Gabonetan, ustekabekorik ez

Elikagaiengatiko toxiinfekzioak, baita Eguberritan ere

Eguberrietan mahai oparo baten inguruan senitartekoak biltzea oso ohitura sustraitua da gure artean
1 abendua de 1999
Img informe listado 114

Elikagaiengatiko toxiinfekzioak, baita Eguberritan ere

Jan-edanak berebiziko protagonismoa hartzen du, ohikoa baino kalitatez eta aurkezpenez hobe eta ederragoa den hori guztia dastatzea elementu nagusia izaki. Salbuespena ohi dena, egun batzuetan bederen, arau bihurtzen da eta plazer ematen duena osasuntsuaren aurretik lehenesten dugu. Gauzak horrela izaki, egunero elikagaiak irenstea bezain kontu arrunta Gabonetan jende askori -are osasuntsu daudenei- arazo larri bilakatzea ez da harrigarria. Horren arrazoia soila da: Gabon Gauetik Erregeenak arte janari-edari apartekoak hartzea osasunarentzat bereziki arriskutsua ikusten dugun arren, urte osoan ere arrisku beraren aurrean gaude, funtsez, baina gehiegizko kopuru eta modu hauek elikagaiengatiko toxiinfekzioaren sorburu izan daitezke.

Elikagaiak behar ez bezala maneatu eta kontserbatzea da, zalantza-izpirik gabe, arazo-iturri arruntena. Intoxikazioak maizen sortarazten dituzten germenak bakterioak dira, elikagaien baitan dauden germenen ingestioaren bitartez dihardutenak. Mikroorganismo hauek, oro har, elikagaien ohiko itxura aldarazten ez dutenez, sentimenen bitartez (itxura, dastamena, usaimena, kolorea, e.a.) bakarrik ezinezko dugu produktua kontaminaturik dagoen ala ez benetan bereiztea. Beste elementu astungarri bat: hasiera batean elikagaiak germen askorik ez badu ere, mikroorganismo hauek izugarri ugaltzen dira berehala (bakterio bakar bat, zazpi orduan, bi milioi bider ugaltzeko gauza da), horretarako baldintza aproposak baldin baditu.

Gabonetan, ordea, kontsumitzaileak toxiinfekziotzat jotzen dituen arazo gastrointestinal ugari gertatzen dira, hau da, elikagai-kopuru handiak edo urdailarentzat atseginegi ez direnak irenstearen ondoriozko indigestioak izaten dira benetan. Hitz gutxitan, atsekaberik ez izateko higiene alorreko neurriak zorrotz betetzea ez da aski. Jan-edatean neurritsu, gartsu izatea ezinbestekoa da Eguberri osasuntsuak pasatzeko.

Itsaskia, gordinik ez

Itsaskiak, moluskuak izan -ostrak, txirlak, muskuiluak- edo krustazeoak izan -otarrainak, zigalak, langostinoak, lanpernak-, osasun-egoera kaskarrean dauden uretan erraz kutsatu daitezke eta, horrela, baliteke kontsumitzeagan gorabehera gastrointestinal larriak eragitea, gordinik jaten baditu, batez ere. Osasunaren zaintzarako sistemak (bai Estatu espainolekoa, bai EBko gainontzeko herrialdeetakoak) moluskuetan birusik ba ote dagoen kontrolatzerik ez du; baina birus horiexek dira (eta ez bakarrik bakterioak: salmonella, adibidez) moluskuen kontsumoari dagozkion intoxikazio gehientsuenen eragileak.

Almeja- edo ostra-mordo bat, arauak xedaturiko irizpideen arabera, zorrozki araztu baldin badute ere, baliteke kontsumitzaileari gastroenteritisa sor diezaiokeen birusik edukitzea. Legeriak onartua baitu moluskuen arazketa-probek ez dutela bermatzen produktuan birusik izango ez denik. Moluskuak irenstearren intoxikaziorik ez nozitzeko kontsumitzaileak eskura daukan neurri bakarra, gordinik ez jatea da: behar bezalako tenperaturaz eta denboran itsaski hauek egosteak, uretatik datozen birus horien eta beste zeinahi mikroorganismo patogenoren kaltegarritasuna indargabetzen baitu. Egun horietan almeja eta ostra gordinak kontsumitzea -gastroenteritis ugari sortarazteaz gainera- birus bidezko hepatitisen kausa izan omen liteke. Gogora dezagun, beste aldetik, intoxikazio-arriskua ez dela erabat suntsitzen itsaskia egositakoan, animalia horien mamia azkar asko hondatzen baita. Arriskua baztertzeko modurik egokiena, itsaskia egosi eta berehala hoztea izaten da. Egositako itsaskia giroko tenperaturaraino bakarrik epeltzen bada, oso litekeena da produktua hondatzea edo, areago, haragi hori usteltzen duten gaiek kontsumitzaileagan alergia antzeko sintomak agertaraztea ere.

