Haur parkeak

Haurren atsegina, gurasoen askatasuna

Beren seme-alabetan inspiratuta, joan den urteko azaroan Mexikoko enpresari talde batek iragarri zuen Europa, Hego Amerika, Asia eta Estatu Batuetara esportatuko zituela berrehun hiri txiki, ñimiño
1 urtarrila de 2000

Haurren atsegina, gurasoen askatasuna

Ekimen berri horrek irudimena gainezka agertuz, merkatu jakin batean (haurraren aisialdiarenean) iraultza egin nahi omen du: hedakuntza bizi-bizian dabilela, bilioika zenbatzen ditu egun mozkinak. Ekimen hori Espainiara eramango balitz, hasi besterik egin ez duen sektore baten berrikuntza goiztarra eragingo luke. Iruñean lehendabiziko zentroa 1994an zabaldu zuenez geroztik, Chiqui Park da, Camelot eta Multiaventura-rekin batera, haur-parkeen alorreko enpresa espainolik kementsuena. Handik hiru urtera (1997), Chiqui Park enpresaren fakturazioa mila milioi pezetakoa izan zen eta, egun, Estatu espainoleko hainbat hiritan barreiaturiko 35 parkek osatzen dute sare hori. “Gure jokabidea da aisi-espazio zabal-zabalak diseinatzea, haurrak mugarik gabeko dibertsioa izan dezan, jator, makina eta arriskurik gabe, bere psikomotrizitatea ahalik eta gehien garatuz”, azaldu digute enpresa horretako arduradunek.

Zertan datzan parke horien arrakasta?

Enpresa horrek erdietsitako emaitza ekonomikoak ikusirik, ideiak ona dirudi, berez; haurren heziketako adituen iritziz, ordea, hau bezalako ekimenen arrakasta oso bestelako faktoreek azaltzen dute: adibidez, txikienen jolas espontaneo askeak nozitzen dituen murrizketa latzak, geroz eta estuagoak, gainera. Txikiak dira etxeak, baliozko zerbait haustea dago beti, herri kozkorretan oraindik ezezagunak diren arriskuak daude hiriko kalean, umeek geroz eta aisi-denbora gehiago ematen dute telebistari begira edo eskolaz kanpoko jardueretan (helduen zuzendaritzapean, gehienetan), jolaskideekin geratzeko txikiek dituzten zailtasunak (espazio eta denboraz) hobe aipatzeke uztea. Panorama horretan, esandako murrizketak -neurri batean- arintzeko ametsezko jolastoki seguru bihurtzen dira: bertan, helduek muturra tartean sartu gabe, etxeko txikiak ongi pasa dezaten bideraturik dago dena. Urtebetetik hamabi urte bitarteko umeak jaso eta magaltzeko taxutuak daude parke horiek: adinen zabalak enpresa kudeatzaileei bermatzen die balizko erabiltzaileak ugariago izatea, jakina. Instituto Nacional de Estadística (INE) erakundeak eginiko azken balantzearen arabera, Estatu espainolean hamabi urte bitarteko sei bat milioi haur bizi dira. Chiqui Park, Camelot eta Multiaventura enpresek CONSUMERi jakinarazi ziotenez, enpresa horietako zentro bakoitzak hilean 8.500, 6.000 eta 2.800 inguru haur jasotzen ditu.

Egiazko onuraduna nor ote?

Haur-parkeen arrakastaren euskarri nagusietako bat, noski, gurasoen jokabidearekin zerikusia duen kontua da, arras bestelakoa. Gurasoek honelako zentroetan erabat sinesten omen dute -“Umeak ederki jolasten dira hor, seguru daudela”, ustez- eta, horren truke, beren aisialdia nola beteko duten antolatzeko aukera ematen die seme-alabak bertan uzteak. Testuinguru horretan, senar-emazte askoren aisialdiaren banaketan aspaldi honetan eragina hartu duen beste faktore bat ere izan behar dugu gogoan: emakumea geroz eta ugariago ari da lan-merkatuan parte hartzen. Dena den, Estatu espainoleko emakumearen lanaldia ez dago beste herrialdeetako batez bestekoetatik gertu eta, horri esker nonbait, seme-alabekin izateko denbora gehiago omen dauka. 1999 urteko hirugarren hiruhilekoa ixtean Espainiako Lan Ministerioak egin duen txostenak agertzen duenez, Estatu horretan emakumearen langabezia (%22,8koa) gizonezkoarenaren (%10,8) bikoa da; beste herrialde batzuetan (Estatu Batuak, Suedia edo Britainia Handian, adibidez) emakumeak baino larriago nozitzen du langabezia gizonezkoak (Europar Batasunean, esate baterako, emakumearen langabezia ez da iristen %13ra). Beste alde batetik, haur-parkeen negozioa dabilen testuingurua harik eta mesedegarriago izan liteke baldin eta aldakin demografikoak diren bezain ahulak ez balira.

