IBAN kodea: deszifratzeko gakoak

2014ko otsailetik aurrera, bankuko kontuak IBAN kodea ez badu, ezingo da finantza-eragiketarik egin ez Espainiako Estatuan eta ez handik kanpora ere
1 urtarrila de 2014
Img economia domestica listado 205

IBAN kodea: deszifratzeko gakoak

Identifikazio ikur berria izango dute aurki kontu korronteek: International Bank Account Number delakoa, IBAN siglekin adierazten dena. Orain arte 20 digituko kodea izaten zuen kontu korronteak (Kontu Korrontearen Kodea edo CCC esaten zitzaion), baina 2014ko otsailetik aurrera kode berria sartuko da indarrean, lehengo 20 digitu edo zeinuei beste lau erantsiko dizkiena. Honako hauek, hain zuzen: ES (Espainiako Estatuan), eta bi zifrako kontrol-digitu bat. Identifikatzaile horri, gainera, Business Identifier Code (BIC) delakoa erantsiko zaio, finantza-erakundeari dagokion kodea, alegia (11 karaktere izango ditu). Zenbaki, kode eta zifra dantza honetan, hauxe hartu behar du kontuan erabiltzaileak: otsailetik aurrera, IBAN koderik gabe, ezingo dela egin inolako finantza-eragiketarik (ez kobratu eta ez ordaindu).

Zer da eta zertarako balio du IBAN kodeak?

Nazioartean banku-korronte bat identifikatzeko balio du IBAN kodeak. Internacional Bank Account Number arauaren sigletatik datorkio izena. Arau hori sortu zen Europako Batasunean diharduten bankuen arteko transferentziak modu errazean automatizatzeko, eta horri esker, herrialde baten barnean bezalaxe egiten dira herrialde batetik besterako ordainketak eta transferentziak, eta antzeko tarifak ezar daitezke.

Arau hori onartu baino lehen, zailtasunak izaten ziren Europako Batasuneko herrialdeen artean ordainketak egiteko, kontu korronteak identifikatzeko sistemak herrialde barnekoak soilik zirelako eta, ondorioz, ez zitekeen jakin zer herrialdetan ireki zen kontu hori. Orain, IBAN kodeak lau zeinu ezartzen ditu kontu-zenbakiaren aurretik, herrialdea identifikatzeko bi, eta kontrol-kodearen beste bi:

Adibidea:

  • IBAN kodea: herrialdearen kodea (bi letra) + kontrol-kodea (bi zenbaki). Adibidea: ES21 (ES kodea, Espainiarako + 21 kontrol-kodea).
  • Kontuaren ohiko zenbakia: kontua identifikatzeko 20 digituak Adibidea: 1465 0100 72 2030876293.

Nola lortu IBAN kodea

Oso erraza da norberak kode hori eskuratzea: aski da bankura joan eta eskatzea. 2014ko otsailerako eskuratu ezean, Espainiako Ekonomia Ministerioak behin-behineko neurri bat onartu du bankuek aukera izan dezaten CCC kodea IBAN bihurtzeko 2016a bitarte. Nekezagoa gertatuko da enpresekin eta administrazio publikoekin, askoz zailagoa baita datuak eguneratzea. Espainiako Bankuak dioenez, gaur-gaurkoz zorduntze-eragiketen %0,23 soilik egiten dira IBAN kodearekin.

Doakoa da IBAN kodea eskuratzea, eta finantza-erakundeek ez lukete ezertxo ere kobratu behar. Ez dago horretarako arrazoirik. Dena dela, konpainien kasuan, 2014ko otsailaren 1erako ez badute IBANa eskuratu, bankuak badu aukera bihurtzailearengatik kobratzeko.

Ordaintzeko gune bakarra

Eurotan Ordaintzeko Gune Bakarra sortuko da Europan. Single Euro Payments Area esaten zaio ingelesez, eta SEPA siglekin ezagutzen da. Europako araudi bat dauka oinarrian, 260/2012 araua, eta horrek zehazten du noiz eta nola jarriko den abian eta zer baldintza bete behar diren horretarako; adibidez, IBAN eta BIC kodeak eduki beharko dira banku-eragiketak egiteko.

SEPAk 33 herrialde hartuko ditu (Europako Batasuneko 28ak eta beste bost hauek: Islandia, Liechtenstein, Monako, Novegia eta Suitza), eta aurrerantzean, herritar guztiek araudi bat izango dute eragiketak egiteko. Era horretan, asko erraztuko da herrialde batetik bestera transferentziak egitea, helbideratzea eta txartelarekin ordaintzea; nork bere herrialdean egitea bezain erraza izango da. Gune bakarra sortuta, desagertu egiten dira nazioarteko ordainketak egiteko zauden hesiak.

Denbora pixka bat beharko da egoera berrira egokitzeko, eta zailtasun batzuk ere sor daitezkeen arren, abantaila handiak eskainiko ditu. Honako hauek besteren artean:

  • Ordainketak bizkorrago eta seguruago egitea.
  • Banku-kontu bakarrean zentralizatzea SEPA gunean eurotan egiten diren eragiketa guztiak.
  • Herrialde batetik bestera txartelekin eta transferentzia elektroniko bidez egiten diren ordainketen gastua murriztea.
  • Erabiltzaileei babes handiagoa eskaintzea.
Bank Identifier Code (BIC)

Bankuak identifikatzeko kodea da BIC. Ingelesezko termino batetik dator, Bank Identifier Code, eta IBAN kodeak ematen duen informazioa osatzen du. Kode horixe erabiltzen dute SWIFT sistemari atxikita dauden bankuek (nagusiki horixe erabiltzen dute nazioarteko ordainketak egiteko). Sistema horretan, banku bakoitzak edo atxikita dagoen erakunde bakoitzak kode bat izaten du, 8 eta 11 zeinu artekoa:

  • Lehenbiziko laurek bankuaren kodea adierazten dute.
  • Hurrengo biak herrialdearen ISO kodearenak dira.
  • Eta beste biek tokia Udalerria??? adierazten dute.
  • Zenbaitetan, beste hiru zeinu ere erabiltzen dira, bulegoari dagozkionak, hain zuzen. Ohikoena, dena den, zortzi karakterekoa erabiltzea izaten da.