Dekorazioa eta izaki bizidunen zainketa nola uztartu
Hiri handietako monotonia grisean, izaki bizidun hauek natura ordezkatzen dute eta hain zuzen horrexegatik, bulego, etxebizitza, denda eta antzekoak apaintzeko berezko ingurunetik atera egiten ditugulako, ez dugu ahaztu behar edozein bizidunek bezala beharrizan natural jakin batzuk dituztela argi, tenperatura, ur eta elikagaiei (ongarriei) dagokienez.
Landarea habitat berrira egokitzen den ikusteko apaintzeko efektura baino urrutiago joan behar dugu. Lehenik eta behin, eguzkiaren argia ezinbestekoa da landare baten bizitzan eta gela baten barruan argi naturala adinakorik aurkitzea ezinezko denez, horren antzik handiena duena bilatu beharko dugu, ahal den guztian argi naturala emanez edo argi artifiziala erabiliz bestela. Baina ez dugu ahaztu behar argi gehiegiko lekuan dagoen landareak erredurak edo nekrosia izateko edo hostoak galtzeko arriskua duela. Argi gutxi baldin badago, berriz, haritzea gertatuko zaio: zurtoinak izugarri luzatu eta hostoak horitu eta bigundu egingo zaizkio. Bestalde, landare gutxik jasaten du eguzkiak bete-betean ematea, zenbait kaktazeoak izan ezik, loratzeko eguzkiaren argia behar izaten baitute horiek. Eguzkiaren argi bahetua (gortinadun leiho batetik hurbil) izaten da landareak hazteko egokiena eta orokorrean, orientaziorik onena ekialdea edo mendebaldea izaten da, eguzkiaren egunsentiko eta ilunabarreko izpiak hartzen baitira horrela, bero handirik gabekoak (koloredun hostaila duten landareek ez dute jasaten erdi-itzaletako gela eta hostoetako koloreak tonoa galtzen du). Argi artifizialari dagokionez, zenbait hodi fluoreszentek ematen duten argitara landareak ondo egokitzen direla egiaztatu dute ikerketek, argiok egunean gutxienez sei eta zortzi ordu bitarte piztua edukitzen badira.
Hotz eta bero handiegiak ez dira onak
Landareek batez besteko tenperatura jakin bat behar izaten dute behar bezala garatzeko, neguan 12 gradu eta udan 24 bitartekoa, baina ez dute ongi jasaten kolpeko tenperatura aldaketarik eta hazteari utzi eta garaia baino lehen hostoak galdu egiten dituzte. Adibidez, beheko suaren gaineko apala oso leku egokia da landare zintzilariak apaingarri jartzeko, baina sua piztu aurretik beste leku batera eraman beharko da landarea, beroak hil ez dezan. Eguzkiak bete-betean jotzen duen leiho baten barlasaian ere oso tenperatura altuak izango dira, itzalik gabea bada eta landareentzat jasanezin gerta daiteke; neguan ere ez da leku egokia, hotza eta haize-korronteak direla eta. Gainera, zenbait instalaziorekin kontu eduki behar da: aire egokitua kaltegarri izaten da landareentzat hurbilegi badaude eta berogailua beste hainbeste (sistema batzuek ez diote tenperaturari egonkor eusten giroa lehortu gabe).
Hezetasuna, beharrezko landarea haziko bada
Berez lurralde bero eta hezeetakoak diren landareak ihinztatu egin behar izaten dira lurrinketak eta izerditzeak eragindako ur galera konpentsatu eta giroari heze eusteko. Hezetasun falta berehala nabarmentzen da landareetan, horitu eta hostoak erori egiten baitzaizkio; hazteari utzi eta txikitu egiten dira. Arazo hori konpontzeko aski izaten da hostoak egunero ur garbiz ihinztatzea. Lan hori beti egin ezin izaten denez (gortina eta altzariak hondatuko genituzke) lorontzia turba hezetan sartzea izaten da onena, osagai horrek eutsi egiten baitio atmosferako hezetasunari. Beste bide bat: plater batean hartxintxarrak jarri, ia goraino urez bete eta lore-potea harrien gainean ipini. Beste zenbaitetan aski izaten da gelan erratilu edo pitxar apaingarri bat urez beteta jartzea hezetasun mailari eusteko.
Ongarria, aldian behingo janaria
Noizean behin elikatzea behar izaten dute landareek, lurraren erreserba naturalak agortu egiten baitira. Ongarriak kimikoak izan daitezke (ongarria elementu hutsean ematen diote landareari eta barruko landareentzat erabiltzen diren gehienak era honetakoak izaten dira) eta organikoak (adar, hezur-hauts, guano eta abarrez egiten dira eta usain txarra izaten dute). Landare orok nutrizioko hiru elementu garrantzitsu behar izaten ditu: nitrogenoa, hazteko beharrezkoa; fosforoa, hosto berriak eta lore-begiak sortzeko ezinbestekoa; eta potasioa, landareari mardultasuna eta indarra emateko. Hiru elementu horiez gain, ongarriak oligoelementuak ere ematen dizkio landareari (magnesioa, sufrea, burdina, boroa, kobrea…), bizi izateko behar-beharrezkoak.
Esan dugu lehen ere negu garaian lehortu egin ohi direla hostoen puntak. Horregatik, eta akatsez, lurra lehorra dagoen begiratu gabe landarea ureztatzeko ohitura izaten du zenbaitek (lur azala apur bat urratuta lur hezea aurkitzen baita). Lur hezeari ur gehiago botatzen bazaio, landareak ez du baliatzen, neguko atseden aldian baitago; lurra ase egiten da eta sustraien oxigeno ezaren eraginez landarea ito egiten da. Gainera, ureztatzeko erabiltzen den uraren kalitatea faktore garrantzitsua da landarearen garapenerako. Iturriko urak kare gehiegi edo kloro asko izateak klorisia eragiten du landarearen hostoetan. Euri ura izaten da egokiena, hirietan kutsatu samar egoten bada ere. Landare delikatuak baldin badituzu, ur mineralez ureztatzea izango duzu onena.
Ez ahaztu ur epela erabili behar izaten dela, ur hotzak tenperatura aldaketa eragiten baitu; Gelan edo berogailuaren alboan epeltzen uztea izaten da onena. Landareak ureztatzeko 2 edo 3 litroko garaztailua erabiltzea gomendatzen da, mutur luze eta finekoa, ura nahi den lekura bota ahal izateko. Hiru garaztatzeko modu daude: ura platerera botata: hostoak bustitzea ekiditen du modu honek, batez ere landarea tantaken aurrean sentibera baldin bada (cyclamen, saintpaulia, gloxinia edo antzekoa), urak sustraiak ondo harrapatzen baititu horrela (ureztatu ondoren platera hustu, ur larregi har ez dezan); zuzenean lorontzira botatzea; hauxe da metodorik onena, ongarria behar bezala banatzeko bidea ematen baitu; eta lorontzia uretan sartzea: oharkabean landarea eta lurra guztiz lehortu badira, hauxe duzu ureztatzeko biderik egokiena (landarea zurtoineraino uretan sartu, ontzi batean ura giroko tenperaturan jarrita).