Kalitate oneko soinua, prezio onean
Horietako zazpiren arteko prezioen aldea bost mila pezeta besterik ez da: 49.900 pezetatik (Pioneer, JVC, Philips eta Sanyo) 54.900 pezetaraino (Aiwa) doaz; baina modelorik merkeena (Samsumg) 37.900 pezeta baizik ez da kostatzen. Lehenbiziko ondorioa: tamainaz txikiak eta prezioz merke samarrak badira ere, prestazio egokiak eskaintzen dituzte denek. Beste aldetik, aparailuen egintza, segurtasun elektriko eta berotzeaz eginiko probek argi eta garbi erakutsi dute minikatea horiek oso ondo eginda daudela eta araua betetzen dutela.
CDren erreproduzitzailearen soinu-kalitaterik hoberena Panasonic eta Aiwa laginek eman zuten. Pletinako soinuan, berriz, Panasonic eta Sony nabarmendu ziren eta pletinako grabaketa-kalitatean onenak Panasonic, Pionner eta Sony izan ziren. Emaitzak, oro har, asebetetzeko modukoak izan ziren. Samsung lagineko soinuak bakarrik eraman zuen “onargarri” kalifikazioa.
Teknikarien iritziz, azterturiko parametro guztiak osotasunez baloratzen baldin badira, Panasonic, Pioneer eta Sony dira kalitate handieneko minikateak.
Berme-agirian (akatsak dituzte Philips, Sanyo, Panasonic eta Sony markako aparailuek) eta enbalajeko informazioan (okerra, Aiwa eta Sony laginetan) atzeman dira irregulartasun bakarrak.
Anplifikadorea: funtsezkoa
Anplifikadorea da sistemako elementu behinena, soinuaren kalitate onaren berme-emaile nagusia bera baita. Minikatea hauetan, anplifikadoreek ematen duten gehieneko potentzia -musika-watt izenekoak, alegia-Sony markako 2×36 wattetik Pioneer lagineko 2×168 wattera doa. Aiwa markako modeloak, atal honetan osatuena izaki, hainbat irteera dauzka bere bost bozgarailuentzako (2×50 eta 3×45). Beste alde batetik, 3DAI teknologiaz, bere bost bozgorailuei eta Dolby Prologic sistemari esker, soinuaren potentzia erregulatzeko eta, bidenabar, erabiltzaile batzuek horren gustukoa duten hiru dimentsiotako sentsazio biltzailea sortzeko, kanal bakoitzeko frekuentzien gama ugaldu egiten duen bakarra da. Gainontzeko aparatuek, bi bozgorailu bakarrik badituzte ere, badago efektu hori lortzerik, funtsez, soinu baxuen indartzean (S.A. Bass, Woofer…) edo soinu baxuen indartze horren osatzean (Surround, Zoom Surround…) oinarriturik, aurretiaz zehazturiko sistemez baliatzen baitira. Soinu baxuen indartze horiek intentsitate handiagoa izan dezaten, subwoofer (bozgorailu berezia, soinu baxuak biderkatzeko) baten bitartez osa daitezke, baina elementu hori bakarrik konekta daiteke Aiwa, JVC, Philips eta Sanyo laginetan.
Zortzi modeloetako anplifikadoreek, hainbat ekualizazio predefinitu edo automatikoren bitartez soinua ñabardurez aberasten duten ekualizadoreak dituzte (hiru ebakeratik hasita -Samsung eta Aiwa- hamalau ebakera arte -Pioneer-), baina sistema hori eskuzko ekualizadore batekin JVC, Pioneer, Aiwa eta Panasonic laginek bakarrik osatzen dute. Soinu altu eta baxuen aldaketen maila egiaztatzea helburu duela, ekipo guztiek dute espektruen aztertzailea edo barra-grafikoa; horiez gainera, Philips eta Sanyo markakoek ekualizadore grafikoa ere agertzen dute.
