Haur-parkeak: 132 jolasgunetako 739 tresna aztertu ditugu, Espainiako 18 hiritan

Hiru jolas-tresnatatik bat ez dago aski ongi zaindua

Jolasguneen segurtasuna ona izan da, baina bada zer hobetu
1 apirila de 2010
Img tema listado 118

Hiru jolas-tresnatatik bat ez dago aski ongi zaindua

/imgs/20100401/tema1.jpg
Gora, behera, gora, behera… Haur-parkeek itxura futurista hartu dute azken urteotan, eta diseinu ausarteko tresnak ageri dira han eta hemen. Funtsean, dena den, lehengo gauza bera egiten da parkeetan, gora eta behera ibili, zabuetan, txirristan, eta abarretan. Haurrek ez dute arriskurik ikusten maiz, eta ziztuan ibiltzen dira, orain erdi zutik, orain eserita, erori beharrean… Gurasoek ikara bat baino gehiago hartzen dute, eta haurrek, makina bat kolpe; hori dela eta, jolasgune horiek baldintza onetan egon behar dute. EROSKI CONSUMER aldizkariak haur-parkeen egoera aztertu du, eta azterketa justu-justuan gainditu dutela azpimarratu behar da. Emaitza ‘onargarria’ baino ez dute lortu, orain dela bost urte egin genuen azterketan bezalaxe. Gauza batzuk hobetu direla antzeman dugu, baina ez behar adina. Hiru jolas-tresnatatik bat ez da egon behar bezala zaindua (horrek arriskuan jartzen ditu haurrak), eta jolasguneen erdietan ez da ageri inolako kartelik, erabiltzaileak jakin dezan tresna bakoitza zer adinetako haurrentzat den. Horra hor emaitza apalaren arrazoietako batzuk. Segurtasunaren alorrean, hobera egin dute gehienek: hamar gunetatik zazpik kautxu birziklatua eduki dute zoruan, eta guneen % 84 hesituta egon dira.

EROSKI CONSUMER 18 hiritan ibili da, eta 132 jolasgune publikotako 739 tresna aztertu ditu urtarril bukaeratik otsail hasiera bitarte. Honako hiri hauetan, hain zuzen: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. 40 kulunka-tresna, 50 txirrista, jolas anitzeko 129 tresna, 254 zabu-jarleku eta 262 malguki aztertu ditugu, eta alderdi hauei erreparatu diegu; segurtasuna, zainketa, informazioa eta irispideak. Jolasgune horien erdiak hirigunean egon dira, eta beste erdiak, aldirietan edo erdialdetik kanpoko auzoetan. Era berean, udalei informazioa eskatu diegu, eta galdetu ea zenbat haur-parke dituzten eta zer aurrekontu jartzen duten horiek zaintzeko.

Emaitzarik onena lortu duten haur-parkeak honako hiri hauetakoak izan dira (emaitza ‘ona’ eskuratu dute): Cadiz, Bartzelona, Kordoba, Gasteiz, Iruñea eta Granada. Bilbo, Madril, Murtzia, Donostia, Valentzia, Zaragoza, A Coruña, Alacant eta Malaga maila ‘onargarrian’ geratu dira. Azterketa gainditu gabe gelditu dira, berriz, Oviedo, Sevilla eta Valladolid (‘hala-holako’ emaitza izan dute).

Egoki erabiltzekoak dira

Haur-parkeak oso erakargarriak dira neska-mutilentzat, jolasa eta arriskua biak biltzen dituzte eta. Haurrak, ordea, ez dira jabetzen egiaz zenbateko arriskua dagoen. Hori dela eta, gune horiek ongi zaintzea eta segurtasun-arauak betetzea bezain garrantzitsua da gurasoek haurrak ongi heztea eta erakustea nola jokatu behar duten jolasguneetan:

