Garestienak ez dira beti onenak
Maiz erabiltzeko zortzi xanpu azertu dira ile arrunterako, Sunsilk-ek balio duen 9 euro/litrokotik Elvive-ren 11,33 euro litrokora. Sunsilk da merkeena, eta berak du kalitate/prezio erlaziorik onena, osaera egokia duelako eta erabilera proban oso balorazio egokia izan zuelako. Pantene Pro-V garestiagoa da (11 euro/litroko), kalitaterik onena eskaintzen du, eta erabilera proban besteetatik positiboki nabarmentzen den bakarra da.
Xanpuak ilea garbitu behar du, hau da, hautsak, koipeak eta hildako zelulek osatzen duten zikinkeria kendu behar du. Gainera, komeni da itxura atsegina izatea, ur gogor eta bigunetan solublea izatea, ilea babesten duen koipe naturala zaintzea, ilea malgu, leun eta errazteko erraza uztea, apar ugari egitea, ura kentzen erraza izatea, pH neutroa edo pittin bat azidoa izatea, biskositatea egokia izatea (bestela, hatz tartean ihes egingo luke eta ontzitik ateratzen zaila litzateke) eta, nahi gabe begietara joanez gero, horiek ez narritatzea.
Xanpuak emultsio apartsuak dira, urez, eragile detergentez (formulazioaren %10 eta %20 bitartean), lodigarriz (%4 baino gutxiago), bakterio, lizun eta legamiak sortzea galaraziko duten kontserbatzailez, perfumez, eragile koloratzailez eta pH erregulatzeko eragilez osatuta daude. Eragile detergenteen (tentsoaktibo anionikoak eta anfoteroak) efektuetako bat koipea kentzea da, eta fabrikatzaileek hori kontrolatu egiten dute, ez dezan ilea eta buruko larruazala lehor. Horretarako, tentsoaktiboak gehitzen zaizkie, hala nola polimero kationikoak, silikonak eta hainbat tentsoaktibo. Beste osagai batzuk, hala nola fruitu-argizari naturalak, bitaminak, mineralak, proteinak edota esne hidratatzailea lagin bakoitza bereizteko eta ustezko hainbat ezaugarri positibo eransteko erabiltzen dira.
PH kontua
Buruko larruazal osasuntsuak pH azido samarra izan ohi du, 4 ingurukoa, baina begiko pH-a neutroa da. Xanpu fabrikatzaileek xanpuaren pH-a buruko larruazalaren antzekoa izatea sakrifikatzen dute, nahi gabe begiekin kontaktua izan eta zer gerta ere. Sunsilk, Llongueras, Elvive eta Fructis markek erakutsi zuten pH neutroenak (eta, ondorioz, hobeak), eta Pantene Pro-V, Dove eta Hair Tech pH 6 eta 6,1 zeuden. Dove-k izan zuen pHrik azidoena (txarrena), 5,2rekin.
Xanpuaren biskositatea, berriz, behar bestekoa izan behar da, hau da, 2.500 centipois edo cps baino gutxiago (ur destilatuak 1 cps du), likidoa ez dadin hatz tartean irrista, baina gehiegizkoa izatea ere ez da komeni (13.000 cps baino gehiago), erraz dosifikatzeko eta ontzitik erraz ateratzeko. Elvive-k (16.000 cps) eta Fructis-ek (18.800 cps) finkatutako maximotik goragoko balioak erakutsi zituzten eta, ondorioz, potea behin eta berriro estutu beharra dago produktua zulotxotik irten dadin, batez ere enbasea beterik ez badago.
Materia organikoaren kantitateak formulazio bakoitzean dagoen substantzia aktiboen ehunekoa adierazten du. Estraktu lehorretik substantzia aktiboak kenduta kalkulatzen da, eta estraktu lehor hori ura eta perfumea bezalako substantzia lurrunkorrak kendu eta gero geratzen dena da. Matria organikoaren ehunekorik handiena Elvive-n (%24,8) eta Fructis-en aurkitu da (%24,4), eta gutxien Wella Balsam-en (%14). Pantene Pro-V-k eskaintzen du berez substantzia garbitzailerik gehien, % 17 tentsoaktibo anioniko, eta Llongueras-ek, berriz, %9 baino ez du elementu horietatik.
