Zenbait ideia praktiko, elikagairik ez botatzeko

Nola lortu janariari ahalik eta etekinik handiena ateratzea, ezertxo ere ez alferrik galtzea eta denbora eta dirua aurreztea? Ez da hain zaila
1 urtarrila de 2014
Img alimentacion 4 listado 143

Zenbait ideia praktiko, elikagairik ez botatzeko

Janari asko galtzen dugu alferrik. Etxean, jatetxeetan, eguneroko keinu txikiekin edo enpresa mailako erabakiekin… Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) emandako datuen arabera, gizakiok jateko ekoizten diren elikagaien herena bota egiten dugu edo galdu egiten da. Izugarrikeria bat da hori. Eta Espainiako Estatuko datuak ez dira askoz hobeak. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kooperatiben Espainiako Konfederazioak dioenez (HISPACOOP) -EROSKI ere horko partaide da-, etxe bakoitzean ia 80 kilo elikagai joaten dira zaborretara urtearen buruan. Datu horiek ikusita, begi bistako galderak sortzen dira: zer egin dezakegu hori saihesteko?, nola joka dezakegu joera hori iraultzeko?… Argi dago kontsumitzaile gisa dugun erantzukizunaz jabetu behar dugula, nutrizio arloko heziketan sakondu, eta egunero-egunero urratsak egin. Hona hemen zenbait ideia janari gutxiago alferrik galtzeko.

Elikagai gutxiago alferrik galtzeko

  • Planifikatu. Nutrizio ona izateko, elikadura egokia egiteko eta etxeko ekonomia osasuntsu egoteko, etxeko beharrekin bat datorren dieta planifikatzea da lehenbiziko baldintza. Eta, horretarako, zehatz aurreikusi beharra dago elikagai galkorrak egiaz zer neurritan kontsumitzen diren. Ezinbestekoa da gure ohiturak aldatzea, ez baita onargarria herrialde industrializatuetan hainbeste hondakin sortzea: kopurua izugarria da, eta, hein handian, “erabili eta bota” dinamikan murgildu garelako gertatzen da hori. Itsumustuan erosteko joera da nagusi, beharrik gabe eta irizpide egokirik gabe, eta, azkenerako, hainbat gauzak zaborrontzian bukatzen dute, toki asko hartzen dutelako, atsegin izateari uzten diotelako edo hondatu egin direlako.
  • Kontserbatu. Teknika asko daude elikagaiak kontserbatzeko, hotzean bezala sutan eginda. Azukrea edo gatza erabil daitezke, oliotan jar daitezke, izozkailuan sartu, hutsean ontziratu… Horietako batzuk modernoak dira eta beste batzuk, aldiz, aspaldi-aspaldikoak, elikagaiak gatzunetan jartzea, adibidez. Azukrea ere kontserbatzaile naturala da, eta halaxe nabarmentzen du European Food Information Council erakundeak. Teknika “gozoen” artean, almibarrak, esaterako, aukera ematen du soberan geratu den fruta urteko beste sasoi batzuetan jateko, ezertxo ere alferrik gal ez dadin. Gauza bera esan daiteke olioari buruz ere, zeina kontserbatzaile egokia baita elikagai galkorrak iraunarazteko, haragia eta gazta, besteak beste. Etxean elikagaiak ontziratzea modu eraginkorra, merkea eta erabilgarria da gastua kontrolatzeko eta, aldi berean, elikagairik ez alferrik galtzeko.
  • Guztia aprobetxatu. Leicesterko Unibertsitatean (Erresuma Batua), aditu talde bat ikertzen ari da arrautza oskoletatik nola lor litekeen elikagaiak ontziratzeko balioko duen material bat. Gure etxeetan ez daukagu laborategirik, eta zientzia arloan ditugun ezagutzak ez dira hainbesterainokoak, baina guk ere abian jar ditzakegu zenbait ekimen.

