Zorriak: gure buruko min txikiak
Txakurra izango da, segur aski, gizakiaren lagunik onena, baina gu gabe ere bizi daitezke zakurrak. Zorriak ez. Gu behar gaituzte bizi izateko, ez die balio beste ezein animalia-espeziek. Eskoletan aspaldiko ezaguna dute parasito txiki hori, eta gainetik ezin kendu ibiltzen dira. Iaz, OTC Laborategiek emandako datuen arabera, eskola-umeen % 14k eduki zituzten zorriak. Haur guztiek edukitzen dituzte zorriak bizitzan behin, gutxienez, eta eskola garaian izaten da hori, 3 eta 12 urte arteko tartean. Baina helduek ere badute arriskua: zorriak dituen haur baten inguruan ibiliz gero, laster hasiko da buruari hazka eginez. Zorriak gogaikarri samarrak izaten dira, azkura ematen baitute, eta hor dabiltzala jakin arren, ez dira erraz antzematen, ongi gordeta egoten baitira. EROSKI CONSUMER aldizkariko osasun- eta higiene-adituen esanetan, erne egon behar da, eta neurriak hartu behar dira, seme-alabek eskolatik oharra (eta zorriak) etxera ekarri baino lehen. Eta behin zorriak dauzkagunean, garrantzitsua da jakitea zein diren neurririk egokienak.
Gogaikarriak bai, baina ez arriskutsuak
Uste oker ugari hedatu dira zorrien inguruan, eta horietako batek dio garbitasun faltari eta higiene-ohitura txarrei lotuta daudela zorriak. Hori dela eta, etxe askotan tabu bihurtu da zorrien gaia, eta agertzen zaizkienean, lotsaren lotsaz, isildu egiten dute, eta eskolan ere ez dute jakinarazten. Hiru zorri mota daude, eta hiruretako bakoitzak gorputzeko zati bati eragiten dio. Horietako bik badute zerikusia higiene faltarekin, pubiseko zorriak eta gorputzekoak, hain zuzen. Buruko zorria da hirugarrena (hori da ohikoena eta eskola-umeei eragiten diena), eta horiek ez ditu erakartzen higiene faltak. Berez kutsatzen dira, transmisio bidez. Buruko zorriak sekula ez dira joaten perineo ingurura, eta gorputzekoak ere ez burura.
Beste uste oker batek dio gaixotasunak transmititzen dituztela zizta egiten dutenean. Buruko zorriak oso gogaikarriak dira, baina ez dute inolako arriskurik, eta osasun-arazorik sortzekotan, azkura egitearen ondoriozkoak izaten dira: zarakarren infekzioak eta zauriak. Gorputzeko zorriek, aldiz, badirudi transmititu izan dituztela eritasun larri batzuk, lubakietako sukarra edo tifusa, esaterako. Buruko zorriak oso erraz ugaltzen eta zabaltzen dira, eta horixe izaten da arazorik handiena. Zorriak hilabetez bizi daitezke ilean, eta tarte horretan, 110 arrautza jartzeko gai izaten dira (horien % 60 iristen dira heldu izatera).
Prebentzio neurriak
Ez kutsatzeko
Buru-azaletik 1 edo 2 milimetrora jartzen ditu emeak bartzak (gune horrek izaten duen berotasuna maite du); substantzia likatsu bat ere isurtzen du, eta bartzak itsatsita geratzen dira. Behin bartzak antzemanez gero, haurra kutsatu den seinale izaten da. Arrautzak jarri eta 10 egunen buruan, zorria sortzen da, eta eragozteko zerbait egin ezean, berriz hasten da ugalketa-prozesua.
Askotan uste izaten da etxeko animalien bidez kutsatzen direla zorriak, edo ura, harea edo belarra erabiltzen dituztela burutik burura joateko, edo jauzi edo hegan eginez iristen direla. Baina ez da hala. Zorrien fisiologia den modukoa delako, ileari oratzeko gai dira, baina ez beste ezeri, eta, beraz, buru batek bestea ukitzen duenean kutsatzen dira, edo orraziak, txanoak, diademak eta ilea ukitu duten beste objektuak trukatzen direnean, belarritako entzungailuak, bufandak eta eguzki-betaurrekoak, esaterako.
