Zorabioaren gorabeherak
Zorabioa ez da hasten autoan, portu batean edo hegazkinean. Etxean bertan agertzen dira lehen sintomak (ondoeza eta larrimina), maletak prestatzerakoan, edo autobus-geltokirako bidean. Dena den, prebentzio-neurri eta aholku mediku erraz batzuei jarraituz gero, badago modua burua jiraka ez hasteko eta goragaleak ez erasateko.
Bidaiarik atseginena ere sufrikario bihur daiteke bidaiaria zorabiatu egiten bada, paisaia lausotzen hasten bazaio eta urdaila korapilatzen; ahultasunak joko du gero, goragalea etorriko zaio ondoren, eta goitika eginez hasiko du bidaia. Autoan edo beste garraiobide batean bidaiatzeak eragiten du ondoez mota hori, edo biraka dabilen atrakzioren batean igotzeak. Teknikoki, zinetosia esaten zaio (grezierazko kiné hitza du oinarrian, zeinak mugimendua esan nahi baitu); jendeak, berriz, zorabioa eta txorabioa esaten dio.
Zenbait egoeratan, orekaren organoak -barne-balarrian dago- estimulazio gehiegi jasotzen du kanpotik, eta horrek sortzen du zorabioa. Mekanismoa aski konplexua izaten da, eta sintomak ere askotarikoak izaten ditu zorabiatu den pertsonak (izerdi hotza, buruko mina, biratze-sentipena, urdail nahasia, goitika eginaraz dezakeen goragalea); prozesu horretan parte hartzen duen nerbio-sistemak urdaila kontrolatzen du, eta estresari eman beharreko erantzuna ere bai, eta horrexegatik agertzen dira sintoma horiek.
Bidaietan ohiko izaten diren zorabioek ez dakartzate sintoma larriak, eta bizi-konstanteak ere ez dituzte aldatzen. Dena den, bihotz-palpitazioak hasten badira, konortea galtzen bada, sukar oso handia agertzen bada edo tentsioa igo, zerbait larria gertatzen den seinale izaten da hori.
Joera handiagoa duten pertsonak
Pertsona bakoitzaren araberakoa izaten da zinetosi sentipena: autoaren atea ireki orduko zorabiatzen dira batzuk, eta beste batzuk, aldiz, sekula ez dira zorabiatzen, ezta atrakziorik bihurrienetan ere. Minarekin ere gauza bera gertatzen da: pertsona batzuek oso ongi eusten diote, eta beste batzuek, minik txikiena ere ezin izaten dute jasan.
laguntzen du eta goragalea kontrolatzen
Zorabiatzeko joera handiena dutenek sentikortasun berezia izaten dute mugimenduarentzat; horien begiek ohitu egin behar izaten dute gauzak mugimenduan ikustera, eta belarriak eta garunak sentikorragoak dituzte neurriz kanpoko kitzikapena dakarten estimuluen aurrean.
Adin-taldeka hartuta, haurrei eragiten die gehien zorabioak, horien organismoa heldugabeagoa delako eta bidaietara ohitu egin behar izaten dutelako. Zerbikaletako edo garondoko arazoak dituzten adineko pertsonek ere gorabehera asko izaten dituzte, baita zenbait sendagai hartzen dituztenek ere (depresioaren aurkakoak eta analgesiko indartsuak), horien nahigabeko ondorioetako bat zorabioa eragitea edo burua nahastea izaten da eta.
Baina, zalantzarik gabe, zorabiatzeko orduan gehien eragiten duten faktoreetako batzuk norberaren egoera emozionala eta antsietatea dira; zorabiatzeko joera duten pertsonek, izan ere, bidaiatzeko unean gaizki pasatuko dutela pentsatzen dute, eta maletak prestatzeko hasi orduko gogaitzen dira. Hori dela eta, adituen gomendioei jarraituz, sentimendu horiek ongi bideratzen saiatu behar da, eta bidaia hasi aurretik lasai egoten.
- Zorabioaren ohiko sintomak agertu orduko, autoa geratzea izaten da onena, edo autobusak egiten duen atseden-geldialdiaz baliatzea, ibilgailutik irten eta tartetxo batez etzanda egoteko leku freskoren batean, zeharka jarrita (umeentzat da bereziki egokia jarrera hori, goitika egiten laguntzeko). Zorabiatu den pertsona bere onera etorri bitartean, zapi hotzak jar dakizkioke aurpegian edo edari freskoak eman edatera. Eta zutik jartzeko bezain ongi dagoenean, poliki-poliki egin behar du, ez bat-batean.
- Bere onera etorri bitarteko prozesuan goragale handia etortzen bazaio, goitika egitea da onena. Egin ondoren, berriz, likido azukretsu bat hartzea komeni da, kamamila bat edo kolazko freskagarri bat, adibidez, edo edari hotz bat, gozo samarra dena; edari isotoniko bat izan daiteke, adibidez, urdailari lagundu egiten baitiote onera egiten. Ez da ona izaten, aldiz, zukuak ematea, azidoak izaki, goitika egin ondotik ez dira izaten oso gustagarriak.
