Izena eta izana
Merkatuak eskaintzen duen aukera zabalean “bio jogurt” izenekoak ditugu; hauek, legearen ikuspegitik ez dira jogurt, bifidus eragile bidez hartzitako esnekiak baizik. Produktu hauen ezaugarri nagusia, hartzigarri laktiko tradizionalei bestelako mikroorganismo biziak (“Bifidus” bifidobakterioak, alegia) erantsi izana da.
Bifidobakterio horiek, zientifikoki frogatu gabe dauden balizko onura batzuez gainera, gure hesteetako florako bakterio-populazioaren oreka finkatu egiten dute. Dakigun bezala, esne natural osoaren edo partzialki gaingabetuaren hartziduraz erdiesten da jogurta, esne-bakterioen (Streptococcus thermophilus edo Laktobacillus vulgaricus) erreakzioari esker. Merkatuak eskaintzen duen aukera zabalean “bio jogurt” izenekoak ditugu; hauek, legearen ikuspegitik ez dira jogurt, bifidus eragile bidez hartzitako esnekiak baizik. Produktu hauen ezaugarri nagusia, hartzigarri laktiko tradizionalei bestelako mikroorganismo biziak (“Bifidus” bifidobakterioak, alegia) erantsi izana da.
Bifidobakterio horiek, zientifikoki frogatu gabe dauden balizko onura batzuez gainera, gure hesteetako florako bakterio-populazioaren oreka finkatu egiten dute. Hurrengo “bio jogurt” natural oso hauek aztertu dira: Danone, Kaiku, Yoplait, Nestlé, Clesa eta Asturiana. Gaingabetuak (naturalak orobat), berriz, Danone, Kaiku, Yoplait eta Nestlé izan dira. Sei “bio jogurt” oso eta lau gaingabetu, beraz. Denak ere 4 aleko (125 gramokoak) pack-etan daude salgai, kartoizko enbalajean (Clesa izan ezik). Hauen prezioa, kiloko 324 pezetatik (Kaiku) eta 418 (Asturiana) bitartean dabil; gaingabetuak 335 pezetatik (Kaiku) 467 (Danone) pezetaraino kostatzen dira, kiloko. Alearen prezioak, jogurt osoetan, 41 pezetatik (Kaiku) 53 (Nestlé) pezetaraino doaz eta gaingabetuetan, aldiz, 42 pezetatik (Kaiku) 58 pezetara arte (Danone).
Azterketaren emaitzetara goazela, lagin guztiek egoera mikrobiologiko eta etiketa zuzenak agertu zituzten, hau da, kontsumitzeko modukoak dira eta, osakerari dagokionez, adierazten dituzten gaiak dauzkate. Egiaztatu den beste alderdi bat hau da: proteina (%4 inguru) eta azukreen (%5etik %6ra bitartean, gehienetan) edukia denek nahiko antzekoa duten bitartean, kaltzio, gantz eta bifidobakterioen kopuruetan alde handiak hautematen dira lagin batetik bestera. Bifidobakterio gehien dauzkan “bio” jogurta Danone da, ondotik Kaiku datorkiola, bai osoetan bai gaingabetuetan ere. Kaltzioaz ari garela, Nestlé markako bi laginak nabarmendu ziren, gainontzeko laginen batez bestekoa baino ia %20 gehiago zutelarik.
Ez ote dira jogurt?