    • Lehenbiziko gomendioa da elikagai gisa hartzea sarri askotan bazterrean uzten ditugunak: berduren, barazkien eta lekaleen zurtoinak, haziak eta hostoak. FAOk ere egiten du proposamen hori Latinoamerikan, Kariben eta Afrikan gauzatzen dituen zenbait kanpainatan, jendeak hobeki jan dezan eta elikagai gutxiago gal daitezen alferrik.
    • Bigarrena, elikagai freskoen azalari etekina ateratzea; adibidez, fruten azalari. Oso ohikoa izaten da sagar bat zuritu eta azala zaborretara botatzea, nahiz eta aukera ematen duen beste zerbaitetan erabiltzeko. Adibidez, frutarekin batera likidotzeko, irabiakiak edo pureak egiteko, konpota edo fruta erreak. Gainera, kontuan hartu behar da fruten azalak mantenugai ugari izaten dituela, batez ere bitaminak, herdoilaren aurkakoak eta zuntz ez-disolbagarria.
    • Azal batzuk ez dira hain egokiak eta gustagarriak izaten, eta horiekin beste zerbait pentsatu beharra dago. Zitrikoen azalak badira (lima, limoia, laranja…), birrindu egin ditzakegu eta bizkotxoei ukitu berezia emateko erabili. Tuberkuluen azalak, berriz (patatarena, batatarena eta yucarena), konposta egiteko erabil ditzakegu.
    • Berdura asko ditugunean eta horiek prestatzeko denborarik ez dugunean, ez da utzi behar alferrik gal daitezen edo hostoak zimeldu daitezen. Aukera ona, osasungarria eta azkarra izaten da berdura zukuak prestatzea.
  • Ahal den guztia berrerabili. Elikagai askok, lehendik era batean prestatu baditugu ere, izan dezakete bigarren bizitza bat edo hirugarrena. Eta urte sasoi hau oso egokia da hori egiaztatzeko, Eguberri garaian ohikoa izaten da-eta, asko jatea ez ezik, baita plater asko prestatzea ere (eta bota ere janari asko egiten dugu). Postreak edo gozoak soberan geratzen bazaizkigu, beste errezeta batzuk prestatzeko berrerabil ditzakegu: mazedoniarekin, esaterako, fruta irabiaki bat egin dezakegu edo fruta pastel bat (plum cake erakoa), eta turroiekin eta polboroiekin kremak egin ditzakegu, izozkiak edo cupcake direlakoak, oso boladan daude eta. Haragia, arraina edo hegaztiren bat prestatu eta soberan gelditu bada, berrerabili egin daiteke, adibidez, piperrak betetzeko, zopen oinarri gisa edo kroketak egiteko. Soberan geratzen den itsaskia, berriz -asko izaten da gehienean-, entsaladetan erabil daiteke edo salda goxo bat egiteko oinarri gisa, zeina arroza prestatzeko balia dezakegun gero. Ogiak ere aukera ugari ematen ditu berrerabiltzeko: birrindu egin daiteke, txigorkiak egiteko erabili, kanapeen oinarri gisa, baratxuri zopari botatzeko, ogi-zati fijituak prestatzeko…
  • Partekatu. Azken aholku honek begi bistakoa dirudi, baina bati ez dugu gogoan hartzen otordu bat prestatu eta behar baino plater gehiago jartzen ditugunean. Familia edo lagunak elkartzekoak garenean, otordu on bat egitea eta inor goseak ez geratzea izaten da helburua. Ez da erraza izaten osagaiak ongi kalkulatzea, eta, gainera, “ugaritasunaren kulturak” ez du askorik laguntzen. Tradizio horrek indar handia du gure artean, eta esaldi adierazgarri batzuk ere sortu ditu: “Hobe da soberan izatea eta ez eskas ibiltzea”, edo “deus sobratu ez bada, falta izan den seinale”. Jokabide horietaz jabetzea lagungarria izaten da aldatzeko edo irtenbideren bat bilatzen saiatzeko. Janari asko geratu bada soberan, izoztu, ontziratu eta berrerabiltzeaz gain, bazkaltiarren artean banatu ere egin dezakegu etxera eraman dezaten.