Hondakinak birziklatzea eta ingurumenaren aldeko kontzientzia: inkesta egin diegu 1.000 pertsonari

Sukaldeko olioa eta sendagaiak: hondakin horiek bereizten dituzte gutxien herritarrek

55 urte edo gehiago dituzten emakumeak daude kezkatuen birziklatze-ohiturekin, baina hondakinak gaika bereizteko orduan, gazteek egite dute ongien
1 azaroa de 2012
Img tema de portada listado

Sukaldeko olioa eta sendagaiak: hondakin horiek bereizten dituzte gutxien herritarrek

Gu geu gara planetak duen lagun eta etsai handiena. Europar bakoitzak 513 kilo zabor sortzen ditu urtean, eta horietatik % 24 soilik birziklatzen dira. Eta Espainiako Estatuan are eskasagoak dira datuak: herritar bakoitzak 547 kilo sortzen ditu, eta % 15 baino ez dira birziklatzen.

Herritarrek haien birziklatze-ohiturei buruz zer-nolako iritzia duten jakin nahi izan du EROSKI CONSUMERek, eta ingurumenaren aldeko kontzientzia zenbateraino dagoen hedatuta ere aztertu nahi izan du. Horretarako, 20 urtetik gorako 1.000 pertsona elkarrizketatu ditugu 9 autonomia erkidego hauetan: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa. Inkestak erakutsi duenez, herritarrek badute ohitura hondakin batzuk gaika bereizteko etxean bertan, baina beste batzuk ez dituzte bereizten, eta, horien artean, sukaldeko olioak eta sendagaiak nabarmentzen dira. Erkidego guztiak aintzat hartuta, valentziarrek eman dituzte birziklatze-tasarik apalenak. Ohitura desegoki hori zuritzeko edo, zera adierazi dute galderei erantzun dietenek: beren inguruan ez daukatela hondakin mota horiek biltzeko zerbitzurik.

Zaborrak biltzeko moduaz galdetu diegu kontsumitzaileei, eta % 96k esan digute edukiontziak dituztela etxe ondoan. Sistema hori dago hedatuen, eta askoz bakanago erabiltzen dira lurpeko edukiontziak (erantzun duten % 8k dauzkate), Atez atekoa (% 4k) eta bilketa pneumatikoa (% 2). Ñabardura garrantzitsu bat egin behar zaio, dena den, orain arte esandakoari: Atez ateko sistema aipatzen dutenean, herritarrak ez dira ari benetako sistemaz (udal langileak etxez etxe ibiltzen dira, eta egun bakoitzari dagokion hondakin mota biltzen dute), tamaina handiko hondakinak biltzen dituen zerbitzuaz baizik. Izan ere, oso udalerri gutxitan erabiltzen dute benetan Atez atekotzat har daitekeen sistema, eta honako erkidego eta probintzia hauetan daude: Katalunian, Asturiasen, Mallorcan, Gipuzkoan eta Valentziako auzo batzuetan.

Birziklatzeko ohiturei gehien erreparatzen diotenak 55 urte edo gehiago dituzten emakumeak dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, behar bezala egiten dutenik. Gazteek hobeki birziklatzen dituzte hondakinak eta hobeki jakiten dute bakoitza zer edukiontzitan utzi.

Nola egin dugu
  • Lagina: hautatu ditugun 1.000 etxe horietan, bi lagun bizi dira hirutik batean, hiru lagun lautik batean, eta lau lagun lautik batean. Elkarrizketatu ditugunen % 12 soilik bizi dira bakarrik.
  • Metodoa: telefono bidezko inkesta.
  • Soslaia: bitik bat emakumeak izan dira, eta elkarrizketatuen batez besteko adina 49 urtekoa izan da.
  • Adituak: hondakinen gaian adituak diren zazpi pertsonak lagundu digute informazioa aztertzen. Administrazioari dagokionez, hondakinen kudeaketari dagokion informazioa Gasteizko Udalari eskatu diogu, 2012. urtean European Green Capital izendatu dutenari. Espainiako Estatuan hondakinak kudeatzen aritzen diren elkarteen artetik, Ecovidrio, Ecoembes eta SIGRE aritu dira gurekin elkarlanean, baita hondakin arriskutsuen kudeatzaile baimendu bat ere, irabazi asmorik gabe aritzen dena: Bioservice. Ingurumenaren alde jarduten duten GKE bik ere parte hartu dute, Amigos de la Tierra eta Ekologistak Martxan izenekoek, hain zuzen.

