Garbikari likidoak

Ez asko garbitzen dute, ez kolorea zaintzen dute

1 otsaila de 2000

Ez asko garbitzen dute, ez kolorea zaintzen dute

Entra Ikuzkailu edo automatikoarentzako garbikari likidoak zortzigarren hamarkadan azaldu ziren lehen aldiz Europako merkatuetan baina egundo ez dira hautsetako garbikari tradizionalen salmenta-mailara iritsi.Azterketa honek azal lezake, hein batez behintzat, fenomenoaren zergatia.

Dudarik gabe, likidoak baditu abantailak hautsetan merkaturatzen den garbikariaren aldean: uretan azkarrago disolbatzen da, eskuzko ikuztaldi azkarragoa egin daiteke likidoa erabiliz eta, arropa garbigailutik ateratzean, arropan ez dago garbikariaren hondarrik.

Ikuzkailu edo automatikoarentzako garbikari likidoak zortzigarren hamarkadan azaldu ziren lehen aldiz Europako merkatuetan baina egundo ez dira hautsetako garbikari tradizionalen salmenta-mailara iritsi. Azterketa honek azal lezake, hein batez behintzat, fenomenoaren zergatia. Dudarik gabe, likidoak baditu abantailak hautsetan merkaturatzen den garbikariaren aldean: uretan azkarrago disolbatzen da, eskuzko ikuztaldi azkarragoa egin daiteke likidoa erabiliz eta, arropa garbigailutik ateratzean, arropan ez dago garbikariaren hondarrik. Ikuzkailuarentzako zortzi garbikari likido aztertu dira oraingoan (Vial, Gior, KH color, Colon, Wipp, Dixan, Micolor eta Ariel), horietako batzuk eskuz ikuzteko ere balio duten arren, etiketan agertzen duten bezala. KH markakoak bakarrik jotzen du bere burua koloretako arropa garbitzeko berariazkotzat. Denak agertzen dira bi litroko ontzietan, KH (litro bat) eta Ariel (1,75 litro) izan ezik. Garbikari likidoen prezioa, litroko, 324 pezetatik (Colon) eta 611 pezeta (Ariel) daude.

Azterketan ateratako ondorio nagusiak hauek izan dira: garbikariek gutxi garbitzen dute, hautsetakoek baino dezente gutxiago, eta zikintasun-mota bakoitzean emaitza desberdinak agertzen dituzte. Osoko balorazioan bik bakarrik “ongi”, bostek “onargarri” kalifikazio apalak merezi izana eta bat (Micolor) erdipurdiko “arrunt” notan geratzea. Hoberenak, era guztietako orbanen aurrean eraginkorrenak, Ariel eta Gior dira. Gantzezko orbanak kotoizkoetan eta orban proteiniko eta amilzeoak (odola, kakaoa, belarra edo esnea) kentzeko hoberena Ariel den bitartean, sintetikoetatik gantzezkoak kentzeko Gior nabarmentzen da eta orban oxidagarriak (kafea, ardoa eta fruta) garbitzeko unean, Ariel, Gior eta Dixan dira egokienak.

Kolorearen gaineko eraginari dagokionez, Wipp, Vial eta Gior dira arropa zuri bati kolore gutxien iragazten diotenak eta Mikolor eta KH, berriz, arroparen kolorea zorrotzen errespetatzen dutenak. Esana dagoen bezala, aztertutakoen artean onenak Ariel eta Gior dira, oro har. Gior (352 pezeta litroko) Ariel baino dezente merkeagoa denez eta emaitzak parekoak izaki, kalitate-prezio erlaziorik egokiena Gior laginak eskaini du. Nolanahi ere, bere formulatik fosfatoak kendu egin beharko lituzke, kutsagarritzat jotzen baitira gai horiek.

Orban zailak

Zortzi laginek ikuztean duten eraginkortasuna probatu da gantzezko orbanetan (olio mineral, landare-olio, ziho, oliozpin, saltsa eta gurinezkoak) kotoizko ehunetan eta poliester eta poliester/kotoizko ehun sintetikoetan (ezpain-barra, landare-olioa, kakahuet-olioa, gantza, zihoa, makilajea). Garbikariaren jarduera enzimatikoarekin lotura duten orban proteiniko eta amilazeoekin (odola, kakaoa, odola/esnea, belarra, esnea/kakahuetea eta almidoia) ere egin dira saiakerak. Azkenean, garbikariak zuritzeko duen eraginkortasuna neurtzeko, orban oxidagarriekin (kafea, ardoa, fruta).

