Askatasuna ala morrontza?
Sokratesek: “Burua estalita hitz egingo dut; horrela, hitzez hitz lauhazkan, ondo azkar iritsiko naiz amaieraraino, zuri begiratuaz lotsaren lotsaz gelditu gabe”. Berba horiek entzunik, Platon ikasleak idatzizko elkarrizketetako batean frogatu zuen mintzatzailea errazago has daitekeela hizketan ikusten ez duen, behin ere ikusi ez duen eta seguruenik ostera ikusiko ez duen pertsona batekin ikusten ari den pertsonarekin baino, transmititu nahi dena norberaren afektuak eta maitasunezko sentimenduak direnean, batik bat. Antzinako Greziako filosofo horiek XXI. mendeko komunikazio teknologiak ezezagunak zituzten arren, garaiotan gertatzen ari den fenomenoa ulertzen lagundu gaituzte beren hitzek: elkarrekin komunikazioa eraikitzeko idatzizko hitzaz baliatzen diren urruneko harreman pertsonalen kasua, alegia.
Mesede edo kalte, erabileraren arabera
Chat, SMS edo e-mail bidez harremanetan sartzeko aukera aurrez aurre egitekoa baino handiagoa da. Egun faktore estetikoek duten garrantzi handiaren ondoriozko eragozpen fisikorik gabe gauzatzen da eta ohiko ingurunearen baldintzatzaile ekonomiko eta sozialak bazterrean uzteko balio du. Horrelako ezaugarriak ez agertzeak, ordea, esaten dena uste bezain egiazkoa ez izatea eragin dezake. Arrazoia: aurrez aurre mintzatzen garenean agerian uztea gustatzen ez zaizkigun hainbat alderdi ezkutuan gordetzen ditugu horrela. Lotsa, herabea eta barregarri gertatzeko beldurra gaindituak daude bitarteko birtualean, “burua estalita” hitz egiten dugulako. Eta, idatzizko hizkerak ñabardura gutxiago agertzen baditu ere, badu abantaila handi bat: norberak gizartean betetzen dituen rolen ondoriozko oztopoei nahi denean saihets egin diezaioke, alegia.
Horrek, dena den, aldeko eta kontrako alderdiak agertzen ditu. Teknologia berriei esker antzeko zaletasun edo kezkak dituzten pertsonen arteko harremanak sortzen dira eta, areago, norbait isolamendutik ateratzeko ere balio izaten dute; bestetik, ordea, nahaste eta gezurrezko errealitatean murgil daiteke pertsona eta, okerrago, hor bizi denak frustrazio larri eta arriskutsuak nozi ditzake.
Harreman-bide berria
Bestela ezagutu ere egingo ez genituzkeen pertsona eta taldeekin kontaktatzeko bide bihurtzen zaigu sarea, gehienetan. Lanabes horri esker, distantzia fisikoak deuseztatu eta, eskuarki, guk bezalako kezka eta zaletasunak dituen jende gehiago ezagutzeko egarria asetzen dugu. Honaino, beraz, dena mesedetarako. Arazoa, berriz, horrelako harremanek kontaktuz eta gertukotasunez landutakoak ordezkatzen dituzten unean agertzen da. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi mezularia akabatu behar dugunik, Internet tresna madarikatutzat jo behar dugunik, alegia, horrek erakusten dituen patologiak lehenagotik ere nozitzen baikenituen. Bestela esateko, Internet ez da harreman anormal horien kausa, Sarea baliatzen duten eta arazo emozionalak nozitzen dituzten pertsonei aukera emateko bidea baizik; nahiz eta, gura ez badute ere, pertsona horiek Sareak harrapaturik geratzen diren, hori komunikazio bide bakar bihurtzeraino.
