Noizean behin, iruzurrei buruzko berriak jasotzen dira komunikabideetan; 2000. urtera iritsita, oraindik badira lotsagabeen amarruetan erortzen diren inozoak, zenbaiten sineskortasunaz edo handinahiaz.
Inozoena ere azkenean argi
Iruzurra ez da indarkeriazko lapurreta, edo mehatxu fisiko bidez egiten den estortsioa; ez da ebasketa, ez eta enpresak porrot egin eta hartzekodunak zorretan uztea ere. Iruzurgileak bere inteligentzia, zorroztasuna, intuizioa eta itxoiteko ahalmena ditu estrategia inoren gauzez jabetzeko eta batez ere, biktima ezagutzea eta harengan sortzen duen konfiantza.
Nolanahi ere, delitu hauek funtzionatuko badute ezinbestekoa da biktimaren jarrera inuzentea, arduragabea edo zuhurtziarik eza. Iruzurgileek gogokoen dituzten biktimek badute nolabaiteko perfila, diru-goseak markatua. Ez da ahaztu behar biktimak bere borondatez ematen diola dirua iruzurgileari edo haren lagunei, irabazi azkarra lortuko duelakoan gehienetan. Azken batean, beste kasu batzuetan CONSUMERen kontratuen baldintzak ondo irakurtzea eta ondasun edo zerbitzu bat erostean aukera guztiak ondo aztertzea proposatzen dugun moduan, iruzur eta amarruen kasu honetan gogoeta egitea izaten da zuhurrena, arduratsua eta fidagaitz samarra ere izatea eta lau pezetaren truke ogerlekorik inork ez duela ematen argi edukitzea.
Trileroak
Dirua jokatuz trebezia-jokoetan parte hartzera bultzatzen da jendea iruzur honetan; jokoak, itxura batean, irabazteko aukera handia eskaintzen dio jokatzen duenari, kale-kalean eta mahai txiki batean. Jokorik ohikoena, txapa edo edalontzi batek estaltzen duen bolatxoa non dagoen asmatzea. Errazago eman dezan, txapak edo edalontziak mugitzen dituenaren (joko zuzendariaren) inguruan jokalari faltsu bat (amua) edo gehiago aritzen da jokoan, dirua erraz irabazten. Hasieran, irabazten uzten zaio jokoan hasten den pertsonari (biktimari), arrakastak animaturik diru kopuru handiagoa joka dezan. Baina eskua begia baino azkarragoa da eta kopuru handia jokatzen denean galdu egiten du biktikak dirua, ia ezinbestean (asmatzeko %33 aukera besterik ez du matematikoki, hau da, hirutik bat). Amarru hau sarri ikusten da feria eta azoketan.
La estampita
Gutxitu psikikoa dirudien pertsona bat azaltzen zaio biktimari kalean (ergelarena egiten ari den iruzurgilea, alegia). Diruz beteta dagoela dirudien poltsa erakusten dio, bilete batzuk agerian direla. Leloak ez dio garrantzirik ematen aldean daramanari eta poltsan “estanpatxoak” edo “kromoak” daramatzala eta etxean askoz gehiago dituela esaten dio biktimari. Une horretan, beste lagun bat agertzen da “kasualitatez” (iruzurgilea hori ere) eta diru kopuru baten truke poltsa erosita ergela engainatzea proposatzen dio biktimari, berak dirurik ez duela esanez eta erosketan parte hartzera animatzen du, irabazi handia izango duela esanez. Amuak diru bila joaten laguntzeko eskaintza ere egiten dio, denborarik gal ez dezan (egia esan, iritzia aldatu eta erosteko erabakian atzera egin ez dezan). Biktimak poltsaren truke diru kopuru handi bat ematen diotenean, iruzurgileak desagertu egiten dira. Biktimak poltsa irekitzen duenean, bilete apur batzuk eta paper mordoa baino ez zegoela ikusten du.
