-ekialdea eta Asiako hego-mendebaldea aipatzen dituzte aditurik gehienek. Oso erraz egokitzen zaie era guztietako klimei, eta urte guztian izaten denez, oso azkar hedatu zen mundu guztira. Gure inguru honetara erromatarrek eta arabiarrek ekarri zuten, eta hementxe dabil geroztik, arrakasta handiz eta sasoi onean. Sagarrak, izan ere, hainbat abantaila eskaintzen ditu: testura eta zapore askotakoak daude, modu onean eros daiteke eta oso ospe ona du. Herri-jakintzak oso elikagarritzat dauka sagarra, eta horren adierazgarri, “osasunaren fruta” deitu izan zaio.

Egunean sagar bat…

Fruten artean bat bereizi beharko balitz, sagarrak aukera handiak lituzke, mesede besterik ez baitio egiten osasunari. Mantenugai esentzial ugari ematen ditu, eta horien funtzioak ezinbestekoak dira organismoarentzat. Bere osaera dela eta, oso bakan sortzen ditu digestio-arazoak, eta intolerantziarik ere apenas eragiten du. Gainera, kaloria gutxi izaten ditu (40 kaloria inguru 100 gramo bakoitzeko). Bere osagaien artean, ura da % 85, eta azukrea fruktosatik eratorri ohi da, nahiz eta glukosa eta sakarosa ere izaten dituen. Herdoilaren aurka egiteko gaitasun handia du, eta bitamina-iturri oparoa da. Honako hauek nabarmentzen dira:

  • A bitamina: lagundu egiten du hezurrak sortzen, eta hazteko ere lagungarria da. Ezinbestekoa da ikusmena eta larruazala osasuntsu egon daitezen.
  • C bitamina: azido askorbikoa ere esaten zaio, eta herdoilaren aurka egiteko ahalmen handia du. Eragotzi egiten du erradikal libreen jarduna (azkartu egiten dute zahartze-prozesua eta zenbait gaitz eragiten dituztela dirudi). Lagundu egiten du kolagenoa sortzen, hobetu egiten du immunologia-sistema, azkartu egiten ditu orbantze-prozesuak eta aurre egiten die infekzioei.
  • E bitamina: honek ere herdoilaren aurka egiten du, eta lagundu egiten du kolesterolaren eta triglizerido maila handiaren aurka egiten. Lagundu egiten du, halaber, giharrak eta hezurrak normal haz daitezen, eta hobetu egiten ditu immunologia sistema eta ugalkortasuna.
  • B6, B9 (azido folikoa) eta B12 bitaminak: metabolismoarekin gorabeherekin zerikusia duen bitamina multzo bat da. Energia ematen diote organismoari, lagundu egiten dute hazkundea, bihotza osasuntsu edukitzen dute eta sendotu egiten dute immunitate-sistema.
  • Mineralak ere kopuru aipagarrietan ematen ditu sagarrak, batez ere fosforoa eta kaltzioa. Fosforoak lagundu egiten du min artritikoak arintzen, eta beharrezkoa da giltzurrunek ongi funtziona dezaten; kaltzioa, berriz, funtsekoa da organismoarentzat, hobetu egiten baitu hezurren eta hortz-haginen bilakaera. Gainera, sagarrak murriztu egiten du akidura, energia sortzen du eta ona da estresari aurre egiteko, magnesioa daukanez gero.
  • Zuntz-iturri gisa ere oso aintzat hartzekoa da sagarra. Eta pektina ere badauka, ura atxikitzeaz arduratzen den osagaia; hori dela eta, elikagai bikaina da beherakoarekin dabilenarentzat. Substantzia horrek, halaber, hobetu egiten du glukosarekiko intolerantzia -horrek mesede egiten die diabetesa daukatenei-, eta lagundu egiten die kolesterola goi samarrean dutenei, erraztu egiten baitu behazuneko azidoak kanporatzea (kolesterola degradatu ondoren sortzen dira horiek). Aldi berean, sagarrak daukan zuntz disolbaezinak handitu egiten du hesteetako traktuaren bolumena, eta lagungarria gertatzen da elikagaiak garbitzeko eta digestio-sisteman barrena mugitzeko. Zuntz disolbaezinen kopurua areagotzeko, sagarra azal eta guzti jatea komeni da.
  • Proteinak, berriz, aski gutxi ematen ditu sagarrak (% 1 ere ez sagarra bere osoan hartuta), baina horrek ez du esan nahi garrantzirik gabea denik. Hain zuzen ere, portzentaje txiki horretan aminoazido asko biltzen ditu, eta osagai horiek funtsezkoak dira organismoarentzat.
Sukaldatzeko moduak: bakoitzak berea

