Etxez etxeko laguntzak

Zahartzaroa, etxetik atera gabe

Etxez etxeko laguntza oso lagungarri izan daiteke adindunak beren etxean hobeto bizi daitezen
1 otsaila de 2004
Img informe listado 271

Zahartzaroa, etxetik atera gabe

Badirudi aiton-amonak zaintzeko modelo tradizionala gainbehera dagoela. Izan ere, bizi itxaropena gora doa apurka baina etengabe (gero eta aiton-amona gehiago daude gure gizartean, edadetuen proportzioa handiagoa da), familia kontzeptua aldatu egin da eta emakumeak lan munduan gero eta sartuago daude; horren ondorioz, gure zaharrak zaintzeko modua asko aldatu da.
Nabarmen geratzen ari da etxeko adindunak zaintzen zituzten emakume etsituen irudia goitik behera berrikusi behar dela, erabat desagertuko ez bada. Datu soziologikoek argi asko adierazten dute: 1975ean, 65 urteko pertsona bakoitza zaintzeko 5 emakume zaindari potentzial zeuden; gaur egun, berriz, 2 besterik ez. Halaber, datuak adierazten dutenez, 2040an 80 urtetik gorakoak gehiago izango dira 45-60 urte bitarteko emakumeak baino (betidanik etxeko aiton-amonak zaindu izan dituztenak).

Zaharren herrialdea da espainiar Estatua: zahartzearen mundu mailako rankingean 9.ak gara, eta, OMEk dioenez, joera horrek dagoenean irauten badu, mundu osoko herrialderik zaharrena izango gara mendearen erdialderako. 65 urtetik gorako 8 milioi pertsona baino gehiago bizi dira Espainian, eta horietatik bi milioik baino gehiagok ezintasunen bat du, gainera. Are zehatzago: aiton-amonen %15 ez da gai etxeko lanak egiteko, eta 85 urtetik gorako 3tik 2k ezin dute etxea garbitu edo gobernatu, ezintasunen bat dutelako. Hala eta guztiz ere, zaharren %97k nahiago dute beren etxean bizi, nahiz eta etxeak behar-beharrezkoak dituzten baldintzak ez bete, besteak beste, igogailua, berokuntza sistema eta abar.

Gauzak horrela, etxez etxeko zaintza zerbitzua aukera ezin hobea izan daiteke ezintasun fisiko edo psikiko larririk ez duten eta etxean bizi nahi dutenentzat aiton-amonentzat. Etxez etxeko Zaintza Zerbitzuen sarea Etxez etxeko Zaintza Zerbitzuak (publikoa nahiz pribatua), Telezaintza Zerbitzuak (publikoa nahiz pribatua) eta bestelako zerbitzu batzuek osatzen dute, batzuk besteak baino errotuagoak daudela: etxez etxeko laguntza jaso ahal izateko diru laguntzak, otorduak etxera emateko zerbitzua, etxea egokitzeko diru laguntzak, aiton-amonen zaintzaren ardura hartzen duten senideentzako diru laguntzak…

Zaharren zaintza zifretan

/imgs/20040201/informe02.jpg
IMSERSOk Espainian edadetuentzat zein zerbitzu sozial dauden jakiteko egindako azken azterketaren arabera, etxez etxeko zaintzako zerbitzu publikoen artean erabilienak Etxez etxeko Zaintza Zerbitzu Publikoa (EEZZP) eta Telezaintza Zerbitzu Publikoa dira. 2002ko urtarrilean -aipatutako txostenaren arabera, betiere-, zerbitzu horiek 301.609 pertsonak erabili zituzten guztira (197.306 aiton-amonek EEZZP eta 104.313 aiton-amonek Telezaintza).

Bestalde, izugarrizko gorakada izan dute zerbitzuok 1999ko urtarrilaren eta 2002ko urtarrilaren artean: EEZZP %75 handitu da eta Telezaintza %115. Aldi berean, bi zerbitzu horien eremua ere asko hazi da, eta gero eta jende gehiagorengana iristen dira: 65 urtetik gorako ehun pertsonatik ia 3k EEZZP zerbitzuak baliatzen dituzte eta 1,5ek Telezaintza jasotzen dute. EEZZP zerbitzuak Gaztela-Mantxan (%5,22); Extremaduran (%4,58); EAEn (%4,76) eta Nafarroan (%3,67) daude zabalduen.