Sukaldeko olioa, sendagaiak eta etxetresnak: bada zer hobetua

Guk egindako inkestan, gehienek adierazi dute bereizi egiten dituztela etxean sortzen dituzten hondakinak. Hondakin motei dagokienez, herritarrek sukaldeko olioak bereizten dituzte gutxien: hirutik batek adierazi du ez duela bereizteko ohiturarik. Proportzio hori handitu egiten da Valentziako Erkidegoan, non inkestan parte hartu dutenen erdiek ez dituzten bereizten. Arrazoia? Honako hauek eman dituzte herritarrek: hondakin horiek biltzeko zerbitzurik ez dagoela, deserosoa dela nonbait gordeta edukitzea eta olio gutxi erabiltzen dutela.

Kalkuluen arabera, herritar bakoitzak lau litro olio sortzen ditu urtearen buruan. Erabilitako landare-olioen 180 milioi kilo mugitzen dira urtean eta erdia baino gehiago estolderiatik joaten da, eta ibaiak eta lurzoruak kutsatzen ditu.

Antzera gertatzen da sendagaiekin ere: bost lagunetik batek ez ditu bereizten. Gainerako zaborrarekin nahasita ateratzeak edo isurbideetatik botatzeak kutsatu egiten ditu ibaiak, eta lur landuek eta animaliek xurgatu egiten dituzte sendagaien printzipio aktiboak. Berriz ere valentziarrak nabarmendu dira, eta berriz ere txarrerako (hirutik batek ez ditu bereizten sendagaiak). Sexuka aztertuz, gizonek zabarrago jokatzen dute (lautik batek ez ditu bereizten) emakumeek baino (bostetik batek). Eta adinari erreparatuta, berriz, 55 urte edo gehiago dituzten pertsonek erakutsi dute kontzientzia gehien (% 12 soilik dira sendagaiak SIGRE gunera eramaten ez dituztenak, eta 20 eta 34 urtekoen artean, berriz, % 38).

Etxetresna elektrikoak ere ez dira bereizten behar bezainbeste: bostetik batek halaxe adierazi digu, ez dituela bereizten. Valentzian, Andaluzian eta Gaztela Mantxan agertu dute joera gutxien. Sexuka aztertuz gero, aldeak ageri dira: emakumeen % 80k bereizten dituzte, eta gizonen % 75ak.

Hondakin mota horiek besteetatik ez bereizteko arrazoiak zein diren galdetu diegu herritarrei, eta bi nabarmendu dituzte: inguruan ez daukatela bilketa-zerbitzurik (Balearretan eta Madrilen kexatu dira gehien), eta oso hondakin gutxi sortzen dituztela, birziklatzeko baino gutxiago alegia. Zabor elektronikoa arazo handia da gaur egun, eta areagotzen ari da, gainera: % 16 eta % 28 artean handitzen da bost urtez behin, etxeko hondakinak halako hiru. Tresna horiek oso kutsatzaileak izaten dira, osasunari eta ingurumenari kalte handia egiten dioten osagaiak dituzte eta: bromoa, kadmioa, fosforoa eta merkurioa, besteak beste.

Birziklatzen duten kontsumitzaileak Sendagaiak Oihalak eta oinetakoak Sukaldeko olioa Tresna elektriko eta elektronikoak pilak eta bateriak
GUZTIRA 18,7% 16,6% 12,6% 12,4% 10,5%
Birziklatzen duten kontsumitzaileak Ontzi arinak papera eta kartoia Beira Hondakin organiko biodregadagarriak
GUZTIRA 9,2% 7,3% 6,7% 2,5%

Portzentaietan zera adierazten da: galdeketan hondakinak banatzen dituztela esan dutenetatik
zenbat diren zaborrak okerreko edukiontzian botatzen dituztenak

Adina eta birziklatze-ohiturak

EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen ia guztiek bereizten dute etxean sortzen den zaborra, baina badira aldeak zabor motaren artean. Hondakin organiko biodegradagarriak, papera eta kartoia, beira eta ontzi arinak, esaterako, hamarretik bederatzik birziklatzen dituzte; oihalak eta oinetakoak, berriz, % 85ek, eta tresna elektrikoak eta elektronikoak, sendagaiak eta sukaldeko olioak, % 65-77k.

Sexuka hartuta, emakumeak gehiago arduratzen dira birziklatzeaz. Adinari erreparatuta ere antzematen dira aldeak. Oro har, 55 urte edo gehiago dituztenek daukate birziklatzeko joera gehien, eta hori argi ikusten da, adibidez, sendagaiak bereizteko garaian: 55 urte edo gehiago dituztenen % 88k eramaten dituzte SIGRE gunera, eta 20 eta 34 urte bitartekoen artean, berriz, % 62k.

Baikorregiak?