Aholkuak:

  • Ez kontsumitu krustazeoak, ez moluskuak (ostra, muskuilu eta almejak) gordinik.
  • Arazketari buruzko etiketarik ez duten moluskuez ez fidatu. Gogoan izan, araztu eta handik bost egunera arte baldintza egokietan (hozkailuan) edukita, ongi kontserbatzen direla.
  • Erosi itsaskia bizirik eta kontsumitu lehenbailehen. Aukeratu usain trinko eta atsegineko aleak. Usain bizi edo desatsegina, produktua galtzen hasia den seinale da.

Haragia, egin-egina

Animali gantzek -landare-koipeek baino A eta D bitamina gehiago baldin badute ere- kaloria eta kolesterol oparo dute eta ez dira liseritzen errazak. Hegaztiak eta haragi xehetuaz osaturiko produktuak, toxiinfekzio askotxo sortarazi duen salmonellosiaren iturburu izan daitezke, behar bezain ongi maneatzen ez badira. Ahogozo apartekoa den arren, bildots, axuri edo arkumeak gantz ugari daukanez, pertsona lodiek, hipertentsoek eta arterioesklerosisa nozitzen dutenek neurriz jan behar dute. Faisaiak, ahateak eta eperrak, besteak beste, purina daukate (hau da, azido urikoaren funtsezko osagaia) eta gota, artritisa edota hezueria jasaten dutenentzat ez dira batere aproposak (horien erraiak, batez ere).

Aholkuak:

  • Eduki su bizian edo luzaro hegaztiak eta haragi xehatuz osaturiko produktuak. Erdialdea egin-egina agertu behar dute, jangarri izateko.
  • Ahalegindu haragi gordinak eta elikagai prestatuek elkar ukitu ez dezaten.
  • Gutxitu gantz ugariko haragien kontsumoa.
  • Urdaila ahul, gastritia edo ultzera baldin badaukazu, arkumea, behikia eta ehizaren ordez, afarietan (are bazkarietan ere) kontsumitu arraina.
  • Ahal dela, ez kontsumitu erraiak (hegaztienak, gehienbat).

Gozokiak: erne krema eta esnegainekin

Toxiinfekzioekin gehien lotzen den Gabonetako gozogintza, esnegainez edo krema pasteleraz barrubeterik dagoena ohi da. Esnegaina arrunt galkorra da, erraz kutsatzeko modukoa, maneatzen dutenek higiene-neurri zorrotzak betetzen ez badituzte. Krema pastelera -produktu egosia den aldetik, arazorik sortu beharko ez lukeen arren-, arrautza gordinak maneatzen dituzten lantegi eta sukaldeetan egosi ondoren, zeharkako kontaminazioaren eragile izan liteke. Turroiek, mazapanek eta data hauetako beste gozokiek osasun-alorreko arriskurik ez duten arren, kaloria asko dituzte eta liseriketa astunekoak dira: beraz, neurri-neurriz hartu behar dira. Pertsona diabetikoek eta obesoek, berebiziko arreta agertu behar dute horien aurrean.

Aholkuak:

  • Arrautzadun postreren bat egin behar baduzu, luma edo zirinen arrastorik daukaten edo hautsita dauden arrautzak baztertu itzazu. Ez garbitu uretan: oskola porotsua duenez, hezetasunak lagundu egiten du bakterioak arrautzaren barnean sartzea.
  • Eduki hozkailuan esnegain eta kremak. Etxean eginikoak baldin badira, kontsumitu lehenbailehen: inola ere ez, egin direnetik 24 ordu baino gehiago pasa ondoren.
  • Urdaila astun ez izateko, turroiak eta egun hauetako gozoki horiek luze mastekatu behar dituzu, ongi xehatu eta listuztatu.
  • Ospakizun hauetako bazkari eta afariei amaiera emateko, har ezazu frutaz osaturiko postrea. Bitamina-iturri oparoa izateaz gainera, fruta laxantea da, hots, proteina eta gantz ugari baina landare-zuntz gutxi daukaten otorduen bukaera ezin aproposagoa.

