Argindarra aurreztea
Etxeko argindarra gutxiago ordaintzea lortzeak argi erakusten du etxeko ekonomia eta ingurugiroa zaintzea bateragarri direla, guztiontzat onuragarri izateaz gain. Estatuko familiek batez beste kontsumitzen duten energia kopurua aldatu egiten da erabileraren arabera: %30 berokuntzak; %30 ur beroak; %10 sukaldean; %10 argiztapenean eta %20 etxeko gainerako tresna elektrikoetan. Kontsumoa kontrolatu eta energia alferrik ez gastatzeko, ezinbesteko da ohiturak aldatzea. Geletatik irtetean argia ez itzaltzea, berogailuaren termostatoa behar baino tenperatura altuagoan edukitzea edo hozkailuaren barruan izotza pilatzen uztea, besteak beste, alferrikako gastu horren adibide dira.
- Kontrata itzazu zure beharretara gehien egokitzen den potentzia eta tarifa. Aztertu gaueko tarifaren ezaugarriak, errentagarri gerta dakizukeen jakiteko (adibidez, bero-metagailuez edo tresna elektrikoez egiten duzun erabilpena tarifa mota horretara egokitzen den).
- Ahal den neurrian aprobetxatu eguzkiaren argia. Argi artifiziala behar-beharrezko denean bakarrik erabili. Ez utzi argirik piztuta inor ez dagoen geletan.
- Ohiko bonbilen (goritasunezkoen) ordez ipini tentsio baxuko halogenoak edo lanpara fluoreszente trinkoak. Argi bera eman, 8 bider gehiago iraun eta %80 aurrezten dute.
- Jarri hodi fluoreszenteak argirik gehien behar duzun lekuan eta denbora luzez piztuta izango diren geletan: sukaldean, bainugelan… Goritasun-lanparek baino 10 bider gehiago irauten dute, baina ez ibili etengabe piztu eta itzali, gutxiago irauten dute eta. Itzalita 20 minutu baino gutxiago egon behar badu, hobe da piztuta uztea.
- Etxeko tresna elektrikoak erosi aurretik, egiaztatu kontsumoa. A eta B mailak izaten dira eraginkorrenak.
- Itzali telebista, bideo eta musika-ekipoaren etengailua. Urrutiko agintearekin itzaliz gero zenbait osagaik konektaturik jarraitzen du eta kontsumo normalaren %80 arte kontsumitzen jarraitzen dute. Urrutiko agintearekin bakarrik itzaltzen den telebistak orduko 15 watt inguru kontsumitzen du.
- Berogailu elektrikoen ordez, ipini bero-metagailuak eta kontratatu gaueko tarifa. %50 baino gehiago aurreztuko duzu berokuntzan. Ez ahaztu energia elektrikoa oso garestia dela berokuntzarako.
- Gutxitu bero-ihesak eta babestu etxea hotzetik, ate-leihoetan kristal bikoitza eta burleteak jarrita. Isolamendu termiko onaren bidez %20-40 bitarte aurrezten da.
- Berogailuaren tenperatura ez dadila 20 ºC baino altuagoa izan, horixe baita etxerako tenperatura egokiena. Hortik gorako gradu bakoitzeko %5 inguru gehiago gastatuko duzu. Ordu batzuetarako etxetik alde egin behar baduzu, jaitsi termostatoa 15ºCra. Egun bat baino gehiagorako alde egin behar izanez gero, deskonektatu berogailua. Merkatuan badira termostato programagarriak, berogailuaren funtzionamendua aurrez aukeratzeko modua ematen dutenak, etxebizitzaren erabilpenaren eta jabearen gustuen arabera egokitzeko.
- Bainuaren ordez erabili dutxa. Laurdena kontsumituko duzu uretan eta energiatan.
- Uraren termoaren termostatoa jarri 50 eta 60º C bitartean. Tenperatura horretatik gora, energia alferrik galtzeaz gain, laburtu egingo duzu termoaren bizitza, ur beroak eragin korrosiboa baitu.
- Egokitu hozkailuaren termostatoa neguan eta udan, kanpoko tenperaturaren arabera. Jakiak ondo kontserbatzen dira 3 eta 5º C artean; hortik gorako gradu bakoitzak energia gastua %5 gehitzea dakar.
- Ez sartu jaki berorik hozkailuan edo izozkailuan. Kanpoan hozten utzita energia aurreztuko duzu.
- Saiatu ikuzgailua eta ontzi-garbigailua beteta daudenean erabiltzen. Ur, detergente eta energiaren kontsumoa gutxitzea lortuko duzu eta tresnaren bizitza luzatuko.
- Ikuzkailuaren kontsumoaren %90 ura berotzen erabiltzen da. Erabili ur hotz edo epeleko programak, gaur egungo detergenteekin nahikoa izaten dira eta.
- Ontzi-garbigailua erosi behar baduzu, hautatu karga erdiarekin garbitzeko dispositibo berezia duen modeloren bat. Garbikari gutxiago behar izaten dute eta %30 aurrezten dute ur eta energiatan, aldi bakoitzean.
- Pasa itzazu ontziak arraskako uretan ontzi-garbigailuan sartu aurretik. Hartara programa laburrak erabili ahal izango dituzu.
- Sukalde elektrikoa baduzu, erabili plakaren tamaina baino kazola edo zartagin handiagoak. Ontziak egosketa gunearen bi edo hiru zentimetro agerian uzten baditu, alferrik galtzen da energiaren erdia. Ahal duzun guztietan, erabili presioko lapikoa. Energia gutxiago kontsumitzen du eta denbora asko aurreratzen da.
- Baliatu sutegi elektrikoen hondar-beroa, egosketa bukatu baino bost minutu lehen itzalita (bitrozeramikaren kasuan zertxobait beranduago).
- Ez laberik ireki beharrezko ez bada. Irekitzen den bakoitzean pilatutako beroaren %20 galtzen da. Erabili labea programatzeko erlojua edo tinbrea.
- Mikrouhin bidezko labeek denbora aurreztu eta labe konbentzionalek baino energia gutxiago kontsumitzen dute eta, gainera, garbiagoak dira.
- Lisaketan, ahalik eta arropa kopuru handiena lisatu aldiko. Arropak banan-banan lisatzeak biderkatu egiten du indarraren kontsumoa. Hasi bero gutxien behar duten arropetatik eta utzi azkenerako bero-mailarik handiena behar dutenak. Plantxa itzaltzean, baliatu pilatutako beroa energiarik gastatu gabe arropa txikiak lisatzeko.