Eskolatik irtetean, ikasketa eta jostaketa
Gimnasia, dantza, judoa, igeriketa, informatika, hizkuntzak, antzerkia, pintura, musika… Eskolaz kanpoko jarduerak ume askoren eskolaldiaren osagarri bilakatu dira; areago, osagarri ez ezik, benetako ikasgai eta, zeregin ugariko gurasoentzat, lasaialdi ederra ere bai. Eskolako ordutegiz kanpo egiten dira horrelakoak eta jakin-min eta kezkak pizten, area jakinen bateko ezagutzan sakontzen, sormena sustatzen eta balioak garatzen laguntzen dute. Ikastegian bertan zein akademian edo kirol klubetan praktika daitezkeen arren, jarduerak ez dira aldatzen, orokorki. Alde nabarmenena kostuan datza: eskolan merkeago izaten dira, aldez edo moldezko subentzioekin lagunduak baitaude eskuarki.
Zaletasunei dagokienez, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren lehen txostenaren arabera (bertan, irakaskuntzaren kalitatea balioztatzeko, Ministerio horren metodo berriari heldu zaio) espainiar ikasleen %65ek kirola -futbola, judoa eta gimnasia erritmikoa dira ikasleek gehien eskatzen dituztenak-praktikatzen dute; %17k informatika aukeratzen du eskolaz kanpo lantzeko, %15ek dantza klasikoa eta %35ek hizkuntzak (ingelesa, gehientsuenek).
Adituek diotenez, eskolaz kanpoko jarduerak baliagarriak dira, haur edo gaztetxoaren garapen pertsonalarentzat mesedegarri direlako eta ume horrek, ohiko ikastorduez beste aldera, jolasean emaniko aldi edo esperientzia ludiko gisa bizi behar dituen heinean. Seme-alabarentzat heziketa edo kirol jarduera hautatzean funtsezkoa da hark bere adostasuna agertzea; bestela, handik gutxira motibaziorik gabe ikusiko du bere burua eta jarduera hori gorrotatu egingo du atzenean. Eskolaz kanpoko jarduera horiek tamainan hartu behar dira, jakina: haurra helduaren jardunaldiari aurre egiteko prestatua ez dagoenez, oso litekeena da saturazioak umearengan estres emozionala sortaraztea.
Kirol jarduerak
Haurra fisikoki egokiro garatzen eta hainbat gaitasunetan -pertzepzio espazial, koordinazio eragile, arintasun, oreka…- trebeago izan dadin laguntzen dio kirolak. Gizarteko kide den aldetik, adin txikikoak erantzukizunak bereganatzen ikasten du, ezarritako arauak ulertzen ditu, arrakastaz gozatu eta porrotari buru egin behar izaten dio. Nolanahi ere, neurriak hartu behar izaten dira, jarduera horrek bidezko mugak gainditzen dituenean -okerreko posizio edo exekuzioak eginez edo gehiegizko zamak eroanez- inork nahiko ez lituzkeen kalteak gerta litezke eta. Horrenbestez, haurrentzako kirola hezitzaile espezializatuek irakatsi behar dute nahitaez, jarduera umearen adin eta egoera fisikoari egokituko dietenak. Bestetik, lehiako kirola ezin da praktikatu umeak hamar urte bete arte, gutxienez.
- Saskibaloia. Norbere jarduera kontrolatzen eta gainerako taldekideenetara egokitzen laguntzen du. Erregularki praktikatzen denean, aparatu lokomotorean arazoen agerpena prebenitzen eta pisua kontrolatzen laguntzen du. Azkartasun, malgutasun eta arintasuna areagotzen ditu kirolariagan. Jolas gisa, umeak 7 – 8 urte dituenean has daiteke praktikatzen. Maila ona erdiesteko entrenamendu erregularragoak 12 urteetatik aurrera has daitezke. Prezioa: 15 eta 20 euro artean.
- Borroka-arteak. Adimenaren eta psikomotrizitatearen garapenaren mesedegarri, gorputz eta gogoa harmonizatzen dituzte. Kontzentrazioa areagotzen dutenez, bulkadak kontrolatzen ikasteko balio dute. Koordinazioa, erresistentzia, indarra, azkartasuna, malgutasuna eta auto-diziplina hobetzen dute. Aholkatzeko modukoak dira ume lotsatiarentzat (segurtasunaz janzten duelako) zein oldarkorrarentzat (gehiegizko energia hortxe deskargatzen baitu). Prezioa: 15 eta 20 euro artean.
- Irristaketa artistikoa: Koordinazioa, oreka eta trebezia eragilea hobetzen ditu. Hanketako muskuluak garatu eta indarra areagotzen du. Junturak malguago bihurtzen ditu. Sei urteetatik aurrera praktikatzekoa. Prezioa: 15 eta 21 euro artean.
