Artea zorroan, ibili munduan
Artearen gordailu dira. Eta jabego artistikoaren zaindari. Baina plaza ere badira, hiritarren artearekiko ikusmina asebetzeko daude, denon edertasun goseari erantzuteko. Aspaldi, munduko artelanekin gozatu nahi zuenak munduko museoak bisitatu behar zituen edo arteliburuetako argazkiekin konformatu. Lehen Mundu Gerraren ondoren, ostera, museoak elkarren artean hitz egiten hasi ziren, bakoitzaren esku zeuden artelanak konpartitzeko asmoz. Laster konturatu ziren ekimen arrakastatsua arriskutsua ere bazela. Artelana bat bakarra da eta sufritu egiten du, argia aldatzen denean, lekuz mugitzen dutenean eta leku batetik bestera garraiatzen dutenean. Arrisku horiek ahal den neurrian mugatzeko hausnarketa epea zabaldu zen berehala eta gaur egun, artelanak lekuz aldatzeko arauak oso zorrotzak dira. Medikuak ebakuntza mahaian jokatzen duen ardurarekin ibiltzen dira museoetako adituak. Badakite eskuen artean daukaten bizitza hauskor-hauskorra dela eta balio handikoa. Bat bakarra baita artelana eta kontuz bildu, garraiatu eta mugitu behar da.
Artelanaren bidaia jarraitzeko Nafarroatik munduari hitz egin zion eskultorearen lana aukeratu genuen. ‘Oteizaren itzala 50. hamarkadako Espainiako artean’, horixe da Alzuzatik Zaragozara eraman behar zuten erakusketaren izena. Javier Balda artistak egoki du museo desberdinetako artelanak ordenatu eta armoniaz aurkeztearen ardura, Alfonso de la Torre komisarioaren zuzendaritzapean. Hogeita hamar artelan guztira. Balio artistikoa, uka ezina. Prezioa, kalkula ezina. Bost egun behar izan zituzten artelan guztiak ongi bildu eta Zaragozara bidean jartzeko.
Leku batetik bestera egiten diren erakusketetan zein iraunkorretan artelana berdin-berdin zaindu behar da. Komeni zaion tenperatura eta argia izan behar ditu, izan ere, artelana ohitu egiten da ematen zaion argira eta inguruan dagoen tenperaturara eta horiek mantendu egin behar dira.
Turistak bezala artelanak ere aseguruarekin egiten du bidaia. Eta halako osasun-agiria ere badarama. Bi aldeek idatziz adosten dute ze egoeratan dagoen eta akatsik baldin badu. Argazkiekin eta adituen azterketekin osatzen da txostena. Artelanak museo bat uzten duenero “mezularia” joaten da berarekin, jabearen ordezkaria. Eta berarekin, artelana hartuko duen museo edo aretoko kontserbadorea. Argazkiak egiten dira artelana nola atera eta sartzen duten dokumentatzeko.
Mezulariak agintzen duenean mugitzen dute artelana langileek. Erakustokitik kendu eta inoiz erabili gabeko ohialean jartzen dute. Denak dira Arte Ederretan lizentziatuak edo arte lanak zaharberritzen adituak diren Historia Lizentziatuak. Eskuetan, mugimendu guztietan nabaritzen zaie artelanari dioten errespetua eta egiten duten lanak duen arriskua.
Xehetasun guztiak aztertzen dira. Mezularia, nolabait esatearren, notario lanetan ibiltzen da. Dena ondo badoa, aurrera egiteko oniritzia emango du baina akatsen bat ikusten badu artelana ezin da mugitu harik eta peritoa etorri arte. Artelanak garraiatzeko neurriak zorroztearen helburua jabegoa ez izorratzea izan zen eta helburu hori lortzeko eraginkorrak direla erakutsi dute arau berriek.
Artelana bakoitza bakarra bada, artelana mugitzeko kutxa ere halakoa izan behar da, bakarra, bere ezaugarriei egokitua. Tisu paperean biltzen da pieza bakoitza eta ph neutroa duten zelo zatiak erabiltzen dira. Kutxa pinu egurrarekin eginda dago, uraren kontra babestuta dago eta barruan bibrazioen eta tenperatura aldaketen kontrako materialea jarri zaio. Ertz guztietan neoprenoa jarri dute. Poliestirenoarekin egiten dira pieza ondo sartuta dagoela bermatzeko euskarriak. Lekurik soberan balego eta beharko balitz, bolatxoekin betetzen da kutxa, torniloekin itxi baino lehen.
Bi ordu behar izan dituzte baina artelana bidaiatzeko prest dago. Kutxa itxiak barruan dagoen artelana identifikatzeko kodea dauka. Bilduta doa, bibrazioek eta kanpoko eraginek ez dezaten pieza kaltetu. Kamioak aire girotua dauka eta suspensio ona exijitzen zaio. Bidaiaren amaieran, hogeita lau orduz uzten dira artelanak kutxa barruan, pixkanaka joan daitezen leku berriko girora egokitzen. Aditu berdinak dira pieza kutxan sartu eta kutxatik ateratzen dutenak. Ze pieza nola dagoen gogoratzen dute eta arrisku gutxiago, beraz, hanka sartzerik ez egiteko. Zorrotz ibili behar da jokuan dagoenak ez baitu parekorik munduan. Bakarra da, hortik bere balioa.