Txosten horrek adierazten duenez, EEZZP zerbitzuen ordukako batez besteko kostua 9,5 euro da Estatu mailan, baina erkidego batzuetan garestiagoak dira: Melilla (18 euro), Nafarroa (15,3 euro), Kanariar Uharteak (13,2 euro) eta EAE (12 euro).

Telezaintzaren kasuan, erabiltzaile bakoitzeko urteko kostuek izugarrizko aldea dute erkidego batzuen eta besteen artean, esate baterako, Andaluzian 85 euro kostatzen da zerbitzua, eta Errioxan, berriz, 403.

Laguntza publikoak

Edadetuarentzat berarentzat edo familiarentzat zaintzailea hartzea izugarri garestia denez, administrazio publikoek laguntza ekonomikoak emateko zenbait kanal jarri dituzte abian, behar dituztenek erabil ditzaten. Laguntza horiek jaso ahal izateko, udaletako ongizate sailetara edo edadetuen zaintzako sailetara jo behar da, edo hiriko auzoko zentroetara. Erakunde horien bitartez bideratzen eta gestionatzen dira IMSERSOk (Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren mendeko erakundeak), komunitate autonomoek eta herriek ematen dituzten laguntzak.

Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioak prestatutako “Pertsona Edadetuentzako Ekintza Plana 2003-2007” izeneko planean, 75 urtetik gorako pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programak ematea aztertzen ari dira.
Laguntzak jasotzekotan, lehentasuna dute gaixotasunen bat edo mugikortasun mugatua dutenek edo bakardadean bizi direnek. Egoera ekonomikoa ere, dena den, oso kontuan hartzen da.

Bestalde, duela gutxi Madrilen eta Katalunian neurri misto bat jarri dute abian zaintzailearen gastua ordaindu ahal izateko: txeke zerbitzua. Udalek ematen dute txeke hori, zerbitzuaren zati bat ordaintzeko eta, hartara, beste zatia bakarrik ordaindu behar dute erabiltzaileek.

Baliabide pribatuak

Zaintzaile pribatu bat hartu beste aukerarik ez dagoenean, garantiak ematen dituzten zerbitzuak hautatzea da egokiena, etxera bidaliko duten zaintzailearen profesionaltasuna eta haren prestakuntza espezializatua berma ditzaketenengana jotzea alegia (klinika laguntzaileak, geriatria laguntzaileak edo etxez etxeko zaintzako titulatuak). Zaintzailea hartzekotan, oso argi izan behar da zeren bila gabiltzan, zeri erreparatu behar diogun bere curriculumean. Baldintza garrantzitsuenetako bat motibazioa da. Funtsezkoa da zaintzaileak lana gustukoa izatea, pazientzia eta enpatia izatea, eta entzuten jakitea; baina, noski, bere ibilbide eta kualifikazio profesionala alde batera utzi gabe: kualifikazioari dagokionez, erizaintza laguntzailea izan behar du gutxienik. Enpresa baten bitartez kontratatzen diren zaintzaileen tarifa (CONSUMER-ek egindako galdeketaren arabera) orduko 4’40 euro (Santanderren) eta 9’61 euro (Madrilen) bitartekoa izaten da. Bilbo, Donostia, Valentzia, Malaga, Zaragoza, Coruña eta beste hiri batzuetan egindako galdeketaren arabera, halere, zerbitzu horren batez besteko kostua 7,2 eurokoa da.