“Bio” gaingabetuek dezente gantz gutxiago daukate (bakar batek ez du %0,2 baino gehiago) osoek baino (%1,4tik %4ra bitartean dabiltza hauek). Lau “bio” osoetatik bi (Nestlé eta Asturiana) ez ziren iritsi gaingabetu ez diren jogurtentzat finkaturik dagoen gutxieneko %2 horretaraino, baina, nolanahi ere, “bio jogurt” hauek ofizialki bederen “bifidus eragileen bidez hartzitutako esneak” izaki, jogurten araudia gainditu behar ez dutenez, berariazko arautegirik ez dute eta esnekiak arautzen dituen arauteria orokorrak xedatzen duena besterik ez dute zertan bete. Esne hartzitu hauek berariazko araua izatea litzateke egokiena. Gauzak dauden bezala, baliteke (eta halaxe gertatzen da, azterketan egietsi den moduan) “bio jogurt” horietako batek beste batek baino ehun bider bifidobakterio gutxiago izatea, biak ere “bio” izanik. Gutxieneko kopurutik xedatzen dituen araurik ez dagoenez… Harrigarria da, bestetik, “gaingabetu” izate horrek ez bermatzea funtsezko kalori ekarpen txikiagoa. “Bio” osoen batez besteko munta 100 gramoko 64 kaloria den bitartean gaingabetuena 45 kaloria da, hau da, %30 gutxiago baizik ez. Horren zergatia gozotasunean datza: gaingabetuek azukre gehiago erabiltzen dute (%15, batez beste) osoek baino. Dena dela, azterturiko edozein “bio” kontsumitzea zilegi da dieta hipokaloriko batean. Dastaketak gora-behera handiak erakutsi zituen emaitzetan: hiru suspentso eta lau “oso ongi”. Balorazio hoberena jaso zuten markak Danone eta Kaiku izan ziren, bai osoetan, bai gaingabetuetan ere. Kalifikazio apalenekoak, ostera, garraztasun handi, kremositate urri eta bikor ugariak zirela medio, Clesa eta Asturiana marketako osoak eta Yoplait lagin gaingabetua izan ziren. Aprobaturaino ere ez ziren iritsi hirurak. Osaketa, dastaketan izaniko emaitzak eta prezioa kontuan izanik, aukera erakargarriena Kaiku da, bai “bio” natural osoetan, bai gaingabetuetan ere. Horiexek dira merkeenak eta, Danone markakoekin batera, dastaketan balorazio hoberena eraman zutenak; horrez gainera, bifidobakterio ugari dauzkate.
Jogurtek, esneak baino proteina eta kaltzio gehiago
Jogurt eta bestelako esnekien proteinak (“bio” hauenak, besteak beste) balio biologiko handikoak dira, dauzkaten funtsezko aminoazido ugariengatik. Proteinei dagokienez, azterturiko laginek %3,4 (Yoplait naturala) eta %4,8 bitarteko kopuruak agertzen dituzte (Danone gaingabetua), osoak eta gaingabetuen arteko alde nabarmenik atzeman ez bada ere. Esneak baino proteina gehiago ditu jogurtak, jogurgintza prozesuan gertatu den bilkuntzagatik. Jogurtak duen karbohidrato behinena laktosa da. Aztertu ditugun laginetan, karbohidratoen agerpena %4,7tik (Danone osoa) %7,9ra (Kaiku gaingabetua) bitartekoa da, gaingabetuek balio altuxeagoak erakusten dituztelarik. Zazpi pertsona heldutatik batek laktosa onartzen ez duenez, esnea ez du behar bezala liseritzen: honek, hesteetako gorabeherak ekartzen dizkio maiz. Arazoak ez dira agertzen jogurta hartzen bada, nahiz eta honek esneak bezainbestetsu laktosa daukan: izan ere, “bio” edo beste zeinahi jogurtek dauzkan laktobaziloek laktosaren liserigarritasuna hobetu egiten dute. “Bio” osoen gantz-edukia %1,4tik (Nestlé) %4era (Danone) bitartean dabil. Atal honetan Nestlé eta Asturiana ditugu nabarmentzekoak, gantz gutxi daukatelako. “Bio” hauen gantzaren erdia saturatua da, baina kolesterol-edukia apal-apala da benetan: 10 miligramo 100 gramoko, nonbait. Bio gaingabetuetan, gantz-edukia %0,05 (Nestlé, Yoplait eta Kaiku) eta %0,2 bitartean dago (Danone). Balio horiek guztiak, erreferentziatzat hartu dugun jogurtei buruzko arauak xedatutakoaren barnean daude (produktuaren %0,5 izan daiteke gantza, gehienez ere). Aztertu diren “bio” jogurt osoek 54tik 70 kaloria bitarte dute 100 gramoko; 39 eta 51 kaloria 100 gramoko, berriz, gaingabetuek. Esnearen