Hondarrak, arrisku iturri

Eguberritako janari naroetan ohikoa da generorik sobratzea, baita hurrengo otorduetan gustura asko hori dena kontsumitzea ere. Horrelakoetan, jakiak lehenbailehen hoztu behar dira, arazorik izan ez dadin. Zuhurtziak agintzen du kontsumituko dena baino askoz kopuru handiagorik mahaira ez ateratzea. Bidezkoa da, nolanahi ere zerbitzatu aurretik, jan behar dena eta sobratuko dena bereizi eta berehala hozkailuan sartzea. Hona beste segurtasun-neurriren bat:

  • Itxura on-ona ez duten edo zuregan mesfidantza sortzen duten elikagaiak, duda-izpirik gabe, zakarrontzira botatzea.
  • Kontsumitu behar diren elikagaiak bakarrik berotzea. Janari bat behin baino gehiagotan berotu eta hozteak elikagaiari nutrizio-kalitatea urritu eta kutsatzeko erraztasuna areagotu egiten diote.
  • Ez gorde egun batetik besterako maionesa edo antzeko saltsa-hondarrik, ezta hozkailuan ere.
  • Ez kontserbatu tortila edo arrautza gordin edo gutxi egina daukaten elikagaiak ere.
  • Latako produktuak, ontzia irekiz gero, ez dira esteril. Gorde estalkidun ontzian, hozkailuan.
  • Xerretan ebakitako hestekiak errazkiago kutsatzen dira. Bildu edo estali itzazu eta eduki hotzetan.
  • Gorde beti hozkailuan pastelak, krema pastelerak, flanak, natillak, etab.
Helburua: Eguberriak osasuntsu izatea
  • Erosi bakarrik osasun-garantia osoko elikagaiak. Eraman eta gorde era egokian.
  • Ez bete leporaino hozkailua, aire hotzak elikagai tartean ibili behar du eta. Antola itzazu apalak multzoka: esnekiak, haragiak, fruta eta barazkiak, etab. Eduki hozkailuko tenperatura 0º eta 5º C bitartean: horrela, elikagaietan mikroorganismoak ugaltzea galaraziko duzu.
  • Zeharkako kutsadurarik gerta ez dadin, bereiz itzazu elikagai gordinak eta prestatuak. Antola itzazu gordinak hozkailuaren behe aldean eta sukaldean prestatutakoak goiko apaletan.
  • Elikagaiak egun batzuk lehenagotik prestatzen badituzu, bereizi kopuru txikitan eta izoztu itzazu berehala. Bezperatik prestatzen diren platerek aski dute hozkailuan hoztea.
  • Elikagai bat desjelatu baldin bada, kontsumitu lehenbailehen. Ez jelatu berriro, inola ere.
  • Jaki bat prestatu edo berriro berotzean, erdialdeak 65º C-raino iritsi behar du: horrela saihets egingo duzu mikrobioen ugalketa.
  • Funtsezkoa duzu higiene pertsonala zorrozki betetzea. Garbitu eskuak maiz, komunera joan ostean eta elikagai gordinak maneatu edo etxeko “laguna” (katua, txakurra, etab) ukitu ondoren, batez ere. Ez erre, inola ere, elikagaiak maneatzean.
  • Elikagaiak prestatzen ari zaren bitartean eta ondoren, garbitu maiz sukaldeko azalera eta tresnak.
  • Aldatu eta garbitu sarri sukaldeko zapia: germenek igorgailu maitea dute eta.
  • Otorduan zehar ez edan likido gehiegi (ezta ur larregi ere), neurriz gaineko horrek liseriketa eragotzi egiten baitu, zuku gastrikoak ahuldurik gertatzen direlako egoera horretan.
  • Alkoholik edatekotan, edan ezazu neurriz. Alkoholak kaloria ugari eduki eta urdaila kaltetzeaz gainera, gehiegi edateak intoxikazio etiliko larria eragin diezazuke. Ez ahantzi: edan baduzu, ez eseri bolantean.