Eta orain, jaten ikasi behar?
Mahai oparo baten aurrean ahaztu egin ohi dugu neurria eta dieta orekatu batek gure gorputzari ekartzen dizkion onurak pikutara bidali ohi ditugu gehiegikerian erortzean. Aurki iritsiko dira Gabonak, jate kontuetan gehiegikeriaren eredu bihurtu diren jaiak eta itxura guztien arabera, 2000. urtearen atariko eguberrietan ere errepikatu egingo da urteroko historia, agian aurten sekula baino gehiago. Askori akordatuko zaio orduan mahaian egindako gehiegikerien ondorengo sabeleko mina, ajea eta ondoeza. Sabeleko mina oso ohiko gaia izaten da familiako medikuen eta espezialisten kontsultetan. Zenbaitek, ultzera edo gastritisa izatera iritsi gabe ere, sarri izaten ditu arazo gastrikoak, digestio astunak… azken batean, gehiegikerien aurrean zuhur jokatzea eskatzen duten gorabehera funtzionalak.
Jateak denbora eskatzen du
Jaiegun hauetan geure buruari oparitzen dizkiogun jatordu oparoek eragindako noizean behingo arazo horiez gain, gure gastronomi kulturaren ondoriozkoak ere izaten ditugu.
Mendebaldean, gero eta gehiago dira egunero presaka (batzuetan zutik) jaten dutenak, jan beharrean irentsi egiten dutenak, gantz eta proteinatan aberats bezain zuntzetan pobre diren jaki azkarrak ahoratzen dituztenak… eta urdailean janariarekin nahastuko den burbuiladun edari freskagarri edo likido larrekin batera sarritan. Zenbaitetan, gainera, gozokiak ere hartzen ditugu eta horrek ordu batzuz atzeratzen du urdaila hustutzea eta betetasuna eta ondoeza sentiarazten digu.
Mahaian presarik gabe jarri behar da, lasai eta jakiak ondo mastekatzeko gertu, mastekatzea funtsezkoa baita digestio ona egingo bada. Ahoan osatzen den elikadura-boloa urdailera joaten da eta han azido eta hartzigarriek beren lana egiten dute, duodenora iritsi aurretik jakiak eraldatzen, han jarraituko baita liseriketa.
Aerofagia eta jana
Sarritan jateko ohitura txarrek aerofagia eragin ohi dute, aire larregi irenstea. Irenstaldi bakoitzean aire apur bat sartzeak ez du arazorik sortzen; baina aire kopuruak muga normala gainditzen duenean, distentsioa sor liteke, korrokadak, haizeak, hesteen distentsioaren eraginez sabeleko mina izatea, itolarria eta eztarrian zerbait trabatu den sentsazioa. Aerofagia izateko arrisku handiagoa izaten da sufleak, merengeak eta edari karboniko eta burbuiladunak hartuz gero; eta nola ez, presaka, larregi eta digestio zaileko elikagai karbohidratotan aberatsak eta oso onduak janez gero; jatorduetan larregi edanez gero; eta, baita urduri eta antsietatez gaudenean ere.
Meteorismoa ere sarritan gertatzen da; hesteetan airea pilatzearen ondorioz sortzen da, gehienetan heste lodian edo kolonean. Horrek ondoeza, oinazea eta heste-mina eragiten ditu, erretentzioa eta distentsioa gertatu diren gunearen arabera ezkerreko edo eskuineko aldean (meteorismoa heste guztietan zehar gertatzen denean haize-mina esaten zaio). Ondoezaz gain, meteorismoaren beste ezaugarri bat ondestetik haize larregi botatzea da, eta pertsona askorentzat kezka eta kontsultarako arrazoi izan ohi da.
Hamar pertsona heldutik bik, dispepsia funtzionala
Dispepsia funtzionalaren jatorria zein den zehatz-mehatz ez dakigun arren, argi dago horretan eragin nabarmena dutela jateko ohitura desegokiek. Gaixotasun honen ezaugarria sabel aldeko min errepikakorra edo epigrastrioan (zilborraren gainean) kokatutako minsorra izaten da, gehiago edo gutxiago irauten duena.
Mendebalde honetan bizilagun helduen %20ak izaten du dispepsia funtzionala, berdin gizonezko zein emakumezkoek, baina batez ere 40 urtetik gorakoei eragiten die eta hainbat sintoma izan ohi du: jatorduen ondoren ondoeza (korrok eginda lasaitu egiten da), jan ondorengo betetasuna, goragalea eta okadak, egunean behin baino gehiagotan haize-mina eta haizeak botatzea. Beste batzuetan ultzeraren antzeko sintomak, bihotzerrea eta bularrezurretik atzerako garraztasuna ere eragiten ditu eta baita gose minbera ere (jatean gutxitu egiten da mina, baina berriro agertu ohi da).
Sabeleko minez medikuarenera joaten garenean, tratamenduren batekin irtengo gara gehienetan kontsultatik, haizeak sortzea ekiditeko, bihotzerrearen kontra edo, besterik gabe, digestioa hobetzeko. Baina botika bat eraginkorra izango bada, osasungarri ez diren ohiturak aldatu beharra dago.
- Ihes egin presari. Ez da erraza gaur egungo mundu aztoratu honetan, baina jateko behar adina denbora hartzea komeni da eta beti eserita jatea.
- Mastekatu ondo, astiro eta jakiak ondo xehetuz.
- Ez gehiegi jan. Eta ospakizunen bat baduzu, egin aukerarik argiena: kalitate handiko elikagaiak jan, baina neurriz.
- Ahal dela ez jaki asko nahastu eta, batez ere, saiatu gerrikoa askatzera behartzen zaituen sabeleko distentsio puntu horretara iristeko adina ez jaten.
- Ez edan asko jatorduetan: urdailean putzua egingo zaizu, urin gastrikoak diluitu egingo dira eta indar gutxiago izango dute elikagaiei eraso egiteko.
- Alkoholdun edariak neurriz edan, bereziki gero bidaian joan behar baduzu.
- Ez edan, edo gutxitu, janariarekin batera edari karbonikorik. Urdaila lasaitzen lagundu, betetasuna sentiarazi eta alkoholdun edariekin hartuz gero, areagotu egiten dute alkoholaren eragina.
- Zuntz gutxiko jakiak jan arren, hartu beti barazki berde gordin bat (letxua, eskarola…) liseriketa errazteko. Zuntz eduki handiko frutak ere, ananak esaterako, erraztu egiten du liseriketa.
- Jakiak ez larregi ondu, eta ez erabili espezie min gehiegi. Horiek neurriz baliatu eta ez ahaztu zenbait belar, albaraka adibidez, lagungarri dela digestiorako.
- Jan eta ordu batzuetara oraindik minez bazaude, kamamila, menda edo anisez egindako infusioak mesede egingo dizu.
- Aholku hauek beti jarraitu eta ez Eguberrietan eta ospakizun handietan bakarrik. Liseri-aparatuak, osasunak eta humoreak antz emango dio.