Prebentzioa: orrazi xehea eta pazientzia
Azkura etengabea eta hazka egitea, horiek dira zorriz kutsatuta dagoenak izaten dituen sintomak (pedikulosia da gaitzaren izen zientifikoa); zorriak lehenengoz hartzen direnean, hala ere, gerta daiteke azkura askoz geroago sumatzea. Horregatik, zorriei aurrea hartu behar zaie, eta iruditzen bazaigu gure alabaren edo semearen kideren batek zorriak izan ditzakeela, arreta handiz aztertu behar diogu burua gure haurrari. Ez behin eta ez noizbehinka ere; egunero-egunero zaindu behar dugu, pazientzia handiz, orrazi xehea eta zapi zuri bat eskuan hartuta. Orrazi xehea berariaz prestatua dago zorrientzat, eta ez dago hori bezain tresna eraginkorrik burua aztertzeko eta zorri helduak eta kumeak kentzeko. Orraziaren hortzek tarte txikia eduki behar dute elkarren artean, 0,2 mm-koa baino txikiagoa, eta hortzak metalezkoak izatea komeni da, malguagoak baitira. Ileak heze eta leun egon behar du orrazia erabiltzeko (ile-egokitzailea eman liteke garbitzerakoan), eta lekuak argitsua izan behar du.
Lozioek eta xanpuek ez dute balio prebentzio gisa
Haurrak zorriak dauzkala egiaztatzen dugunean, eskolan esan behar dugu, gainerako gurasoei jakinaraz diezaieten. Hortik aurrera, zorriak eta bartzak desagerraraztea da helburua, eta horretan lagungarri izaten dira zenbait xanpu, esprai, lozio eta lurrin; berez, intsektizidak dira (pedikulizida esaten zaie), eta botikatan saltzen dituzte. Ez da batere egokia intsektizida horiek erabiltzea ziur jakin gabe haurra kutsatua dagoela; zenbaitetan, nahi gabeko ondorioak eragiten dituzte, eta, horrez gain, luzera begira, gerta daiteke zorriak erresistente bihurtzea eta tratamendu horiek ez eraginik egitea. Beraz, ez dira erabili behar prebentzio-neurri gisa. Eta buru-azalean ahalik eta modurik egokienean eragiteko, gelak eta lozioak izaten dira formaturik onenak.
Pedikulizida gehienek piretrina, malathiona edo lindanoa eduki ohi dute. Aukerarik onena piretrinak erabiltzea da, baina % 1etik beherakoa izan behar du kontzentrazioak; kopuru horrekin, bartzak eta zorriak hiltzen ditu, eta ia ez du eragin kaltegarririk sortzen. Bigarren aukera, malathiona erabiltzea da. Ekoizleak ematen dituen argibideei jarraituz erabili behar dira produktu horiek guztiak, eta bat edo bestea hautatzen dugula, ile guztiari ongi-ongi ezarri behar diogu, modu homogeneoan.
- Udazkena eta eskola-sartzea izaten dituzte gogoko zorriek: garai horietan izaten dira izurrite txikiak ikastetxeetan. Horregatik, garai horietan haurren buruak ongi zaintzea komeni da, nahiz eta eskolatik oharrik ez bidali zorriak agertu direla esanez.
- Zorriek ez dute jauzi egiten, ez hegan ere, eta ez dira kutsatzen etxeko animalien bidez. Buru batetik bestera joaten dira. Hori dela eta, hobe da haurrek ez trukatzea ilea ukitu duten gailuak: motots-biltzekoak, ile-kakoak, betaurrekoak…
- Ileetan zorririk baden ikusteko, orrazi xehea behar izaten da; hortz fin-finak izaten ditu, elkarren hurbil-hurbil jarriak, zorriek ez alde egiteko. Pazientzia hartu, eta buru guztiko ileetan pasatu behar da. Zapi zuri bat inguruan zabaldu, eta haren gainean kolpetxoak eman behar dira orraziarekin, zorriak han geratu daitezen, erraz ikusteko moduan.
- Orrazia pasatu aurretik, ile-egokitzailearekin garbitu burua haurrari: ileak dituen korapiloak kenduko ditu, eta errazagoa izango da orrazi xehea erabiltzea.
- Honako gune hauetan hasi behar da orrazia pasatzen: garondoan eta belarri atzeetan (horiek maite dituzte gehien zorriek, berotasuna eta segurtasuna ematen dietelako.
- Sesamo hazi baten neurrikoak izaten dira zorriak, kolore ilunekoak. Arreta berezia jarri behar zaie arrautzei: buruko zoldaren antzekoak izaten dira, eta ilera ongi-ongi itsatsita egoten dira.
- Haurrak zorriak dituela ikusi ondoren, parasitoen aurkako tratamenduak ematen hasi behar da. Baina ez lehenago, ez baitute balio haurrak ez kutsatzeko edo zorriak uxatzeko. Haurrak kutsatu ondoren soilik erabili behar dira.
- Produktua nola erabili behar den irakurri behar da argibideetan, eta jaramon egin behar zaie ekoizleak egiten dituen gomendioei: zenbat denboraz eduki behar den emanda, zenbatean behin eman behar den, eta abar. Hala egin ezean, tratamenduak huts egingo du, segur aski, eta hasieratik ekin beharko diogu berriz ere.
- Tratamendua ongi eman dugunean ere, maiz-maiz begiratu behar da haurraren burua, produktua zer-nolako emaitza ematen ari den jakiteko.