Anplifikadore horien beste alderdi batzuk: pantaila autoargiztatua, piztu eta itzaltzeko tenporizadorea (on/off) eta sleep funtzioa, hau da, aparatuak bere burua itzaltzekoa. Ekipoa automatikoki itzaltzeko denbora jakinik xedatua ez duen minikatea bakarra Samsung da; gainerakoek, mailakatuz doan denbora-epea adierazten dute (ordubetetik bi ordura bitartean); Aiwa laginean, azkenik, epe hori finkoa da: ordubetea.
Kalitatedun bozgoragailurik ezean, soinu onik ere ez
Aparatuaren irteerako potentziari erantzuteko gauza izan behar dute bozgorailuek, noski, potentzia hori txikiagoa balitz, hondatzeko arriskua izango luketelako. Modelo guztiek betetzen dute baldintza hori, anplifikadorea baino potentzia handiago edo berdineko bozgorailuak eramaten dituztelako.
Minikatea gehienek hiru bideko bi bozgorailu dauzkate. Salbuespenak dira Aiwa (bide bakar eta bide biko bost gorailu dituena), Sony (bi bideko bi bozgorailu dituena) eta Samsung (honen bozgorailuak bide bakarrekoak dira). Aiwa eta Panasonic laginek, proba akustikoetan egiaztatu ahal izan zenez, soinu-kalitaterik hoberena eskaini zuten (on-ona) eta gainerako aparatuek, berriz, kalifikazio ona jaso zuten; Samsung izan zen denetan nota apalena eraman zuena baina, hala eta guztiz, bere soinua onargarria zen.
Geroz eta txikiagoak
Laser teknologian oinarrituriko CD edo disko trinkoa agertzeak, ekipo hauen tamaina txikitzea ekarri zuen, binilozko long play (LP) zaharraren plater birakaria ordezkatzearen ondorioz. Disko trinkoaren erreprodukzio-kalitate ona ematen dute minikateek (Samsumg laginak, onargarri baino ez). Bai erreproduzitzailean, bai honen euskailuan, sar daitezkeen disko-kopuruan ere bada alderik, batetik bestera. Pioneer, Samsung, Aiwa eta Philips laginek, hiru diskoko plater birakariaren alde egin dute; Panasonic markakoak, bost diskoko erretiluaren alde; JVC eta Sanyo ekipoek, hiru estaiko erretilua daukate; eta Sony minikateak CD bakar bat sartzeko aukera baino ez du eskaintzen. Denek erreproduzitzen dituzte 12 zentimetroko disko trinkoak (konbentzionalak) eta 8 zentimetrokoak (minidiskoak). Badute, gainera, beste ezaugarri bat: erabiltzaileak CDan dagoen musika kaset batean grabatu nahi badu, modelo guztiek egingo dute CDren erreproduzitzailearen eta pletinaren artean sinkronizaturiko grabaketa. Hona beste eginkizun batzuk: doinuen erreprodukzio aleatorioa, ordenua programatu ahal izatea (18 doinu bakarrik Samsung laginak eta 40raino, Philips markakoak) eta gai bat edo gehiago errepikatzea. JVC, Pioneer, Aiwa, Panasonic eta Sony laginek, esandakoez gainera, erreproduzitu beharreko diskoari buruzko informazioaren azterketa.