Sagar mota guztiak ez dira sukaldean berdin prestatzekoak, teknika batzuk ez baitira egokiak zenbaitentzat. Batzuk, adibidez, garraztu egiten dira, besteak desegin… Hori dela eta, sukaldean emaitza ona zerk emango duen ikusi, eta sagar mota hori hautatu behar da. Hauxe da arau nagusia: mami trinkoa duten sagarrak hautatzea, hobeki jasaten baitute edozein prestaketa modu. Dena den, plater mota bat edo bestea prestatzea ez denez gauza bera, beste alderdi batzuk ere hartu behar dira kontuan:

  • Gordinik. Sagar mota guztiak dira onak gordinik jateko, baina hezeenak, zaporetsuenak eta kurruskatsuenak izaten dira gustagarrienak, Granny Smith, Royal Gala edo Golden Delicius motakoak, adibidez.
  • Tartak. Hezetasun gutxikoak dira egokienak tartak egiteko, Golden Supreme, edo errege-sagarra, esaterako.
  • Erreta. Sagarrak gozoa eta testura sendokoa izan behar du, erraz deformatuko ez den horietakoa. Honako hauek dira egokienak: errege-sagarra, Royal Gala edo Golden Delicius.
  • Jaleak. Jaleak egiteko, garratzak eta pektina ugari dutenak hautatzea komeni da. Macoun eta Honey Crisp motakoak dira egokienak.
  • Konpotak. Koloreari eusten dioten sagarrak dira egokiak: Royal Gala, Jonagold edo Macoun.

Hainbat sagar mota

Sagar-arbola arrosazeoen familiako da (Malus generokoa). Familia horretan, 2.000 landare eta zuhaitz espezie biltzen dira, eta mundu guztian daude zabalduta. Sagarra toki batean edo bestean sortu, kolore, zapore eta testura jakinak izango ditu. Uneotan, sagar mota asko eta asko daude, baina gehien kontsumitzen direnetako batzuk soilik aipatuko ditugu:

Golden Delicious

Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria; espezierik ohikoenetakoa eta ezagunenetakoa da, eta munduan gehien landatzen denetan bigarrena. Urte guztian izaten da.

  • Kolorea: hori berdekara, puntutxo beltzekin.
  • Itxura: biribila eta oso erregularra
  • Zaporea: gozoa da, lurrintsua, mami hezekoa eta oso kurruskatsua.
  • Sasoia: irailetik aurrera eta urte osoan zehar hurrengo abuztuaren bukaera arte.

Red Delicious

Ia ehun urte ditu espezie honek. 1915. urte inguruan sortu zen, Ameriketako Estatu Batuetan, mutazio bat gertatu ondoren, eta gaur egun hauxe da gehien landatzen den sagar mota eta gehien saltzen denetakoa.

  • Kolorea: gorri distiratsua.
  • Itxura: luzexka eta handia.
  • Zaporea: mami hezea, guria eta horikara dauka, eta testura, berriz, pikor erakoa. Zaporez gozoa da, usaintsua eta ahogozo atseginekoa; lurrin ukitu bat ere badu, eta irinkara bihurtzen da ongi kontserbatu ezean.
  • Sasoia: irailaren hasieratik martxoa edo apirila arte.

Fuji

Japonian asmatu zuten. Oso ongi kontserbatzen da, eta luzaroan irauten du; hori dela eta, urte guztian aurki liteke.

