Arrautza: dohain biribilak

1 apirila de 2010
Img alimentacion 2 listado 145

Arrautza: dohain biribilak

Oinarririk gabea da jaki horren ospe txarra, ez du kolesterola handitzen eta elikagai bikaina da Andre-gizonek betidanik jan izan dute arrautza, mundu guztian jan ere. Duela bi mila urte baino gehiago, greziarrek eta erromatarrek oso begiko zuten, gaur egun milaka jendek bezalaxe. Eta ez da harritzekoa: merkea da eta erraz samar lortzekoa, oso elikagai ona gure organismoarentzat, ahogozo atseginekoa eta sukaldean aukera ugari eskaintzen dituena: hainbat eratara prestatzen da, eta aperitiboan hartzeko izan daiteke, lehen eta bigarren plateretan, eta baita postrean ere. Eta polita ere bada, gainera… azala zuri edo gorrixka, eta barrutik ere zuri-gorri. Azala eta mamia, biak dituela biribilak, alegia. Kolesterolak itzal pixka bat egin dio elikagai bikain honi, eta 70eko hamarkadatik hona, kolokan jarri du arrautzaren izen ona.

Kolesterolaren itzala

“Arrautzak? Astean hiru, gehienez, kolesterol asko daukate eta”. Behin baino gehiagotan entzun izango ditugu halakoak etxean. Baina zenbateraino da egia? Uste horren oinarrian dauden planteamendu zientifikoak ez dira guztiz sendoak, eta arrautza dagokion lekuan jartzeko tenorea heldu da. Arrautzak, egia da, kolesterol asko du; kolesterola, berez, gantz mota bat da (esterola), eta ezinbestekoa da gure organismoarentzat. Kopuru handietan, ordea, bihotz-hodietako eritasunak ekartzen ditu. Kolesterol handia edo hiperkolesterolemia edukitzea, dena den, ez da jaki bakar baten errua edo ondorioa; dieta osoa hartu behar da aintzat, eta beste zenbait faktore ere bai: bizimodua edo joera genetikoak, besteak beste. EROSKI CONSUMER aldizkariko elikadura-adituek arrautzaren alde egiten dute, elikagai ugari ematen dituelako: balio biologiko handiko proteinak, lezitina, eta mineralak eta bitaminak.

Azken 20 urteetan ikerketa ugari egin dira, hainbat eta hainbat herrialdetan, eta zientzialariek argi samar ikusi dute arrautzak, berez eta berak bakarrik, ez duela hartaraino handitzen kolesterola. Beraz, ezin da esan arrautza ugari janda bihotzekoak izateko arriskua edo bihotz-hodietako eritasunak jasatekoa handitzen denik. Patologia horietan askoz eragin handiagoa dute beste alderdi batzuek; hala nola, joera genetikoak eta osasungarri ez diren ohiturek (kirolik edo ariketarik ez egiteko joera, tabakoa edo estresa).

Horrez gain, elikagaiek eduki dezaketen kolesterolak uste baino gutxiago handitzen du kolesterol plasmatiko osoa. Elikagaien kontsumoak eta hiperkolesterolemiak daukaten harremanean, kolesterolak baino gehiago eragiten dute beste aldagai batzuek, eta horien artean, gantz osasungarrien (polisaturatuak) eta osasungarri ez direnen (gantz saturatuak eta trans gantzak) arteko proportzioak. Eta arrautzak, hain justu, emaitza ona ematen du alderaketa horretan (lipido-izaera onekoa dela esaten da). Gainera, arrautzak lezitina dauka, eta gai horrek odolean eusten dio kolesterolari, eta ez dio uzten arterien paretetan pilatzen. Beraz, ez dago arrautzak jateari utzi beharrik edo arrautza kopurua izugarri murriztu beharrik, nahiz eta hiperkolesterolemia dutenek neurrian jan behar duten, kolesterol edo gantz saturatu ugari dituzten beste elikagaiak bezalaxe. Haurrek, neurri ertaina duten helduek eta ariketa fisiko asko egiten ez dutenek, astean 4 arrautza ere jan ditzakete inolako arazorik gabe; eta gorputz handia dutenek edo maiz kirola egiten dutenek, astean 7 arrautza ere bai.