Ondorioen atalean, bai kotoizko ehunetan bai sintetikoetan ere, gantzezko orbanak garbitzeko onenak Ariel eta Gior izan ziren: kotoizko ehunetan %44 eta %41eko eraginkortasuna lortuz eta sintetikoetan %41 eta %47 erdietsita. Gainerako laginak honelako orbanetan ez ziren iritsi %40raino ere. Gantzezko orban ohi-ohikoak garbitzeko unean erdietsitako emaitza apal horiek argi eta garbi erakusten digute garbikari likido horien eraginkortasuna nolakoa den.

Odol, kakao, esne, belar edo almidoizko orbanetan, emaitzarik onenak Ariel eta Gior laginek lortu zituzten, hau da, jarduera enzimatikorik eraginkorrena dute horiek. Garbikari horiekin, zikintasunaren %63 eta %55 suntsitzea lortzen den bitartean Colon, Vial eta Dixan laginek %50eko zikintasuna besterik ez dute garbitzen eta gainerakoak ez dira %50era iristen. Horrelako orbanen aurrean makalenak KH eta Micolor dira, beren jarduera enzimatikoa ez baita eraginkorra: horrelako zikintasunaren %28 eta %33 besterik ez dute desagertzen.

Kafe, ardo eta frutazko orbanen aurka ere egokienak Ariel eta Gior dira, zuritzeko ahalmen handiagoa baitute, zikintasuna kentzeari dagokionez, %30 eta %29 baizik erdiesten ez dutelarik. Okerrenak KH eta Micolor gertatu ziren: horrelako zikintasunaren %19 eta %21 garbitzen dute, hurrenez hurren.

Hitz gutxitan, era guztietako orbanen aurrean garbikari likidorik hoberenak Ariel eta Gior dira. Bestetik, Wipp, Colon, Vial eta Dixan laginek lortu zuten osoko balorazioa onargarria izan zen eta KH eta Micolor laginek, azkenik, makalagoak direnez, erdipurdiko kalifikazioa aski dute oraingoan. Zehaztasun pitin batez esan dezagun gantzezko orbanekin kotoizko ehunetan Ariel izan zela, eta ehun sintetikoetan gantzezko orbanak garbitzean eraginkorrena Gior izan zen. Zehaztapen horiekin jarraitzeko, orban proteiniko eta amilazeoak garbitzeko unean Ariel nabarmentzen da eta orban oxidagarrietan, aldiz, eraginkorrenak Ariel eta Gior dira berriro ere.

Ez dute oso ondo ikuzten: orban-arrastoak geratzen dira

Lehenengo eta behin, zehaztapen bat egin dezagun: azterlan hau egiteko, kontsumitzaileak bere garbialdian topa ditzakeen orbanik txarrenen aurreko eraginkortasuna eskatu zaie garbikariei (kafe, odol, ezpain-barra, ardo, belar edo kakaozko orbanak, hain zuzen): beraz, logiko samarra da emaitzak etsipengarriak gertatzea ere. Halaz ere, ez dirudi gehiegikeria denik garbikari horietan hoberenari zikintasunaren %50a baino gehiago, batez beste, garbitu behar duela eskatzea. Orban zail horiek erabat kenduko dituen garbikaria oraindik asmatzeko badago ere, hautsetako garbikariek likidoek baino dezente hobea dute garbitzeko ahalmena (ik, hautsetako eta pastilletako garbikarien azterketak,CONSUMER 20 zk, 1999ko martxokoan).

Garbikari likidoek berebiziko zailtasuna dute kafea (orban oxidagarria) garbitzeko garaian; ondotik, gantza ehun sintetikoetan (poliesterrezkoetan), eta oliozpinak kotoizko ehunetan datoz. Hobe jakitea, honelako produktuak erabili aurretik. Errazen garbitu direnak, berriz, odol eta zihoa kotoizko ehun eta sintetikoetan (poliesterrezkoetan) eta, poliester eta kotoizkoetan kakao, esne-kakahuet eta kakahuet-oliozko orbanak izan ziren.