- Futbola. Azkartasuna eta erreflexu-gaitasuna hobetzen eta talde-lana lehenesten irakasten du. Hamaika urte bete aurretik kirol hau jolas gisa bakarrik praktika daiteke, lehiatik at. Hamabi urteetatik aurrera haurren arteko lehiaketetan parte har dezake umeak, denbora laburragoan, baloi bereziarekin eta zelai txikiagoan arituz. Hamabost urteak betetakoan lehiaketa errealagoetan esku har dezake gaztetxoak, partida batetik bestera behar beste denbora pasatzen utzita (48 edo 72 ordu, gutxienez). Prezioa: 15 eta 20 euro artean.
- Tenisa. Erreflexuak, koordinazioa eta psikomotrizitatea hobetzen ditu. Haurrari oldarkortasuna deskargatzea ahalbidetzen dio. Bost urteetatik aurrera praktika daiteke. Prezioa: 15 eta 31 euro artean.
- Gimnasia erritmikoa. Artea marko harturik, trebezia eragileak, gorputzaren ezagutza, erritmoa eta mugimendua hobetzen laguntzen du. Talde-lana lehenesten du. Bost urteetatik aurrera praktikatzeko modukoa. Prezioa: 14 eta 20 euro artean.
- Boleibola. Tolerantzia eta kirolzaletasuna bultzatzeaz gainera, gainerako kideak eta jokatzeko arauak errespetatzen irakasten du. Arintasuna, erreflexuak, indarra eta azkartasuna hobetzen ditu. Forma fisiko onean egotea ahalbidetzen du, kirol honetan behe zein goi ataletako muskuluak lantzen baitira. Hamar urteetatik aurrera praktika daiteke. Prezioa: 15 eta 20 euro artean.
/imgs/20051001/nata.jpg Igeriketa. Kirolik osatuenetako bat da, bertan muskuluak, koordinazio eragilea, zirkulazio eta arnasketa aparatuak trebatzen eta zailtzen direlako. Ura tenperatura atseginean dagoela, ariketa arin konbinatuek umea lasaitu egiten dute, apetitua eta loaldia hobetzen dizkiote eta, ondorioz, aldartea eta jokabidea ere bai. Entrenamendu bizian ez da komeni hastea 10 – 12 urte bete aurretik (umearen garapenaren arabera). Prezioa: 15 eta 20 euro artean.- Xakea. Pentsatzen ikasten du umeak, oroimena, arrazonamendu logikoa, sena, kontzentrazioa eta irudimena garatuz. Erabakiak hartzen ikasteko, porrotak eta arrakastak onartuz. Erantzukizuna garatzen du. Pazientzia areagotzen du. Zazpi urteetatik aurrera praktika daiteke. Prezioa: 13 eta 23 euro artean.
Arte jarduerak
Estetika, sormena, hausnarketa eta nork bere burua zaindu eta hobetzeko ahalegina suspertzen dute. Musika, abestia, idazketa, pintura, eskultura, argazkilaritza eta esku-lanak dira alor honetako aukera batzuk. Musikak eta dantzak, gainera, psikomotrizitatearen garapenaren estimulazioan berebiziko eginkizuna betetzen dute. Musika tresna bat ikasteak arrazonamendu espaziala sustatzeaz gainera, hainbat balio ere irakasten ditu: auto-diziplina, pertseberantzia eta ardura.
- Pintura. Irudimena, begi- eta esku-trebezia, adierazpen plastikoa eta edertasunaren aldekotasuna garatzen ditu. Sei urteetatik aurrera praktika daiteke. Prezioa: 17 eta 33 euro artean.
- Antzerkia. Oroimena, irudimena sormena eta gorputz mugimenduaren kontrola indartzen du. Irakurketa sustatzen du. Zortzi urteetatik aurrera praktikatzeko modukoa da. Prezioa: 14 eta 27 euro artean.
/imgs/20051001/musica.jpg Musika. Irudimena sustatu eta sormena, oroimena, ordena, arreta iraunkor mantentzeko eta azterketa egiteko gaitasuna garatzen laguntzen du. Kontzentratzeko gaitasuna, sentsibilitatea eta oroimena hobetzen ditu. Ikasketa prozesua errazten du, neurona-kopuru eskerga aktibatzen duelako. Haurrentzako musika-tresna egokienak pianoa, flauta eta perkusiokoak dira. Lau urteetatik aurrera praktika daiteke. Prezioa: 15 eta 33 euro artean.- Dantza. Gorputz adierazpen eta komunikazioan eragin mesedegarria du, musika-sena, koordinazioa eta talde-lana garatuz. Nori bere gorputzaren kontzientzia eta erritmo-sena ematen dio dantzak, ahalmen eragileak eta koordinazioa garatzen ditu, sentimenen trebezia hobetzen, gogoa eta oroimena indartzen eta jendetasuna sustatzen du. Lau urteetatik aurrera praktika daiteke. Prezioa: 13 eta 20 euro artean.
