Merkeenak, zaporez onenak
Sei esnedun txokolate aztertu ditugu: Suchard, Valor, Zahor, Milka, Nestlé eta Lindt, 70 gramo eta 300 gramo bitarteko tabletetan. Merkeena Nestlé txokolatea da (5,15 euro kiloko), eta garestiena, berriz, Suchard (ia 8 euro kiloko).
Esnedun txokolatea kakao produktuekin, azukreekin eta esnearekin edo esnekiekin egiten da. 540 kaloria ditu 100 gramoko, azukre asko du eta duen koipe ugariaren erdia saturatua da (produktuaren %30 inguru), osasunarentzat kaltegarriena. Horregatik, gizen dauden pertsonei, diabetikoei eta digestio arazoak dituztenei ez zaie komeni, eta neurriz jan behar dute. Aztertu ditugun laginen osaera nutrizionala oso antzekoa da.
Ezberdintasunik nabarmenenak profil lipidikoan hautematen dira (koipe saturatuen eta ez saturatuen arteko proportzioan), bai eta teobromina eta kafeina kantitatean ere, hau da, produktuaren ahalmen estimulatzailean.
Aztertutako laginen higiene eta osasungarritasun egoera egokia da eta, bestalde, ez dugu genetikoki eraldatutako osagarririk detektatu.
Zaporearen frogan, onenak Nestlé (denetan onena, 7,5), Milka eta Lindt izan ziren, hiru merkeenak, hain zuzen. Suchard (5,7 puntu, txarrena), Zahor eta Valor izan ziren, berriz, txarrenak. Kalitate-prezio proportzioari erreparatuta, Nestlé da txokolaterik onena.
Nahiz eta arauak txokolateak kakao solidoen gutxieneko portzentaje bat exijitu, ez dago metodo analitiko ofizialik ehuneko hori zehaztu ahal izateko, eta aplika daitezkeen metodoak ez dira fidagarriak emaitzen errore marjina handia dela eta. Teobromina edukia (kakaoaren berezko substantzia, kafeinaren antzekoa) kakao edukia neurtzeko zeharkako adierazlea da, baina ez da nahikoa fidagarri, bi arrazoi direla eta: batetik, teobromina kantitateak gorabehera handiak izaten dituelako kakaoaren barietatearen eta jatorriaren arabera eta, bestetik, kakao gantzak (txokolatearen osagai garrantzitsuak) ez duelako teobrominarik. Kasu horretan, teobromina neurtuko balitz, kakao kantitatea ezingo litzateke kuantifikatu. Txokolateen kakao edukia ahalik eta zehatzen jakiteko, ondorengo eragiketa hau egin behar da: teobromina portzentajea kontuan hartuta, kakao orearen portzentajea kalkulatu behar da, eta balio horri kakao gantza gehitu behar zaio. Baina esnedun txokolateetan ezin daiteke kakao gantzaren kantitatea kalkulatu, esnea dutenez, ezin daitekeelako teknikoki kakao gantza eta esnearen koipea bereizi. Horrexegatik ez dugu lagin bakoitzaren kakao kantitatea zehaztu ahal izan analisi honetan.
Valor txokolatea da, teobromina gehien duen txokolatea (230 mg/100 mg), etiketaren arabera, gutxieneko kakao kantitate handiena duena: ia %34 kakao du; gainerakoek %30.
Etiketatu zuzena, baina hobetzeko modukoa
Etiketa guztiak araudiaren araberakoak diren arren, bada alderik txokolate batzuen eta besteen aldean. Izendapen zuzena, “Esnedun txokolatea”, osatu zitekeen kalifikatzaile bat jarrita, akatsik edo nahasdurarik eragiten ez badu. Nestlé eta Lindt “extrafinak” dira (horregatik, behartuta daude araudiaren arabera, izen hori ez dutenek baino kakao eta esne gehiago izatera). Zahor eta Milka txokolateek -izenean jartzen ez badute ere – etiketan nabarmentzen dute “extrafina” adjektiboa. Etiketa guztietan agertzen da “Gorde leku fresko eta lehorrean” gomendioa. Valor, Milka, Nestlé eta Lindt-en etiketetan, gainera, gomendio horri “leku fresko, lehor eta usainik gabean” gehitzen diote. Gerta litezkeen erreakzio alergikoei aurre hartzeko, sei txokolateek adierazten dute litekeena dela fruitu lehorren arrastoren bat izatea, baina soilik Suchard eta Milkak egiten dute ohar berdina arrautza proteinari buruz. Balio kaloriko handia dutelako eta koipe eta azukre asko dutelako, komenigarria litzateke konposizio nutrizionalari buruzko informazioa ere ematea, baina txokolate batek berak ere ez dakar halako informaziorik etiketan.