Arrautzaren dohainak

Arrautza oinarrizko elikagaia da dietan. Balio biologiko handia duten proteinak dauzka (% 13), oso proportzio egokian eskaintzen baititu organismoak behar dituen aminoazido esentzialak (hain da horrela, ezen arrautzaren proteinak eredutzat jartzen baitira beste jakiek dituzten proteinen kalitatea nolakoa den erabakitzeko). Gantza (% 11) gorringoan dauka, eta saturatugabea gehiago du saturatua baino (lipido-izaera osasungarria dauka, beraz). A eta E bitamina asko ematen ditu, eta beste bitamina hidrodisolbagarri batzuk ere bai; mineraletan ere ez dabil urri: fosforoa, sodioa (animalia-jatorria duten elikagaietan, arrautzak du gehientsuen), zinka eta selenioa. Jende askok eta askok ez ditu behar adina hartzen mantenugai edo elikagai horiek. D bitamina ere ematen du arrautzak (lipodisolbagarria da eta, horrexegatik, jakien gantzetan ageri da), eta hori oso garrantzitsua da gaixo dauden pertsonentzat edo etxetik oso gutxi ateratzen direnentzat (D bitamina, izan ere, larruazalak ere sintetizatzen du, eguzki-izpien bidez jaso ondoren).

Neurriak badu garrantzia

Sarritan uste izaten da elikagai bat zenbat eta handiagoa den, orduan eta hobea izango dela. Arrautzetan, ordea, ez da hala izaten. Guztiz bestela baizik: zenbat eta handiagoa, orduan eta apalagoa kalitatez. Halaxe egiaztatu du EROSKI CONSUMER aldizkariak egin duen azterketa batek. Guztira 24 arrautza-ontzi aztertu ditugu, hainbat neurri eta motatakoak (guztiak izan dira A sailekoak, hau da, arrautza freskoen sailekoak). Beste garai batzuetan egin izan ditugun azterketekin alderatuta, oro har, arrautzen kalitatea hobetu egin dela erakutsi du azken honek. Emaitzarik apalena, dena den, XL neurriko arrautzek eman dute, handienek, alegia. Neurri horretako arrautzen % 37k kalitate-akatsak agertu dituzte, L neurrikoetan % 23k eta M neurrikoetan, % 15ek baino ez. Zergatik gertatzen den hori? Hiru ezaugarriri erreparatu behar zaio: arrautzaren neurriari, oiloaren adinari eta oskolaren sendotasunari. Oiloa handitu eta zahartu ahala, arrautza handiagoak erruten ditu, eta arrautza zenbat eta handiagoa izan, orduan eta finagoa eta ahulagoa izaten da oskola, eta gaitasun gutxiago eduki ohi du kanpoko mikroorganismoei aurre egiteko. Prezioa ere, gainera, XL neurrikoek izan dute handiena.

Neurriaz gain, koloreak ere hainbat zalantzak sortzen ditu, baina arrautza gorrixka izan, horia edo laranja, horrek ez du inolako eraginik ez zaporean, ez kalitatean.

Arrautzaren inguruko mito eta galderak

Astean hiru arrautza, gehienez. Ez dago horri jaramon egin beharrik. Haurrek 4 arrautza jan ditzakete astean, eta gorputz handia duten pertsonek, 7 ere bai. Arrautzak kolesterol ugari dauka, baina kolesterol asko duten elikagaiek uste baino gutxiago eragiten diote kolesterol plasmatiko osoari. Dieta da garrantzitsua, bere osoan, eta beste zenbait faktore ere bai.

Gorringo hori-horia dutenak osasungarriagoak dira. Hori ez da egia. Gorringoak kolore biziagoa edo apalagoa eduki, horrek ez du zerikusirik ez kalitatearekin, ez zaporearekin. Gorringoaren kolorea nahierara molda dezake ekoizleak, pentsuari pigmentuak erantsita.

Arrautza frijituek asko gizentzen dute? Gehiago kostatzen da horien digestioa egitea? Arrautzaren digestioa egiteko orduan, bi gauza hartu behar dira kontuan: norberaren gorputzak nola erantzuten duen eta arrautza nola prestatua dagoen. Kaloriei erreparatuta, arrautza frijituak zertxobait gehiago eduki ohi ditu, arrautza gordinak eta egosiak baino, baina aldea ez da hain handia. Arrautzak olioa hartzen du, baina neurri bateraino, eta ez du zerikusirik zartaginean dagoen olio kopuruarekin: gehiago botata ere, arrautzak ez du gehiago hartzen. Hona datu bat: arrautza frijitu batek, olioa ongi kenduta, egosita janda baino 35 kaloria gehiago ematen ditu.

Nola jakin arrautza bat freskoa den edo ez? Zuringoaren eta gorringoaren kokapenak adierazten du arrautza freskoa den edo ez. Arrautza freskoaren gorringoa trinkoa izaten da, zuringoaren erdi-erdian egoten da eta konkor baten moduan nabarmentzen da. Frijitzen denean edo ur irakinetan egiten denean, trinko geratzen da. Denborarekin, gorringoak harrotasuna galtzen du, eta alde batera joaten da.

Zuringoan orban gorriak edo hodei modukoak dituzten arrautzak jan daitezke? Horiek ez dute aldatzen ez arrautzaren zaporea eta ez kalitatea ere. Orban gorriak erraz ken daitezke, labana baten muturrarekin. Hodeiek, berriz, zera adierazten dute, arrautza freskoa dela.