Helburua: azkazal bikainak
Bestela badirudi ere, eraldatutako larruazal mota bat da azkazala, apaintze-funtzio bakarra ez duena. Hatzen azkeneko falangeak babesten dituzte, hatz-behatzen muturrak euskailuez hornitzen dituzte eta hainbat zereginetan lagungarri ditugu: korapiloa askatzean edo azalera bat igurztean, adibidez. Azkazalen itxura osasun egoeraren adierazle izan daiteke eta azkazalak sendo mantendu eta ez hondatzeko bereziki zaindu behar ditugu. Elikadurak, higieneak eta manikurak haien egoera hobetu eta zoldurak nozitzeko arriskua arindu egin dezakete.
/imgs/20051001/unas.jpg Azkazala keratinazko hiru geruzak osatzen dute: lehena, atal distiratsuena dugu, bigarrenari erdialdeko keratina deritzo eta hirugarrenari keratina sentsiblea. Guraizea edota berariazko aparatua gehiegi erabiliz gero, hiru geruza horiek tolestu edo elkarrengandik bereiz daitezke.- Azkazal osasuntsuak obalo itxura dauka, arrosa kolorekoa eta leuna da, hein batez, epidermis-ohantzeko baskularizazio ugaria edukitzearen eta azkazala berez gardena izatearen ondorioz.
- Anomaliarik (loditzea, kolorea aldatzea, mina sentitzea, etc.) hautematen baduzu, jo sendagilearengana.
- Haurtzaroan azkazalak malgu, garden, azalera lau eta ganbilekoak dira. Helduaren azkazala gogorragoa ohi da eta lunula (azkazalaren behealdeko ilargi erdi itxurako zona zurixka) agertzen da beti. Zahartzaroan distira galtzen du azkazalak, opaku, gris eta hauskor bihurtzen da eta lunula desagertu egiten da bertatik, gehienetan.
- Helduaren hatzetako azkazalak egunean 0,1 milimetro hazten dira egunero; haurtzaroan, 0,15 milimetro eta zahartzaroan, aldiz, 0,06 milimetroraino jaisten da hazte hori.
- Azkazalen guztirako edukiaren %7 – 16 bitartekoa ura da: ur hori mantentzea komeni da, azkazalak behar bezain gogor eta malgu izan daitezen.
- Azkazalaren etsai amorratuak asko dira: ura, manikura oldarkorra, detergenteak, kosmetiko txarrak, esmaltea kentzeko formula txarreko produktuak, substantzia urratzaileak, alergikoak, kolpeak etc.
- Azkazaletan agertzen diren orban zuri horiek mikrotraumatismoen (zuzenean harturiko kolpe txikien) ondorio dira: horiek medio, barneko geruzak elkarrengandik bereizten dira, kanpo aldean hondamenik gertatu gabe.
Hobe prebenitzea
- Esmaltea kentzeko edo azkazala gogortzeko ez erabili formol gehiegi daukaten produktuak: horrek, azkazala lehortzeaz gainera, azkazala berez babesten duten keratinazko geruzak hondatzen ditu, kanpo-erasoen aurrean babesik gabe utziz.
- Esmaltea kentzeko produktuak olio-substantzia ugari eduki behar ditu baina azetonarik ez, honek azkazala babesten duen geruza hondatzeaz gainera, kutikula lehortzen eta hatza horitzen duelako.
- Erabili neurriz esmaltea eta hau kentzeko produktuak.
- Aplika ezazu krema hidratatzailea eta sarrarazi azkazalean, masajea eginez.
- Azkazalak patologiarik agertzen badu ez eman produktu edergarririk: horrela egoera gaiztotu egingo duzu eta.
- Babestu azkazalak lixiba eta detergenteetatik, kotoizko barrualdea daukaten plastikozko eskularru bikunak baliatuz. Azkazalak etxeko lanek hondatzen dituzte, batik bat.
- Garbitu egunero azkazal azpian metatzen den zikinkeria.