bezalatsuko ekarpen kalorikoa da, gaztarena baino apalagoa: gazta fresko edo Burgos motakoak, 100 gramoko, 175 inguru kaloria ditu; gazta onduak, aldiz, 450 bat kaloria. Jogurtak, esneak bezalaxe, kaltzio asko izatea du bereizgarri nagusia: laginek, 100 gramoko, 127 eta 174 miligramo bitarteak daukatelarik, Nestlé markako biak dira kaltzio gehien dutenak (168 miligramo osoan eta 174 miligramo gaingabetuan). Marka honetakoek bere burua “Bio Calcio” bataiatu izanak kaltzioz aberastuak izan direla adierazten omen duen arren, lagin hauen balioak gainontzekoenak baino altuxeago besterik ez dira. Gauzak horrela izateak agintzen du premiazkoa dela arau bidez xedatzea nolako baldintzak bete behar dituen elikagai batek “zerbaitez aberastua” dagoela adierazi ahal izateko. Jogurt batek, pertsona helduari eguneko gomendatzen zaion kaltzio-kopuruaren (EGK, egunean 800 mg alegia) %16tik %22 bitartekoa du. Horrek esan nahi du jogurta baso esnearen alternatibazkoa dela: egunean lau jogurt harturik, kaltzio-premiak betetzen dira eta. Beste aldetik, fosforo-, potasio–, sodio- eta, hein txikiagoan bada ere, magnesio- eta zink-iturri oparoa da jogurta. Bitaminak ere agertzen dira esneki hauetan, kopuru txikiagotan: B eta A multzokoak dira nagusi. Azterketako datuak eta lagin bakoitzak bere etiketan agertzen duen nutrizioari buruzko informazio-tauletakoak erkatuz, adierazitako gantz- eta proteina-portzentaiak eta egiazkoak oso berdinak direla egiesten da; kaltzio, karbohidrato eta kaloriei dagokiela, markaren batean datuak ez datoz bat, baina batetik besterako aldiak, dena dela, hutsaren hurrengoak dira.
Garraztasuna eta gihar-estraktu lehorra
Jogurten garraztasuna pH faktorearen balioak baldintzatzen, zehazten du: zenbat eta pH altuagoa, orduan eta garraztasun apalagoa. Jogurt guztientzat ere, pH faktoreak ez du 4,6 baino handiagoa izan behar. Yoplait markako “bio” laginak, osoa zein gaingabetua, balio horren gainetik daude, 4,7ko pH dutelarik. Esana dagoen bezala, esneki hauek legez ez dira jogurt: beraz, jogurtek bete beharreko araudia ez dute zertan errespetatu. Nolanahi ere, datu adierazgarria da hori eta hortxe dago, erreferentzia gisa. Gainerako laginetan pH faktorea 4,2tik 4,4ra bitartean dago. Jogurtei buruzko arauteriak jasotzen duen beste parametro bat, gihar-estraktu lehorra da (GEL), hau da, hezetasuna eta gantza suntsitu ondoren geratzen den gaia. Bai gaingabetuentzat bai osoentzat ere, gutxieneko balioa %8,5 da. Laginetako GEL, aldiz, %9 eta %12 bitartean dago, Kaiku gaingabetukoa izan ezik: honek %14koa agertzen du, karbohidrato ugari dauka eta.
Dastaketan, gora-behera handiak
Dastatzaileek lagin guztiak azukrerik gabe kontsumitu zituzten, probako baldintzak ahalik eta berdinenak izanik, laginen zaporea eta ukitua alda ez zitezen. Honako parametroak balioztatu ziren: itxura (gazura eta azaleraren tankera), zaporea (garraztasuna, tejo arraroen presentzia) eta ahoko ukitua (jogurta nahasi gabe lehenik, eta eragin ondoren, gero). Gaingabetuen artean, gazur gutxi, garraztasun moltel eta kremositate handiko “bio” motakoa hobetsi zuten dastatzaileek. Gehien gustatu zitzaizkienak Kaiku eta Danone (7na puntu) izan ziren. Kaiku izan zuten denetan nahiena, parametro guztietan puntuazio hoberenak jaso zituelarik. Jogurt osoetan, garraztasun apaleko eta bikorrik gabeko jogurt krematsu azalera lauekoak hobetsi zituzten mahaikideek. Hauen ikuspegitik atseginenak Kaiku eta Danone (8na puntu) izan ziren. Clesa eta Asturiana laginek 4na puntu baizik ez zuten jaso. Biek dute azalera irregularra eta Asturiana laginak agertu zuen gazur gehien. Clesa markakoaren zaporea gertatu zen garratzena eta, bai bateko, bai besteko kremositatea urria gertatu zitzaien epaimahaikoei. Jogurta eragin ondoren bikor ugari azaldu ziren, Asturiana markakoan bereziki.