Laguntzak, banan-banan

  • Telezaintza. Telefonoko linearen bidez aktibatzen den etxez etxeko laguntza zerbitzua da. Beti soinean daramaten botoi bat sakatu beste lanik gabe, aiton-amonek edo ezintasunen bat duten pertsonek etxean jasotzen dute laguntza. Eguneko 24 orduetan funtzionatzen du, urteko 365 egunetan, eta segurtasuna eta konpainia ematen duten profesional espezializatuek eramaten dute.
  • Etxez etxeko laguntza. Egoera soziala dela eta edo osasuna dela eta, oinarrizko beharrizanak betetzeko laguntza behar dutenentzako zerbitzua da: jaten ematen diete, beren burua garbitzen laguntzen diete, etxeko lanak egiten, konpainia ematen diete etxean nahiz kanpoan eta abar.
  • Etxearen berregokitzapena. Laguntza hauek familia eremuan, etxean bertan, mugitzeko arazoak dituzten adindunei ematen zaizkie, etxean egin beharreko obrentzat laguntzak eman eta mugikortasun normala galarazten dieten oztopoak kendu edo egokitzeko.
  • Otorduak etxera eramateko zerbitzua. Zerbitzu honen bidez janari beroa, nahikoa eta orekatua ematen zaie aitona-amonei, familiek ezin badituzte horretan lagundu edo jangela batera joateko moduan ez badaude.
  • Etxez etxeko garbiketa. Profesional espezializatuek tartekako garbiketa sakona edo aldiro-aldiroko garbiketa egiten dute ezinduta dauden pertsona nagusien etxean.
  • Familientzako laguntzak. Aiton-amonak familian bertan zaintzeko diru laguntzak dira, erresidentzia batera eraman ordez, etxean bertan zain ditzaten.
  • Etxea gazte unibertsitarioekin banatzea. Ikasten ari diren hirian ostatua behar duten gazteak eta horiek beren etxeetan hartzeko moduan diren zaharrak harremanetan jartzen dituzte. Zerbitzu hau jasotzen duten edadetuek, konpainia ez ezik, dirua jasotzen dute horren ordainetan, baita etxerako asegurua edo ekipamendua ere.

* Gerta liteke laguntza horietako batzuk ez izatea eskuragarri zure bizilekuan. Zerbitzuen berri jakiteko, jo udaletxera.

Etxez etxeko laguntza eskatzeko baldintzak
  • Laguntza eskatzen deneko herri edo hirian bizitzea, eta erroldan urte bete baino gehiagoz izena emanda egotea.
  • Ez gainditzea erkidego autonomo bakoitzak ezartzen duen diru sarrera minimoa. Minimo hori soldata minimoaren arabera finkatzen da komunitate autonomo bakoitzean.
  • Ez jasotzea antzeko laguntzarik bestelako erakunde publiko edo pribaturen batetatik.
  • 60 urte eginda izatea.
  • Ez izatea gai baliabide propioekin etxez etxeko laguntza ordaindu ahal izateko.
  • Ez egitea uko erresidentzia publiko batean sartzeari.
  • Laguntzak eskatzeko, udaletxeko gizarte laguntzaileengana edo laguntzak bideratzen dituzten gizarte laguntzako auzoko zentroetara jotzea.
  • Landa inguruan, zerbitzu horiek mankomunitateen esku egoten dira eta, beraz, mankomunitate horietan egin behar da laguntzak jasotzeko eskaria.

Etxez etxeko laguntza herri eta hirietako gizarte zerbitzuetako sailen prestazioa da, hortxe biltzen dira estatuak, erkidego autonomoak eta udalak berak emandako laguntzak. Herri handietan edo hirietan, eskaerak auzoetako udal bulegoetan egin behar dira. Herri txikietan edo biztanle gutxikoetan, berriz, mankomunatuta egoten direnez, eskaerak mankomunitatera eraman behar dira lehenbizi, hor egoten baitira bilduta udaletako gizarte laguntza guztiak.
Erkidego autonomo guztietan etxez etxeko laguntza jasotzeko baldintzek bi faktore hartzen dituzte kontuan batik bat: zaharren mugikortasuna eta baliabide ekonomikoak. Bi faktore horiek ezartzen dute lehentasuna kasu guztietan; izan ere, zenbat eta dependentzia eta behar ekonomiko handiagoa, orduan eta aukera handiagoa dute aiton-amonek laguntzak jasotzeko. Hala eta guztiz ere, dependentzia erabatekoa denean, adindua erresidentzia batera bidaltzeko tramitea izaten da etxez etxeko laguntza. Hain zuzen, zenbait komunitate autonomotan etxez etxeko laguntza jaso ahal izateko, derrigorrez bete beharreko baldintza izaten dute aiton-amonek erresidentzia publiko batean plaza hartzea, erabateko dependentzia badute. Faktore ekonomikoa da etxez etxeko laguntza emateko kontuan hartzen den bigarren betekizuna. Kasu horretan, baina, arazoak izaten dira maiz, sarri gertatzen baita laguntza behar duen adindunak gutxiagatik eskatzen den maximoa gainditzea, baina halere ez izatea gai laguntzaren gastuak bere gain hartzeko.