Eva Holgado. Familia Ugarien Espainiako Federazioko presidentea

"Dramatismoa kendu behar zaio amatasunari: seme-alabak ez dira hain nekagarriak"

1 enero de 2014
Img entrevista1 listado

Seme-alabak bai edo seme-alabak ez. Zuk zer diozu?

Ikusi egin behar. Kontua da norberak nahi adina seme-alaba edukitzeko aukera izan dezala, eta haren inguru sozialak, ekonomikoak eta lanekoak babesa eman diezaiola erabaki horri. Ez dut esaten mundu guztiak izan behar lituzkeela seme-alabak, hori arduragabekeria handia litzateke. Baina baliabideak dituen jendeari eta ahal duenari bai, pausoa emateko esango nioke. Nire ustez, dramatismoa kendu behar zaio amatasunari: seme-alabak ez dira hain nekagarriak eta hain astunak, jende askok besterik badio ere. Nik nahiago izaten dut esan erantzukizun bat eskatzen dutela. Seme-alabak opari bat dira, poztasuna, bene-benetan sinesten dut hori. Baina ongi dakit ni nire esperientziatik ari naizela, eta denek ez dutela berdin pentsatzen.

Espainiako Estatuan, bost etxetatik batean ez dute haurrik, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren arabera. Eta gero eta bikote gehiagok egiten dio uko guraso izateari (Europako herrialde askotan ere hala ari da gertatzen). Zure ustez, zergatik ote da?

Alderdi bat baino gehiago daude. Lehenik eta behin, emakumea lan munduan sartu delako. Gizonek, ildo horretan, gehiago lagundu behar lukete amatasuna. Gizonaren rola lanari lotzen zaio, baina hein batean eten egin behar luke lotura hori, eta gehiago heldu etxeko zereginei; orekatu egin behar litzateke seme-alabak zaintzeko lana. Beste bikote batzuen arrazoiek heziketarekin izango dute zerikusia: agian, haur bateko edo biko familietatik etorriko dira. Ez dakite zer den familia ugari bat, eta horren beharrik ez dutela pentsatuko dute. Azkenik, beste pertsona batzuek zalantza egiten dute, seme-alabak bai edo ez. Beren lan ibilbideari ematen diote balioa, aisialdiari, bikote harremanari, eta iruditzen zaie guraso egiteak zaildu egingo dizkiela bizitzako beste alderdi horiek.

Fisikoki eta ekonomikoki modua izan arren, seme-alabarik ez dutela eduki nahi erabakitzen dute zenbait pertsonak. Berekoiak direla iruditzen al zaizu?

Ez, hori haiek epaitzea izango litzateke. Nik ez dezaket baieztatu berekoiak direla. Nik lau alaba ditudanez arrunt eskuzabala naizela esatea bezala litzateke. Kontua da inguru sozio-ekonomikoak eta lanari eta heziketari lotutako inguruak aukera eman dezatela guraso izateari buruzko erabakia libreki hartzeko, erabaki behar duenari ez diezaiotela trabarik jarri.

“Amatasuna esklabotza modu bat da” esaten du Elisabeth Badinter frantziar filosofo eta feministak La mujer y la madre liburuan [jatorrizkoa, Le conflict: la feme et la mère, Gatazka: emaztea eta ama). Ados al zaude?

Ez, inola ere ez.

Badinterrek esaten du emakume askok, 30 urte inguru betetzen dituztenean, presioa izaten dutela beren lan ibilbidea bolada baterako utzi eta ama izateko. Iruditzen zaizu hark marrazten duen egoerak baduela zerbait egiatik, edo amatasunaren irakurketa okerra dela esango zenuke?

Apur bat estremista dela esango nuke, nahiz eta diskurtso horretan badiren egiatik ere baduten ñabardurak. Nik etxetik kanpo egiten dut lan, 22 urte daramatzat jardunean, eta lau alaba izan ditut. Bistan da, zenbaitetan, izugarrizko ahalegina egin behar izan dudala, baina ez dut nire lan ibilbidea alboratu eta nire alabak ere ez. Onartu behar dut, hala ere, nire bizitza pertsonala bazterrean utzi dudala hein batean: denbora gutxiago izan dut neuretzat. Baina horri uko egitea, niretzat behintzat, ez da esklabotza modu bat. Amatasuna ez da esklabotza, baina, aldiz, gizarteak familiei babesik ez ematea, hori bada esklabotza.

Zure iritziz, badago amatasun sena, edo gizarteak eraikitako zerbait da?

Amatasun sena badago, bai, zalantzarik gabe. Ez hori bakarrik, aitek ere izaten dute haurrak edukitzeko sena, nahiz eta haientzat ohikoagoa izan den aitaren zereginei uko egitea lanaren eraginez.

Jaiotza tasa apaltzen ari da Espainian 2009an geroztik. Guraso ez izatea erabakitzen duten emakumeek eta gizonek (childfree esaten diete anglosaxoiek) zer dute, hazteko beldurra?

Guraso ez izateko erabakiaren atzean, eremu pertsonala galtzeko beldurra dago hein batean. Baina, batez ere, lehentasun kontua da. Hala ere, seme-alabarik ez izatea erabakitzen dutenek badakite zertan ari diren, eta, beraz, errespetatu egin behar da haien erabakia.

Seme-alabarik ez izatea erabakitzen duten pertsonek… bizitzako gauzarik onena galtzen dute?

Zalantzarik gabe.

Guraso izateari uko egiten diotenak gero eta gehiago izateak zer-nolako ondorioak ekarriko ditu epe ertain eta luzean?

Nire iritziz, Estatuak aukera eskaini behar luke seme-alabak nahi dituenak izan ditzan. Kontrako joeraren ondorioak oso larriak izango lirateke, arriskuan jarriko lukete-eta ongizate estatua. Haur eskasia arazo handia da, eta aurre egin behar zaio. Horretarako, premiazkoa da eztabaida handi bat egin dezagun guztion artean, eztabaida soziala, ekonomikoa eta belaunaldi artekoa.