Kanpo itxura
Ontziaren eta barruko likidoaren itxura egokia da zortzi xanpuetan. Koloreari dagokionez, Llongueras, Pantene Pro-V, Elvive eta Fructis nakar itxurako zuria da; zuria Wella Balsam eta Dove-n; boli koloreduna Hair Tech eta nakar itxurako berdea Sunsilk.
Aldagai tekniko horiek kontuan hartuta, baloraziorik onena hiru xanpuk lortu dute, Hair Tech, Pantene Pro-V eta Dove markek (“oso ongi”). Sunsilk, Llongueras eta Fructis “ongi” notarekin geratu dira, lehenengo biak materia organikoetan guztira duten ehuneko txikiagatik (substantzia aktiboak), eta Fructis gehiegizko biskositatea duelako eta, ondorioz, dosifikatzen zaila delako. Txarrenak, “nahikoa” atera duten arren, Elvive eta Wella Balsam dira, lehenengoak oso biskositate handia duelako eta aparra ateratzeko ahalmen gutxi duelako, eta bigarrena pH azidoagatik (txarra) eta besteek bezainbeste materia organiko ez duelako.
Erabilera proba
18 eta 65 urte bitarteko 54 boluntariok, bi sexuetakoak, zortzi xanpuak probatu eta hainbat aldagai baloratu zituzten, 1etik 9ra. Ondorio nagusia da zortzi laginen artean ez dagoela desberdintasun handirik. Pantene Pro-V nabarmendu zen guztien artetik, 9tik 7,7 punturekin, eta baloratu ziren atal guztietan xanpurik onena izan zen. Txarrena Hair Tech izan zen, 6,4 punturekin.
Gainerakoek oso puntuazio homogeneoak lortu zituzten: 6,9 eta 7,1 bitarte puntu 9tik. Dove izan zen bigarren onena parametro guztietan. Pantene-ren (7,8 puntu) eta Fructis-en (7,2 puntu) nakar itxurako zuri kolorea baloratu zen ondoen, eta atal honetako txarrenak izan ziren Elvive (6,8 puntu), hori ere nakar itxurako zuria, eta Hair Tech-en boli kolorea (6,4 puntu). Dove xanpuaren usaina iruditu zitzaien atseginena erabiltzaileei (7,5 puntu), eta, aldiz, Elvivek izan zuen puntuazio baxuena (5,9 puntu). Erabili ondoren ilean utzitako usainari dagokionez ere, Dove izan zen onena (7,6 puntu), eta Fructis (6,4 puntu) eta Hair Tech-entzat izan ziren puntuaziorik apalenak. Testura biskoso, lodi eta dentsoek jaso dituzte balorazio hoberenak (laborategiek onartzen dituzten gehiengo mailetatik hurbil daudenak), Pantene eta Dove-k, alegia. Era berean, Pantene (8 puntu) eta Dove (7,5 puntu) dira lagin egonkorrenak ere, eta Hair Tech, berriz, ezegonkorrena (6,6 puntu).
Aparra egiteko ahalmenaz begiratze hutsarekin jabetzen da kontsumitzailea: sortutako aparraren kantitatea, loditasuna eta egonkortasuna da. Xanpuak apar ugari sortzea, berehala ez desegitea eta erraz kentzea da hoberena. Laborategiak honela neurtu zuen parametro hau: produktua urarekin nahasturik, litro bat ur bero zeukan probeta batera isuri zuten altuera jakin batetik., eta apar kopurua neurtu zuten hogeita hamar segundora, hiru minutura eta bost minutura.
Hogeita hamar segundoren buruan, Pantene Pro-V eta Dove xanpuek sortu zuten apar gehien (432 mililitro), atzetik Fructis zutela (431 ml). Elvive xanpuak izan zuen emaitzarik txarrena: 373 ml.
Beharrezkoa da apar asko sortzea, baina horrekin ez da aski: aparrak ahalik eta egonkorrena izan behar du, eta egonkortasun hori proba hasi eta hogeita hamar segundora eta bost minutura dagoen aparraren arteko aldea ikusita neurtzen da. Zortzi xanpuek gainditu zuten proba hau, baina Sunsilk eta Elvive-k “ongi” baino ez zuten lortu, eta gainerakoek, berriz, “oso ongi”.
Laburbilduz eta konparaletako taula
Laburbilduz
- Maiz erabiltzeko ile arrunterako 8 xanpu aztertu dira, 9 euro/litroko (Sunsilk) eta 11,33 euro/litroko (Elvive) prezioen artekoak. Xanpu horien egitekoa ileko eta buruko larruazaleko koipea, hautsa eta zelula hilak ezabatzea da.
