Aho itxian ez da pozoirik sartzen
Gero eta garrantzitsuago dira etxeko istripuak: erredurak, erorketak, ebakiak… eta toxikazioak, oraingoan gaitzat hartuko ditugunak.
Gure etxeak toxikotasun handiko produktu kimikoz bete direla esatean ez gara ezer asmatzen ari.
Garbiketarako produktuak, girotzaileak, lekedak, kolak, botoi pilak, intsektizidak eta botikak erruz izaten ditugu etxean. Gainera, garbiketarako produktuen eskaintza gero eta handiagoa da eta erabilera jakinetarako berariaz sortzen dira: ontziak, arropak, altzariak, labeak, zoruak, kristalak, metalak, alfonbrak, larrukiak, plastikoak… garbitzeko.
Normala dirudi gai hau aztertzerakoan punturik ahulenetik, biktimen aldetik hastea. 3 urtera arteko umeek izaten dute arriskurik handiena: etxeko toxikazioengatiko kontsulten erdietan adin horretako umeak izaten dira gaixoak. Etxean toxikazioak gertatzen diren moduari begiratuta, ahotik gertatzen direnak izaten dira ohikoenak, kasuen %84 produktu toxikoak irentsi direlako gertatzen baita; horren atzetik, arnasbideak daude (inhalazioa), kontsulten %7an. Begietako toxikazioak kasuen %6an gertatzen dira eta azaleko arazoak, berriz, %3 dira.
Europa mailako estatistikak Espainiakoekin konparatuz gero, ikusiko dugu etxean gordetzen diren botikak direla Europan toxikologi kontsulten %50en eragile eta Espainian, berriz, %23 baino ez dira. Hala ere, garbiketako produktuek eragiten dute toxikologi kontsulten ia %50, eta Europan %17 baino ez da hori. Toxikazio horien zatirik handiena (%92,5) etxeko istripuek eragiten dute. Suizidio ahaleginak %3,5 dira eta laneko istripuak erregistratuen %1,5 baino ez. Bistakoa da, beraz, etxeak lehentasuna duela toxikazioen arloan. Eta etxe barruan gertatzen direnen artean, garbiketarako produktuek eragindakoak gehiengoa dira.
Garbitu bai; toxikatu, ezta pentsatu ere
Ontziak eskuz garbitzeko produktuak konposatu tentsoaktibo anionikoak izaten dira eta tentsoaktibo ez ioniko eta anfoteroak ere eduki ditzakete, kopuru txikiagoan. Toxikotasun txikikoak dira eta produktu hori irensteak urdail eta hesteko narritadura eragiten du, irentsitako kopuruaren arabera handiagoa edo txikiagoa. Makinarako ontzi-garbikariak tentsoaktibo ez ionikoz osatzen dira; oxigeno eta kloro askatzaileak izaten dituzte eta baita alkalinotasunari eusteko bestelako elementuak ere. Azal eta muki-mintzen narritagarriak dira; irentsiz gero, kaustiko alkalino direnez, lesioak eragin ditzakete eta baita toxikazio larria ere, kopuru handia irentsi bada. Ontzi-garbigailuetarako distira-emaileak soluzio hidroalkoholiko, azido zitriko eta tentsoaktibo ez ionikoz osaturik daude. Oso azidoak direnez, narritatu egiten dituzte azala eta muki-mintzak eta begiko kornean ere kalteak eragin ditzakete kontaktua luzea bada. Produktuaren kopuru handia irensteak, urdail-hesteetako narritadura handia eragiteaz gain, lesio kaustikoak eta toxikazio larria eragin ditzake.
