Hezigabeak ote gara?

Ez gara deus. Estatuko gizarte eta ekonomiaren adierazleen eboluzio onuragarria ikusita itxaropenez beterik geundela, Alemania, Frantzia eta antzeko herrialdeen moneta eta etorkizun bera izateaz harrotzen hasiak ginela, betiko inkesta ziztrina argitara eman eta geure tokian jarri gaitu ostera ere, artaldearen isatsean, alegia.
1 otsaila de 2000
Img editorialp

Hezigabeak ote gara?

Espainiako Autoreen Elkarte Orokorrak eginiko azterketa batek zaurian piko egin du: egunkari eta liburuak irakurtzea, musika klasikako kontzertuak, antzerki-saioak, opera-emanaldiak entzutera joatea, museoetara eta zinemara joatea jotzen bada kulturatzat, oihesak gara. Inkultu baina eguneratuak, hori bai: ibaiaz behera goaz bete-betean, telebista, aldez aurretik digeritutako musika eta ordenadoreak geure bizitzeko moduan txertatu baititugu. Herritarren erdiak aitortua du: sekula ez du irakurtzen, behin ere ez da joaten zinemara. Halaz ere, bada etsipen beltzagoa sortzen duen daturik: hamar biztanletik bederatzirentzat musika klasikorik egon ez dago, hirutik bik inoiz ez du antzerki-emanaldirik ikusi. Telebistarekiko morrontza latzena duen kolektiboa -zaharren ondotik-19 urte baino gutxiagoko gazteria da: horrek adierazten digu joera horrek aurrerantzean bere horretan segituko duela…

Ezer berririk ez dugu esango, baina gure bizitzan kultura txertatzea ezinbestekoa da funtsezko bi eginkizun bete ditzagun: batetik, jakintsu eta independentexeago izan gaitezen (horrela, inguruko gauzak hobeto ulertuko ditugu, geure burua eta hurkoarena errazkiago adituko ditugu, errealitatea zuzenago konprenituko dugu eta gai gehiagori buruzko iritzia moldatu ahal izango dugu) eta, bestetik, hartara gaitezen, aurretiaz hainbat saiakera egitea agintzen duten plazerrez gozatzeko, hala nola artea (literatura, pintura, eskultura, musika, bideoartea…) eta ezagutza-mundua (historia, zientzia, filosofia, ekologia…). Hitz batez, libre izan gaitezen, aukera hobeak egin ditzagun eta geure astia hainbat alderditan bana dezagun laguntzen gaitu jakinduriak. Onartu beharko, hortaz: pertsona garen aldetik hazteak jardutea eta ahalegintzea exigitzen digu, dibertitzeko garaian ere zerbait aportatu behar baitugu.

Ezin onar dezakegu geldo-geldo telebistak eta, oro har, egungo munduak izendatu omen diguten eginkizuna. Gertakarien bilakaeran zuzenago esku hartuz, mintzakide garen heinean geure burua sendoago balioetsi behar dugu. Ederki baitakigu gizakiaren izaera tranzendentalak galderak egin eta pentsatu egiten duela, arinkeria eta umore pitin bat nahasteari esker, bizitzako ohikeriari eta pasarte latzei buru egiten diegun arren. Gogoa ere, pizgarriek eta ezagutzak osaturiko dieta orekatuaz elikatu behar baitugu.