- Laborategiko analisian, Hair Tech, Pantene Pro-V eta Dove xanpuek “oso ongi” emaitza lortu zuten; Sunsilk, Llongueras eta Fructis-ek ongi, eta Elvive eta Wella Balsam-ek “nahikoa” baino ez.
- Wella Balsam da pH zertxobait azidoa (okerragoa) duen bakarra. Elvive eta Fructis-en biskositatea gehiegizkoa da, eta horrek kantitate egokia hartzea zailtzen du. Pantene Pro-V eta Dove dira apar gehien sortzen dutenak, eta Elvive apar gutxien eta ezegonkorrena duena.
- Erabilera proban ez zen desberdintasun nabarmenik izan. Pantene Pro-V xanpuak jaso zuen baloraziorik hoberena (7,7 puntu 9tik), eta gainerakoak 7 punturen inguruan ibili dira, 6,4 puntu baino lortu ez dituen Hair Tech izan ezik.
- Kalitate-prezio erlazio onena Sunsilk-ek du, merkeena baita eta balorazio onak lortu baititu laborategian eta erabilera proban. Pantene Pro-V da beste aukera bat, garestiagoa, baina hobekien baloratua eta kalitate hoberenekoa.
Marka | Sunsilk | Pantene PRO-V | Dove | Hair Tech | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Prezioa (euro/litroko) | 8,99 | 11,00 | 9,90 | 9,76 | ||||
Produktuaren itxura | ||||||||
Likidoaren itxura | Opaku biskosoa | Opaku biskosoa | Opaku biskosoa | Opaku biskosoa | ||||
Kolorea | Nakar itxurako berdea | Nakar itxurako berdea | Zuria | Marfil | ||||
Usaina | Perfumatua | Perfumatua | Perfumatua | Perfumatua | ||||
Ezaugarri teknikoak | ||||||||
pH | 6,3 | 6,1 | 6,1 | 6,0 | ||||
Biskositatea 1 | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia | ||||
Estraktu lehor (%)2 | 17,8 | 21 | 20,9 | 17,6 | ||||
Materia organikoa (%) 3 | 16 | 20,4 | 19,9 | 17,2 | ||||
Anfoteroak + ez ionikoak (%)4 | 5,2 | 3,6 | 7,4 | 3,4 | ||||
Tentsoaktibo anionikoak (%) 5 | 10,8 | 16,8 | 12,5 | 13,8 | ||||
Kloruroak (%) 6 | 1,8 | 0,6 | 1,0 | 0,4 | ||||
Aparra ateratzeko ahalmena | ||||||||
Aparraren bolumena 30 s (ml) | 428 | 432 | 432 | 422 | ||||
Aparraren egonkortasuna | Ongi | Oso ongi | Oso ongi | Oso ongi | ||||
Kalitate teknikoaa | Ona | Oso ona | Oso ona | Oso ona | ||||
Erabilera proba (1etik 9rako eskala) | 7,0 | 7,7 | 7,1 | 6,4 |
Marka | Llongueras | Fructis | Wella balsam | Elvive | ||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Prezioa (euro/litroko) | 10,52 | 10,80 | 9,56 | 11,33 | ||||
Produktuaren itxura | ||||||||
Likidoaren itxura | Opaku biskosoa | Opaku biskosoa | Opaku biskosoa | Opaku biskosoa | ||||
Kolorea | Nakar itxurako zuria | Nakar itxurako zuria | Zuria | Nakar itxurako zuria | ||||
Usaina | Perfumatua | Perfumatua | Perfumatua | Perfumatua | ||||
Ezaugarri teknikoak | ||||||||
pH | 6,5 | 6,5 | 5,2 | 6,7 | ||||
Biskositatea 1 | Egokia | Oso altua | Egokia | Altua | ||||
Estraktu lehor (%)2 | 17,1 | 25 | 16,2 | 25,3 | ||||
Materia organikoa (%) 3 | 16,7 | 24,4 | 14 | 24,8 | ||||
Anfoteroak + ez ionikoak (%)4 | 7,5 | 10,9 | 3,9 | 10,7 | ||||
Tentsoaktibo anionikoak (%) 5 | 9,2 | 13,5 | 10,1 | 14,1 | ||||
Kloruroak (%) 6 | 0,4 | 0,6 | 2,2 | 0,5 | ||||
Aparra ateratzeko ahalmena | ||||||||
Aparraren bolumena 30 s (ml) | 426 | 431 | 400 | 373 | ||||
Aparraren egonkortasuna | Oso ongi | Oso ongi | Oso ongi | Ongi | ||||
Kalitate teknikoaa | Ona | Ona | Nahikoa | Nahikoa | ||||
Erabilera proba (1etik 9rako eskala) | 7,0 | 7,1 | 6.9 | 7.0 |
1Biskositatea: 2.500 – 13.000 arteko balioak egokitzat hartu dira, 2.500 eskasak eta 13.000 altuak.