Joan den abenduan INE erakundeak argitara emaniko inkesta bateko emaitzen arabera, Estatu espainolak mundu osoko jaiotze-tasarik baxuena du: 1,07 seme-alaba emakumeko. India 3,2 seme-alabetara iristen da, Estatu Batuak 2,06etara; Txinako emakumeak 1,8 seme-alaba ditu, Europar Batasuneko batez bestekoa 1,4 seme-alaba da eta Europako beste herrialde batzuetan (Irlanda, Danimarka, Frantzia, Luxenburgo, Finlandia edo Erresuma Batua, adibidez), emakumeko 1,7 seme-alaba baino emankortasun handiagoa agertzen dute. Ume urri jaiotzea, haur-mundutik mozkinak atera nahi dituzten era guztietako enpresa-ekimenek eragozpentzat hartzen dute, noski. Ezerk ez omen du iragartzen arazo hori (1970az geroztik larritik larriagora etorri dena: garai hartan familia bakoitzak ia hiru seme-alaba zituen) datozen urteotan konponduko denik. Esan dezagun, belaunaldi-aldaketa bermatzeko, emakume bakoitzeko 2,1 seme-alaba izan beharko lituzkeela gutxieneko onargarria.

Haur-parkea ez da ludoteka

Aldizkari honek gaian aditu direnei kontsulta eginik, haur-parkera inoiz edo behin joatea jarduera osasungarri eta jostagarria izan litekeela erantzun dute; halaz ere, espazio horrek -jardunen iritziz-, berez, ez ditu haurraren jolas-premia guztiak erabat asetzen. Jende askok nahasten ditu oraindik ere haur-parkea eta ludoteka kontzeptuak. Aurrenekoen xede bakarra, oro har, egitura psikomotrizeen bitartez haurrak jolastea den bitartean, ludotekak beste zerbait egiteko daude taxutuak: hezkuntzazko zeregina bete behar dute, eginkizun sozial eta kulturala. Ludotekan, jolas eta jostailuen bidez, haurrak aisialdian hezitzea izaten da kontua; horretarako, umeek ere nolabaiteko leialtasunez bete behar duten urteko egutegia xedatzen da. Haur-hezkuntzan espezialista direnek zaintzen dituzte txikiak ludotekan (haur-parkeetako pertsonalak, aldiz, umeen segurtasunaz arduratzea du eginkizun bakarra, ia). Horrela bada eta gure seme-alaben dibertsio-egarriak asebetetzeko unean horrelako zentroez abusatzeko tentazioan eror ez gaitezen, txikien garapen fisiko, intelektual, sozial eta afektiboa suspertzeko, helduok jolas egiteko prestakizun handiagoa erakutsi behar dugula iruditzen zaie adituei: gure etxera etor daitezen gomit egin behar diegu sexu bietako haurrei, familian jostatzeko espazioak eta denbora jaso, eta bestelako alternatibak ere (udalekuak oporraldietan, ludotekak, txangoak antolatzen dituzten zentroak, etab) eskaini.

Biziki jolas jostagarriak

Umea, normalean, ez da behin ere aspertzen parkean. Hainbat maila eta zailtasun desberdinetako zirkuituak, igerileku boladunak, txirristak, dranbak, tunelak, saskiak, indarra probatzeko makinak, marrazteko tokiak… denek osatzen dute jolastoki anitza, bi adinetan banatuak, ohiz: urtebetetik lau urte bitartean eta bostetik hamabira arte. Enpresek eskaintzen dituzten jostagarri hauei -normala den bezala, zentroen mota eta azaleraren arabera aldatzen direnak- beste hainbat gehitzen zaizkie, hala nola, era guztietako jolas eta jostailuez hornitutako urtebetetze-ospakizunak. Elkarteko bazkide izateko aukera ere ematen zaio umeari: horrela hainbat pribilegio eta abantaila berezi izango ditu: hileko zozketetan parte hartzea, ustegabeko opariak, hilean behin parkera doan joatea, etab.

