Berriztagarrien sustatzaileek dioten bezain berdeak al dira energia-iturri horiek?
Energia berriztagarriak beste energia mota batzuk baino berdeagoak dira, baina horrek ez du esan nahi kaltegabeak direnik. Berriztagarrien alde gaude, baina ez gatoz bat orain arte egin denarekin.
Zer egin da gaizki?
Egin zitekeen planifikazio hobea, ingurumen-kostu gutxiago eragin zezaten, landa-eremua garatzeko aukera bat izan zitezen, enpresa txiki eta ertainak susta zitzaten, herritarrei mesede egin ziezaieten, baina ez dute egin.
Zergatik?
Administrazioek ez dute egin kudeaketa onik. Enpresa handien esku utzi da ekoizpena, eta horien helburua gero eta energia gehiago saltzea da, eta hortik etekin ekonomiko gehiago lortzea. Energiarik kutsatzaileenak poliki-poliki ordezkatzeko politikari eman behar litzaioke lehentasuna, eta energia aurrezteari, eta ez gehiago kontsumitzeari. Edozein energia motak dauka eragina ingurumenean, eta, horregatik, zenbat eta energia gutxiago behar izan, hainbat hobeki. Berriztagarrien zenbait instalaziok kalte handiak egin dizkiete ekosistema batzuei eta horien bioaniztasunari.
SEO/BirdLifek zenbaitetan kritikatu egin izan du Espainian parke eolikoak jartzeko modua.
Esan liteke, oro har, gauzak ez direla ongi egin. Adibiderik txarrenen artean, Extremadurakoak eta Kataluniakoak daude, eta hain txarrak ez direnen artean, Gaztela Mantxakoak.
Nork egiten du parke eoliko baten ingurumen-eraginaren gaineko ebaluazioa: interesa duten enpresek edo erakunde independente batek?
Ikertu nahi den eremuaren natura-balioei buruzko informazio guztia eta proiektuak eduki ditzakeen eraginei buruzkoa, hori proiektuaren sustatzaileak aurkeztu behar du, baina ebaluazioa egiteko betebeharra administrazioak dauka. Hain zuzen, horixe esaten du urte honen hasieran Europatik iritsi den epai batek ere. Azkenik, ingurumen-erakundeak erabakiko du ebaluazioa egokia izan den eta proiektu bakoitza baimendu behar den edo ez.
Jende batek kritika egiten dizue parke eolikoak geldiarazteagatik, eta enplegua, aberastasuna eta energia berriztagarria sortzea galarazteagatik, “txori gutxi batzuk hil ez daitezen”. Zer esango zenieke horiei?
Esango nieke badagoela modua gauzak ongi egiteko; planifikazio onarekin, susta litezke energia eolikoa eta gainerako energia berriztagarriak, gure ekosistemen oreka arriskuan jarri gabe edo mehatxatuta dauden espezieei kalte gehiagorik egin gabe. Ongi planteatuta dauden proiektuak aurkeztuz gero, dagozkion planak ongi ebaluatuta daudela, sustatzaileak aukera gehiago izango du horiek gauzatzeko, inolako atzerapenik jasan gabe eta enplegu-aukerak murriztu gabe.
Eguzki energia fotovoltaiko gehien sortzen zuen herrialdeetako bat izan da Espainia oraintsu arte, baina orain ia geldirik dago arlo hori. Planifikazio txarraren beste adibide bat?
Arautu zen bezala araututa, inbertsio-funts bilakatu zen, eta bide eman zion espekulazioari. Gobernuak araudia aldatu zuen orduan, eta egongaiztasuna eragin zuen arlo fotovoltaikoan. Horrexegatik da ezinbestekoa aurrez ongi planifikatzea, sustatzaileei ziurtasuna emateko. Gezurra badirudi ere, Alemaniak gaitasun fotovoltaiko gehiago dauka instalatuta Espainiak baino, eta hori gertatzen da gogor egin dutelako apustu, araudi askoz argiago eta egonkorrago batekin.
Kontsumitzaileentzat ere ez da erreza etxean berriztagarrien aldeko apustua egitea.
Arazoa ez da teknologia, hori instalatzeko egin behar diren administrazio-tramiteak baizik. Herritarrei bidea erraztu egin behar litzaieke nork bere etxean behar duen argindarra sor dezan, bai eguzki-plaken bidez edo bai errota txikiekin, eta sobera geratzen zaiena sareari sal diezaioten. Politikarik ere ez dago kontsumitzaileek jakin dezaten zenbat energia gastatzen duten eta hori nola murritz dezaketen.
Bioerregaiek ere denetariko iritziak sortu dituzte, aldekoak bezala oso kontrakoak ere bai.
Zenbait ikerketak esaten dute agroerregaiak ekoizteko prozesuan sortzen den CO2 kopurua handiagoa dela, erregai horiekin sistemak aurrezten duena baino. Ez da kontrolatzen zer lekutan ekoizten den, zer lan- eta gizarte-baldintzatan, eta zer eragin duten ekosistemetan.
Nola planifikatu behar litzateke berriztagarrien bilakaera?
Planifikazio adostua egin behar litzateke, lurralde bakoitzean zer berriztagarri komeni diren aztertuko lukeena. Nazio mailan, eskualdeetan eta tokian-tokian egin behar litzateke, gardentasunez eta jendeari parte hartzeko aukera emanez. Ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedura ere berritu egin behar litzateke. Helburua litzateke administrazioek eta enpresek berriztagarri arduratsuak bultzatzea.
Zer erabaki hartu behar lirateke horretarako?
Gauzak batzuk erraz alda daitezke, eta onura handia ekarriko lukete; adibidez, susta liteke eguzki-panel gehiago instalatzea edo biomasa erabiltzea ur beroa sortzeko. Auto-hornikuntza bultzatu behar litzateke, leku ez-naturalak baliatuz plaka fotovoltaikoak edo errota txikiak jartzeko: teilatuak, adibidez, edo industrialdeak.
Auto-hornikuntza bultzatu?
Bai, inguru hurbilean ekoizten den energia kontsumitzeko erraztasunak eman behar lirateke, eta tokiko ekoizleei erosteko aukera eskaini, bai argindarra, bai biomasa-galdarentzako erregaia, bai eguzki-panelak etxea eta ura berotzeko…