Azukreak eta proteinak
Laborategian sei laginen konposizio nutrizionala aztertu genuen. Batez besteko hezetasuna baxua da oso, %1 ere ez. Beraz, oso arrisku txikia dago produktu hauek intoxikazioak eragiteko, intoxikazioak eragiten dituzten mikroorganismoek ura behar baitute. Errauts edukiak adierazten du zenbat mineral duen produktuak, eta gure laginen kasuan, edukia oso gorabeheratsua izan da: esate baterako, Nestléren errauts edukia %1,5ekoa da eta Lindtena, berriz, %2,1. Proteinei (kasu honetan, esneari, eta neurri txikiagoan, kakaoaren deribatuei) dagokienez, batez besteko edukia %6,7 da. Kakaoaren proteinak ez dira balio biologiko onekoak, bai, ordea, esnedun txokolateari gehitzen zaion esnearenak (oinarrizko aminoazidoak dituztelako). Proteina gutxien Zahor txokolateak du (%6) eta gehiena Suchard txokolateak (%8,6).
Karbohidratoak gehitutako azukreak -sakarosak edo azukre arruntak, kasuan kasu- ematen ditu batik bat txokolatean, eta, batez beste, produktuaren %60 dira. Laktosa, bestalde, esnearen eta esnekien azukrea da. Suchard da esnekiak erabiltzen ez dituen bakarra, bai eta esne hautsa erabiltzen duen bakarra ere. Gainerakoek bestelako esnekiak ere gehitzen dizkiote txokolateari, adibidez, laktosuero hautsa, laktosa askokoa.
Horregatik, soilik Suchard txokolatearen kasuan erabil daiteke laktosa esne kantitatea neurtzeko. Laktosaren batez besteko edukia produktuaren %10 da, eta alde gutxi dago txokolate guztien artean. Almidoia eta zuntza txokolatearen bestelako karbohidratoak dira. Kakaoak zuntz asko duen arren, txokolateak gutxi izaten du, prozesatzerakoan diluitu egiten baita.
Koipea eta substantzia suspergarriak
Esnedun txokolatearen beste bereizgarri bat koipetsua izatea da, kakao gantzak eta esneak koipe asko dutelako. Kakao gantzetan kate luzeko koipe azido saturatuak dira gehien, besteak beste, azido estearikoa. Azido estearikoa gainerako koipe azido saturatuen aldean osasungarriagoa da, ez baitu odoleko kolesterola gehitzen. Bestelako koipe azidoak ere badira, esaterako, palmitikoa (saturatua eta ez osasungarria), oleikoa (monoinsaturatua eta osasungarria), linoleikoa (poliinsaturatua eta, beraz, osasungarria). Koipe azido linoleikoa esentziala ere bada, gure organismoak ezin baitu berez sortu.
Koipe edukiaren batez besteko handia zuten sei laginek: %31koa. Koipe eduki horretan, koipe saturatu gehiago dago (%64, batez beste) insaturatuak baino (%34); horrexegatik, txokolatearen profil lipidikoa ez da oso osasungarria. Lindt
txokolateak du koipe profilik osasungarriena, koipe saturatu gutxien dituelako: koipe guztiaren %57. Beste muturrean Valor txokolatea dugu: koipeen %70 saturatuak ditu. Esnedun txokolatea oso produktu energetikoa da, 545 kaloria ditu, batez beste, 100 gramoko, eta horretan ez dago alde handirik sei laginen artean.
Bestalde, txokolate hauek bitamina asko dute (B1 edo tiamina, B2 edo riboflabina eta azido folikoa, A bitamina eta E bitamina), bai eta kaltzioa, fosforoa (beste txokolateen kasuan baino gehiago, esneagatik), magnesioa, potasioa eta burdina ere.