Horrelako zentroen sorburua

EEBB eta Ingalaterran sortu ziren haur-parkeak, gurasoek askatasunez erosketak egin, zinera joan edo, besterik gabe, ongi pasa nahiz kirola praktikatzeko aukera izan zezaten, seme-alabak zaintzeko betebeharrik izateke. EEBBetako fast food-eko enpresa-katea bat izan zen aitzindaria, bere establezimenduetan horrelako parkeak instalatu zituelarik; handik gutxira, azalera handi batzuek formula kopiatu egin zuten, helduen erosketak errazteko xedez. Kontua zen, hitz batez, aspertu samarrak gerta dakizkiokeen tokietan haurrari jarduera ludikoak eskaintzea, gurasoek dituzten eginkizunak ez galarazi edo eragozteko. Negozioa hedatuz joan zen, atzerrian batik bat, igerileku, kiroldegi, gasolindegi, ospital, aireportu, administrazio publikoko bulego eta abarretara baina, gaur egun, aipatutako hauez kanpoko zentro independentetzat sortutako espazio isolatuetan ere aurkitzen ditugu haur parkeak.

Gurasoek hartu beharreko neurriak

Batzorde Europarrak 1998 urtean haur-jolasen segurtasunari buruz onetsi zuen arautegiak ez ditu bereizten kaleko jarduerak eta zentroen barnealdekoak. Europa osoan estatu bakar batek (Frantziak) aplikatzen du gaur egun arautegi hori; Espainiako Gobernuak, aldiz, araua nahi duenak aplikatzea xedatu du. Horrela bada, haur parkeen kalitatea eta segurtasuna xedatuko lituzkeen arauteriarik ezean, seme-alabak horrelakoetan utzi aurretik, zentro horiek gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen dituzten egiaztatu beharko lukete gurasoek.

  • Parkean zenbat pertsona sartzen diren argi eta garbi adierazi behar da, toki ikusgarrian. Haur gehiegi baldin badaude, istripuak gertatzeko arriskua areagotu egiten da.
  • Aretoak larrialdiko irteera planifikatua izan behar du (su-itzalgailuak, larrialdiko irteerak, botikina, etab), edonoren begien bistan. Larrialdiko irteerak txikienek ere erraz bereizteko modukoak izan behar dute. “Exit” hitza, esate baterako, horrelako tokietan erabat oker gertatzen da, umeek ingelesez (edo irakurtzen) ez dakitelako.
  • Zoruak bigun, malgu, haurren erorikoa moteltzeko modukoa izan behar du. Ezin liteke inola ere izan harlauza, harri edo egurrezkoa.
  • Hornikuntzako osagaiak izango dira aulki edo eserlekuak, txikienek maneiatzeko moduko lababoak eta ur-iturri edo txorroten bat.
  • Haurren jostaketa, jarduera eta zaintzaz, eta tokiaren garbiketa eta mantenimenduaz arduratuko dira bertako enplegatuak.
  • Aparatuek, inolako arriskurik gabe erabiltzeko moduko taxuera izan behar dute.

Parke nagusien eskaintza

CHIQUI PARK

  • Estatu espainoleko parke-kopurua: 35.
  • Haurren adina: urtebetetik 12 urte arte.
  • Pertsonala: 15 zaindari zentroko.
  • Bestelako ezaugarriak: haur ezinduentzat egokitutako egiturak (psikomotrizitatea garatzeko helburua dute jolasek).
  • Haur-kopurua: 8.500 haur, batez beste, hil eta zentroko.
  • Prezioak: 500 pezeta haur eta orduko (ordu erdia edo tarte txikiagoak, 250 pezeta).

CAMELOT

  • Estatu espainoleko parke-kopurua: 23. Haurren adina: urtebetetik 12 urte arte. Pertsonala: 8-10 zaindari zentroko. Bestelako ezaugarriak: haur ezinduentzat egokitutako egiturak (psikomotrizitatea garatzeko helburua dute jolasek). Haur-kopurua: 6.000 haur, batez beste, hil eta zentroko.
  • Prezioak:
    • Astelehenetik ostiralera: 600 pezeta haur eta orduko.
    • Larunbat eta jaietan: 750 pezeta haur eta orduko.
    • Mugarik gabeko denboraz, 750 eta 900 pezeta haur eta orduko, zentroaren eta egunen arabera. 10 umeko taldeetan, 350 eta 600 pezeta haur eta orduko, zentroaren eta egunaren arabera.
    • Gurasoek, sarrera doan.
    • Urtebetetze-ospakizunak: haur bakoitzeko (10 haur, gutxienez): 850 eta 1450 pezeta bitartean, ume bakoitzeko.

MULTIAVENTURA

  • Estatu espainoleko parke-kopurua: 5 beraienak eta 7 frankizia erregimenean.
  • Haurren adina: 2 urtetik 12 arte.
  • Pertsonala: zaindari bat hamar umeko.
  • Bestelako ezaugarriak: haur ezinduentzat egokitutako egiturak (psikomotrizitatea garatzeko helburua dute jolasek).
  • Haur-kopurua: 2.800 haur, batez beste, hil eta zentroko.
  • Prezioak: 795 pezeta haur eta orduko. Gurasoek ere antzeko zerbait ordaindu behar dute.