Alde erakargarria: askatasun sentsazioa
Internet bidez erlazionatzen diren pertsonek ohiko harremanetan nozitzen ez duten askatasun sentsazioa bizi ohi dute. Bitarteko horrek agindutako arauak bete beharrekoak diren arren, topatu nahi ez ditugun balizko ondorioak saihestuko direlakoan gauzatzen dira solasaldiak. Internautak egoera kontrolatzen uste duenez, bestelako inguruetan inondik ere baliatuko ez lituzkeen adierazpideak darabiltza hor. Idazketak, gainera, ohiko bizimoduan ezkutaturik irauten duten barne-gorabeherak agerian utziko lizkioke baina jardunbide honetan gizateriak aspaldi-aspaldian gutiziatu duen zaletasuna praktikan jartzeko aukera du: bera ez denaren plantak egitekoa, bestelako biziak bizitzekoa, une batez bederen. Interneti esker beste norbaitekin bere denbora eta espazioa partekatzen dituenak, ostera, badaki mintzakideekin konpromisoa bere kabuz eta inongo azalpenik emateke hauts dezakeela, seguru jakin ere.
Aipaturiko guztia -konpromisoak ez bereganatzeko ezgaitasuna izan ezik- ez da ona eta ez da txarra, berez. Beste norbait izatera jokatzea gizasemeak zein emakumeak bere berea duen praktika da. Pertsona batzuek, izan ere, lanbide bihurtzen dute hori: horra aktoreak, esate baterako. Nork bere buruaz ñabardurak, idatziz jartzeari esker, atzematea mesedegarria gerta dakioke; baita, era berean, egiten denarekin aske eta seguru sentitzea. Zergatik harrotzen dira zalantzak, ordea? Zergatik ikaratzen gara horrelako praktiken ondorioen aurrean?
Interneten munduarekin harremanetan sartzeko ohiko formei erantsi beharreko beste formula bat topatu duten pertsonentzat Sarea zoriontsu eta gizartekoi egokitzeko, ikasteko, solasaldian aritzeko, sentimendu, ideia eta ezagutzak partekatzeko gune izango da. Beren garapen pertsonal eta sozialean trebatzeko baliatuko dira lanabes berri horretaz.
Baina, bestetik, Internet babesgune bihur daiteke, ezkutuko patologiak suspertu edo elikatzeko ere balio dezakeen heinean. Tresna horrek lotura koherenterik gabe irrealtasuna bizitzeko aukera ematen du, eta hori biziki erakargarria du bere buruarekin konforme ez dagoenak. Kaltea eragin eta nozitzea ahalbidetzen duen bitartea ere bada. Askatasuna ematen -edo, gutxienez, emateko sentsazioa agertzen- duen lanabes hau esklabutza-plegu bilakatzen denean (biktima konturatu gabe ere) hasten da alarma joka.
Nola atzeman gehiegizko mendekotasuna
- Ordu libre guztiak Internet bidez besteekiko harremanetan betetzen dira.
- Aurreko adiskidantzazko lokarriak alboratzen -edo, areago, hausten- dira.
- Eraginiko pertsonak mendekotasuna ukatu egiten du, chat, SMS edo foroetara “atxikitzen” ari dela entzutea ez duelako gustukoa.
- Oldarkor eta haserre agertzen da konektatzea lortzen ez duenean.
- Lagun “birtualen” gaineko informazioa ezkutatu egiten du. Inoiz horietaz iruzkinik egin badu, horrela jokatzeari utzi dio.
- Harreman pertsonalari eskain diezaioken baino askoz ordu gehiago ematen ditu solasaldi birtualetan, are loaldiari, lanari edo bestelako zereginei orduak lapurtuz.
Internet bidezko harreman-mundu hori ona edo txarra den galdetuta, ihardespena bakarra dago, eskarmentuaren emaitzen pertzepzioa, alegia: nabigatzeak pertsona pertsonago, orekatuago, zoriontsuago, kultuago… bihurtzen badu, gizakiaren garapen pertsonal eta sozialean Internet sekulako lanabesa dela ondorioztatu beharko dugu. Bestela, ezkutuko patologien habia, gizakia lotura koherenterik gabe mantentzen duen irrealtasunean bizitzeko aukera edo, areago, kaltea eragin edo nozitzeko bitartekoa denean, ordea, Sarean zehar nabigatzen duen gizakia bertan harrapatuta geratu dela pentsatu beharko dugu; beraz, hastapenean askatasuna eskuratzeko aukera zena morrontza-plegu sofistikatu bilakatu zaio.