Teknologiaz jantzita
Azken urteetan, oihalgintzaren arloan ere sartu da teknologia, eta oihalak hobetzen eta funtzionalago bihurtzen ari dira etengabe. Hor daude, esaterako, tenperatura kontrolatzen duten jantziak, uraren erresistentzia gutxitzen duten bainujantziak eta wifi seinaleak edo LED diodoak antzemateko sistemak dauzkaten kamisetak. Eta badira gauza are bitxiagoak ere: arropari pantailak eta argiak jartzeko proiektuekin ari dira zenbait etxe. Phillips-ek, esaterako, badu oihal argidun baten prototipoa, eta Hego Korean, OLED pantaila malguak sortzeko lanean ari dira, jantzietara egokitzeko aukera emango dutenak. Multimedia erreproduzigailuak edukiko dituzten janzkiak diseinatzen ere hasiak dira, sakelako telefonoen modukoak edukiko dituztenak edo GPS nabigatzaileak; arropen pisua asko handitu gabe egin nahi dute, ahalik eta leku gutxien hartuta, eta jantzien alderdi estetikoa desitxuratu gabe, jakina.
Josturetan, bateriak
Beste joera harrigarri bat ere badago: arropei bateriak, eguzki-plakak eta mikrotxipak jartzea, aldean eraman litezkeen gailuen autonomia handitzeko. Garapen- eta ikerketa-lerro bat baino gehiago jarri dituzte abian: josturen azpian bateria txiki bat jartzeko ahaleginetan ari dira batzuk, eguzki-plaka txiki eta malguak nola erantsi asmatu nahian beste zenbait… Ipar Karolinako Unibertsitateak (AEB), adibidez, gorbata batean edo traje batean txerta daitezkeen eguzki-plakak sortu ditu. Plaka fotovoltaiko batzuei esker, 3,6 volt ematen ditu guztiz kargatuta dagoela. Energia horrekin, sakelako telefono bat karga daiteke, edo MP3 entzungailu bat. Oraingoz, proba fasean dago, baina merkatuan dagoeneko badira eguzki-energia bidezko kargagailuak eskaintzen dituzten jantziak.
Modaren txipak
Moda eta teknologia ibiltoki berean doazela esan liteke. 2007/2008 sasoian, Ermenegildo Zegna italiar etxeak SolarJacket jaka atera zuen merkatura, zeinak eguzki-plakak baitauzka lepoaldean; hark pilatzen duen energiarekin, edozein gailu eramangarri karga liteke. Eguzki-plakek lau ordu behar dituzte bateria bat hornitzeko, eta ondotik, edozein gailu bateriari erantsi, eta guztiz kargatzen da. Horrez gain, entzungailuak jartzeko irteera ere badu jakak.
Baina dena ez da ona. Bateriek eta eguzki-plakek zamatu egiten dute janzkia. Bada modua, hala ere, karga elektriko bat beste era batera aktibatzeko: aldaketa atmosferiko baten ondorioz lor liteke, edo, bestela, oihalen igurtziarekin sor daiteke energia. Georgiako Teknologia Institutuak (AEB) nanozuntz berezi batzuk sortu ditu, eta elkar igurtziz, pultsu elektrikoak sortzeko gai dira.
Material horrekin egindako janzki bat erabiliz gero, gailu elektroniko txikiak kargatzeko aukera ematen du. Oraingoz, ikerketa fasean dago teknologia hori; zuntzak ezin dira busti, zink oxidoz estalita baitaude, eta substantzia hori disolbatu egiten da urarekin.
Ohiko erabileratik harago doazen bestelako janzki batzuk ere badaude merkatuan, oihal berezi-bereziz egina. Babyglow enpresak, esaterako, 24 hilabete arteko haurtxoentzako pijama bitxi bat saltzen du, zeinari kolorea aldatzen baitzaio haurraren tenperatura 37 ºC-etatik gora joaten denean. Kolore askotakoak saltzen dituzte, baina guztiak zuri jartzen dira haurrak sukarra edukiz gero.
