Energiari buruz jakin beharreko guztia

Energia hobeki ezagutzea baliagarria da haren eraginaz kontzientziatu eta modu iraunkorragoan kontsumitzeko
1 maiatza de 2013
Img medioambiente listado 760

Energiari buruz jakin beharreko guztia

/imgs/20130501/energia1.jpg
Energiak ezkutuko kostuak izaten ditu. Elektrizitatea ez da dirudien bezain ekologikoa. Argindarraren faktura %40 garestitu daiteke. Espainia beste herrialde batzuen mende dago energia arloan. Duela 30 urteko garbigailu batek oraingo batek halako lau kontsumitzen zuen energia, baina horrek gehiago gastatzera eraman gaitzake eta petrolio-erreserbak gainbehera doaz. Segur aski, ez zenuen jakingo gauza horietako batzuk horrela direla. Energia hobeki ezagutzeak lagundu egiten du haren eraginaz kontzientzia hartzen eta kontsumo-eredu iraunkorragoen alde egiten. Jokabide horrek on egingo dio etxeko ekonomiari, ingurumenari eta osasunari.

Energiaren kostu ezkutuak

Argindarraren fakturak edo erregaien prezioak hainbat kostu biltzen dituzte, guztiak ere begi bistakoak: eskulana, lehengaiak, instalazioak, garraioa… Beste batzuk, ordea, ez dira ageri: kutsadurak eragindakoak, laneko gaixotasunek, klima-aldaketak edo euri azidoak, adibidez. Europako Ingurumen Agentziak (AEMA) argitaratu duen txosten baten arabera, industriak 2009. urtean atmosferan eragindako kutsadurak 102.000 milioi euro eta 169.000 milioi euro bitarteko kostuak sortu zituen ingurumenean eta osasunean egindako kalteengatik (200 eta 330 euro artean herritar bakoitzeko). Kostu horiek zeharkakoak izaten dira, neurtzeko zailak, eta prezioak ezartzeko sistematik kanpo daudenez, ezkutukoak esaten zaie edo energiaren kanpo-eraginak direla esaten da. Gizarteak horiek ere ordaintzen ditu, nahiz eta ez iruditu energia-kontsumoaren ondoriozkoak direla.

Nondik heldu da kontsumitzen dugun argindarra

Zenbaiten ustez, argindarra erabiltzea keinu ekologikoagoa da gasolinazko auto bat erabiltzea baino. Dena den, argigarria da jakitea 2011. urtean nola sortu zen Espainiako eskariari erantzuteko energia (255.179 Gigawatt/orduko (GWh): %21 energia nuklearra izan zen, %19 ziklo konbinatuen bidezkoa (gas naturala erabiltzen dute), %16 eolikoa, %15 ikatzarekin sortua, %11 hidraulikoa eta gainerako %18a beste teknologia batzuetatik ateratakoa, halaxe dio Espainiako Sare Elektrikoaren (REE) azken txostenak. Erakunde horretako arduradunek nabarmendu dute handitu egin dela ikatzarekin sortu den argindarra, eta murriztu, aldiz, hidraulikoa, eolikoa eta nuklearra; ondorioz, argindarraren sektorean handitu egin dira karbono dioxido (CO2) isuriak ere: 73 milioi tonakoak izan dira, 2010. urtean baino %25 handiagoak.

Tarifa-defizita

/imgs/20130501/energia2.jpg
Espainiako Gobernuak, aldian-aldian, argindarraren tarifak onartzen ditu. 2000. urtean onartu zituen tarifek ez omen zituzten estaltzen argindar-konpainiek zituzten gastu guztiak. Ondorioz, tarifa-defizita sortu zen: kontsumitzaileak zorretan geratzen dira argindar-enpresekin, baina zor atzeratu gisako bat da, prezio merkeak jartzearen truk onartzen dena, nolabait. Urteekin, metatu egin da defizita, nahiz eta ez dagoen oso argi zenbatekoa den: José Manuel Soria Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioko (MINETUR) arduradunak dioenez, 24.000 milioi eurokoa da; CNE Energiaren Batzorde Nazionalaren arabera, 28.500 milioikoa. Tomás Diaz Industria Fotovoltaikoaren Elkarteko bozeramailearen hitzetan, defizit hori desagerrarazteko, argindarraren faktura %40 igo beharko litzatekeela diote zenbait kalkuluk. Defizitari eutsi beharrak ekarri du, gainera, energia berriztagarriei ematen zitzaizkien laguntzak (sariak) kentzea.

