Oraindik ere badira zalantzak, baina lasai gaude
Arazoa egon badago, zalantzarik gabe, eta garrantzitsua da: ordenadoreek eta datak bi digiturekin zenbatzen dituzten beste sistema askok, behar bezala egokituta ez badaude, 2000. urteko lehen eguna 1900ekoa dela “ulertu” eta horren arabera jokatuko dute. Besterik da, hala ere, 2000 efektuari konponbidea jartzeko hartutako neurriak nahikoa diren ala ez egiaztatzea.
Urte batetik besterako trantsizioa milaka teknikarik zainduko dute Espainiako estatuan eta sektore ezberdinetako eragin posibleei aurre egiten saiatuko dira; uste izatekoa da arazoek ez dutela garrantzirik izango. Enpresa elektriko, gas enpresa, aireportu, banketxe, banaketa, trenbide-sare… sektore estrategiko guztiek egunean jarrita daudela adierazten dute, baina zalantza hor dago oraindik, inork ezin baitu ziurtatu enpresa eta botere publiko guztiek (estatuko, erkidegoetako eta herrietakoek) bere sistemak egokitu dituztenik, eta hiritarren jokaera egun horietan ohikoa izango denik. Jar ditzagun, adibide gisa 1999ko abenduaren 31ko gau ia magiko horretan kutxazain automatikoetatik dirua ateratzea, “badaezpada” janariak pilatzea, energiaren kontsumoa edo edozein larrialdiren aurrean Babesgo Zibileko sistemetara jotzeko beharra. Industriak, badaezpadako neurri gisa, Gabonzaharretako kontsumo ohiturak ez aldatzea eskatu die herritarrei.
2000 efektuaren eraginei buruz eta egun kritiko horietako herritarren portaeraz kontsumitzaileak zer iritzi ote duen galdetu dio aldizkari honek bere buruari. Hori jakiteko, Estatu guztiko 839 pertsona helduri egin die inkesta, urriaren 26tik azaroaren 2ra bitartean. Inkestaren emaitzek argi erakusten dute beldur eta zalantza batzuk izan arren (kezka horiek zerikusi zuzena dute kontsumitzaileek jaso duten informazio eskasarekin), jendea lasai dagoela 2000 efektuaren aurrean eta ezer larririk ez gertatzea espero duela. Inkestatuen erdiak uste du gizartearengan eragina izango duela, baina %18k bakarrik uste du pertsonalki eragina jasango duela.
Beste datu esanguratsu bat: azaroan komunikabideetan entzuten hasi ziren aholku alarmistak gorabehera, 800 inkestatu baino gehiagotatik bakarrak adierazi zuen janariak pilatzen hasteko asmoa, merkatuen hornikuntzarik ezari aurre egiteko. Eta %3k baino ez du saihestuko urtea itxi eta 2000.a irekitzen duten bi egun horietan hegazkina hartzea. Beste bakarren batzuek egun horietan ez dutela igogailurik erabiliko eta banketxeetan ez dutela eragiketarik egingo adierazi dute. Eta oso gutxik (%1,5ak) egun horietan ez duela etxeko ordenadorea erabiliko edo urte bukatu arte ez dutela etxekotresna elektrikorik erosiko (%2,5). Baina erabiltzaileen artean ere ez da dena baikortasuna eta konfiantza.
CONSUMERen inkestak eman dituen beste zenbait datuk gogoeta eragiten du eta puntu ilunak edo zalantzazkoak erakusten ditu 2000 efektuaren ondorioen aurrean: bost lagunetik batek dio bere ordenadorea (etxekoa edo lanekoa) ez dagoela egokituta, berrogeitik batek uste du urtearen aldaketarekin batera hondamendiren bat etorriko dela (hondamendi naturala gehienen ustez); bere enpresa ez dela 2000 efektuaren aurrean egokitu dio zortzitik batek eta lautik batek ez dakiela aitortu du. Gainera, Administrazioak 2000 efektuari aurre egiteko behar adina neurri ez duela hartu uste dutenak (%17) edo gai horri buruz iritzirik ez dutenak (%30) batuta, estatuko biztanleria helduaren ia erdia litzateke. Eta hamarretik zazpiri inork ez dio esan bere etxeko igogailua 2000rako aldaketa arazorik gabe egiteko egokituta dagoen.