Txokolatea elikagai tonikoa, indar berritzailea, teobromina duelako; izan ere, substantzia hori nerbio sistemaren estimulatzailea da, kafeinaren eta teinaren antzera, nahiz eta horiek baino ahalmen txikiagoa izan. Kafeina proportzio txikiagoan agertzen da (22 mg/100 gramo, batez beste) txokolatean; kafe kikarakada batek baino askoz gutxiago: 69 mg. Nerbio sisteman eragin handiena duen txokolatea Valor da: 230 mg teobromina eta 30 mg kafeina ditu ehun gramoko. Aldiz, eragin txikiena duena Lindt da: 120 mg teobromina eta 20 mg kafeina.
Hobe neurriz jatea
Kakaoa (edozein barietatekoa) jatea gomendagarria da haur, gazte nahiz edadetu osasuntsuentzat, baina, betiere, neurriz jatea da egokiena, eta dieta orekatua egiten bada. Kaloria asko duenez, egokia da oso gosaritan jateko, bai eta kirola egiten dutenek edo jarduera fisiko intentsuak egiten dituztenek jateko. Baina arrazoi horrexegatik, eta koipe, azukre eta potasio asko duelako, neurriz jan beharreko elikagaia da. Are gehiago, batzuetan, neurriz jatea baino hobe da batere ez jatea, adibidez, gizen egonez gero edo obesitatea izanez gero, beherakoa edo bestelako digestio arazoak izanez gero, behazunean harriak,edo hipertriglizeridemia, diabetes eta potasioa kontrolatzea behar duen bestelako edozein gibel gaixotasun izanez gero.
Zer da eta nola egiten da esnedun txokolatea?
Esnedun txokolatea kakao produktuekin (kakao gantza eta kakao solidoa), azukreekin eta esnearekin edo esnekiekin egiten den elikagaia da. Nahiz eta txokolatea kakaoarekin eginikoa izan, kakaoak, landu gabe dagoenean, ez du txokolatearen kolorerik, usainik ez eta zaporerik ere. Hainbat prozesu egiten zaizkio kakao haziari, harik eta txokolate bihurtu arte: bildu egiten da lehendabizi (kakaoa kakao ondoaren hazia da, latinez Theobroma Cacao), gero hartzitu egiten da, mamia galtzen du orduan eta zaporea hartzen du, hirugarrenik, mamirik gabeko haziak lehortu egiten dira, hobeto kontserba daitezen. Gero, haziak garbitu egin behar izaten dira, zikinkeria kendu behar zaielako erre aurretik. Erretzeak izugarrizko eragina du gero kakoak izango duen zaporean. Hori guztia egindakoan lortzen dena kakao alea da. Baina prozesua ez da hor amaitzen: txikitu eta azala kentzen zaio ondoren, eta, hala, kakao zuritua lortzen da. Hori mailudun errota batean fin-fin ehotzean, kakao orea sortzen da. Ore hori landu egiten da segidan, koipe materia -kakao gantza- kendu eta kakao torta egiteko. Kakao gantza 29ºC-tan urtzen da eta zuria edo horixka izaten da, baina kakaoaren usaina eta zaporea izaten du jada. Kakao torta berriz ere landu eta, disolbagarrien bidez, hondakin koipea ere kentzen bazaio, kakao koipegabetua lortzen da. Kakao hautsa kakao koipegabetutik ateratzen da, beste molturazio fin bat eginez.
Txokolatea egiteko, osagai nagusiak gantza, orea, torta, kakao koipegabetua eta kakao hautsa dira. Esnedun txokolatea kakao hautsa edo kakao orea fin-fin ehotako azukrearekin (kakao gantzarekin edo gabe) eta esne osoarekin edo gaingabetuarekin nahastuta egiten da. Gehigarriei dagokienez, emultsionatzaile batzuk -adibidez, lezitina (E-322)- eta baimendutako zapore emaileak erabil daitezke.