Arropak eskuz garbitzeko detergenteak ontziak eskuz garbitzeko produktuen antzekoak dira eta horien toxikazioa ere arina izaten da eta kopurua handia irentsi denean baino ez dute efektu libragarririk eragiten. Ontziak makinaz garbitzeko erabiltzen diren produktuak arriskutsuagoak izaten dira. Tentsoaktibo anionikoak, ez ionikoak, xaboiak, alkalinotasunari eusteko produktuak, oxigeno askatzaileak, tentsoaktibo kationikoak eta karga inorganikoak izaten dituzte: beraz, oso alkalinoak izaten dira eta azalean narritadura handiak eragiten dituzte luzaroan ukituz gero. Begietan konjuntibitisa eragiten du, baita korneako lesioak ere. Kopuru txikian irensteak urdai-hesteetako narritadura eragiten dute eta okada, goragale eta sabeleko minarekin. Asko hartuz gero lesio kaustikoak sortzen dira faringean, esofagoan edo urdailean, larritasuna eta toxikazio koadroa erakuts dezaketenak. Arropa-leungarriak ere toxikoak izaten dira. Tentsoaktbio kationikoak izaten dituzte. Soluzio kontzentratuek azala narritatzen dute eta azal delikatuetan (haur edo adinekoetan) erredura antzekoak ere eragin ditzakete. Begiko mukosa erre eta kornea kalte dezakete, kontzentrazio handia luzaroan edukiz gero. Produktua irentsita hestegorria eta urdaila erasotzen dira. Gainera ez da baztertu behar hipotentsioa, bihotz arritmia, antsietatea, asaldura eta kalte neuromuskularrak agertzea ere. Orban-kentzekoak aparteko kontua dira. Mota ugari dago: produktu edo orban mota jakin batentzat berariazkoak direnak edo orban edo/eta azalera mota guztietarakoak direnak.
Azken horiek hidrokarburo kloratuz osatzen dira gehienetan. Ontzi mota dela eta, zaila da nahi gabe produktua irenstea, baina erraza da azalak ukitu edo spray bidezkoekin (orban-kentzeko aerosolekin) produktua begietara botatzea; kasu horretan konjuntibitisa eta negar-jarioa eragiten dute. Aerosolen kasuan arraroa izaten da produktua irenstea, baina inhalazioa gerta liteke eta horrek arnasako mintzetan narritadura handia eragingo luke eta eztula, itomena, espektorazioa edo neumonitis kimiko txiki bat eragin. Zoru-garbikariak eta etxe-garbikariak likido eran aurkeztu ohi dira eta konposizioan tentsoaktiboak ageri ohi dira, disoluzio hidroalkoholikoan. Batzuetan amoniako kopuru txikiak eta pinu-olioa ere ager daitezke. Ontziak eskuz garbitzeko produktuen antzeko toxikotasuna izaten dute.
Kristal-garbikariak soluzio hidroalkoholikoz osatzen dira, alkohol isoprofiliko edo etilikoa sarritan eta, kopuru txikiagoan, tentsoaktiboak, glikoleak eta amoniakoa. Azala eta muki-mintzak erre egiten dituzte, arin bada ere. Irensteak ez du sintomatologiarik eragiten, baina kopuru handia baldin bada, toxikazio etilikoaren koadroa, nerbio sistema zentraleko depresioa eta goragalea eta sabeleko mina agertu ohi dira. Komuna garbitzeko likidoak bi motatakoak izan daitezke: gai azido batez osatuak eta hipoklorito sodiko disoluzioa dutenak. Lehenengo kasuan kaustiko korrosibo gisa jokatzen dute eta konposizioan azido fosforikoa sartzen bada, gibelean eragin toxiko handia izaten duela eduki behar da kontuan.
- Ez utzi garbiketako produktuak umeen eskura; gorde armairu altu itxietan, produktu bakoitzari izena jarrita eta ontziak ondo itxita; erabilitakoan, gorde berriro bere lekuan.
- Nahi gabe produkturen bat irentsiz gero, ez hartu likidorik, ez esne ez bestelakorik, herri jakinduriak hala aholkatzen duen arren; kopuru txikia irentsi eta produktuaren toxikotasunaz zalantza baduzu, deitu Toxikologi Informaziorako Zerbitzura 93-3174400, 91-5620420 eta 95-4371233 telefonoetara. Ontzietan ere, etiketaren beheko aldean, telefono zenbaki bat agertu ohi da: 91-5620420. Edozein kasutan, berehala medikuarengana edo larrialdi zerbitzura joatea izaten da egokiena.
- Begiak kaltetu badira, ez erabili koliriorik edo begietarako pomadarik. Garbitu begiak 15 minutuz ur korrontean eta eduki betazalak irekita, urak produktua garbi dezan. Gero joan medikuarengana begiak aztertzera, istripua eragin duen produktua hartuta.
- Azala ukitu eta narritatu bada, garbitu ur ugarirekin 15 edo 20 minutuz. Erredura geratu bada, erredura gisa tratatu beharra dago eta medikuak ikustea komeni da.