Aisialdiari dagokionez, badirudi urte aldaketak ez duela aldaketa nabarmenik eragingo jendearen portaeran: 20 lagunetik batek bakarrik espero du 2000. urtean zehar beste edozein urtetan egingo ez lukeen zerbait egitea. Eta, horietatik, askok ez zuten erabakita zer egin eta aipatzen zituzten ekintza bereziek ere ez zuten zerikus handirik milurtekoaren aldaketaren sinbolikotasunarekin. Bidaiak egitea eta ezkontzea dira aipatuenak. Ia %10ek lana bilatu edo aldatuko duela dio. Azterketako emaitzarik argienetakoa hauxe da: 30 urtetik beherakoak dira 2000. urtean gauza ezberdinen bat egiteko asmorik handiena dutenak, ia bikoiztu egiten baitute batez bestekoa. 1999-2000 Eguberriei begira zer espektatiba zuten ere galdetu zitzaien inkestatuei eta oso pertsona gutxik (%5ak baino ez) ospatu behar ditu bereziki aurtengo Gabonak. Kasu honetan ere gazteek erakutsi dute 2000. urtearen xarmaren aurrean lilurarik handiena. Eguberriak modu berezian ospatzeko asmoa dutenek, festa berezi batean parte hartzea aipatzen dute gehienek (%25), oporretara joatea (%20) eta zehaztu gabeko gauza ezberdinen bat beste batzuk (%9). Badirudi beste urte batzuetan baino jende gehiagok irtengo duela gauez.
Informatika-menpekoak
Mundu garatu honetako sare ekonomiko eta sozialek sistema informatikoekiko duten morrontza izugarriak bere onetik atera du berez konpontzen erraza den arazoa. Duela 30 urte baino gehiagotik gaur arte ordenadoreetan eta bestelako sistema askotan urteak kodifikatzeko azken bi zifrak bakarrik erabiltzeko joerak (memoria informatikoa aurreztea zen helburua, duela urte gutxi arte oso garestia baitzen), 2000. urtea iristean gorabehera eta anomalia ugari eragin ditzake herritarrok erabili ohi dugun zerbitzu askotan eta baita era guztietako kalte ekonomikoak ere. Eta hori guztia 1999tik 2000.era pasatzeko unean ordenadoreek eta datak bi digiturekin erabiltzen dituzten bestelako sistemek urte berria 00, hau da, 1900 dela uler dezaketelako, horrek ekarriko lukeen guztiarekin. Enpresek eta Administrazioak akatsak zuzentzeko egin dituzten inbertsio handiak gorabehera (mundu guztian bi bilioi pezetako kostua izango duela uste da eta Espainiako estatuan 100.000 milioikoa), ahalegina nahikoa izango ez den beldur dira batzuk. Estatuko Kontsumo Institutuak, besteak beste, dagoeneko adierazi du 2000 efektuaren eraginez akatsak dituzten produktuak dohainik konpontzea edxigitu ahal izango duela kontsumitzaileak, baldin eta 1996ko urtarrilaren bataz geroztik erosiak badira, egun horretarako arazoaren berri bazegoela eta ondorioak aurreikus zitezkeela uste baita. Gaur egun, Estatuko zein erkidegoetako Administrazioek eta enpresa handiek 2000 efektuaren aurrean egokituta daudela adierazten dute eta, seguruenik, ez dira baikorregi izango. Baina baliteke enpresa txikiek eta bizilagun gutxiko herrietako udalek -itxura batean 2000 efektuaren aurrean behar adina egokitzapen egin ez dutenek- arazoak izan ditzakete eta horrek biztanleria osoarengan izango lukeela eragina, katean. Izan ere, ez da arazo objetiboen kontua bakarrik; arazo horiek herritarren artean sortuko luketen erreakzioa edo iragarpenik txarrenak beteko balira sortuko litzatekeen alarma soziala edo psikosia ere kontuan izan behar dira.