Irratia (areago, telebista) entzuteko
Minikatea hauek Frekuentzia Modulatuko (FM), Uhin Ertaineko (AM) eta Uhin Luzeko (LW) emisorak harrapatzen dituzte; Pioneer eta Panasonic dira salbuespenak, FM eta AM besterik ez baitute jasotzen. Philips, Sony, JVC eta Pioneer laginek oso ondo hartzen dituzte AM eta FMko emisorak; Aiwa eta Panasonic marketako aparatuek nota “oso ona” jaso zuten AMko emisorak hartzean eta “ona” FMan; Sanyo laginaren hartze-maila oso ona izan zen FMan eta ona AMan; azkenik, Samsung aparatuak emaitza ona erdietsi zuen bi frekuentzietan. Emisorak dialean automatikoki harrapatzeko, sintonizatzailearen memorian graba daitezkeen irratien kopurua aldatu egiten da aparatu batetik bestera, baina denetan ere nahikoa zabala da. Philips nabarmentzen da atal honetan: 90 memoria-aukera biltzeko gaitasuna du FMan, 40 aukera AMan eta beste horrenbeste LWan; beste muturrean Samsung dugu: FMan 15 emisora, 8 AMan eta LW 7 sintonizazio-aukera metatzea dauka. Minikatea hauetako anplifikadoreetan sarrera eta irteerak daude hainbat elementu lotzeko: entzungailuak, mikrofonoak (Philips eta Sanyo laginek bakarrik), soinu baxuak indartzeko bozgorailua (JVC, Aiwa, Philips eta Sanyo markakoek), bideoa, telebista eta, areago, baita beste Hi-Fi ekipo batzuk ere. Minikatearen batzuek (JVC, Pioneer, Samsung, Aiwa eta Philips) sistema informatiko batera konektatzeko irteera digitala dute. Prestazio osagarri hauek, beste ezaugarri batzuekin gertatzen den bezala, interesgarri jo ditzakete erabiltzaile zenbaitek; horien araberako balorazioa egin beharko du, aparatua aukeratzeko unean.
Pletinak: hobe biak alderanzgarriak badira
Zortzi modeloek daukate bi kaset-pletina: bata erreproduzitzeko, bestea erreproduzitu eta grabatzeko. JVC, Panasonic eta Sony markakoetan bi pletinak dira autoalderanzgarriak; Pioneer, Philips eta Sanyo laginek, aldiz, bakarra dute alderanzgarria. Samsung eta Aiwa modeloek ez dute horrelakorik. Aztertzaileek oso interesgarritzat jo dute Sony eta Panasonic aparatuek hotsak murrizteko duten sistema (Dolby B NR) eta JVC, Pioneer eta Panasonic laginek ezarrita daukaten zuriguneak bilatzeko AMS elementua (doinuak bilatzen laguntzen baitu). Kaseten erreprodukzioak agertzen duen soinuaren kalitatea da, ordea, garrantzi handiena duena. Panasonic eta Sony gertatu ziren egokienak atal honetan eta, soinuak erreproduzitzeari dagokionez, kalitate apaleneko pletinak Samsung markakoak izan ziren. Grabazioaren kalitate onean Pionner, Panasonic eta Sony nabarmendu ziren. Grabazioan Samsumg lagineko pletinak kalitate “onargarria” baino ez zuen agertu.
Aparatu askotxok eskaintzen dituzte, esandakoez gainera, beste funtzio batzuk ere: kaseten erreprodukzioaren kontrol elektronikoa, grabazioaren bolumenaren erregulatzaile automatikoa, buruen egokitzapena, bira-kopuruaren bitartezko zinta-kontagailua, kromo edo metalezko kaseten erreprodukzioa era automatikoan hautatzea, etab.
Stand by: energia gutxiago gastatzeko
Philips laginak izan ezik, azterturiko ekipo guztiek dute stand by funtzioa: honi esker, ekipoa sarean loturik eta urrutiko agintearen bidez eragiteko prest geratzen da. Aparatua pizturik dagoenean, kontsumo apalena Philips (36 watt orduko) eta Pioneer (46 watt orduko) dute; kontsumo handiena, aldiz, Samsung eta JVC ekipoek (90 watt orduko). Aparatua itzalitakoan kontsumo txikiena egiten duen laginak Pioneer, Aiwa eta Panasonic dira: watt bakarra orduko; JVC markakoak, aitzitik, 14 watt kotsumitzen ditu denbora berean.
