Lehenbiziko pixoihalak... lehenbiziko paperak

Gurasoek legezko tramite batzuk egin behar dituzte haurra ofizialki ezagutu dezaten eta osasun estaldura izan dezan
1 urtarrila de 2014
Img bebe listado 133

Lehenbiziko pixoihalak... lehenbiziko paperak

Jaio da haurtxoa. Hari begira daude guztiak, zer behar huraxe emateko. Baina ez dira hor bukatzen gurasoen zereginak. Lege eta administrazio arloko zenbait tramite ere egin behar izaten dituzte: Erregistro Zibilean eta Gizarte Segurantzan izena eman eta familia bizi den udalerrian jaioberria erroldatu.

Beharrezko dokumentazioa

Jaiotzen den unean bertan jasotzen ditu haurtxoak lehenbiziko paperak. Jaioberriaren lehen dokumentu horiek ezinbestekoak dira gurasoek legezko tramiteak eta administrazioari dagozkionak egin eta erakundeek haurra modu ofizialean ezagutu dezaten, beste herritar bat gehiago bezala.

Senda-agiria eman aurretik (edo, ospitale batzuetan, ematearekin batera), jaioberriari buruzko bi inprimaki ematen dizkiete gurasoei: amatasun agiria (erditzen lagundu dion medikuak edo emaginak sinatua) eta estatistika-buletina, non jaiotzaren datuak ageri diren, Erregistrotik Espainiako Estatistika Institutu Nazionalera bidal ditzaten. Dokumentu horiek, amaren eta haurraren senda-agirien txostenarekin batera, ongi gorde behar dira, beharrezkoak dira-eta aurrerantzean egin beharreko tramiteetarako.

Erregistro Zibilean izena ematea

Jaioberria modu ofizialean ezagutu dezaten, Erregistro Zibilean eman behar da haren izena. Espainiako Justizia Ministerioak adierazten duen bezala, haur bat jaiotzeak ondorio zibilak izaten ditu jaiotzen den unetik beretik, “baina ondorio horiek erabat gauzatzeko, beharrezko da Erregistro Zibilean ematea haren izena”. Izena ematerakoan, haurra noiz, zer ordutan eta non jaio den adierazten da, zer izen duen, zer sexu eta gurasoak zein diren.

Haurra jaio eta, gehienez ere, hurrengo zortzi egunetan eman behar da haren izena gurasoak bizi diren udalerriko Erregistro Zibilean (lege-ondorio guztietarako, izena ematen zaion udalerria izango da haurraren jaiolekua). Epe hori errespetatzen ez bada, gurasoek 30 laneguneko tartea izango dute haurraren izena emateko, baina bidezko arrazoiren batekin zuritu beharko dute atzerapen hori. Horretaz gain, beste alderdi hau ere kontuan hartu behar da:

  • Ezkontzako seme-alabak: bi gurasoetako edozeinek eman dezake haurraren izena. Amatasun-agiria aurkeztu behar da, gurasoen Nortasun Agiria eta Familia Liburua.
  • Ezkontzaz kanpoko seme-alabak: bi gurasoek aurkeztu beharko dute Erregistroan. Jaiotza-agiria eta bien Nortasun Agiriak eraman beharko dituzte. Gurasoak lehendik ezkonduta egon badira, beharrezkoa izango da ezkontza-agiri hori ere aurkeztea eta banaketa edo dibortzioa egiaztatzen duen epaia ere bai. Epairik ez balitz (izatezko banaketa izango litzateke), bi lekuko beharko lirateke eta haiek ziurtatuko lukete bananduta daudela.

Behin tramiteak eginda, Familia Liburuan idazten da haurraren izena, eta horrek adierazten du haren izena Erregistro Zibilean emana dagoela. Gurasoek lehen haurra badute eta ezkonduta ez badaude, lehenbiziko haurraren izena eman ondoren egingo diete dokumentu hori.

Gizarte Segurantzan izena ematea

Haurrak osasun estaldura izan dezan Estatu osoan, beharrezkoa da Gizarte Segurantzan ematea haren izena. Ez dago eperik horretarako, baina lehenbailehen egitea komeni da, inolako arazorik ez dezan izan dagokion osasun etxean arreta eskain diezaioten.

Jaioberria bi gurasoetako baten onuradun gisa sartuko da osasun sisteman. Prozesuak bi zati izaten ditu:

  1. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren bulego batera joan behar da (norberari dagokionera), eta honako agiri hauek eman behar zaizkie: haurtxoaren afiliazio-inprimakia (bulegoan bertan ematen dute), Familia Liburua eta bi gurasoetako baten Gizarte Segurantzako txartela (zeinen onuradun izango den, harena).
  2. Lehen pauso hori egin ondoren, bizilekuagatik dagokion osasun etxera joan behar da. Haurtxoaren osasun txartela eskatzen da eta pediatra bat jartzen zaio. Honako dokumentu hauek eskatzen dituzte: Familia Liburua, afiliazio dokumentua (Gizarte Segurantzaren bulegoan jaso dena), eta haurra onuradun gisa jarri duen gurasoaren osasun txartela eta Nortasun Agiria.
Erroldatzeko, tramiterik ez

Herritarrak behartuta daude bizi diren udalerrian erroldatzera, halaxe agintzen du 2612/96 Errege Dekretuak. Gehienetan, gurasoek ez dute inolako tramiterik egin behar izaten jaioberria erroldatzeko, zeren haurra automatikoki sartzen baita erroldan haren izena Erregistro Zibilean ematen denean.

Hala ere, erroldatze-agiria eskuratzeko premia izanez gero beste tramiteren bat egiteko, udalerriko udalean eska dezakete gurasoek. Maizenik, Familia Liburua eskatzen dute, eta bi gurasoetako baten Nortasun Agiria ere bai, zein helbidetan erroldatuta dauden jakiteko.