- Eskuak garbitu ondoren, lehortu hauek eta azkazalak: urak lama ungeala eta kutikula kaltetzen, lehortzen ditu eta hezetasunak, bere aldetik, zolduren agerpena errazten du.
- Babes itzazu azkazalak eguzkitatik eta gainerako kanpo-eraso guztietatik (hotz handia, euria, berotasuna, etc.).
- Azkazal batek zoldura edo onddoa agertzen baldin badu, ez erabili horretan azkazal osasuntsuetan baliatu duzun lima bera, zoldura gainerakoetara heda ez dadin.
- Erne, erretzaileak, azkazalen osasuna ere hondatzen baitu tabakoak. Hazkuntza mantsotzeaz gainera -odol-hodiak estutzearren nutrizio-gabeziak sortarazten dituenez, itxura kaltetzen duten aldaketak ere eragiten ditu: azkazalak horitzea, adibidez-.
Manikura hobezina
- Ez egin manikura astean behin baino gehiagotan.
- Azkazalak ez du erpurutik gora iren behar: azalera librea handitzean, ur-galera areagotu egiten da eta.
- Ez kendu hazpizarrak tiraka.
- Ez kendu kutikulak: azkazal “fabrika” ez hondatzeko babesak dira horiek. Kutikula gehiegi mozteak zoldurarik harrapatzeko arriskua areagotu egiten du.
- Esmaltea kentzeko, zanpatu azkazala segundo batzuetan, azetonarik gabeko berariazko produktuan blaituriko kotoi pusketa batekin.
- Itxura moldatzeko erabili kartoizko lima (metalezkoak azkazala hauts dezake eta), alboetatik hasi eta erdialderantz jardunez, mugimendu leun eta jarraituetan. Ahal dela, ez erabili guraizerik.
- Ez leundu metodo erasokorrak erabiliz. Atera arazi azkazalen distira gamuzazko oihal edo antzekoekin igurtziz.
- Esmaltea aplikatu ohi baduzu, hori ezarri aurretik zabaldu azpiko babeslea. Eman esmaltea geruza mehe-mehetan eta, hurrengo geruza eman aurretik, egon zaitez segundo batzuetan.
Behatzetako azkazalak, beti ahantzita
- Erne bereziki oinetako azkazalekin: azkazal luzeegiak, motzegiak edo gaizki ebakitakoak zoldura-bide izan daitezke.
- Ebaki azkazalak oinak garbitu ondoren: samurrago egongo dira eta hobeki moztuko dituzu horrela.
- Erabili mutur biribileko guraizea, ez baliatu artazi mutur zorrotzak, manikurako aliketak, bizarra egiteko aitzurrak, lima metalezkoak, etc.
- Ebaki horizontalki, ertzak zuzen utzita.
- Ez moztu gehiegi: utzi lama ungeala (azkazalaren atal ikusgarria) erpurutik milimetro bat irtenean, gutxienez.
- Lima itzazu muturrak kartoizko limarekin. Ez baliatu artazi mutur zorrotzak, manikurako aliketak, bizarra egiteko aitzurrak, lima metalezkoak, etc.
Barrutik elikatzea
Azkazalaren funtsezko osagaiak keratina, ura eta lipidoak, kaltzioa eta burdina dira.
- Azkazalak sendo edukitzeko elikagai egokienak, ilea eder eta sendo mantentzen dituzten berberak dira, proteina, mineral gatz eta bitamina ugari dauzkatenak, alegia.
- Mineral gatza eraginkorrenak kaltzio, iodo, zink eta burdinazkoak direnez, hobe dugu esnea, jogurtak, gazta freskoa, txahal gibela, ziazerbak, dilistak, sesamoa eta algak kontsumitzen baditugu.
- Azkazalentzat mesedegarrienak A bitamina (tomateak, piper gorriak eta azenarioak ugari daukatena) eta B multzokoak dira (garagardo legamian dautzanak).