Otorduaren ondotik, ezin kendu jakiak ahotik

Gure apetitua suspertu egiten dute zenbait kanpo-faktorek txolarte horietan, eta horien berri jakiteak lagundu egingo digu halakoak saihesten
1 maiatza de 2013
Img alimentacion 4 listado

Otorduaren ondotik, ezin kendu jakiak ahotik

Mahai inguruan bildu, enpo jan eta lagunartean honetaz eta hartaz aritu. Bazkariak bazkalondoa dakar, afariak afalondoa, eta tartean mahaia egoten baita, ahoak ez du atsedenik hartzen: hizketan ari ez bada, jaten edo edaten jarraituko du gehien-gehienean. Baina nola liteke otordu oparoa egin eta oraindik ere mokadutik mokadura ibiltzea? Prozesu neurobiologiko konplexu batek erregulatzen du elikagaiak jateko joera, eta horretan eragina izaten du ez soilik horiek eskura izateak, baita zenbait kanpo-faktorek ere, girotik datozenak batzuk eta psikologikoak besteak. Janari gustagarri gehiago bistan edukitzeak -bereziki, gantz eta azukre ugari dituztenak- aldatu egiten ditu gosearen eta asetasunaren seinaleak. Ondorioz, gehiago jan ohi dugu, eta handitu egiten da gantz ugariko elikagaiak jateko gogoa.

Tentagarri ugari mahai gainean

Elikadura arloan dugun jokabidea aztertzen duten adituek -psikologiaren mundukoek bezala neurobiologiakoek ere- adierazten dute prozesu sistematiko batek erregulatzen duela elikagaiak jateko joera, eta gose-seinaleen eta asetasun-seinaleen bidez kontrolatzen dela prozesu hori. Hainbat hormonak parte hartzen dute, bai garunean sortzen direnek (batez ere, hipotalamoan) eta bai organo periferikoetan sortzen direnek ere (digestio-traktuan eta gantz-ehunean).

Barau egiteak edo ordu batzuk jan gabe egoteak energia-gabezia eragiten du, eta, horri erantzunez, gose-seinaleak adierazten ditu organismoak. Zerbait jaten dugunean, berriz, asetasun-seinaleak aktibatzen dira. Hori bezain erraza dela pentsa daiteke, baina apetitua edo gosea erregulatzen duen prozesua aski konplexua da. Hainbat mekanismo neurobiologikori erantzuten dio, eta horretaz gain, beste hainbat kanpo-faktorek ere eragiten diote elikadura arloko jokabideari, eta horiek erabat baldintzatzen dute elikagaiak aukeratzeko modua eta jateko gogoa kontrolatzeko gaitasuna goserik ez denean ere. Hona hemen faktore horietako batzuk:

  • Apetituarekin zerikusia duten kanpo-estimuluak gugana iristea (elikagai tentagarri bat ikustea edo usaintzea, adibidez).
  • Elikagai gustagarri ugari izatea inguruan.
  • Gantz ugariko elikagaia tentagarriak izatea aurrean.

Bazkalondoan apetituari eragiten dioten kanpo-faktoreak

  • Gantz ugariko elikagaiak. Bazkalondoan edo afalondoan, ohikoa izaten da pasta askotarikoak eskaintzea (gurina dutenak, txokolatea, esne-gaina, krema…) edo fruitu lehorrak dituztenak (intxaurrak, fruitu lehorren nahasketa, pistatxoak…). Gauza jakina da elikagai gantzatsuek nahasi egiten dituztela gosearen eta asetasunaren seinaleak. Aldi batez elikagai gantzatsuak janez gero, aldaketak izaten dira gosearen peptido batzuen jarioan (Y neuropeptidoa, orexinak, agoutí neuropeptidoa), eta areagotu egiten da jaki gantzatsuak hartzeko gogoa. Era berean, asetasun-seinale batzuek murriztu egiten dute beren erantzuna gantz ugariko otordu bat egin ondoan. Halaxe nabarmendu dute Lund-eko Unibertsitateko Endokrinologia eta Metabolismo Sailak (Suedia) egin duen berrikuste-lan batean. Mekanismo horrek azalduko luke zergatik jarraitzen dugun jaten (gehiegi izateraino), nahiz eta goserik ez izan eta otordu oparo batean gure beharrizan fisiologikoek eskatu baino gehiago jan. Eta jarrera horrek luzaroan irauten badu, gizentasun-arazoak ekar ditzake, eta jarrera hori bera faktore garrantzitsutzat hartzen da, hain zuzen, arazo hori tratatzeko eta kudeatzeko orduan. Gainera, janari gantzatsuak edo proteina gehiegi dutenak neurriz kanpo jatean indigestioa ere eragin dezake.
  • Janari gustagarriak aukeran, zein baino zein tentagarriagoa. Otordu bat egin ondoren mahaian jaki gustagarri eta tentagarriak baldin badaude, are gehiago gantz eta azukre ugari badituzte (bonboi kaxa bat, adibidez), behar baino gehiago jateko arriskua izaten da, eta zenbaitetan, otordua bera luzatu egiten da, ezabatu egiten da-eta asetasun-irudipena. Aditu batzuek “egokitze fenomenoa” erabiltzen dute mugarik gabe eta/edo modu konpultsiboan jateko joeraz ari direnean. Lehen aipatu dugu Suedian egindako berrikuste-lan bat, eta han esaten da zenbait ikerketak azaldu izan dituztela jokabide horren nondik norakoak. Egoera horietan, inhibitu egiten da asetasuna eta aktibatu egiten da garuneko “saritze-sistema”, zeinaren ondorioz gehiago jaten diren energia ugari ematen duten elikagaiak, eta batzuetan modu konpultsiboan gainera. Beste egile batzuek “erresistentzia fenomenoa” aipatuz azaltzen dute jokabide hori: organismoa ez da gai izaten elikagaiak jaten direnean erantzuteko, ez baitira aktibatzen asetasun-irudipena sortzen duten seinaleak.
  • Jaki erakargarri edo gustagarri bat ikustea edo usaintzea. Brian Wansink aditua da elikadura arloko jokabideetan (Cornellgo Unibertsitatean aritzen da, AEBetan), eta haren taldeak hainbat ikerketatan adierazi du zenbait pertsonak, batez ere gizenek, sentiberatasun handiagoa dutela kanpo-estimulu batzuekin; adibidez, errazioen neurriarekin, norbaitekin jatearekin (edo bakarrik), edo jatearen plazerarekin. Elikagai tentagarri bat ikuste edo usaintze hutsak ere gosea sentiaraz dezake, eta are gehiago eskuraerraza bada. Horrek azaltzen du zergatik den hain zaila bazkalondoko gozoei eta bestelako gutiziei muzin egitea.
  • Zenbat eta aukera gehiago, hainbat eta jateko gogo gehiago. Elikadura arloko jokabideak aztertu dituenean, Wansink doktoreak behin baino gehiagotan egiaztatu du elikagai-eskaintza ugaria jartzeak ere uste baino gehiago jatera eraman ohi gaituela. Nahiz eta elikagaiak elkarren antzekoak izan, bazkalondoan edo afalondoan hainbat gozo aukeran izateak (bonboiak, te pastak, pastelak…), kanape erako mokadu gaziak, zizka-mizkak (patata frijituak eta gisakoak) edo edariak (zukuak, freskagarriak, garagardoa, ardoa, eta abar), bakoitza bere kolore eta formarekin, gehiago jatea ekarri ohi du.