  • Errespetua. Haurrek ez diote elkarri bultza egin behar tresnekin jolasten ari direla. Presarik gabe ibil daitezela komeni da, gozatuz, eta, ahal dela, txandak zainduz.
  • Tresnak erabiltzen ari direnean, egoki egin behar dute: txirristan behera abiatzerakoan, adibidez, eserita joan behar dute, eta zabuetan, ez da komeni zutik jartzea.
  • Kontu eduki behar da arroparekin: ez da komeni arropa lasai-lasaia eramatea, edo lokarriak edo sokak zintzilik dituena. Oso arriskutsua gerta daiteke hori, jolas-tresnan harrapatuta gera daitezkeelako, eta min hartu.
  • Haurrei esan behar zaie arretaz begiratu dezatela oina non jartzen duten, eta ongi heldu behar dietela tresnen gainaldera igotzeko elementuei. Hori da modurik onena irrist ez egiteko eta ikarak saihesteko.
  • Hiru urtez azpiko haurrek heldu batek lagunduta joan behar dute, eta une oroz haurraren inguruan ibili behar du helduak, bakarrik utzi gabe.

Jolasguneen segurtasuna

Espainian ez dago legedirik haur-parkeetako segurtasunak nolakoa izan behar lukeen arautzen duenik. Andaluziak eta Galiziak soilik egin dituzte zenbait dekretu, Europan indarrean dagoen araudia oinarri hartuta (UNE-EN 1176 eta 1177 araudia, alegia). Testu horiek eredutzat hartuta, EROSKI CONSUMER-ek egiaztatu du parkeen segurtasunak ‘ona’ izaten jarraitzen duela, 2005. urtean egin genuen azterketan gertatu zen bezala. Hala ere, orduan bezala gaur egun ere, bada zer hobetu.

Jolasguneen segurtasuna
onargarria da, baina
bada zer hobetu

Haur-parke batek modu seguruan hesitua egon behar du, eta ibilgailuak dabiltzan guneetatik bereizia egon behar du. Guk aztertu ditugun bost parketatik hirutan, ordea, zirkulazioa ibili da inguruan, nahiz eta parkeak egoki hesituak egon diren. Zoruan, gainera, material guriak eduki behar dituzte, kolpeak arintzeko. Adituek esaten dute kautxu birziklatua edo zoru naturalak direla egokienak (harea, belarra edo zuhaitz azala), baina horiek ongi zaindu behar dira gero. Guk ikusi ditugun hiru parketatik bik kautxua eduki dute; gainerakoek, zoru naturalak eduki dituzte; harea (% 26k ez dute beste deus eduki), hartxintxarra, belarra eta zuhaitz azala. Oso arriskutsua dela jakinda ere, oraindik erabiltzen dituzte material gogorrak eta kolpeak leuntzeko balio ez dutenak: Zaragozako gune batean, adibidez, galtzada-harria ikusi dugu zoruan.

/imgs/20100401/tema3.jpg
Jolas-tresnak nola zainduta egon diren ere aztertu dugu (zatiren bat apurtuta edo solte eduki duten, torlojurik nabarmentzen ote den, elementu herdoildurik baden, zati ezpalduak, ertz arriskutsuak eta egituraren bat lurrean gaizki ainguratua egon ote den), eta haurrak harrapatuta geratzeko arriskurik egon litekeen ere ikusi dugu: gora eta behera ibiltzeko sokek zenbateko tartea eduki duten, eta ea haur baten burua sar litekeen; V formako irekigunerik baden, non haurraren arropa, edo ilea, kateatuta gera litekeen; irekigune handiegiak dituzten gainazalak badiren; edo zabu-kate zabalegiak, non haurrak hatzen bat sar dezakeen tartean.

