Birziklapena eta elkartasuna, elkarren eskutik
Murriztu, berrerabili, birziklatzea: horra hor, hiritar eta kontsumitzaile gisa, maizago praktikatu beharko genituzkeen ariketa ekologikoak. Etxean baliaturiko papera, beira edo plastikoa geroz eta gehiago birziklatzen bada ere, jokamoldea ez da horretara mugatu behar: ohiz erabiltzen ditugun beste hainbat produktuk ere (botikak, aparatu elektronikoak, betaurrekoak, etab.), ekologiaren alde eta elkartasunez jokatzeko aukera ematen digute.
Horregatik, modelo berri bateko betaurrekoak ekarrita, zorroan ditugun orain artekoek berebiziko garrantzia izan dezakete beste inorentzat: aski da, helburu hori betetzeko, lan humanitario horretan diharduten erakundeetara igorri edo gai horren inguruko kanpainan diharduen optiketako batean uztea. ‘Ayudemos a un Niño’, ‘Natural Optics’, ‘Ayuda en Acción’, ‘Ópticos x mundO (OxO)’, ‘Unión por la Visión’ o el ‘Club de Leones’ dira Espainiako erakundeetako batzuk; horiek, espainiar optikekin elkarlanean, betaurrekoak jaso eta banatzeaz arduratzen dira, herrialde azpigaratuetan erabiliak izan daitezen.
Botikek, aparatu elektronikoen (telefono eramangarriak, ordenadoreak, etc.) antzera, kalte larria eragin dezakete ingurugiroan, txikiak diren arren, sekulako kutsadura sortzeko gauza dira eta. Etxeko botikinean gorde dugun botika ere osasunarentzat kaltegarri gerta daiteke: ospitalean sartzen diren hiru pazienteetako bat, auto-medikazioaren eta egoera txarrean harturiko botiken ondorioz dago hor.
Telefono mugikorrak eta material informatikoa fabrikatzen dituzten firmak aspaldi ari dira lanean, produktu horien bilketa eta birziklapena geroz eta eraginkorrago eta merkeago izan dadin. Europar Batasunak, adibidez, pila eta aparatu elektroniko zenbait birziklatzea xede duen “Tragamovil” proiektu espainiarra finantzatzen du eta orain beste bi sartu dira bide horretan: Ecopilas eta Ecofimática. Dena den, proiektuak proiektu, telefono mugikorren salmenta eta birziklapenaren arteko aldea berebizikoa da oraino: Espainian 2002 urtean saldu ziren hamabi milioi telefonoak honez gero zaharkituak egonik, Tragamóvil proiektuak urte horretan 550.000 ale baizik ez zituen jaso. Salmenta eta birziklapenaren arteko aldea laburtzeko xedez, europar legerian euskailu harturiko Espainiako errege dekretu batek, aurtengo abuztuaren 13tik hasita, aparatu elektriko eta elektronikoak fabrikatzen dituztenei bere produktuak berriro jaso eta birziklatzeko sistema ezarrarazi die, eginkizun hori orain arte udal eta autonomi erkidegoen ardura bazen ere. Laurogei milioi eurotako kostu hori fabrikatzailearen lepotik ordaindu ordez, legeriak kontsumitzaileari kargatzeko aukera ematen du, etiketan horrela adierazten bada.
Botikez ari garela, Espainiako 20.000 farmaziek badituzte berariazko edukiontziak duela hiru urtez geroztik, farmazia-laborategi, banatzaile, ingurugiro alorreko agintari, eta kolegio profesionalek sustaturiko Farmazia Sektoreko Ontzi-Hondakinak Kudeatzeko Sistema (FSOHKS) izenekoaren barnean. Produktuak behar bezala birziklatzeko, botikak -bere prospektu eta guzti- bere ontzian entregatu behar dira, aparatu eta gai batzuk salbuetsita: termometroak, pilak, gasak, aposituak, orratzak, aparatu ebakitzaileak, protesiak, erradiografiak, ezta maisu-formulen arabera osaturiko botikak ere. Botikatik ezin bereiz daitezkeen ontziak (pomadak, xarabeak, etc.) eta botika-hondakinak “balorizazio energetikora” bideratzen dira: teknika horri esker, esandako gaiok berriro erabil daitezke, energia ekoizteko. Horrekin, pasa den urtean 500 ikasleko 40 eskola urtebetez argitzeko bezainbeste indar produzitu zen.
Halaz ere, botiken birziklapenak egin beharreko bidea luze da oraino. FSOHKS erakundearen arabera, Espainian 2004 urtean ia 1.700 tona ontzi jaso ziren, hau da, aurreko urtean baino %21 gehiago. Dena den, honelako zaborretik 32.000 tona osatzen dira urtean. Soberako botikak Hirugarren Mundura bidaltzeko aukeraz, berriz, OME erakundeak bestelako aholkua eman du: botikak igorri ordez, hobe da dirua batzea, farmazia alorreko gobernuz kanpoko erakundeek sendagaiak bidai ahal izan ditzaten.
- Baliatzen dugun ur eta energiaren, produktu toxiko eta kutsagarrien erabilera urritzea funtsezkoa da. Era berean, behin bakarrik erabiltzekoak diren produktuek sortzen duten hondakin piloa dezente murriztuko litzateke berriro erabiliko balira.
- Berrerabiltzeak esan nahi du kontsumo-objektuak ahalik eta gehien aprobetxatzea: horrela hondakin gutxiago sortuko dira eta lehengaien eta energiaren ustiapena arinduko da. Behin baino gehiagotan erabiltzeko moduko beirazko botilak baliatzea, paper orriak bi alderdietatik erabiltzea edo dagoeneko ez darabilgun objektu hori balia dezaketen pertsonei eskaintzea dira denok praktikan jarri beharko genituzkeen jokaerak.
- Birziklapenari dagokiola, kontua da materialak -murriztea edo berriro erabiltzea ezinezko gertatu denean- berriro erabiltzea, antzeko produktuak ekoitzi ahal izateko. Gure etxean pilatzen diren paper, kartoi, beira, plastiko edo, areago, jaki-hondakinak birziklatzeko moduko gaiak dira: horiek, egokiro sailkatuta, berariazko edukiontzietan utz daitezke, aprobetxa daitezen.