Etiketa eta pisua, ongi
“Bio” guztien etiketek (Clesa laginaren ontzian bertan eta, gainerakoetan, pack-eko kartoian) adierazi beharreko datuak agertzen zituzten: produktuaren izena, eduki garbia, kontsumitzeko muga-data, kontserbatzeko baldintzak (0 eta 8º C artean), fabrikatzailearen izen eta helbidea eta osagaien zerrenda. Nutrizioari buruzko informazioa ere badakarte laginek. Gaur egun ohikoa da jogurtak multzoka pack izeneko ontzian agertzea salgai, adierazi beharreko datuak kartoitxo horretan azaltzen direlarik. Zer gertatzen da, ordea, jogurtak hozkailuan antolatzeko kartoi hori kentzen badugu edo aleak banaka erosten baditugu? Egiari zor, kontsumitzeko muga-data ontziaren gaineko estalkian agertzen da, baina nutrizioari buruzko informazioa ere ontzi bakoitzean agertzea komeniko litzateke. Lagin guztiek 125 gramoko pisu garbia dutela adierazten dute. Egiazko pisua, adierazitakoaren parekoa edo handiagoa da Kaiku, Yoplait eta Nestlé laginetan izan ezik, baina alde hori legeak onartzen duenaren mugen barnean dago eta, hortaz, pisuak zuzen daude lagin denetan.
Bifidus bitartez hartzituriko esne hauek, laktosaren liseriketa errazten duten mikroorganismo biziak dituzte. Arestiko ikerlanek iradokitzen dutenez, gainera, elikagai honek gure organismoaren berariazkoa ez den inmunitatean parte hartzen omen du (dena den, behar bezain zehazki egiaztatzeke daude ikerketa horiek gaur egun eta, bestetik, eragin mesedegarri hori lortzeko zenbat bifidobakterio behar diren ere, ez da zehaztu oraino).
Ongi dakigu, ostera, jogurta eraginkorra dela bai beherakoen, bai idorreriaren tratamenduan (hona paradoxa galanta). Lagin bakoitzak dauzkan bifidobakterioen kopurua zehaztu du laboratorioak (izan ere, produktu hauek guztiak bifidus eragilearen bidez hartzituriko esneak dira): Danone markako biak dira horrelakoen kopuru handiena agertzen dutenak eta Nestlé markako Bio Calcio gaingabetu motako lagina, aldiz, gutxienekoa (ia-ia Danone markakoak baino ehun aldiz gutxiago). Salmonella, Listeria, Coliforme eta E.
coli mikroorganismoen agerpenik ere bilatu da azterketan: lagin bakar batean ere Salmonella edo Listeriaren arrastorik ere atzeman ez denez, produktu hauei buruzko legeria zorrotz betetzen da, arauak horrelako eragile patogenorik ez agertzea xedatua baitu. Coliforme eta E. coli mikroorganismoei dagokienez, zenbatu ziren kopuruak legeak onartutakoa baino txikiagoak izan ziren denetan. Horrenbestez, “bio jogurt” hauen egoera mikrobiologikoa zuzena eta kontsumitzeko egokia dela ondorioztatzen dugu.
Laburbilduz
Laburbilduz
- Bifidus eragileen bidez hartzituriko sei esneki (“bio jogurt”) natural oso aztertu dira: Danone, Kaiku, Yoplait, Nestlé, Clesa eta Asturiana, eta beste lau, gaingabetuak: Danone, Kaiku, Yoplait eta Nestlé. Osoen prezioa: kiloko 324 (Kaiku) eta 418 (Asturiana) pezeta bitartean; 335 (Kaiku) eta 467 pezeta (Danone) kiloko, lagin gaingabetuetan.
- Esne natural osoaren edo partzialki gaingabetuaren hartziduraz erdiesten da jogurta, esne-bakterioen erreakzioari esker. “Bio” motakoan, hartzigarri laktiko tradizionalei bestelako mikroorganismo biziak (bifidobakterioak) eransten zaizkio: gure hesteetako floraren bakterioen oreka mantentzen laguntzen dute hauek.
- Denak dira kontsumitzeko modukoak eta (nutrizio-alorreko osakerari dagokionez) adierazten dutena daukate. “Bio jogurt” izenekoek berariazko araurik ez duten arren, ezaugarriak xedatuko lituzkeen horrelako zerbait beharko lukete.
- Bifidobakterio gehien dutena Danone da, ondotik Kaiku datorkiola, bai osoetan, bai gaingabetuetan ere. Nestlé markako laginen bereizgarria, daukaten kaltzio-eduki handia da.
