Zigarreta elektronikoak: diruditen bezain kaltegabeak?
Ohiko zigarretak itzaltzen eta elektronikoak pizten ari dira. Azken urteetan oso azkar hedatu dira “e-zigarretak” saltzen dituzten dendak, eta legeak ere lagundu du horretan, debekatu egin baitu ohiko tabakoa erretzea hainbat eta hainbat lekutan. Irtenbide ona omen dira erretzeari uzteko, edo zigarreta gutxiago erretzeko, edo leku itxietan erretzeko debekua saihesteko. Beste zenbaitentzat, berriz, erretzen jarraitzeko aukera ez hain txarra izango da, itxuraz ez baititu tabakoak dauzkan substantzia kaltegarriak. Zenbait erkidegok, hala ere (Andaluziak eta Kataluniak, esaterako), eta Europako Batasunak berak ere bai, horiek ere arautu egin behar direla diote eta proposatzen dute Tabakoaren aurkako Legeak muga batzuk jar ditzala zigarreta horientzat ere.
Uste bezain seguruak al dira zigarreta horiek? Ba al dute arriskurik osasunarentzat? Espezialistak erne daude eta zorrotz aztertzen hasi dira “e-zigarretak” direlakoak, beti ez dutelako laguntzen erretzeari uzten eta mendekotasuna sortzera irits daitezkeelako. Ohiko tabakoak baino kalte gutxiago egiten dutela esaten da, baina egiaztatua dago eztula eta itomena eragiten dituztela. Orain, substantzia kantzerigenorik baduten aztertzea da ikerketen helburua.
Metalezko bolaluma edo boligrafo baten antzeko gailuak dira zigarreta elektronikoak, eta lurruna sortzen dute propilenglikola izeneko produktu batetik abiatuz. Ohikoek ez bezala, ez dute tabakorik erretzen, eta teorian, behintzat, substantzia kantzerigeno ugari saihesten dira.
Farmaziako prestakin askok izaten dute propilenglikola, besteak beste inhalatzekoek, baina medikuak aginduta soilik har daitezke. Substantzia horrek, dena den, eragin toxiko batzuk izan ditzake: eztarria edo arnasbideak lakartu edo erre ditzake. Hain zuzen ere, berriki egin diren zenbait ikerketak frogatu dutenez, zigarreta elektronikoek eztula eta itomena eragin ditzakete. Eta 2012. urtean CHEST Journal aldizkarian argitaratu zen txosten batek nabarmentzen duenez, horiek tarte motz batez erretzeak (bost minutuz) berehalako eragin desatseginak sortzen ditu biriken funtzioan.
Zigarreta elektronikoak kartutxo gisako bat izaten du eta era guztietako zaporeekin karga daiteke: banilla, txokolatea, menda, marrubia, irlandar kafea… eta horien bidez, mozorrotu egiten da zigarreta batzuek izaten duten beste osagai bat: nikotina. Eta horixe da, hain zuzen, eztabaida gehien sortzen duen alderdia. “Substantzia oliotsu batzuen bitartez sortzen dira zapore horiek. Biriketako albeoloak ez dira gai horiek xurgatzeko, eta, ondorioz, hor metatu eta gantz geruza bat eratzen dute. Horren arriskua izaten da hanturazko erreakzio bat eragitea eta biriketako gaixotasunak agertzea”, adierazi du Joaquim Geak, Arnasketaren Europako Biltzarreko presidente eta Hospital de Mar-eko Pneumologia Zerbitzuko buruak (Bartzelona).
“Ohiko zigarretak erretzean, substantzia toxiko asko erretzen dira, eta kantzerigenoak izaten dira 70 baino gehiago. Elektronikoekin, teorian, ez da berdin gertatzen, daramatzaten substantziak lurrundu egiten baitituzte. Gauza gutxi dira tabakoa bezain kaltegarriak. ‘E-zigarretak’ ez dira hain txarrak, baina horrek ez du esan nahi arriskurik gabeak direnik”, zehaztu du Esteve Fernandezek, Epidemiologian doktore, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ICO Kataluniako Onkologia Institutuko Tabakismo Unitateko koordinatzaile denak.
Hain zuzen ere, duela gutxi ohartarazpena egin du Toraxeko Kirurgiako eta Pneumologiako Espainiako Elkarteak (SEPAR), ohiko zigarretek izaten dituzten zenbait substantzia aurkitu dituztelako elektronikoetan ere eta kartzinogenoak edo kantzerigenoak izan daitezkeelako. SEPARek dioenez, ez dago froga zientifikoen bidez esaterik zigarreta elektronikoak zer neurritan diren seguruak eta zer-nolako eraginak izango dituzten epe luzera gizakion osasunean, baina oso litekeena da kaltegarriak izatea eta, horregatik, zuhurtziaz erabiltzeko gomendatzen dute.
Gauza jakina da nikotinak harrapatzen dituela erretzaileak, eta zigarreta elektronikoen ekoizleak, bezeroak harrapatu nahian, jakina, nikotina kantitate txikiak eransten hasi zaizkie beren zigarretei. Nikotina ez da kantzerigenoa, baina bai mendetasun-sortzailea. Horrek azalduko luke, beraz, erretzaile batzuek zergatik ez duten lortzen erretzeari uztea. Ohiko zigarretak bai, uzten dituzte, baina elektronikoekin jarraitzen dute erretzen. Dena dela, zenbait ikerketak dioenez, lagungarriak izan daitezke erretzeari uzteko.
Espainiako Estatuan oraindik ez dago daturik zigarreta elektronikoen inguruan, eta ezin jakin zer gertatzen den. Ameriketa Estatu Batuetan badira, eta aski kezkagarriak, gainera: Mugikortasunaren eta Hilkortasunaren Asteroko Txostenean ageri denez, egiaztatua dago nerabe askok zigarreta horien bidez bereganatzen dutela erretzeko ohitura.
Uneotan, tabakoari buruzko zuzentarau berri bat eztabaidatzen ari dira Europako Batasunean, eta zigarreta elektronikoen inguruko puntu batzuk ere gehituko dizkiote. Argitu beharreko auzia da nikotina daramatenak (lau miligramo bitarte) farmazietan saldu beharko ote diren edo medikuaren errezeta beharko ote duten, eta leku itxietan galarazita egongo diren edo ez.
Osasun arloko profesionalen iritziz, ‘e-zigarretak’ merkatuan agertu zirenean, ez zegoen horien inguruko araudirik, eta hori hutsegite nabarmena izan da, ez baitituzte pasatu behar izan beste osasun produktu batzuen kontrolak. Kontsumoko produktu gisa saldu dira, nahiz eta inhalatzen diren substantziak kaltegarriak izan daitezkeen pertsonen osasunarentzat. Hori dela eta, ohiko zigarretekin gertatzen den bezala, esaten dute legez debekatuta egon behar luketela leku eta eremu publikoetan, lantokietan eta jolasguneetan.