Koloreak erabat errespetatzen ditu zortzietako batek bakarrik

Garbikariek koloretan duten eragina ere aztertu da. Horretarako, ehun zurietan kolore-transferentzia edo iragazketa-probak egin dira ikuztaldi bakarraren ostean (kolorezko ehunetik zurirako transferentzia neurtzeko) eta kolore-galera edo margultzea, 25 ikuztaldiren ondotik (koloreztatutako ehuna hits bilakatzea neurtzeko. Eragiketa hauek Miele W723 ikuzkailuan egin ziren, 60 graduko tenperaturan, uraren gogortasuna 40ºTH izanik eta ikuztaldi bakoitzean 135 mililitro garbikari jarrita. Jakina denez, garbitu beharreko arroparen koloreak kalterik nozitu gabe eta garbigailuan dauden beste arropa batzuk koloreztatu gabe aritzea du garbikari batek aldeko lehen ezaugarria.

Ikuztaldi bakarraren ondoren, Wipp, Vial eta Gior laginekin garbitu diren kotoizko eta poliester/kotoizko ehun zurietara eraginiko kolore-transferentzia izan da ahulena eta, horrenbestez, hoberena. Emaitza kaskarrena, ostera, Micolor laginak lortu du (tinkotasun apurreko koloretako arropak bereiz ikuztea aholkatzen du). Colon, Dixan Ariel eta KH color laginek ere emaitza ona lortu zuten, baina hiru hoberenetatik urrun.

Ikuzi ondoren arropari kolore gutxien erauzi dioten laginak Micolor eta KH dira, 25 saiakera egin ondoren frogatu zuten bezala. Berariazko produktua da KH eta, etiketan adierazten duen bezala, “kolorea babesten du eta kolorea suspertzen du, zurikaririk ez daukan formulari esker”. Gainerako sei garbikariek emaitza apalagoak erdietsi zituzten, arropa koloregabetuago baitzuten, nahiz Vial markakoak etiketan “koloreak kontuz tratatzen ditu” adierazi. Beraz, hitz gutxitan, arropako koloreetako eraginari dagokionez, garbikari likidorik egokiena KH color da. Micolor laginak ehun zuriari kolorea iragazten dio eta gainerako laginekin koloretako ehunen koloregabetzea edo margultzea gertatu zen.

Nolakoak diren, zer daukaten garbikari likidoek

Garbikari likidoek tentsoaktiboak dauzkate: produktu hauek urak berez duen ahalmen hezakaria eta ehunetako zuntzetarainoko sarkortasuna hobetu egiten dute: horri esker, zikintasuna erauzi eta uretan esekirik mantentzen dute, ureztaketan suntsituko delarik. Formulan eragile bahitzaileak ere badauzkate: hauek, izenak dioskun legez, uretako kaltzio eta magnesioaren ioiak “sekuestratu” egiten dituzte, uraren gogortasuna apalduz eta ikuzketan ioi horiei esku hartzea galaraziz. Garbikari likidoetako bahikaririk ohikoena sodio-fosfatoa da; kopuru txikiagotan, fosfonatoak, zitratoak eta EDTA izaten dituzte.

Enzimen eginkizuna da orban-mota batzuk ezabatzea: proteasek jatorri poroteikoko orbanetan (odola, esnea, arrautza) jarduten dute, amilasek orban amilazeoetan (almidoia daukatenetan), lipasek koipe eta gantzetan (olioa, zihoa) eta zelulasek, azkenik, kotoi-zuntzetan. Urdinkari optikoek, azkenik, argiaren izpi ultramoreetako batzuk irensten dituztenez, arropa zurian zuri kolore urdinska agertzeko, ikuz-eragin berezia sortzen dute guregan. Koloretako arropak bakarrik ikuzteko diren garbikarien formuletan ez daude azken gai horiek. Azterturiko zortzi laginek pH basiko samarra eta ukitu likatsua dute. Colon, Ariel, Vial eta KH markakoek likatasun apala agertzen duten bitartean, Wipp, Dixan eta Micolor laginak dira lodienak, denak ere Gior markakoa baino mehe edo arinagoak direlarik. Gior da, beraz, produktu likatsuena, lodiena eta, hau dela medio, garbikaria dosifikatzea konplexuago gerta daiteke agian. Colon, Ariel, Vial eta KH arin, jariakor edo meheenak dira: beraz, dosifikatzeko errazenak ere bai.

