"Gaizki diseinaturiko" artikulazioa nola zaindu
Aukera ematen digu; azken batean, hamaika tentsio eta presio jasanez, ekintza-sorta zabala burutzeko modua ematen digu eta, dena esan behar bada, guztiz mugatuta aurkituko ginateke zoritxarrez belaunean lesioren bat izanez gero.
Badirudi belauna ez dela guztiz perfektua. Biomekanikako adituek diotenez, belaunaren berezko diseinua ez da gizakiak mugimendurik ohikoenak egin ahal izateko egokiena. Esaten dutenez, bere azaleren artean -izterrezurraren kordinalen eta tibiako mesetaren artean- lotura gutxi duen artikulazioa da eta horrek mugimendu-aukera handia ematen badio ere, lesioak jasateko arrisku dezentea izaten da, mugimenduak oso kolpetik gertatuz gero. Belaunaren babesen artean artikulazioaren barruan dauden lokailu gurutzatuak (aurrekoa eta atzekoa) aipatu behar. Horiek, tibiari eta izterrezurrari finko eusten diote eta larregiko desplazamendua eta mugimendu anormalak ekiditen dituzte. Belaunaren diseinua hain konplexua izanik, lesiorik gertatuz gero hainbat hilabeteko errekuperazioa behar izaten da eta egoerarik larrienean, kalte konponezinak ere gerta litezke.
Hamaika kirolarik utzi behar izan du kirola arrazoi horregatik! Artikulazio horren erradiografiarekin jarraituz, barruko lokailuez gain barruko eta kanpoko aldeetatik alboko lokailuz indarturiko kapsulaz estalita dago belauna. Aurreko aldeari erreparatuz gero, errotula aurkituko dugu eta bertan koadrizeps izeneko giharre indartsua eta errotularen beheko polotik errotulako tendoia tibiaraino. Azalpen hori gorabehera, zer esanik ez lokailuko lesioa izan duenak ondo dakiela horren larritasunaren berri. Puntu honetara iritsita, aipamen berezia merezi dute meniskoek; izterrezurraren eta tibiaren erdian, izterrezurreko kondiloak hartzeko diseinaturik daude; belaunak jasaten duen presioa gune zabalago batean zabaltzeko funtzioa dute eta lesio arriskua gutxitu egiten da horrela. Hala ere, mugimendu zakar batek edo artikulazioa behartzeak ondorio txar-txarrak izan ditzake belaunaren funtzionamenduan.
Kirola egiteko, arreta handiagoa
Futbolean, eskian, errugbian eta abarretan presio handiagoa jasaten dute menisko eta lokailuek eta handitu egiten da lesioa izateko arriskua. Beraz, hainbat neurri hartzea komeni izaten da: zangoetako muskuluak (koadrizepsa bereziki) indartzeko ariketak sarri-sarri egitea, beroketa egokia, kirol bakoitzeko teknika ondo ikastea (itsu-itsuan ibili gabe), kirol-saioaren ondoren erlajazioko ariketa batzuk egitea eta arrisku handiagoa izanez gero, belaun-babesak erabiltzea, belauna finkatu eta egonkor eusteko. Prebentziorako beste neurri bat -batez ere egin nahi den kirola arriskutsua bada- berariazko mediku azterketa egitea litzateke, beheko gorputz-adarren eta batez ere belaunen lerrokadura nolakoa den ikusteko; izan ere, edozein desbiderapenek -sarri izaten baitira desbiderapenak- areagotu egiten du lesioa izateko arriskua edo kirola egin ondoren mina, arazoak edo belauna handitu eta ibili ezinik gera gaitezke. Gainera, behar bezala lerrokatuta egon eta presio handia jasatzen duten belaunek mikrolesioak eragin ditzakete artikulazioetako kartilagoetan eta hezurrean eta urteekin, artikulazioetako artrosi bihurtzera ere irits daitezke.