Energia arloko mendekotasuna

Kanpoko erregai fosilen mende dago Espainia. MINETURek energiari buruz egin duen azken txostenak dioenez, oinarrizko energia-kontsumoaren %78 erregai fosiletan oinarritu zen Espainian 2010. urtean: petrolioa (%48,5), gas naturala (%23,3) eta ikatza (%6,4). Eta erregai horietatik zenbat da Espainian bertan sortua? Ikatzaren %40,7, petrolioaren %0,2 eta gas naturalaren %0,2. Adituek oroitarazten dute erregai horiek, kutsatzaileak ez ezik, gero eta garestiagoak eta urriagoak izango direla. Petrolioak, adibidez (Brent upelak), 30 euro balio zuen 2000. urtean, eta 80 euro balio du gaur egun. Energia arloko mendekotasun hori murrizteko eta energia-iturriak dibertsifikatzeko, hortxe daude energia berriztagarriak, ekologikoagoak eta herrialdean bertan sortuak.

Eraginkortasun energetikoa

Eraginkortasun energetikoa A saileko hozkailu batek (100 litrokoa) 100 kWh-ko kontsumitzen ditu, eta 1980. urteko batek, 386 kWh-ko. Aurrerapenak gero eta handiagoak dira: azken modelo eraginkorrenek (A+++) hiru aldiz gutxiago kontsumitzen dute. Hori dela eta, Europako Batasunak eguneratu egin du etxetresnen eraginkortasun energetikoaren berri ematen duten etiketen araudia. Eraginkortasun energetikoak onurak dakartza beste arlo batzuetan ere: Espainiak urtean 3.300 miloi euro aurreztuko lituzke eraikinen energia-kontsumoa hobeki kontrolatuko balu, Euroconsult ingeniaritza etxeak egindako azterketa batek dioenez.


‘Errebote efektua’

/imgs/20130501/energia3.jpgEraginkortasun energetikoari esker, lehen baino gutxiago kontsumitzen da energia bera ekoizteko. Baina horrek ere badu bere ifrentzua: aurrezten den energia berri hori eskura izanda, gerta daiteke gutxiago ez, gehiago kontsumitzea. Errebote efektua esaten zaio horri. William Stanley Jevons ekonomialari ingelesak deskribatu zuen, 1865ean. Ohartu zen lurrun-makinak ez zuela murriztu bere herrialdeko ikatz-kontsumoa, handitu baizik. Zenbait ikerketak frogatu dute efektu paradoxiko hori. Horietako batek esaten du kontsumo txikiko bonbillekin balitekeela argindar-kontsumoa handitzea. Gutxiago gastatzen dutenez, kontsumitzaileek bonbilla gehiago jartzeko joera izan dezakete, luzaroago erabiltzekoa, eta abar; ondorioz, lehen baino gehiago gastatuko litzateke.


Petrolioaren gailurra

Marion King Hubber-ek, Shell konpainiaren aholkulariak, 1956. urtean adierazi zuen kanpai simetrikoaren itxurakoa zela petrolio ekoizpenaren bilakaera. Ekoizpenak gailurra edo goiko muturra joko luke (eta ondoren gainbehera atzeraezina hasiko luke) baliabideen erdiak agortzen direnean. Haren aurreikuspenak 1970. urtean bete ziren Ameriketako Estatu Batuentzat: munduko ekoizlerik handiena izan zen bere garaian, eta gaur egun inportatu egiten du erdia baino gehiago. Pedro Prietok, Petrolioaren Gailurra Aztertzeko Elkarteko presidenteak, uste du petrolioak ez duela iraungo hiru hamarkada baino gehiago. Carles Ribak, berriz, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Diseinu Zentroko arduradunak, gainbehera hamarkada honetan hasiko dela adierazi du.