Ordenadoreak, konpontzeko dagoen auzia
Inkestara itzulita, inkestatuek ez dute espero 2000 efektuak beren etxeetan eragin handirik izango duenik. Etxean alarma jarrita duten hamar pertsonatik zazpik 2000 efektuaren eraginik izan ez dezan prestaturik daukatela diote. Horien artetik %7k bakarrik adierazi zuen oraindik egokitu gabe dutela. Baina ordenadoreekin bestelakoa da egoera: etxean ordenadorea duten hamar lagunetik seik dio bereak ez duela arazorik izango 2000. urtean sartzean, baina erabiltzaile talde handi batek (%22ak) bere ordenadorea ez dagoela egokituta uste du eta beste kopuru handi batek (%15) ez daki. Atal honetan gizonezkoek informazio gehiago zutela erakutsi zuten emakumeek baino. Azterketa honetatik atera den ondorio kezkagarrietako bat, lehen aurreratu duguna: biztanleria gehienari (%70) inork ez dio esan etxeko igogailua 2000. urterako pausoa arazorik gabe emateko prestaturik dagoen ala ez. Eta jakinekoa da egokitu gabe dauden igogailu elektronikoek arazoak izan ditzaketela. CONSUMERek, 2000. urtearen zifra biribilari zenbaitek ematen dion esanahi sinbolikoaren aurrean, urte aldaketarekin batera hondamendiren bat gertatzeko beldur ote ziren galdetu zitzaien inkestatuei. Erantzunak, neurri batean, harrigarriak izan ziren: 40 lagunetik batek baietz erantzun zuen. Eta proportzioa handiagoa da nekazari guneetan eta emakumeen artean. Hondamena iragartzen duten pertsonen erdiaren ustez, hondamen naturalen bat gertatuko da.
Urte aldaketa berezi honek eragin ditzakeen arazo anitzei aurre egiteko behar adina neurri hartu dutela diote enpresek eta Administrazioak. Hala ere, gai horren inguruko iritziak argi uzten du herritarrak ez daudela erabat lasai: inkestaturiko langileen %12k uste du bere enpresa ez dela behar bezala egokitu 2000 efektuaren aurrean eta lautik batek dio ez duela bat ere informaziorik gai horren inguruan. Arazoari aurre egiteko enpresek hartu duten ekimenaren aurrean biztanleriaren zati handi batek zalantzak dituela egiaztatu da; eta bestalde, enpresek gai honen inguruan langileekiko erabili duten komunikazio-estrategia desegokia izan dela kasu askotan, edo gutxienez, asko hobe zitekeela.
Administrazio publikoetako hainbat arlok hartu dituzten neurrien inguruan herritarren duten iritziari dagokionez, egin dena nahikoa dela uste du gehiengoak (%53), baina hiritarren talde garrantzitsu batek (%17) ez du nahikotzat jotzen zerbitzuak eta sistemak 2000 efekturako egokitzeko egin den ahalegina.
2000. urteari ongi etorria nola emango diogun
- Urte bat gehiago izango da, besterik gabe: 20 lagunetik batek bakarrik du 2000. urtean bestela egingo ez lukeen zerbait egiteko asmoa. Eta gehienek ezkontzea eta bidaia egitea aipatzen dute.
- Gazteak, kezkatuago, edo informatuago? 30 urtetik beherakoen heren batek uste du bere ordenadoreak jasango duela 2000 efektuaren eragina; biztanleria orokorra hartuta, sei lagunetik batek bakarrik du iritzi hori.
- Gabon gaua eta Urtezahar gaua, aurrekoen antzekoak baina giro gehixeagorekin: 20 lagunetik batek bakarrik du Gabon hauek bereziki ospatzeko asmoa. Eta inkestatuen artetik, 12tik batek bakarrik adierazi du Gabon Zahar gaua beste urtetan ez bezala ospatuko duela, gehienek etxetik irten edo festa bereziren batean parte hartuz.
- Urteberri eguna, bidaian. Gabonzahar gaua modu berezian ospatzeko asmoa duten hamar lagunetik batek dio urte berriak etxetik urruti harrapatuko duela, turismoko bidaian.
- Banaka batzuen iritziz, hondamenak iritsiko dira: 40 inkestatutik batek dio 2000. urteak hondamenen bat ekarriko duela, naturak eragindakoa gehienen ustetan.
- Festarako gogoa dago: hirutik batek uste du erakunde publikoek diru gehiago eskaini behar luketela 2000. urtearen etorrera behar bezala ospatzeko.