Mina, gazte eta nagusien kontua
Adineko pertsonen artean artrosiak edo gonartrosiak eragiten du belauneko mina gehienetan, baina gazteek ere -kirolik egiten ez dutenek bereziki- hainbat modutako ondoezak izaten dituzte belaunean. Adibidez, sindrome femoropateral izenekoa hainbat arrazoik eragin dezake eta oso arrunta da nerabe eta emakume gazteen artean (35 urtetik beherakoetan). Adin horretakoen artean errotulako edo izterrezurreko kartilagoko lesioak izaten dira sarri, errotularen egonkortasunik eza, kokapen akastuna (altua, baxua, kanpoko edo barneko desbiderapena…), edo mintz sinobialeko atximurtuak. Lesio horiek errotularen inguruan mina izatea eragiten dute eta gaitza areagotu egiten da ariketa fisikoa eginez gero, batez ere eskailerak eta maldak jaistean, makurtuta egon edo luzaroan belaunak flexionatuta egonez gero. Gainera, zenbaitetan korrika egitean edo ibiltzean belaunak huts egiten duela ematen du, handitu egiten da (kasurik gehienetan esplorazio fisikoan ez da artikulazioetako isuria antzematen), edo artikulazioen karraska sumatzen da. Ikusten denez, lesioen zergatia-efektua oso anitza izan daiteke eta, beraz, funtsezkoa da gaitza berehala diagonostikatzea, tratamendurik egokiena jartzeko. Tratamenduaren barruan ariketa isometrikoak egin daitezke batez ere koadrizepsa indartzeko, luzatze-ariketak, kirola egin aurretik beroa eta ondoren hotza ezartzea, eta belaun-babesak edo errotula zentratzeko ortesiak erabili. Gehienetan, era horretako tratamenduekin sendatu egiten da artikulazioa eta kasu gutxitan behar izaten da ebakuntza.
Gaitza haur eta gazteen artean
Osgood Schlatter-en gaitzak 10 eta 16 urte bitarteko gazteei eragiten die. Errotulako tendoia tibian sartzen deneko gunean gertatzen da lesioa; tendoiak periostioari (hezurra estaltzen duen mintzari) tira egin eta erauzi egiten du eta kortikala hautsi. Kasu horretan ariketa fisikoa egiten ari den bitartean eta ondoren azaltzen da mina eta koadrizepsa uzkurtzean zorrotzago bihurtzen da (presioaren aurrean ere mingarria izaten da). Gaitz hori berez sendatzen da, baina atsedenaren bidez tratatu behar izaten da (aldi baterako kirola utzita) eta sintomak desagertu arte beroa ezarri. Minik handieneko kasuetan aste pare batez zangoa erabat geldik edukitzea komeni izaten da.
- Belauneko mina dagoenean, zerbaitegatik izaten da. Zoaz medikuarenera eta egin azterketa fisiko eta erradiologiko zorrotza.
- Kirolen bat egiten baduzu, indartu beheko gorputz-adarretako muskuluak, koadrizepsa bereziki. Funtsezkoa da lesioei aurre hartzeko.
- Kirol ekintzetan hasi aurretik, beroketa egin eta muskulu eta artikulazioak luzatzea komeni izaten da. Eta bukatzeko, egin erlajazioko ariketa batzuk.
- Lesioren bat baldin baduzu, utzi kirola erabat sendatu arte. Azkarregi itzultzeak berritu egin dezake lesioa.
- Zangoa inmobilizatu badizute, kontuan izan luzaroan geldirik egoteak ahuldu egiten dituela giharreak (bolumena galtzea ere liteke). Kasu horretan errehabilitazioa egin behar izaten da muskuluaren tonua eta indarra berreskuratzeko.
- Beroa eta hotza txandakatuz egiten den terapia egokia izaten da artikulazioetako lesioetarako eta beste tratamendu batzuk osatzen ditu.
- Analgesiokoak eta hanturakontrakoak hartzea gomendagarri izan daiteke kasu batzuetan, baina beti medikuaren aginduz. Ez hartu botikarik zeure kasa.