Tresnak lurrean ainguratuta egon ohi dira, eta egiaztatu dugunez, malgukien eta kulunka-tresnen % 3 izan ezik, gainerako guztiak lurrean ongi finkatuta egon dira. Ainguratze- edo finkatze-sistema bezain garrantzitsua da haren osagai guztiak egoki elkartuta egon daitezen. Haur-tresnen segurtasunari buruzko araudiak esaten du torlojuek egoera onean egon behar dutela, babestuak edo biribilduak, eta zatiren bat nabarmentzen bazaie, gehienez ere, 8 milimetro atera daitezkeela. Halaxe gertatu da kasurik gehienetan. Oro har, segurtasunaren arloan ongien ibili diren tresnak Iruñean eta Kordoban ikusi ditugu (ez dute inolako hutsegiterik eduki guk aztertu ditugun ataletan), eta okerrenak, Sevillan eta Oviedon. Sevillan, adibidez, jolas-tresnen erdiak baino gehiago gaizki zainduta egon dira, egoera txarrean, eta bostetik batean, arriskua ikusi dugu haurren hatzak harrapatuta geratzeko edo arropa kateatzeko. Oviedon, sei tresnatatik batek elementu arriskutsuak eduki ditu, haurrei min emateko modukoak.

Jolasguneen garbitasuna eta zainketa

Haur-parke bat ongi zaintzeko, dirua eta ahalegina behar dira. Udalek diru-atalak jartzen dituzte horretarako, baina ez guztiek berdin, jakina. Biztanle kopuruaren eta hiriak duen hedaduraren araberakoa izaten da hori. Dirurik gutxien Cadizko Udalak jarri du (40.000 euro), eta gehien, Madrilgoak (9,6 milioi euro). EROSKI CONSUMER aldizkariko teknikariek ikuskatu dituzten parkerik gehienak egoki zainduta egon dira, oro har (% 12tan soilik antzeman dituzte gabeziak). Oviedo eta Valladolid nabarmendu dira txarrerako: bisitatu dituzten hamabi jolasguneetatik zortzi zikin egon dira, pintaketak eduki dituzte, hondakinak, kristalak, zakur gorozkiak eta zigarrokinak.

Gure teknikariek aztertu dituzten 735 jolas-elementuak ongi ibili dira eta arazorik gabe erabiltzeko moduan egon dira, baina gabezia batzuk ere sumatu dituzte: eusteko kateak apurtuta egon dira edo oso egoera txarrean, egitura batzuk kaskar edo ahul samarrak iruditu zaizkie, txirristen jaitsi-leku batzuk oso higatuta aurkitu dituzte eta malguki batzuk ez dituzte jo guztiz egokitzat. Jolas-parkeak berez hondatzen dira, erabiliaren erabiliz, baina, gehienbat, jendeak hondatzen ditu, nahita, gainera. Graffitirik edo pintaketarik ere ez dira falta jolas-parkeetan: jolas-tresnen % 12tan ikusi dituzte teknikariek (2005eko txostenean baino gutxiagotan). Era horretan margotuta ere, zenbait jolas-tresna aski gaizki daude, zaharkituak geratu dira eta berritu on baten premia daukate. Gutxi zainduta egon diren tresnen artean (hirutik bat), pintura esku baten premia eduki du bostetik batek, elementu herdoilduak agertu dituzte % 10ek, eta zati ezpalduak, apurtuak edo solteak antzeman dizkiete % 5i. Hiriz hiri zer gertatu den esaten hasita, Iruñea eta Kordoba nabarmendu beharra dago: bi horietan ez dugu antzeman gisa horretako gabeziarik; Oviedon, A Coruñan eta Sevillan ez bezala: haur-parkeen erdiek baino gehiagok eduki dituzte halakoak.

Jolas-tresnak, banan-banan

Zabuak, txirristak, malgukiak, jolas anitzeko egiturak eta kulunka-tresnak. EROSKI CONSUMER-ek banan-banan aztertu ditu parkeetan gehien ikusten diren tresnak, segurtasunaren alorrean zer gabezia dituzten egiaztatzeko.