Birziklatzeko ohiturak nabarmen hobetu dira azken urteotan. Hala ere, inkestaren emaitzak benetako birziklatzeari buruzko datuekin konparatuta herritarrak baikorregiak direla esan daiteke. Espainiako Estatiska Institutuak (INE) 2008an egin zuen Etxeak eta Ingurumena izeneko inkestaren datuek ere antzeko ondoriora garamatzate. Orduan, lautik hiru herritarrek esan zuten papera, kartoia eta beira edukiontzi egokietara eramaten zituztela; hamarretik zazpik esan zuen pilak eta bateriak, plastikoak, metalezko objektuak eta sendaagaiak ere egoki birziklatzen zituztela; oihalak eta oinetakoak birziklatzen zituztela esan zuen erdiak baino gehiago eta lautik batek gauza bera egiten zuela sukaldeko olioarekin.

Zeintzuk dira, ostera, birizklatzeari buruzko datuak? Egia esan ez daude argi. Ecoembesen arabera, Espainiako Estatuan, etxeko ontzien (edukiontzi horira zein urdinera doazenen) % 68 birziklatzen da. Jaume I Unibertistateko ikerlari talde batek, ostera, 50.000 biztanleren artean ikerketa egin ondoren beste datu batzuk eman ditu, askoz ezkorragoak: paperaren % 45 birizklatzen dela diote eta plastikozko edo metalezko ontzien % 20. Legeak ezartzen duena baino gutxiago litzateke, Espainiako araudiak paper eta kartoiaren % 60 birizklatu behar dela esaten baitu, beiraren % 60, metalen erdia eta plastikoen % 22,5. Ikerketa honen arabera beiraren gutxienekoak bakarrik ariko lirateke betetzen Espainiako Estatuan.

Egiaz, zailtasun gutxi daude

Herritarrei ez ezik, ingurumenaren arloan ari diren GKEei eta hondakinen kudeaketan aritzen direnei ere galdetu die EROSKI CONSUMERek, eta guztiek nabarmendu dute herritarrek gero eta hobeki bereizten dituztela hondakinak eta bakoitza dagokion edukiontzian jartzen. Batzuetan, dena den, uzkur samar agertzen dira lan horiek egiteko garaian.

Gure inkestak ageri duenez, kalean jarrita dauden edukiontzien sistema daukaten herritarren % 9k soilik eduki ohi dituzte zailtasunak. Honako hauek aipatu dituzte: etxe inguruan ez daukatela edukiontzirik, deserosoak direla irekigunea txikiegia delako, tapa irekitzeko pedalak ez dabiltzala edo garaiegiak diela. Andaluziarrek eta valentziarrek izan dute eragozpen gehien (han galdekatu ditugunen % 15ek eta % 12k, hurrenez hurren), eta gutxien, berriz, madrildarrek (% 4k soilik aipatu dute eragozpenen bat).

Zaborrak biltzeko erabiltzen den sistemak ere sortu ditu kexu batzuk: gure inkestan, kalean jarritako edukiontziak erabili behar izaten dituzten herritarren % 10ek adierazi dute nahiago dutela beste sistemaren bat; hirutik bik, adibidez, lurpeko edukiontziak aipatu dituzte.

Teoria bai, badakigu; eta praktika?

Elkarrizketatu ditugun herritarren % 87k uste dute behar bezala bereizten dituztela etxeko hondakinak. Teoria aski erraza da, izan ere: papera eta kartoia edukiontzi urdinera, beira berdera, ontzi arinak horira… Beste hondakin batzuek, berriz, zalantza gehiago sortzen dizkigute. Hori dela eta, EROSKI CONSUMERek proba bat egin die bederatzi autonomia erkidegoetan elkarrizketatu dituen 1.000 pertsonei. Hondakin jakin batzuk aipatu dizkiegu, eta bakoitza zer edukiontzitan utziko luketen galdetu. Honako hauek izan dira erantzunak:

Non utziko zenuke…?

  • Sukaldean erabilitako olioa: Inoiz ez da bota behar harraskatik behera. Plastikozko poto batean gorde eta garbigune batera eramatea komeni da, edo olioarentzat berariaz jarritako edukiontzian sartzea, halakorik egonez gero. Inkestan parte hartu dutenen artetik, % 14k ez dute jakin zer erantzun eman, % 12k adierazi dute harraskatik behera bota behar dela, eta % 1ek okerreko edukiontzia aipatu du: horia.
  • Pilak dituen jostailu elektronikoa: Jostailua hondatua badago, lehenik eta behin, kendu egin behar zaizkio pilak, eta garbigune batera eraman. Baina oraindik erabiltzeko moduan badago, beste norbaiti eman diezaiokegu. Gure inkestan, erdiek garbigune batera eramango lukete, eta % 17k oparitu egingo lukete. Beste % 21ek, ordea, onartu dute ez dakitela zer egin behar den, eta % 7k okerreko edukiontzian utziko lukete, horian.
  • Aluminiozko papera: Oso zikina ez badago, edukiontzi horian utz daiteke, baina hondakin organikoak baditu, ohiko zaborrarekin bota behar da. Inkestan, % 37k adierazi dute edukiontzi horira botako luketela, % 35ek hondakin organikoekin batera aterako luketela, eta % 4k garbigunera eramango luke. Galdekatuen % 15ek, berriz, ez dakite nora bota behar den, eta % 4k okerreko edukiontzira botako lukete.
  • CD zaharrak: Informatika-denda askotan biltzen dituzte hondakin horiek, baina garbigunera ere eraman daitezke. Sekula ez dira bota behar edukiontzi horira, baina gure inkestan, bostetik batek hara botako luke. Beste % 37k, berriz, ez dakite non uztekoak diren.
  • Kontsumo txikiko bonbilla: Oso kutsatzaileak dira, eta garbigunera eraman behar dira. Hirutik batek soilik eman du erantzun egokia. Gainerakoek okerreko edukiontzian utziko lukete (% 57k) edo ez lukete jakingo nora bota (% 15).