Zein da moda eskunarru eta jaketan?
GPS eta Bluetooth daukaten jakak
Jantzi teknologikoetan, bada beste sail bat ere: klima hotz-hotzetan erabiltzeko arropena, hain zuzen. Leku horietan, ongi babestuta joan behar izaten dute bai gailuek eta bai eskuek, eta beti ez da modurik izaten gailuak bistara atera edo eskularruak kentzeko. Scottevest iparramerikar konpainiak salgai jarri ditu gailu elektronikoak gordetzeko balio duten jakak. Jantzi horiek erraztasun guztiak ematen dizkiote erabiltzaileari, beren gailuekin batera eta bestera ibili ahal izateko. Zenbait jakak, adibidez, sakela gardenak dituzte barnean, eta ukipen-pantaila bati esker erabil daitezke, janzkitik atera beharrik izan gabe.
NavJacket izenekoa, berriz, mendi-kiroletarako jaka bat da, GPS hargailua eta nabigazio-sistema barneratuta dituena. Display motako pantaila du mahukan, eta entzungailua txanoan, erabilera-oharrak entzun ahal izateko. Erabiltzaileak bide bat hautatu, eta pantailan ikusiko du nondik joan behar duen eta zenbat bide dagoen helmugara iristeko. Oso erabilgarria gerta daiteke eski-estazio batean pistak eta jatetxeak aurkitzeko. Gainera, gogokoen dituen lakuak grabatu ditzake erabiltzaileak, eta bide bat ere bai, gero erabili ahal izateko.
Motorola etxeak, berriz, Audex Jacket izeneko jaka atera du, Burton konpainiarekin elkarlanean sortua. Bluetooth konexioa dauka janzki horrek, eta miniUSBa. Sakelako telefonoa sinkronizatu, eta deiak erantzuteko aukera ematen du, edo multimedia erreproduzigailu bat kontrolatu daiteke. Horretarako, kontrolagailu bat ezarri diote mahukan, TDT pantaila baten bidez (96 pixel x 32 pixelekoa da), eta bi bozgorailu estereo lepoan. Bateria bat ere badu, bost orduz erabiltzekoa, eta ahitzean, kargatu egiten da.
Ukipen-pantailentzako eskularruak
Neguan, hotz handia egiten duen lekuetan, zaila izaten da ukipen-pantailak dituzten gailuak erabiltzea (sakelako telefonoak edo multimedia erreproduzigailuak), eskularruekin ukituta, pantailak ez baitu erantzuten. Irtenbide bat baino gehiago eman dizkiote arazo horri. Dot Gloves enpresak, eskularru berezi batzuk jarri ditu merkatuan, hatz-mamietan botoi txiki batzuk dituztenak. Era horretan, ukipen-pantailek ongi erantzuten diete erabiltzaileen mugimenduei, gainazal batek ukitzen ditu eta. Apple enpresak eskularru baten patente bat dauka, zeinak korronte kapazitibo bat sortzen duen (hatz-mamiek sortzen dutenaren antzekoa); iPhone-aren eta iPod Touch-aren sistemekin aritzeko asmatua da..
Neguko kiroletarako, eskiatzeko eta goi-mendian ibiltzeko, unisex eskularruak saltzen ditu The Northern Face etxeak, Etip Glove izenekoak; eskuei arnasa hartzen uzten diete, eta ordenagailu eramangarriekin eta MP3 entzungailuekin erabiltzeko dira. Erabiltzaileek, gainera, beste eskularru pare bat jantz dezakete gainetik, hotz handi-handia dagoenean.
I Three Sixty etxeak, berriz, MP3 entzungailuak dituen txanoak asmatu ditu, eta albo batean, Ipod nano erreproduzigailuak jartzeko tartea egin dute, 1., 2., 4. eta 5. belaunaldikoak. Horrez gain, entzungailuak eta bozgorailu bat ere baditu barnean.