  • Kolorea: horia, ukitutxo gorri eta lerro ilun batzuekin.
  • Itxura: biribila.
  • Zaporea: zertxobait garratza da, mami kurruskatsu eta hezekoa.
  • Sasoia: irailaren erditik neguaren bukaera arte.

Granny Smith

Australian du jatorria; oso erraz bereizten da sagar mota hau, guztiz homogeneoa den bakarra da eta.

  • Kolorea: berde bizia puntutxo zuriekin.
  • Itxura: biribil-biribila.
  • Zaporea: oso testura kurruskatsua du, mami zuria, oso hezea eta zapore garratz bizia.
  • Sasoia irailaren bigarren hamabostalditik ekainera arte.

Royal Gala

Zeelanda Berritik dator, eta asko ekoizten da.

  • Kolorea: oinarria berde-horia du, eta ildo gorri eta laranjak gainean.
  • Itxura: biribil-biribila.
  • Zaporea: mami zuria du, oso kurruskatsua, lurrintsua, hezea eta fina. Ezaugarri organoleptiko neutroak ditu, eta egokia da, beraz, zapore garratzen eta gozoen zaleak ez direnentzat.
  • Sasoia: abuztuaren lehen egunetatatik abendura arte.

Starking

Ameriketako Estatu Batuetatik dator, eta Red Delicious espeziearen mutazio bat da. Sagar motarik ezagunenetakoa da, eta jatorrizkoaren antz handia du. Urte guztian izaten da, salbu eta bero gehien egiten duen hilabeteetan.

  • Kolorea: gorri bizia, ildo berdekarekin.
  • Itxura: biribila.
  • Zaporea: mamia zuri-horia du, zaporea gozokoa da eta oso kurruskatsua.
  • Sasoia: abuztutik neguaren bukaera arte.

Kanadako Errege-sagar Grisa

Frantziatik dator. Espainiako Estatuan, berriz, Bierzoko errege-sagarra aipa liteke, Jatorri Izena eskuratu duena orain urte batzuk.

  • Kolorea: hori griskara.
  • Itxura: zapala eta handia.
  • Zaporea: mamia likatsua du, eta zapore gozokoa da, garratz ukitu batekin.
  • Sasoia: irailetik aurrera.

Eroski Natur sagarrak

“Ekologikoak”, “biologikoak”, “organikoak”… halako izendapen asko ikusten dira gaur egun merkatuetan, baita “bio”, “eko” eta bestelakoak ere, produkzioa ekologikoa izan dela adierazi nahi dutenak. Produkzio ekologikoak zera esan nahi du “produktu hori landatzeko ez dela erabili ongarri sintetikorik (nitrogenoz edo fosforoz hornitutakorik) edo pestizida sintetikorik”. Ohiko nekazaritza eta ekologikoaren artean, ostera, bada erdibiderik. Esate baterako, EROSKIk bere fruta- eta barazki- hornitzaile guztiei exijitzen diena: GLOBALCAP erakundeak ezartzen dituen arauak bete ditzatela (nazioarteko erakunde honek borondatezko arauak proposatzen dizkie ekoizleei haien nekazal-produktuek mundu osorako baligarri den ziurtagiria izan dezaten). GLOBALCAP ziurtagiriak nekazal-produktua kalitate handikoa dela egiaztatzen du, haren landaketan ingurumenarekiko begiramenez jokatu dela, produktu kimiko ahalik eta gutxien erabiilta eta uneoro osasunarekiko arduratsu jokatuta.

GLOBALCAP erakundeak produkzio-kate osoa ikuskatzen du: lehen unetik (hazien edo landare-mintegien kontroletik) sagarrak ustiapenetik ateratzen direneraino.

Jatorri izena

Gaur egun, Espainiako Estatua da munduko sagar-ekoizlerik garrantzitsuenetakoa. Catalunya, Aragoa, Errioxa eta Nafarroan ustiatzen dira sagar gehienak. Datuak adierazgarriak dira: 40.000 hektarea baino gehiago landatzen dira (65.000 futbol-zelai lirateke, elkarren ondoan jarrita) eta urtero, 800.000 tona sagar jasotzen dira.

