Telebista aparatu berriak

Zinean bezalaxe

Hainbeste teknologia aukeran, eta gero eta zailagoa telebista aukeratzea
1 otsaila de 2004
Img internet listado 160

Zinean bezalaxe

Gure etxeak inbaditu dituzten teknologia berrien artean, aparteko indarra hartu dute “zinema etxean” muntatzeko aukera ematen dutenak. Audio sistema konplexuez gain, telebista pantaila lau itzelak atera dituzte orain, irudi kalitate ezin hobekoak, film zaleen gustagarri. Baina arazo nagusia bera da indarra hartzen ari den teknologia guztien kasuan: batetik, oso garestiak direla eta, bestetik, ez dagoela ziurtatzerik asmakuntza iraultzaile hauen bizi-iraupena luzea izango denik, teknologia berriagoek aurrea hartzeko arriskua izaten da eta beti.

Gaur egungo telebista batzuek, esaterako, kolokan jartzen dute betiko telebistaren agintaldi luzearen iraupena. Dena den, askoren ustearen kontra, katodo izpien hodia darabilen (CRT) telebista ez dago hain pattal; izan ere, lan nekeza dute teknologia berriek betiko monitoreari lekua kentzeko, horren bertute guztiak gainditzeko: aparteko irudi kalitatea, baita argi askoko lekuetan ere, ikuspegi angelu zabala, iraupen luzea eta, batik bat, prezio baxua. Gainera, ia fabrikatzaile guztiek islen kontrako pantailadun modeloak egiten dituzte, eta ia film guztien tamainara egokitzen den 16:9 formatua erabiltzen hasi dira (pantailaren luze-zabal proportzioa), telebistaren ohiko 4:3 formatua gaindituta.

Betiko telebistak, dena den, ageriko alde txar bat du: handiegia da. Telebista handienak (40 hazbetekoak) 60 zentimetro baino gehiago luzatzen dira atzera, eta 130 kilotik gora dira. Akilesen orpo hori esplotatzen dute, hain zuzen, telebista lauek: diseinu erakargarria dute, pantaila handiak dituzte, askoz arinagoak dira, gero eta merkeago egiten dituzte (oraindik ere garesti, halere) eta irudi kalitatea hobetzen ari dira (betiko telebistakoen adinakoa izan gabe oraindik).

Koadroak bezalako telebistak

Telebista lauen barruan, bi teknologia lehia bizi-bizian ari dira: Plasma eta LCD. Zein baino zein dira bai mehetasunean bai prezio garestietan, baina badirudi azkenean LCD teknologia nagusituko dela azkenean, ordenagailu monitore gisa saltzeko erruz fabrikatzen ari baitira, eta, horren ondorioz, laster prezioa jaitsiko baitute. Baina oraindik gutxi batzuentzako luxu dira biak ala biak.

Plasma-telebistetan, irudia plasma egoeran dagoen gas ionizatuz betetako gelaxka txikiz osatzen da, hortik izena. Horietako telebistaren bat erosi nahi izatera, 3.000 euro hartu behar dira, gutxienik, patrikan. Ordainetan, erosleak 7 zentimetro eskaseko hondoa duen telebista hartzen du, itzalita ere begiratzea merezi duena (itzaltzean pantailan koadro famatuak agertzen dituztenak ere badaude), piztean ia CRT telebisten, betikoen, antzeko irudi-kalitatea duena, nahiz eta tonu ilunenetan oraindik ere pixka bat eskas dauden.

LCD telebistak oraindik ere lauagoak diren arren (bost zentimetro ingurukoak), plasmakoen anaia pobreak dira nolabait: txikiagoak dira (37″ ingurukoak), ez dute hain itxura liraina, kolore beltza ez dute ondo agertzen eta oso garestiak dira oraindik, plasmakoak baino gehiago, pantailaren tamaina kontuan hartuta. Halere, distiratsuagoak direnez, gutxiago kaltetzen ditu inguruko argiak, eta, gainera, iraupen luzeagoa dute: 50.000 ordu eta gero hasten dira kale egiten, eta plasmakoak, berriz, denbora erdian, 25.000 ordura.