Lehenik eta behin, kakao orea edo kakao hautsa nahastu eta oratu egiten da, azukrea, kakao gantza eta esne hautsa botata, harik eta ore homogeneoa lortu arte. Ondoren birfindu egiten da, produktua fin-fin ehoz, aho sabaian antzeman ezin daitezkeen partikula txiki-txiki bihurtu arte. Segidan, produktua astindu egiten da, hau da, mekanikoki astintzen da, frikzioz produktua berotu eta ura eta konposatu lurrunkorrak lurruntzeko; txokolatea kalitatezkoa eta zapore gozokoa izatea lortzen da horrekin. Gero epeldu egiten da, astintzean 70ºC- 80ºC bitarte hartzen baitu, eta kakao gantza kristalizatu egiten da. Hurrengo urratsean, produktua moldeatu egiten da: txokolatea aurrez berotu diren tableta itxurako moldetan isurtzen da, produktuaren tenperatura berdintzeko. Moldeei bibrazioak eragiten zaizkie, txokolateak izan dezakeen airea aska dezan. Azkenik, moldea hozteko tunel batean jartzen dira, eta, horren ondoren txokolatea gogortuta eta prest egongo da bildu eta banatzeko.
Laburbilduz eta konparaletako taula
Laburbilduz
- Sei esnedun txokolate aztertu ditugu: Suchard, Valor, Zahor, Milka, Nestlé eta Lindt, 70 gramo eta 300 gramo bitarteko tabletetan agertzen diren txokolateak.
- Merkeena Nestlé da (5,15 euro kiloko) eta garestiena, berriz, Suchard (ia 8 euro kiloko).
- Aztertutako sei laginen ezaugarri higieniko-sanitarioak egokiak dira, eta ez dugu genetikoki eraldatutako osagairik aurkitu.
- Esnedun txokolatea kakao produktuekin, azukrearekin eta esnearekin edo esnekiekin egiten da. 540 kaloria ditu ehun gramo txokolatek, azukre asko du, eta koipea, ugaria, saturatua da gehiena, koiperik txarrena, hain zuzen. Gizen daudenei, diabetikoei eta digestio arazoak dituztenei ez zaie komeni txokolatea, eta neurriz jan behar dute.
- Sei laginen konposizio nutrizionala oso antzekoa da. Lipidoen profilean (koipe saturatuen eta insaturatuen arteko proportzioan) eta teobromina eta kafeina kantitatean (ahalmen estimulatzailea duten elementuetan) hautematen dira ezberdintasunak.
- Lindt txokolatearen koipea da osasungarriena (%57 saturatuak eta %43 insaturatuak), eta ahalmen estimulatzaile txikiena duena txokolatea da, baita.
- Zaporearen frogan Nestlé, Milka eta Lindt txokolateek izan zuten puntuaziorik onena, hiru merkeenek, hain justu. Kalitatea eta prezioa kontuan hartuta, Nestlé da onena, eta Milka ondoren.
Marca Izena |
Nestlé “Esnedun txokolate estrafina” |
Milka “Esnedun txoko- latea” |
Lindt “Esnedun txokolate estrafina” |
Valor “Esnedun txoko- latea” |
Zahor “Esnedun txoko- latea” |
Suchard “Esnedun txoko- latea” |
---|---|---|---|---|---|---|
Formatua (gramoak) | 150 | 125 | 125 | 300 | 70 | 200 |
Prezioa (euro/kiloko) | 5,15 | 5,68 | 6,42 | 7,01 | 7,21 | 7,97 |
Hezetasuna (%) | 0,7 | 0,8 | 1 | 0,9 | 1,1 | 0,9 |
ProteinaK (%) | 6,1 | 7 | 6,4 | 6,3 | 6 | 8,6 |
Koipeak guztira (%) | 31,1 | 30 | 32,1 | 31,8 | 29,8 | 31,7 |
Saturatuak (%) | 63,3 | 64,6 | 57 | 70,2 | 61,1 | 67,8 |
Mono- insaturatuak (%) | 32,9 | 30,9 | 39 | 24,6 | 33,51 | 26,7 |
Poli- insaturatuak (%) | 3,8 | 4,5 | 4 | 5,2 | 5,4 | 5,5 |
Karbohidratoak guztira (%) | 60,6 | 60,3 | 58,4 | 59 | 61,4 | 56,8 |
Sakarosa (%) 1 | 40,1 | 42,1 | 37,7 | 36,7 | 43,8 | 40,4 |
Laktosa (%) 2 | 8,9 | 9,8 | 10,9 | 11 | 10,2 | 9,4 |
Errautsak (%) 3 | 1,5 | 1,9 | 2,1 | 2 | 1,7 | 2 |
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) | 546,7 | 539,2 | 548,1 | 547,4 | 537,8 | 546,9 |
Teobromina (mg/ 100 g)4 | 140 | 190 | 120 | 230 | 140 | 160 |
Kafeina (mg/100 g) 5 | 20 | 20 | 20 | 30 | 20 | 20 |
GEO 6 | Ez | Ez | Ez | Ez | Ez | Ez |
Ezaugarri mikrobio- logikoak | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia |
Zaporearen puntuazioa (1-9 bitartean) | 7,5 | 7,4 | 7,3 | 5,9 | 5,8 | 5,7 |
1 Sakarosa: azukre arrunta. Kanpotik gehitzen zaio produktuari.
2 Laktosa: esnearen eta esnekien azukrea (laktosueroa). Ezin dezakegu ziurtzat eman zenbat eta laktosa gehiago orduan eta esne gehiago duenik txokolateak, esnekiak ere gehitu zaizkio eta.
3 Errautsak: produktuaren mineral edukiaren zeharkako adierazleak.
4 Teobromina: nerbio sistemari eragiten dion substantzia estimulatzailea; kafeinak baino ahalmen txikiagoa.
5 Kafeina: nerbio sistemari eragiten dion substantzia estimulatzailea. Kafe kikara batek 69 mg kafeina ditu.
6 GEO: genetikoki eraldatutako organismoak.
Banan banan
Esnedun txokolateak, banan-banan
Nestlé
- “Esnedun txokolate estrafina”, 150 gramoko tableta.
- Prezioa kiloko: 5,15 euro, merkeena. Kalitate-prezio onena.
- Zaporearen frogan, 7,5 puntu, onena. Deskribapena: “gozotasuna”, “zapore suabea”, “kolorea”, “ontzen tamaina”, “uzten duen zaporea” eta “ahoan urtzen da”.
Milka
- “Esnedun txokolatea”, 125 gramoko tableta.
- Prezioa kiloko: 6,8 euro.
- Aukera ona hau ere.
- Zaporearen frogan, 7,4 puntu, bigarren onena. Deskribapena: “gozotasuna”, “zapore suabea”, “kolorea” eta “ahoan desegiten da”.
Lindt
- “Esnedun txokolate estrafina”, 125 gramoko tableta.
- Prezioa kiloko: 6,42 euro.
- Koipe gehien duena (%32) da, baina, aldi berean, profil lipidiko egokiena duena (%57 koipe saturatu eta %43 koipe insaturatu). Ahalmen estimulatzaile txikiena du, teobromina eta kafeina gutxi duelako.
- Zaporearen frogan 7,3 puntu izan ditu. “Kolore argia” esanez deskribatu da, eta “zapore gozoa”, “zapore suabea” eta “ahoan desagertzea” goraipatzen zaio. “Meheegia” izatea kritikatzen zaio.
Valor
- “Esnedun txokolatea”, 300 gramoko tableta.
- Prezioa kiloko: 7,01 euro.
- Profil lipidiko eskasena du (%70 koipe saturatu eta %30 insaturatu). Azukre gutxien duen txokolatea da (%36,7 sakarosa), baina estimulatzaileena (230 mg teobromina/100 g eta 30 mg de kafeina/100 g).
- Zaporearen frogan 5,9 puntu izan ditu. “Kolore ilunekoa da”, eta “uzten zaporea” ona da, baina “kakao zapore fuertea” eta “lodia” eta “gogorra” izatea kritikatzen zaio.
Zahor
- “Esnedun txokolatea”, 70 gramoko tableta.
- Prezioa kiloko: 7,21 euro, bigarren garestiena.
- Koipe gutxien duen txokolatea da (%29,8), baina baita azukre gehien duena ere (%43,8 sakarosa).
- Zaporearen frogan 5,8 puntu izan ditu: zaporez txarrenetakoa da, mastekatzeko sentsazioa eta uzten duen zaporea ere ez dituzte gustuko izan, eta “gozoegi” eta “meheegi” izatea kritikatzen zaio.
Suchard
- “Esnedun txokolatea”, 200 gramoko tableta.
- Prezioa kiloko: 7,97 euro, garestiena.
- Proteina gehien duen txokolatea da (%8,6).
- Zaporearen frogan 5,7 puntu besterik ez ditu lortu, eta txarrena da. “Gozoegia”, “lodia”, “koipetsua” eta “irintsua” izatea kritikatzen zaio.