Garbikariak daukan gai eragile edo aktiboa orbanak garbitzeko erantzulea denez, formulan zenbat eta portzentaje handiagoan agertu, orduan eta hobeak izango dira emaitzak. Horrela bada, Ariel (formularen %48a gai aktiboa dauka: gehien duena) eraginkorrena da eta KH (%21a baizik ez: gutxien duena) garbitzeko unean apalena da. Gai organikoa -tentsoaktiboak-ikuzketaren arduradun da, arroparen zikintasun orokorra desagertzea baitu eginkizun nagusia. Ariel (ikuzketan eraginkortasun handienekoa) tentsoaktibo gehien dauzkana da (%42). Beste muturrean, tentsoaktibo gutxieneko formula (%13) Gior da: baina honen emaitzak Ariel laginak erdietsitakoak bezain onak dira. Estraktu lehorra (gai eragilea) eta gai organikoaren (tentsoaktiboak) arteko aldea gai minerala da, bahikaria alegia.

Alde hori berebizikoa du Gior produktuak: bera da bahikari (fosfatoak, zehazkiago) gehien duen lagina. Gai horiek poluikari edo kutsatzailetzat hartuak direnez, fosfatoak dauzkaten garbikariak merkatuan geroz eta urriago bilakatzen ari dira. Urdinkari optikoa lagin guztietan hauteman zen, KH color markakoan izan ezik, honakoa koloretako arropa bakarrik garbitzeko produktua baita. Micolor gel -etiketan adierazten duen bezala-, koloretako arropa zein zuria garbitzeko produktua da eta, horrenbestez, urdinkaria sartu du bere formulan.

Etiketak, ongi

Aztertu diren garbikari guztien etiketek eduki garbia, fabrikatzailearen izen eta helbidea, aholkatzen den dosifikazioa, osagaietako batzuk eta “Ez irentsi; eduki haurren eskueratik kanpo; begiak ukituz gero, garbitu berehala ur askotan; deitu Informazio Toxikologikoaren Institutu Nazionalera” eta antzeko aholkuak ematen dituzte. Etiketak osagai-kopuruez adierazitakoa eta azterketan ateratako balioak erkatuz, esan dezakegu edukiak legezko mugetan daudela, zenbait kasutan adierazitakoa eta errealitatea gauza bera ez diren arren (nahiz batetik besterako aldeak garrantzirik ez izan). Nabarmen dezagun, dena dela, Wipp laginaren formulan %5,1 gai tentsoaktibo ioniko hauteman dela, etiketan horren berririk aitortzen ez badu ere.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Ikuzkailuan erabiltzeko zortzi garbikari likido (Vial, Gior, KH color, Colon, Wipp, Dixan, Micolor eta Ariel) aztertu dira; horietako batzuk, eskuz garbitzeko ere erabil daitezke. Koloretako arroparentzako berariazkotzat bere burua jotzen duen bakarra KH da. Bi litroko ontzian agertzen dira gehienak. Prezioak 324 pezetatik (Colon) 611 pezetara (Ariel) doaz, litroko.
  • Orbanak kentzeko unean, ez dira hautsetako garbikariak bezain eraginkorrak.
  • Era guztietako orbanak kentzeko egokienak Ariel eta Gior dira.
  • Ariel da hoberena gantzezko orbanen aurka (landare-olioa, olio minerala, zihoa, oliozpina, saltsa eta gurina), kotoizko ehunetan, eta orban proteiniko eta amilazeoen kontra (odola, kakaoa, esnea, belarra edo almidoia). Gior da egokiena ehun sintetikoetatik gantzezko orbanak kentzeko. Orban oxidagarriak (kafea, ardoa, fruta) hobekien garbitzen dituztenak Ariel, Gior eta Dixan dira.
  • Batek (KH) izan ezik, denek izan zituzten arazoak kolorearekin. Garbikariek arropetako koloreak errespetatu behar dituzte, beraiekin ikuzten ari diren beste arropetara kolorerik iragazi gabe. Ehun zurietarako koloreen iragazpenean emaitza egokienak Wipp, Ariel, Vial eta Gior laginek agertu zituzten; halaz ere, horiek berak dira ehuna gehien margultzen dutenak, Colon markakoarekin batera. Micolor laginak erdietsi zuen emaitza hoberena kolore-galeran, baina txarrena ehun zurietarako koloreen iragazpenean.
  • Kalitate-prezioa erlaziorik onena (formulatik kendu beharko lituzkeen fosfato horiek dauzkan arren) Gior laginak agertzen du: merkeenetako bat izaki, bere emaitzak eta Ariel markakoarenak (garestiena eta hoberena) pare-parekoak dira.