Jarduera akademikoak
Hauen helburu behinena ezagutzaren bat eskuratzea da. Hizkuntzak ikastea, eskolako ikasgaiak sendotzea eta informatika dira jarduera nagusiak.
- Hizkuntzak. Hainbat azterketa neurologikok frogatu duen legez, haurrak bi hizkuntza ikas ditzake aldi berean eta biak jasoko ditu garuneko area berean. Bigarren hizkuntza hori helduaroan ikasten denean, aldiz, ama hizkuntza jaso ez zen garuneko area batean biltzen denez, bigarren hizkuntza txiki-txikitatik ikasten duten haurrak bata eta bestea hizkuntza isolatu gisa eskuratuz hazten dira eta, hortaz, hizkuntza batek bestea kutsatzeko arriskurik ez dago. Hortaz aparte, etorkizunean, lanean zein bizitza pertsonalean izango duten baliagarritasunaz ez dago dudarik. Hiru urteetatik aurrera ikas daitezke. Prezioa: 15 eta 37 euro artean.
- Informatika. Egungo haurrak Internet garaikoak direnez, teknologia berriak egunero erabili beharreko lanabesak dituzte. Informatika, hezkuntza-etapa desberdinetan helburuak eskuratzeko eta ikasketa errazteko baliabide didaktiko gisa erabili behar da. Sei urteetatik aurrera ikas daiteke. Prezioa: 14 eta 37 euro artean.
Nola asmatu?
- Eskolaz kanpoko jarduerak haurrak aisialdiaz gozatzen duenean gauzatzen direnez, txikiaren interesa suspertzeko bezain interesgarriak izan behar dute. Dena den, lehendabizi, galde egiozu haurrari bakarren bat praktikatzeko interesik ba ote duen. Motiba ezazu seme-alaba baina hertsatu gabe.
- Jarduera aukeratzeko unean izan kontuan haurraren zaletasunak, nortasuna eta trebeziak. Horrela ez jardutekotan, oso litekeena da eskoletara joan beharrak umea itotzea eta, luze gabe, jarduera hori gorrotagarri gertatzea. Lau urteak betetakoan, haurrak badaki gustuko zer duen eta zein jardueratan sentitzen den eroso.
- Ez lehenetsi zeure frustrazioak: ez ahalegindu zure seme-alaba txapeldun izan dadin zuk gainditu ezin izan zenuen jarduera horretan . egin saihets sexismoari. Mutikoak judoan eta neskatoak dantza klasikoan matrikulatzeko joera nagusi dabilela egiaztatu dute hainbat azterketak.
- Ez kargatu larregi . Hautaturiko aukera zeinahi dela ere, ez saturatu umea. Eskolaz kanpoko ikasketa horiek ez dute iraun behar astean hiruzpalau ordu baino gehiago. Ez ahantzi zure seme-alabak ere astiaren premia izaten duela.
- Maila intelektual zein fisikoan umea ezinean dabilelako, jarduerak itotzen duela ikusten baduzu, bila ezazu haren nortasunari hobeki egokitzen zaion beste bat.
- Ez baliatu eskolaz kanpoko jarduera zerbait erdiesteko edo jarrerarik zigortzeko.
- Erakutsi interesa zure seme-alabak lortutakoaren aurrean. Sostengatu eta balioztaturik ikusiko du horrela bere burua.
Nolako haurra, halako jarduera
- Ume lotsati eta barnekoientzat jarduera egokienak taldeka praktikatzen direnak dira, adiskideekin harremanetan sartzen eta beldurrak gainditzen lagungarri izango dituztelako. Lehiazkoak ez dira aholkatzeko modukoak eta dantza edo antzerkia, aldiz, egokienetakoak dira.
- Haur nagiek banakako jarduerak, ahalegin berezia eskatzen dutenak, praktikatu behar dituzte: muska tresnaren bat jotzea, eskiatzea, patinajea edo pintura, adibidez.
- Txiki urduri edo oldarkorrentzat , tentsio-egoeretan bere burua kontrolatzera behartzen dutenak dira, hala nola borroka-arteak, igeriketa, hipika edo xakea.
- Erlazionatzeko arazoak dituzten umeek taldekako jardueretan esku hartu behar dute, taldeko osakide gisa: saskibaloia, futbola, eskubaloia, gimnasia erritmikoa edo boleibola dira egokienetako batzuk.