Tamaina dela eta

Atzeraproiektagailuak dira formularik onena etxean 50 hazbeteko telebista izateko, plasma-telebista bat bezainbeste ordaindu beharrik gabe. Ia denak formatu panoramikoa dute (16:9) eta goi definiziorako egokituta daude (DVDentzat, esaterako). Ia betiko telebistek bezalako kalitatea dute eta, lodierari dagokionez, CRT zabalen eta plasma edo LCD lauen erdi-bidean daude.

Baina zineko pantaila baten antzekoa nahi izanez gero, egokiena proiektoreak dira: zapata kaxen neurriko argikanoiak dira, eta ordenagailuan, telebistan, DVDan eta abarretan konekta daitezke, eta 300 hazbeteko irudia proiekta dezakete (7,6 metro diagonal). Prezioak 1.000 euro eta 6.000 euro bitartean dabiltza, bereizmenaren, distiraren edo argitasunaren arabera. Irudiaren tamaina da proiektoreen alde on erakargarriena, oso handia izateaz gain, egokitu daitekeelako, zoomaren bidez edo pantailatik hurbilago edo urrunago jarrita. Baina alde txarrak ere baditu: batez ere, espazio handia behar dela jartzeko (dena den, batzuek 80 hazbeteko irudia ematen duten 2 metro soiletan), inguruaren argitasuna kontrolatu behar dela eta pantaila aparte erosi behar dela (pareta ere erabil daiteke, baina kalitatea ez da hain ona izango). Gainera, lanparak 400 euro inguru kostatzen dira eta 3.000 ordu irauten dute, gutxi-asko.

Nola funtzionatzen dute?
www.howstuffworks.com
Bonba nuklearrak, telefono mugigarriak, diesel motorrak, hozkailuak, plasma telebistak, proiektoreak… nola erabiltzen dira?

Proiektoreei buruz jakin beharreko guztia
www.projectorcentral.com
LCD, LDP, LCOS: proiektorea erostekotan dabilenarentzat gida osatua (ingelesez).

Lehenagoko telebista
www.teacuerdas.com

Serie batzuk (Crónicas de un Pueblo, Los camioneros edo El Virginiano) eta programa batzuk (Los Chiripitifláuticos eta La Guagua, adibidez), 1940-1989 urteen bitarteko telebista gogora ekartzeko.

Kontra eta alde
  • CRT. Teknologia hau heldutasunera iritsita dago, eta oso zaila da hobetzen, bai kalitatean eta bai prezioan. Pantaila txikiegia izatea dute arazo; izan ere, pantaila handia izateko, armairuaren pareko geratzen dira.
  • Plasma. Telebistetan azken-azkenekoa izateko milioi pezeta inguruko inbertsioa egin behar da; lauak, erraldoiak, ikuspegi-angelu zabala eta ordenagailurako konexioak dituztenak. Azken-azkenekoak izanagatik, dena dela, ez dira perfektuak: oso garestiak izateaz gain, kolore ilunak ez dituzte ondo agertzen eta burn-in efektua izaten dute (irudi estatiko bat luzez agertzen bada, pantailan “itsatsita” geratzen da).
  • LCD: Pantailak plasma-telebistenak baino txikiagoak dira oraindik, baina lauagoak ere izan daitezke. Garestiak dira eta beltzak ez ditu hain ongi agertzen, baina hobeto ikusten dira gela argitsuetan. Etorkizun ona dutela diote, baldin eta bereizmena, ikuspuntu-angelua, kontrastea… eta prezioa hobetzea lortzen badute.
  • Atzeraproiektoreak. Pantaila handia dute, plasma telebistak baino prezio hobean, baina ez dira hain lauak. Betiko telebisten antzeko kalitatea dute.
  • Proiektoreak. Zinea etxean: 1-7,6 metro diagonal pantailan edo paretan. Leku handia behar dute eta lanparek (400 euro inguru) ez dute hiru urtetik gora irauten.