Jatorri Izena duten sagarren artean aipagarria da Bierzoko errege-sagarra. Erraz ezagutzen da, zapala eta handia delako eta kolore berezia, herdoilaren antzekoa duelako, dirdirarik gabea. Ekoizleek gustagarria dela diote, ez dela batere irintsua, zukutsua baino eta usain onekoa. Azukre nahikotxo ematen du, beste sagar mota batzuen aldean, eta C bitamina ere gehiago dauka, baita bost aldiz gehiago ere.

Errioxan, bestetik, Linaresko bailaran, Fuji eta Golden sagarrak landatzen dira. Bailara 700 metrora dagoenez mikroklima berezia dauka eta sagarrak astiroago umotzen dira, udako tenperatura altuetatik salbu. Ekoizleen esanetan, zapore berezi-berezia ematen die horrek sagarrei, ez gozoegia ez garratzegia.

Erosteko eta kontserbatzeko aholkuak
  • Erosi. Sagarrak erosteko unean, garrantzitsua da ale gogorrak hartzea, guritasunik gabeak, umotuegiak dauden seinale izaten baitira horiek. Hobe da koloregabetuta daudenak ez hautatzea.
  • Aurreztu. Fruta honen abantaila nagusia da oso ziklo natural luzekoa dela: asko ekoizten denez, urte guztian izaten da sagarra, eta modu onean, gainera. Iraila eta ekaina bitarteko garaia da onena sagarra aurkitzeko, nahiz eta udazken eta negu sasoian jotzen duen goia. Neguan, oro har, sagar mota guztiak aurki litezke, eta, beraz, orduan egongo dira merkeen. Gainerako urte-sasoietan ere izaten da sagarra, batez ere Golden Delicious motakoa (horixe da gehien kontsumitzen dena). Udan urritu egiten da sagarra, eta, beraz, garestiago egon ohi da. Urte-sasoia kontuan hartzeaz gain, oso garrantzitsua da sagar motak eta horien prezioak alderatzea ere, % 40ko aldea ere izaten baita batzuen eta besteen artean. Aukera egin ondoren, sagar mota bakoitzari ongien egokitzen zaizkion errezetak prestatzea da kontua. Fruta landatzeko erabiltzen den metodoak ere badu eragina prezioan: gehienean, nekazaritza ekologikotik datozen frutak eta berdurak garestiagoak izaten dira ohiko nekazaritzakoak baino. Mota bereko bi sagar hartuta, % 50eko aldea ere egon liteke.
  • Kontserbatu. Sagarrak egoera onean edukitzeko, hozkailuan gorde behar dira. Era horretan, eragotzi egiten da denbora gutxian gehiegi umotu daitezen. Hozkailuan sartu eta azala gehiegi hozterik nahi ez bada, plastikozko poltsetan sar daitezke. Horrela eginez gero, lau eta sei aste artean iraun dezakete. Hala ere, kontrolatu egin behar da nola dauden. Giroko tenperaturan utziz gero, eta ontziratu gabe badaude, askoz lehenago has daitezke hondatzen.
  • Kontsumoa. Sagarrak jateko orduan, ongi garbitu behar dira, batez ere azal eta guzti jango badira. Ur-txorrotaren azpian jarri eta igurtzi egin behar dira, izan ditzaketen hondar-arrastoak kentzeko. Kontuan hartzeko beste kontu bat ere badago: sagarra oso azkar hasten da herdoiltzen, eta, beraz, prestatu eta berehala jatekoa da. Bestela, arre koloreko bihurtzen zaie mamia, eta horrexek adierazten du herdoiltzen hasiak direla. Prozesua zertxobait geldiarazteko, hozkailuan utz daitezke, tapatuta eta argiak ematen ez diela, edo zitrikoen zuku-tanta batzuk bota (limoi- edo laranja-ura).