  • Jolas anitzeko egiturak: Tresna horiek eduki dituzte segurtasun arazo gehien, eta hamarretatik ia batek (129k, guztira), ez du eduki barandarik edo heldulekurik goiko plataformetara igotzeko edo heltzeko; tresnen % 5ek, berriz, zatiren bat apurtuta edo solte eduki dute, eta % 3tan, torlojuak nabarmendu dira edo ez dira egon behar bezala estaliak.
  • Zabuak: Segurtasun-alorrean hutsegite nabarmenak izan ditu tresna mota honek. Jarlekuei eusten dieten sokek edo kateek eman dute arazo gehien: 254 zabu aztertu ditugu, eta % 12tan, sokak edo kateak ez dira egon estalita, eta batzuetan, tarte handiak antzeman ditugu, haurrek hatza sartu eta min hartzeko modukoak.
  • Kulunka-tresnak: Aztertu ditugun 40 kulunka-tresnen erdiek ez dute eduki hanka-euskarririk, eta hamarretatik bik soilik eduki dute babes-elementuren bat jarlekuaren azpian, erorikoen kolpea leuntzeko.
  • Malgukiak: 262 malguki aztertu ditugu, eta % 13tan soilik ikusi dugu babes-elementuren bat erorikoen kolpea leuntzeko. Lurrera ainguratzeko sistemak nahiko gaizki eduki dituzte malgukien % 3k.
  • Txirristak: Aztertu ditugun 50 txirristetatik % 16k ez dute baranda eduki dute gora igotzeko, eta % 8ri falta zitzaion heldulekuren bat haurrak jaisteko zain egoten diren plataforman. Jaitsi-lekuak eta igotzeko eta jaisteko mailak ongi eduki dituzte gehienek.

Informazioa, irispideak eta konparatzeko taula

Haur-parkeetan kartelak jarri behar dira, erabiltzaileek jakin dezaten zer betebehar dituzten jolas-tresnak erabiltzerakoan, eta larrialdiren bat gertatzen denean zer egin behar duten ere adierazi behar zaie kartel bidez (ongi irakurtzeko modukoak izan behar dute, gainera).

Oso garrantzitsua izaten da jakitea zer adinekin erabiltzeko den tresna bakoitza, baina datu hori aski parke gutxitan ikusi dute gure teknikariek (% 46tan baino ez), eta zenbait hiritan, parke bakarrak ere ez du eduki halako kartelik: Kordoba, Murtzia, Valentzia eta Valladolid. Era berean, larrialdi-telefonoa jartzea ere funtsezkoa da, istripuren bat gertatuz gero ere, eta osasun etxe gertukoenak zein diren ere bai. Telefono-zenbakia parkeen % 45etan egon da jarria (Cadiz, Granada eta Gasteiz nabarmendu dira onerako, eta Alacant, Valentzia eta Valladolid txarrerako); osasun-etxeen informazioa, berriz, bost parketatik batean ikusi dute teknikariek (Granada eta Cadiz nabarmendu dira). Jolasguneen erdietan, bestalde, ez da esaten galarazia dagoela animaliak eramatea. Malagan eta Iruñean, esaterako, inon ez da esaten halakorik.

Oso informazio gutxi dago
erabiltzaileentzat

Aztertu ditugun jolasgune gehienetan, ez da arazorik izan haur-kotxeekin edo gurpil-aulkiekin iristeko. Egokia izaten da, halaber, jolas-tresnak kolore biziekin margotzea, ikusmen-arazoak dituzten haurrek hobeki bereiz ditzaten. Gure teknikariek aztertu dituzten hamar parketatik batean, ordea, ez dira egon hala margotuta. Mugikortasun-arazoak dituzten haurrentzat, berriz, oso ongi etorri ohi da tresna batzuk lurraren arrasean jarrita egotea, baina oso gutxitan ikusi ditugu halakoak (aztertu ditugun parkeen % 22tan baino ez); braillez idatzitako kartelak ere jarri behar lirateke, baina bakarrean aurkitu dugu halakorik, Bartzelonan, hain zuzen.