El tocomocho
Jende ugari dabilen lekuetan gertatzen da (geltokietan, kutxazain automatikoetan…): pertsona batek, biktimarengana hurbildu eta loteriako txartel saritu bat duela, baina presa duenez ezin duela kobratu esaten dio. Sariaren dirua, edo kopuru txikiago bat, ordaintzea eskatzen dio biktimari, derrigorrez egin behar duen bidaia dela eta ezin baitu berak kobratu. Kontuari sinesgarritasun handiagoa emateko, beste oinezko bat sartzen da elkarrizketan (iruzurgilearen laguna) eta saria egiazkoa dela konfirmatzen du, egunkariko zerrenda erakutsiaz. Biktimak sariaren dirua ematea onartzen du orduan, eta dirua berreskuratzera loteria bulegora joatean, loteria txartela faltsua dela ikusiko du.
El nazareno
Hornidurak saltzen dituzten enpresak dira biktima. Iruzurgileak leku jakin batean finkatzen dira, enpresa baten izenean biltegia alokatuta. Eskaera txikiak egin, biltegian gorde eta saltzaileari berehala ordaintzen diote. Horrela, konfiantza sortzen da. Geroago, salgai kopuru handiak eskatzen dituzte, ordainketak hainbat epetan egingo dituztela esanez; kasu batzuetan epe horietakoren bat ordaindu ere egiten dute. Bat batean, enpresa desagertu egiten da, salgai eta guzti, eta egindako zorrak ordaintzeke. Iruzurrean erori diren enpresek, kobraketarako gestioak egiten saiatzen direnean, eskaerak egin zituen konpainia ez dela esistitzen ikusiko dute.
Gas instalatzaile faltsua
Iruzurgileak laneko jantziekin eta gasa instalatzen duen enpresako langileak direla esanez agertzen dira biktimaren etxean eta instalazioan behar-beharrezkoa den errutinazko ikuskapena egin behar dutela adierazten diote. Hainbat lan tekniko egiten ari diren itxura egiten dute; normalean mangera zati bat aldatzen dute, errebisiorik ere behar ez duen arren. Lana amaitu eta faktura egiten dute. Biktimak kasua beste norbaiti aipatzen dionean, instalatzaile faltsuek iruzur egin diotela ohartuko da.
Kaleratua
Iruzurgilea biktimaren etxera joaten da, diru egoera larrian dagoela eta familian arazo handiak dituela esanez (emakumea bada, senarrak utzi egin duela esango du, seme-alaba asko duela…); biktima hunkitzea da kontua. Azkenean, bizirik iraun ahal izateko bere gauzarik kuttunenak saldu beharrean dagoela eta zerbait erakutsiko dio (marka garesti bateko erlojua, lepokoa, eraztuna, etab). Ustez balio duena baino askoz merkeago erostea eskainiko dio. Eskaintza onartu ondoren, beranduegi ohartuko da biktima erosi duena zirtzileria hutsa dela.
Los pequeros
Karta-jokoan oso azkarrak eta abilak dira jokalari hauek, itxura eta portaera onekoak eta abegitsuak, biktima erakartzea lortzeko modukoak. Karta markatuak erabiltzen dituzte, ispilu-jokoak, kartak ikus ditzaketen konplizeak… Jokalari hauek konfiantzaren eta denboraren jokoan sartzen dira. Gehienetan aberatsarena egiten dute eta etxe dotoreak alokatu edo hotel garestietan ostatu hartzen dute. Gehienetan, konplizea izaten dute lagun, biktima amura ekartzeko. Lehen jokoan irabazi eta bero-bero jartzen da biktima. Hurrengo egunean, askoz diru gehiago eramango du jokora, apustua bikoizteko afanez, baina guzti-guztia galduko du. Egun txarra. “Bihar apustua bikoiztuko dut”, dio bere artean. Baina ez du beste aukerarik izango, iruzurgileak ihes egingo baitu harrapakinarekin.