- 2000. urtean zehar ez gara asko aldatuko: inkestatuen %15ak bakarrik egin du aldaketarako promesa edo erronka pertsonal handiren bat 2000. urterako. Asmorik errepikatuenak: osasuna zaindu eta lanpostu bat lortzea.
- 2000 efektuak ez gaitu izutzen, lasai gaude: ia inork ez du (inkestatuen %0,1ek bakarrik) urtarrilaren bata aurretik “badaezpada” janariak pilatzeko asmorik, eta %5a baino gutxiagok saihestuko du urte hasieraren aurreko eta ondorengo orduetan hegazkinean bidaia egin, igogailua hartu, elektratresnak erosi edo bankuko eragiketak egitea.
Hamar aholku baliagarri 2000 efektuaren aurrean
- Batez ere, lasaitasuna. Seguruekin herritarrentzat pasadizo bitxi hutsak izango dira 2000 efektuaren eraginak (enpresentzat ez horrenbeste). Nolanahi ere, 2000.aren efektuak 12 ordu lehenago antzemango dira Zelanda Berrian. Eta izango dugu hango berri, mundua ez baita alferrik “aldea globala”.
- Ezustekoren bat gertatzen bada, joka dezagun zuhur eta zentzuz. Telefono lineak ez kolapsatzen saiatu behar dugu. Larrialdiko zerbitzuek eragina izango lukete.
- Produktu edo eletratresnaren batek 2000 efektuaren aurrean nola erantzungo ote duen zalantza baduzu, galdetu saltzaileari edo fabrikatzaileari. Kasu guztietan, gorde itzazu tresnen garantiak. Estatuko Kontsumo
- Institutuaren esanetan, erabiltzaileek eskubidea izango dute 1996aren ondoren egin eta 2000 efektuaren eragina jasaten duten tresnen kasuan kalteordaina jasotzeko.
- Egaizta ezazu, hartarako diseinatuta dauden programak erabiliz, zure ordenadorea 2000. urterako egokituta dagoen eta, badaezpada, urte berria baino lehen egin programa eta fitxategien babes kopia.
- Gorde itzazu urte amaieran eta hasieran erabiltzen dituzun ordainagiri eta deskontu guztien (aseguru-poliza, txartel bidezko ordainketa, maileguen ordainagiri eta abarren) frogagiriak.
- Fakturazioko akatsik gertatuta ere, badaezpada gorde itzazu gas, argi eta telefonoaren ordainagiri guztiak eta arretaz begiratu 2000. urteko lehen fakturak.
- Galdetu zure enpresan zer neurri hartu den eta zure lanean zer gorabehera izan daitekeen.
- Etxean alarma baduzu, galdetu instalatzaileari 2000 efekturako prestatuta dagoen. Eta har ditzala behar diren neurriak arrazoirik gabe piztu edo bestelako gorabeherarik izan ez dezan.
- Galde ezazu eraikineko elementu komunak prestatuta dauden: igogailua, bideo-atezainak, berokuntza-galdarak, garajeetako ate automatikoak eta alarmak. Egiaztatu (administratzailearen edo mantenimenduko enpresen bitartez) arazorik ez dela izango.
- Gozatu Eguberria eta Urtezaharra. Espero dezagun arazorik ez izatea. Eta zorte on 2000. urterako. Eta hurrengoetarako.
Fitxa teknikoa
Telefono bidezko 839 inkesta egin ziren, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Gaztela- Leon, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Valentziako Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Madrilgo Erkidegoa, Murtzia eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan bizi diren 18 urtetik gorako bizilagunn artean. Inkestak banatzeko, autonomia erkidegoa, habitata, sexua eta adina izan ziren kontuan eta urriaren 26tik azaroaren 2ra bitartean egin ziren. Konfiantza maila %95,5ekoa da eta errore margina + %3,5.
Gutxi dira, baina batzuek ez dute konfiantzarik
- 1.500.000 pertsonak ez du banku-eragiketarik egingo egun horietan.
- 1.200.000 pertsonak ez du igogailurik erabiliko.
- 900.000 pertsonak ez du hegazkinik hartuko.
- 700.000 pertsonak ez du elektratresnarik erosiko urtea amaitu arte.
- 400.000 pertsonak ez du PCa erabiliko.