Ondo pentsatu "urtarrileko aldapako" beherapenetan "erori" aurretik
Iritsi dira urtarrileko beherapenak. Hemen ditugu aurten ere pagotxa eta beherapenen zurrunbiloa, kontsumitzaileak prezio oneko salgaien bila jartzen dituena, benetan behar dituen pentsatu ere egin gabe askotan. Urtarrileko aldapa deitzen dugun horretan gure patrikak kalte handiagorik izan ez dezan, garrantzitsua da ondo informatu, ideiak argi eduki eta erosketa konpultsibo eta irrazionalean ez erortzea.
- Egizu benetan behar dituzun gauzen zerrenda. Kontuan izan etxeko beharrak (tresneria, tresna elektrikoak…), zeureak eta familiarenak (arropa, oinetakoak, osagarriak…). Behar baino gehiago gastatzea eta laster erabiliko ez dituzun gauzak erostea ekidingo duzu.
- Gogoan izan beherapenek ezin dutela hamabost egun baino gutxiago edo bi hilabete baino gehiago iraun eta produktuaren prezio normalean %20ko beherapena izan behar dela gutxienez.
- Kontuz presarekin. Beherapenetako lehen egunetako estuasun eta bultzakadek inpultso bidez erostera eraman gaitzakete.
- Zehaztu zenbat gastatuko duzun gehienez eta saiatu aurrekontua ez gainditzen; bestela antz emango diozu poltsikoan.
- Ez nahastu beherapenak eta merkealdiak. Denda batek salgai kaltetuak, zaharrak edo erreusak eskaintzen baditu, merkealdia eskaintzen ari da eta ez beherapenak.
- Denda batean “beherapenak” iragartzen dituen kartela badago, salmenten erdiak izan behar du, gutxienez, beherapena.
- Beherapenetan eskaintzen diren produktuek gutxienez hilabetez egon behar dute dendan. Ez fidatu beherapen garaian erakusleihoetako gaiak aldatzen dituzten dendekin.
- Begiratu beheratutako prezioarekin batera aurrekoa ere agertzen den. Beherapenarekin eskaintzen den produktu bakoitzari aurreko prezioa ere jartzera behartuta daude dendak.
- Beherapenetan kalitate berbera prezio apalagoan eskaini behar da. Bazter itzazu behar diren osasun baldintzak betetzen ez dituzten produktuak, egoera txarrean daudenak edo segurtasun neurriak betetzen ez dituztenak.
- Egiaztatu etiketa zuzena dela eta gaztelaniaz (edo estatuko beste hizkuntza ofizialen batean) irakur daitekeela. Jantzien etiketak garbitze eta lixatzeko jarraibideak izan behar ditu eta ehunaren materialen eta enpresa fabrikatzailearen berri eman behar du (manufaktura zein herrialdetan egin den barne dela).
- Etxeko tresna elektriko bat erosten baduzu, eska ezazu tresna horrek prezio normalean duen garantiako epe berbera izatea. Egiaztatu dokumentazio guztia zigilatua eta arauen barruan dagoela.
- Ordaindu aurretik, galdetu salgaia itzultzerik onartzen duten. Saltzaileak behartuta daude urteko edozein garaitan salgai akastunak aldatzera, baina egoera onean daudenekin ez da derrigorrezkoa.
- Galdetu kreditu txartelarekin ordaintzerik dagoen. Urte guztian zehar txartela onartzen duten dendak behartuta daude beherapenetan ere onartzera, prezioari ezer erantsi gabe gainera.
- Eska ezazu ordainagiria edo erosketa-txartela; ezinbesteko dira salgaia aldatu edo itzultzeko.
- Beherapenetan ere, beste edozein unetako eskubide berberak ditugu kontsumitzaileok. Dendaren batek kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak ez dituela errespetatu uste baduzu, eska ezazu erreklamazio-orria eta saia zaitez arazoa onean konpontzen.
- Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegora, autonomia erkidegoko Kontsumo Zerbitzura nahiz edozein kontsumitzaile elkartetara ere jo dezakezu.