- Gaingabetuek gantz gutxiago dute (bakar batek ere ez du gainditzen %0,2) osoek baino (%1,4 eta %4 bitartean). Batez beste, osoek baino %30 kaloria gutxiago dute. Ekarpen energetikoan batetik bestera hautematen den alde apal hori justifikatzen du gaingabetuek (batez beste, orobat) osoek baino %16 azukre gehiago izateak.
- Dastaketako emaitzetan, gora-behera latzak. Hoberenak, Danone eta Kaiku, bai osoak, bai gaingabetuak. Kalitate-prezio erlazio egokiena Kaiku izan zen, bi motetako jogurtetan.
Bannan-bannan
"Bio" jogurtak, banan-banan
Kaiku
- 324 pezeta kiloko, 41 pezeta aleko. Merkeena eta kalitate-prezio erlaziorik egokiena.
- Bifidobakterio gehien dituen bigarrena. Nutrizio-alorreko osaketagatik nabarmentzekoa.
- Dastaketan, 8 puntu: “Gazur gutxi, azalera laua, mingostasun motela, oso krematsua eta bikor gutxi”.
Danone
- 406 pezeta kiloko, 51 pezeta aleko. Bifidobakterio gehien dituena. Kaltzio eta proteina gutxien dituenetako bat.
- Azukre gutxienekoa (%4,7). Dastaketan, 8 puntu: “Gazura tamainan, azalera laua, mingostasun motela, kremositate handia eta bikor gutxi”.
Yoplait
- 367 pezeta kiloko, 46 pezeta aleko. Merkea. Kaltzio eta proteina gutxien dituenetako bat.
- Dastaketan, 6 puntu: “Gazur ugari, azalera irregularra, mingostasun nabarmena, krematsua, bikor gutxi”.
Nestlé
- 425 pezeta kiloko, 53 pezeta aleko. Garestiena. Gantz gutxien (%1,4) eta kaltzio gehien daukana.
- Azukre gehien daukana (%6,2). Kaloria gutxienekoa (54 kaloria 100 gramoko).
- Dastaketan, 6 puntu: “Azaleran gazur arrastorik ez, mingostasun motelekoa, krematsua eta ukitu politekoa”.
Clesa
- 378 pezeta kiloko, 47 pezeta aleko. Merkea.
- Dastaketan, 4 puntu: “Gazur gutxi, azalera irregularra, garratzena, kremositate urria, bikor ugari”.
Asturiana
- 418 pezeta kiloko, 52 pezeta aleko. Garestia. Gantz gutxi (%1,9).
- Bifidobakterio gutxien dauzkana. Dastaketan, 4 puntu: “Gazur ugari, azalera irregularra, garratz samarra, ez oso krematsua, bikor asko”.
Kaiku
- 335 pezeta kiloko, 42 pezeta aleko. Merkeena eta kalitate-prezio erlaziorik egokiena.
- Bifidobakterio asko. Azukre (%7,9) eta kaloria gehien duena, oso gantz gutxi daukan arren.
- Dastaketan, 7 puntu: “Gazur gutxi, azalera lau-laua, mingostasun motela, kremositate onekoa, bikorrik ez”.
Danone
- 461 pezeta kiloko, 58 pezeta aleko. Garestiena eta bifidobakterio gehien duena.
- Gantzatsuena (%0,2 gantz bakarrik duen arren). Kaltzio ugari.
- Dastaketan, 7 puntu: “Gazura tamainan, azalera laua, mingostasun motela, krematsua, bikor gutxi”.
Nestlé
- 456 pezeta kiloko, 57 pezeta aleko. Garestia.
- Oso gantz gutxikoa (%0,05), kaloria gutxien (39 kaloria ehun gramoko) eta azukre gutxien (%5,4) daukana da.
- Kaltzio gehien duena. Eta, askozaz ere, bifidobakterio gutxien duena.
- Dastaketan, 5 puntu: “Gazur ugari, azalera irregularra, garraztasun handia, kremositate apala, bikor ugari”.
Yoplait
- 424 pezeta kiloko, 53 pezeta aleko. Gantzarik ez, ia.
- Bifidobakterioak, tamainan. Dastaketan, 4 puntu: “Gazur ugari, azalera laua, zapore garratza, kremositate apala, bikor asko”.