Banan-banan

Garbikari likidoak, banan-banan

Gior

  • 2 litro. 352 pezeta litroko, oso merkea. Kalitate-prezioa erlaziorik egokiena.
  • Ariel laginarekin batera, era guztietako orbanak kentzean eraginkorrena. Fosfatoak (poluikari eta ordezkatzeko modukoak omen dira) dauzka, beste laginek ez bezala. Ehun sintetikoetatik gantzezko orbanak kentzean (%47ko eraginkortasuna) nabarmentzen da.
  • Koloretako ehunen tindua galtzen du.
  • Osoko kalifikazioa: ongi.

Ariel.

  • 1,75 litro. 611 pezeta litroko, denetan garestiena. Gior laginarekin batera, era guztietako orbanak kentzean eraginkorrena.
  • Kotoizko ehunetatik gantzezko orbanak eta orban proteiniko eta amilazeoak (odol, kakao, belar, esne-kakahuet, almidoi eta antzekoak) garbitzean, egokiena.
  • Koloretako ehunen tindua galtzen du.
  • Osoko kalifikazioa: ongi.

Colon

  • 2 litro. 324 pezeta litroko, denetan merkeena.
  • Orbanak garbitzeko eraginkortasunez, “onargarria”. Orban proteiniko eta amilazeoak garbitzean (%50) nabarmentzen da.
  • Koloretako ehunen tindua iragazten du.
  • Osoko kalifikazioa: onargarria.

Vial

  • 2 litro. 328 pezeta litroko, oso merkea.
  • Orbanak garbitzeko eraginkortasunez, “onargarria”. Orban proteiniko eta amilazeoak garbitzean nabarmentzen da.
  • Koloretako ehunen tindua iragazten du.
  • Osoko kalifikazioa: onargarria.

KH

  • Litro bat. 495 pezeta litroko, garestia.
  • Ikuzteko eraginkortasunean “arrunta” baizik ez, eta era gehientsueneko orbanak garbitzean, txarrenaHoberena berriz -on bakarra, zehazkiago- koloreak errespetatzeari dagokionez.
  • Koloretako arropa bakarrik garbitzeko dela dio etiketak.
  • Osoko kalifikazioa: onargarria.

Dixan

  • 2 litro. 400 pezeta litroko.
  • Orbanak garbitzeko eraginkortasunez, “onargarria” oro har. Orban proteiniko eta amilazeoak garbitzean nabarmentzen da baina txarrena da bera (%34ko eraginkortasuna baizik ez) ehun sintetikoetatik gantzak garbitzean.
  • Koloretako ehunen tindua iragazten du. Osoko kalifikazioa: onargarria.

Wipp

  • 2 litro. 448 pezeta litroko.
  • Orbanak garbitzeko eraginkortasunez, “onargarria”, oro har. Ez da nabarmentzeko modukoa (ez alde ez kontrako alderdiengatik) inongo orbanik garbitzean.
  • Koloretako ehunen tindua iragazten du.
  • Osoko kalifikazioa: onargarria.

Micolor

  • 2 litro. 388 pezeta litroko.
  • Orbanak garbitzeko eraginkortasunez, “arrunta” besterik ez eta, orban gehienak garbitzean, txarrenetako bat da hau.
  • Koloretako ehunen tindua ez du margultzen, baina ehun zuriari kolorea iragazten dio.
  • Osoko kalifikazioa: arrunta, txarrena.