Epiduralarekin erditu?

Hamar emakumetatik zazpik anestesia epidurala hautatzen dute erditze garaiko minari aurre egiteko
1 maiatza de 2013
Img bebe listado

Epiduralarekin erditu?

Erditzeko unea ezin zoragarriagoa izan daiteke bikote batentzat, eta ezin mingarriagoa ere bai emakumearentzat. Zorionez, gaur egun bada modua oinaze natural eta zenbaitetan jasanezin horri aurre egiteko. Anestesia epidurala da metodorik eraginkorrena eta, beraz, emakumeek gehien hautatzen dutena Espainiako Estatuan. Teknika inbasiboa da: bizkarrezur-muineko gune espezifiko batera iritsi beharra dago han anestesia askatzeko. Trebetasun handia behar da ziztada egiteko, eta oso ongi jakin behar da zenbateko dosia eta zer-nolako printzipio aktiboa erabili behar diren. Era horretako ekintza inbasibo guztiek bezala, honek ere badu bere arriskua, baina abantailak ere begi bistakoak ditu, beste metodo batzuek baino hobeak. Besteak beste, dosi txiki-txikiak erabilita lortzen da oinazea kentzea.

Beharrezkoa al da erditze garaiko oinazea jasatea?

Erditzeko unea mingarria izaten da eta horrexegatik beldurtzen ditu hainbeste haurdun dauden emakumeak. 2011. urtean, Erditzearen beldur izeneko azterketa egin zuten Estatuko hainbat ospitaletako emaginek, eta hor ageri denez, haurdunen %53k beldurra diote erditzeko uneari. Eta, hain zuzen, erditzeko unean bertan jartzen den anestesia da epidurala, oinazea arintzeko edo kentzeko. Espainiako Estatuan, duela 15 urte inguru hasi ziren ospitale publikoetan erabiltzen, eta gaur egun ezinbesteko laguntza bihurtu da erdi-urren dauden emakumerik gehienentzat: Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, haurdunen %72k eskatzen dute. Beste metodo batzuek ere laguntzen dute erditzeko uneko oinazeari aurre egiten edo hura murrizten: gorputz-jarrera erosoa hartzea, perineo inguruan masaje bat hartzea, oinez ibiltzea edo laguntzaile bat gertu izatea. Beraz, erditzeko unean izaten den oinazea jasan edo ez, amaren aukera da hori. Emakumeak ikusi behar du gai izango ote den oinazea eramateko, eta, nola ez, hark erabaki behar du une hori nolakoa izatea nahi duen.

Zer da epidurala?

Hauxe da anestesia epidurala jartzeko prozedura: ziztada bat egiten dute, kanpotik bizkarrezur-muineko gune espezifiko batera iritsi eta han farmako bat jartzeko, anestesikoa, analgesikoa edo esteroidea izango dena. Injekzio edo kateter txiki baten bidez jartzen dute botika gune epiduralean, eta geruzetan barrena zabaltzen dute bizkarrezur-muinera iritsi arte; han, blokeatu egiten ditu minaren estimuluak, garunera iritsi baino lehen. Botika hori duramaterrean ibiliko da (bizkarrezur-muineko kanpo-mintzik lodiena da), araknoide-mintzean eta piamaterrean. Zenbatgarren ornoen artean sartzen den, gune batzuei edo besteei eragingo die. Adibidez, zerbikaletako zazpigarren ornotik bizkarreko lehenbizikora bitarte, oinazea arintzeko edo goiko gorputz-adarretan ebakuntza egiteko izaten da; erditze garaiko oinazea kontrolatzeko, berriz, gerrialdeko bigarren eta hirugarren ornoen artean jarriko dute. Emakumea kontrakzio edo uzkurdura bortitzekin hasia dagoenean jartzen dute anestesia, eta umetoki-lepoa bi edo hiru zentimetro baino gehiago dilatatu denean.

Hona hemen nolakoa izaten den epidurala jartzeko prozesua:

  • Emakumea eserita edo albo baterantz okertuta jartzen da, zangoak tolestuta dituela, eta batere mugitu gabe egon behar du jarrera horretan.
  • Gerrialdea desinfektatu egiten dute antiseptiko batekin, ez dadin izan inolako filtraziorik.
  • Anestesia lokal pixka bat jartzen dute larruazalean, injekzioak ez diezaion minik eman.
  • Anestesistak epidurala emango dio, eta kendu ondoren, zunda (kateter) bat jarriko dio. Hortik aurrera, erditzea luzatzen bada, handik sartuko dizkiote oinazeari aurre egiteko botikak.
  • Emakumea anestesiaren eragina sumatzen hasiko da, gero eta gehiago. 15-20 minuturen buruan, nabarmen arintzen da oinazea.

Noiz eska daiteke anestesia epidurala?

Epiduralak beste edozein anestesiak edo analgesikok baino gehiago arintzen du erditze uneko oinazea, eta oso segurua da. Halaxe baieztatzen du Ginekologiako eta Obstetriziako Espainiako Elkarteak. Hartzeko ezintasunik ez bada tartean, aski da emakumeak eskatzea eta medikuak jarriko dio garaia heltzean. Zenbaitetan, anestesia hori jartzeko gomendioa egiten dute; adibidez, erditze goiztiarretan eta haur bat baino gehiago sortuko direnetan.

Noiz ez da komeni?

Batzuetan ezin izaten da epidurala jarri, arriskutsua delako amagaiarentzat eta haurrarentzat. Noiz ez da komeni anestesia hori erabiltzea?

  • Amak infekzio bat duenean gerrialdean, anestesia injektatu behar litzatekeen tokian.
  • Emakumeak alergia badie opiazeoei edo anestesiko lokalei.
  • Amak bihotzeko arazo larriak baditu.
  • Gerrialdean tatuajeak izanez gero ere ez da komeni epidurala jartzea: gerta liteke tintaren zati bat muineraino iristea.
Epiduralak kalte egiten al dio erditzeari?

Epidurala bitarteko segurua eta eraginkorra da erditze uneko oinazeari aurre egiteko. Hala ere, baditu ondorio batzuk erditu behar duenarentzat. Batetik, epiduralak zaildu eta luzatu egin dezake dilatazio-prozesua. Epidurala hartu ondoren, emakumeak jarrera horizontalean egon behar du, eta horrek ere ez du laguntzen, handitu egiten baitu haurra kanporantz mugitzearen aurkako erresistentzia. Hori dela eta, emakumea eserita egon dadin komeni da. Epiduralak beste era batera ere eragiten dio haurra kanporatzeko lanari: blokeatu egiten du amaren bultzatzeko gogoa. Ondorioz, askotan, tresnak erabili behar izaten dira haurra ateratzeko: forzepsa, bentosak eta espatulak.