Espazio txikientzat egokiak
Hi-Fi minikatea hauek txikiak dira baina, halaz ere, bada alderik batetik bestera: 24-27 zentimetroko zabalera, 21-33 zentimetroko altuera eta 24-34 zentimetro sakonera dute, tarteak tarte. Lagin denek independente dauzkaten bozgorailuen neurriak, berriz, 16-24 zentimetroko zabalera, 26-33 zentimetroko altuera eta 22-30 zentimetroko sakonera dira. Sony markako aparatua eta bozgorailuak dira denetan txikien eta arinenak eta Sanyo markakoak handienak.
Sony laginaren altzariaren txikia izan daiteke, seguruenik, aparatua arinki berotzea (arauak onetsitako mugen barruan, dena den) erraztu zuen arrazoietako bat, ekipoen segurtasun elektriko, berotze eta egintzaren egokia egiaztatzeko egin ziren probetan. Gainontzeko kasuetako emaitza guztiak onak izan ziren. Ohartarazpen bat egin dezagun, bidenabar: aparatua pizturik dagoenean ez da komeni sareskak itxi edo tapatzea; arreta areagotu egin behar da ekipoa altzari baten barnean baldin badago.
Minikatea hauek 12 hilabeteko bermea ematen dute, Aiwa markakoak sei bakarrik eskaintzen duen arren.
Philips lagineko berme-agiriak legeria urratu egiten du, modeloa, fabrikatzailea eta berme horren titularra (erabiltzailea, alegia) agertzeko tokirik ez baitu utzi. Panasonic, Sony eta Sanyo markakoetan, berriz, bermea zein modelori dagokion ez da argitzen.
Beste irregulartasun bat ere hauteman zen: Aiwa eta Sony markakoetan, enbalajean adierazitako modeloa ez dator bat ezaugarrien plakan jartzen duenarekin. Beraz, Kontsumitzailearen Defentsari buruzko Legea urratu egiten dute horiek. Beste aldetik, plaka guztiek araua betetzen badute ere, ekipoen garbiketa-probetan egiaztatu zenez, Philips lagineko plakan inprimitutako karakter eta ikurrak ezabatu egiten ziren, garbikariekin igurztean. Azkenik, Pioneer, JVC eta Philips laginetako ikur batzuk ez dira behar bezain ulergarriak.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Zortzi Hi-Fi minikatea aztertu dira; denek daukate sintonizatzailea, bi pletina, anplifikadorea eta CDren erreproduzitzailea. Prezioak 37.900 pezetatik (Samsung MAX-929) 54.900 pezetaraino (Aiwa CX-NAV240EZ) doaz.
- Tamainaz txiki eta prezioz aski merkeak badira ere, prestazio egokiak eskaintzen dituzte denek. Aiwa laginak bakarrik eskaintzen du soinu biltzailea, Dolby Prologic sistemari eta bere potentzia hainbat kanaletatik banatzeari esker.
- Ekipoen segurtasun elektriko, berotze eta egintzaren egokia egiaztatzeko probetan, aparatu guztiek agertu zituzten arauaren araberako emaitzak. Ekipoek hamabi hilabeteko bermea ematen dute, Aiwa markakoak (sei hilabete bakarrik) izan ezik.
- CD eta irratiko soinu-kalitaterik hoberena Panasonic eta Aiwa laginek agertu zuten. Pletinako soinuan Panasonic eta Sony nabarmendu ziren eta pletinako grabaketaren kalitatean, berriz, Panasonic, Pionner eta Sony.
- Osotasunezko “oso ona” nota erdietsi zuten marka bakarrak Panasonic, Pionner eta Sony dira. Prezioak oso antzekoak direnez (50.000 pezeta inguruan dabiltza denak) eta lagin bakoitzak besteek baino prestazio jakin batzuk egokiago ematen dituenez, kontsumitzailearen esku dago kalitate-prezio erlaziorik hoberenaren araberako aukera egitea.