2 Estraktu lehorra: ura kendu eta gero geratzen diren materia organiko eta mineralen kantitatea.
3 Materia organikoa: produktuaren substantzia aktiboak.
4 Tentsoaktibo anfoteroak eta ez ionikoak: eragile detergente leunak, aparraren emultsionatzaileak eta egonkortzaileak.
5 Tentsoaktibo anionikoak: eragile detergenteak.
6 Kloruroak: eragile lodigarriak biskositatea doitzeko.
Banan banan
Banaka-banaka, maiz erabiltzeko 8 xanpu
SUNSILK
- 8,99 euro/litroko
- Kalitate-prezio erlazio onena. Merkeena. Nakar itxurako kolore berdea. Kalitate tekniko ona. Materia organikoen ehunekoa (substantzia aktiboak) erdi mailakoa baino ez da. Apar ugari, baina egonkortasunari dagokionez “ongi” baino ez du lortu.
- Erabilera proba: 7 puntu 9tik. Erabiltzaileei asko gustatu zaie apar ugari duelako, baina zaila da iletik kentzea.
PANTENE PRO-V
- 11 euro/litroko
- Aukera ona. Bigarren garestiena. Nakar itxurako kolore zuria. Oso kalitate tekniko ona. Apar ugari eta oso egonkorra. Eragile detergente gehien duena.
- Erabilera proba:: 7,7 puntu 9tik: Onena parametro guztietan.
DOVE
- 9,90 euro/litroko
- Kolore zuria. Oso kalitate tekniko ona. Apar ugari eta oso egonkorra.
- Erabilera proba:: 7,1 puntu 9tik. Bigarren onena parametro guztietan.
HAIR TECH
- 9,76 euro/litroko
- Boli kolorekoa. Oso kalitate tekniko ona. Eragile detergente, emultsionatzaile eta egonkortzaileen ehuneko baxuena duena.
- Erabilera proba:: 6,4 puntu 9tik. Egokia, baina xanpu hau izan da puntuaziorik baxuenak jaso dituena parametro guztietan.
LLONGUERAS
- 10,52 euro/litroko
- Nakar itxurako kolore zuria. Kalitate tekniko ona. Eragile detergenteen ehuneko baxuena.
- Erabilera proba:: 7 puntu 9tik: Apar kopuruagatik nabarmentzen da.
FRUCTIS
- 10,80 euro/litroko
- Nakar itxurako kolore zuria. Kalitate tekniko ona. Besteek baino biskositate handiagoa du, eta horrek zaildu egiten du dosifikatzea. Eragile detergente emultsionatzaile eta egonkortzaile gehien duena.
- Erabilera proba:: 7,1 puntu 9tik. Erabili ondoren, ilean usainik txarrena uzten duena.
WELLA BALSAM
- 9,56 euro/litroko
- Bigarren merkeena. Kolore zuria. Kalitate tekniko egokia. Materia organikoaren ehuneko baxuena (substantzia aktiboak).
- Erabilera proba:: 6,9 puntu 9tik. Puntuaziorik kaskarrenak xanpuaren usainari eta orrazteko erraztasunari dagokionez.
ELVIVE
- 11,33 euro/litroko
- Garestiena. Nakar itxurako kolore zuria. Kalitate tekniko egokia. Biskositate handiko xanpua, eta horrek dosifikatzea zailtzen du. Aparra sortzeko ahalmen txikiena eta aparrik ezegonkorrena. Materia organikoaren ehunekorik handiena.
- Erabilera proba:: 7 puntu 9tik. Puntuaziorik baxuenak lortu ditu xanpuaren kolore, usain, testura, apar kantitate eta ilearen zainketari dagokionez.