Parke biribila

Haur-parke egokiak zer baldintza bete behar dituen zerrendatzen hasita, honela laburbilduko genuke: gurasoei segurtasuna eman behar die eta haurrei ongi pasatzeko aukera. Aire zabalean dagoenez, maiz egin behar dira zainketa-lanak, parkeak 5 urteko bizia eduki dezan, gutxienez. Hona hemen kontuan hartu behar liratekeen alderdi nagusiak:

  • Eremu babestua: hiria leku arriskutsua izaten da haurrentzat. Haur-parkeak eremu txikiak dira, haurrak seguru jolastu ahal izateko lekuak. Hori dela eta:

    • Kutsadura atmosferiko eta akustiko handirik ez duten tokietan egon behar dute, eta linea elektrikoetatik, zabortegietatik eta gaitasun handiko ur-kanalizazioetatik urrun.
    • Hesituta egon behar dute, eta zirkulazioa dabilen bideetatik bereizita (gutxienez, 30 metrora).
  • Jolas-tresna erakargarriak, seguruak eta sendoak: tresnek seguruak eta sendoak izan beharko dute, eta erakargarriak ikusi hutsean, haurrei jolasgura pizteko. Horretarako:

    • Material guriak beharko dira zoruan, kolpeak leuntzeko; izan daiteke kautxu birziklatua edo izan daitezke zoru naturalak (belarra eta zuhaitz-azala).
    • Jolaserako tresnek ez dute izan behar metalezko materialez eginak, ez material toxikoz, eta elektrizitate-eroale diren materialez ere. Gainera, tratamendua eman behar zaie, denborarekin ez daitezen ezpaldu eta ez daitezen agerian geratu ertz eta angelu arriskutsuak.
    • Jolas-tresnen ainguratze- eta finkatze-elementuek egonkorrak izan behar dute.
    • Tresnatik tresnara, gutxieneko segurtasun-tartea egon behar du, librea eta oztoporik gabea.
  • Ikuskatze-lanak eta zainketa: jolasguneak txukun eta garbi eduki behar dira, guztiz seguruak izan daitezen. Jolasen jabeek dute ardura horiek zaindu eta iraunarazteko, eta urtero ikuskatu eta berrikusi behar dituzte.
  • Seinaleak: funtsezkoa da adieraztea tresna bakoitza zer adinetarako den, nora jo behar den zerbait hondatuz gero edo arrisku-egoeraren bat antzemanez gero, eta zein osasun-etxe dauden hurbilen. Horretarako, kartelak edo afixak jarri behar dira, eta honako informazioa eman:

    • Zer adin-tartetan erabil daitezkeen tresnak
    • Adinez nagusi direnek galarazia dutela tresnak erabiltzea
    • Animaliarik ezin dela eraman
    • Telefono publikorik hurbilena non dagoen
    • Osasun etxerik hurbilena non dagoen eta osasun-larrialdietarako telefono-zenbakia zein den, istripurik gertatuz gero deitzeko
    • Haur-parkean zerbait hondatuz gero, hura zaintzeaz eta konpontzeaz arduratzen den zerbitzuaren telefonoa
    • Ibilgailu motordunak ezin direla ibili, ezta bizikletak, patineteak eta gisakoak ere.
  • Irispideak: haur-parkeek irispide onak beharko dituzte, batik bat ezintasunen bat daukaten pertsonentzat. Sartzeko eta irteteko bideek ez dute eduki behar oztoporik, eta eskailerak edukiz gero, aldapatxoak jarri beharko zaizkio. Era berean, zoru desegokia edo zaila duten guneetan, propio egokitutako bideak egin behar dira jolas-tresnetaraino heltzeko.
  • Ibilgailuak eta abiadura: inori min egiteko abiaduran joan daitekeen ibilgailu orok galarazia du parkean ibiltzea: ibilgailu motordunak, bizikletak, patineteak…