- Emaitza urrienak, onargarri baldin badira ere, Samsung markakoak zituen (bera da denetan ekipo merkeena: 37.900 pezeta baino ez).
- Eskakizun handiegirik ez duen erabiltzailearentzat interesgarria izan da marka hau.
Bannan-bannan
Minikateak, banan-banan
Panasonic
- 51.900 pezeta. Soinu-potentzia handia (2×100 w). Soinuaren kalitatea oso ona CD, irrati eta pletinan, eta kaseten grabazioan.
- Lagin honek ditu soinurik hoberena ematen duten bozgorailuak. Ekualizadore grafiko automatiko eta pertsonalizagarria.
- Pletina bikoitz autoalderanzgarria, hotsen murrizketa eta guzti. Bost CD sartzeko edukiera.
- Osoko kalifikazioa: oso ona.
Pioneer.
- 49.900 pezeta. Soinuaren potentzia handiena (2×168 w), garbi-garbia goi-bolumenean. Ekualizadore grafiko automatiko eta pertsonalizagarria.
- Emisoren hartze on-ona AM eta FMan. Grabazioaren kalitatea, oso ona.
- Pletina autoalderanzgarri bakarra. Ederki osatua, oro har.
- Osoko kalifikazioa: oso ona.
Sony.
- 51.900 pezeta. Denetan txikiena. Pletina bikoitz autoalderanzgarria, hotsen murrizketa eta guzti.
- Goi-bolumenean, soinuaren distortsio arina. Potentzia txikia (2×36 w). AM eta FMko emisoren hartzea, on-ona.
- Erretiluan CD bakarra kargatzen du. Pletina, oso ona. Erabiltzean, gainontzeko modeloak baino gehiago berotzen da.
- Osoko kalifikazioa: oso ona.
JVC.
- 49.900 pezeta. Ekualizadore grafiko automatiko eta pertsonalizagarria. Pletina bikoitz autoalderanzgarria.
- Soinu eta grabaketaren kalitatea, ona. AM eta FM emisoren hartzea, oso ona. Funtzio gehien dituen irratia.
- Urrutiko aginte on-ona. Ederki osaturiko ekipoa, oro har.
- Osoko kalifikazioa: ona.
Aiwa.
- 54.900 pezeta, garestiena, bere anplifikadore eta Dolby Prologic sistemarengatik, agian; hauek eta ekipoak dituen bost bozgorailuek, kalitate handiko soinu biltzailea ematen dute.
- Potentzia handia (2×50 w + 3×45 w). Sarrera- eta irteera-aukera ugari, anplifikadoreari lotuak.
- Pletinak ez dira autoalderanzgarriak. Osoko kalifikazioa: ona.
Philips.
- 49.900 pezeta. Soinuaren potentzia, handia (2×100 w). AM eta FMko emisoren hartzea, on-ona.
- Bi pletinetako bat da autoalderanzgarria; pletina erreproduzitzaileak ez du errebobinatzen. Zinta automatikoki gelditzeko mekanismorik ez du eta minikatea hau ezin piz daiteke urrutiko agintearekin.
- Osoko kalifikazioa: ona.
Sanyo.
- 49.900 pezeta. Soinuaren potentzia handia (2×100 w). FMko emisoren hartzea, on-ona. Soinuaren kalitatea, ona.
- Erabilera errazekoa. Tamainarik handieneko minikatea. Bi pletinetako bakarra da alderanzgarria.
- Osoko kalifikazioa: ona.
Samsung.
- 37.900 pezeta, merkeena. Potentzia txikia (2×40 w). Prestaziorik gehientsuenetan, onargarria baino ez.
- Ez du pletina autoalderanzgarririk eta bere bozgorailuak bide bakarrekoak dira.
- Osoko kalifikazioa: onargarria.