Gero eta kontzientzia gehiago

Hondakinak kudeatzen aritzen direnek eta ingurumenaren alde jarduten duten GKEk diotenez, herritarrak garai batean baino ohartuagoak daude beren joerek zuzenean eragiten diotela inguruneari. Baina oraindik bide luzea egin behar dela azpimarratzen dute.

EROSKI CONSUMERek, herritarrek zenbateko kontzientzia duten jakiteko, esaldi batzuk irakurri dizkie, eta haiek bat hautatu behar izan dute. Ildo horretan, erantzun dutenen % 93ren iritziz, “hondakinak modu desegokian desagerrarazteak kutsatu egiten du ingurumena, eta, gainera, arriskuan jartzen du jendearen osasuna”.

Horretaz gain, % 88ren irudiko, “hondakin gutxiago sortuko genituzke, ez bagenu hainbeste xahutuko”. Autonomia erkidegoei banan-banan erreparatuz, Andaluzian jende gehiagok bat egin du baieztapen horrekin, % 94k, hain zuzen. Ezin da ahaztu, izan ere, erosten eta kontsumitzen dugun guztiak lotura zuzena duela zaborretara botatzen dugunarekin. Ingurumenaren alde jarduten duten GKEen ustez, erosketak egiteko garaian, gehienok ez dugu kontuan hartzen gure kontsumo moduek zer-nola eragiten dioten planetari. Baina eragiten diote, eta, horregatik, funtsezkoa da zentzuz kontsumitzea eta deus ez alferrik xahutzea. Azken batean, jendeari oroitarazi egin behar zaio arduraz kontsumitu behar dela, eta oinarri-oinarrizko lehen helburua zabor gutxiago sortzea dela, eta birziklatzea garrantzitsua izanik ere, are garrantzitsuagoa dela berrerabiltzea.

Jenderik gehiena ohitua dago sortzen dituen hondakinak bereiztera. Irakurri diegun beste baieztapen batek honela dio: “Hondakinak etxean gaika bereizteak ez du deusetarako balio”. Bada, gehien-gehienak ez daude batere ados. Adinka begiratuta, 20 eta 34 urte artean dabiltzan herritarrek adierazi dute adostasunik gehien esaldi horrekin: adin tarte horretan dauden % 14ren iritziz, hondakinak gaika bereizteak ez du deusetarako balio; 35 eta 54 urte artean dabiltzanetatik, % 4 soilik dira uste horretakoak, eta 55 urtetik gorakoetan, % 7.

Kanpaina gehiago

Jendearen iritziak eta usteak nolakoak diren ikusita, aditu gehienen iritziz orain ere funtsezkoa da sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainak egitea, egunetik egunera zikloa hobeki itxi dadin. Haiek diotenez, herritarrek jabetu egin behar dute oinarri-oinarrizko eragileak direla birziklatze-katean, eta azpimarratzen dute txiki-txikitatik ekin behar zaiola ingurumen-heziketari.

Elkarrizketatuen artean ere, lautik hiruk uste dute kanpaina gehiago egin behar direla hiri-hondakinen eta horien kudeaketaren inguruan. Gainera, % 84ren ustez, erakundeek badute aukera gauzak hobeki egiteko hondakinen kudeaketaren arloan. Gaur egun, eztabaida handia dago zein ote den etxeko hondakinak biltzeko sistemarik onena. Gasteizko Udaleko kudeatzaileen iritziz (European Green Capital izendapena jaso du 2012. urtean), ez dago sistema bat “onena” izenda daitekeenik, faktore askoren menpe egoten baita sistema horiek ongi funtzionatzea; besteren artean, herritarren menpe.

Azkenik, herritarren erdiak baino gehiagok uste du ez dela ideia ona zigorrak jartzea hondakinak behar bezala bereizten ez dituzten herritarrei.