- Behin zorabioa pasatu ondoren, ibilgailura igo aurretik, 15 minutuz atseden hartzea komeni da, eta tarte hori igarota ekitea berriz ere bidaiari. Pertsona batzuk lehenago osatzen dira, baina horiei ere on egiten die atseden-tarteak.
- Azkenik, zorabiatzeko joera duten pertsonek botika-ontzia eraman behar dute bidaietan, eta sendagaien artean, Biodramina edukitzea komeni da. Bidaian abiatu baino ordubete lehenago hartu behar da pastilla hori, zerbait jan ondoren, eta bidaia luzea bada, berriz hartu behar da sei orduren buruan. Sendagai lasaigarria da, eta bidaian lo egiten laguntzen du, eta, hartara, zorabioa saihesten.
Irtenbide bat, garraiobide bakoitzarentzat
Jarraian, zenbait aholku emango ditugu, garraiobide mota bakoitzari egokituak, ez baita gauza bera batean edo bestean egitea bidaia:
- Autoan. Autoan zorabiatzeko joera edukiz gero, urrutira begiratzea da onena, zerumugatik harago, eta paisaia ikusiz joatea; leihoa irekita uztea ere ona da, ibilgailua haizeberritu dadin. Aire girotua jartzea da beste aukera bat, errazagoa baita beroarekin zorabiatzen. Usain sarkorrak saihestu egin behar dira, gasolioarena, gasolinarena eta tabakoarena, adibidez, eta horregatik, auto barrenean ez da erre behar. Horrez gain, zorabiatzeko joera duten pertsonek ez dute egin behar jarduerarik auto barrenean (irakurri, adibidez). Gidariak ere lagundu behar du, eta goxo eraman behar du autoa, kolpean galgatu gabe eta bihurguneak modu zakarrean hartu gabe; ahal dela, bihurgunerik gabeko bideak hautatzea komeni da.
- Itsasontzian. Itsas bidaiak ez dira izaten jende guztiak egiteko modukoak, nahiz eta ontzi handiak oso egonkorrak izaten diren eta olatuen mugimendurik ia ez den sumatzen, ekaitza denean izan ezik. Zorabioa saihesteko, ontziaren erdialdean joatea da onena, hantxe baitago egonkortasun gehien, eta zerumugako puntu finko batera begiratzea. Itsasontzia txikia bada eta nabigatzen jakinez gero, hobe da norberak eramatea ontzia eta begirada nonbait finkatzea.
- Hegazkinean. Hegazkinak erdialdean dituen jarlekuetako batean esertzea komeni da (bi hegalen parean edo zertxobait aurrerago), hori baita hegazkineko lekurik egonkorrena. Saihestu egin behar dira oso atzean edo oso aurrean dauden jarlekuak, horietan sumatzen baitira gehien hegazkinak egiten dituen maniobrak. Askotan, hegan egiteari diogun fobiak eragiten du ondoeza hegazkinetan; beraz, mentalizatu egin behar da, eta ez larritu.
- Trenean: Ongi aireztatuta dagoen leku bat bilatu behar da, eta egonkorra izango dena; mugimendua edo trenaren triki-traka zenbat eta handiagoa izan, orduan eta informazio oker edo esajeratu gehiago iritsiko zaio organismoari. Neurriz kanpoko estimulazio horrek kontrolik gabe uzten du orekaren organoa, eta egoera horretan, pertsona bat errazago zorabiatzen da, edozein dela ere garraiobidea.
Kalterik gehien, haurrek
Haurrek, organismoa heldugabe daukatenez, maizago zorabiatzeko joera izaten dute. Hori saihesteko, garrantzitsua da haurrak ongi kokatuta jartzea, eserleku goratu batean (haurrentzat erabili behar diren jarleku berezietan halaxe joaten dira).
Jarleku goratu batean jarrita, izan ere, leku finko batera begira dezakete, aurrerantz (zorabiatzen diren helduek bezala). Ideia ona izan liteke DVD pantailak jartzea aurreko jarlekuen buru-euskarrietan, aurrerantz begira joan daitezen (eta gustatzen zaien zerbait ikusiz). Aldiz, ez da batere komeni haurrei bestelako jarduerak eginaraztea, alde batera eta bestera begira ibil ez daitezen (makinatxoetara jolastea, adibidez). Bidaian zehar lo joatea litzateke aukerarik onena, hartara ez baitira inola ere zorabiatuko.
- Ez da egin behar otordu astun eta ugaririk bidaian abiatu aurretik. Otordu arina egitea komeni da, eta ez da ona deus jan gabe abiatzea.
- Bidaiatu aurretik, saihestu egin behar da alkohol eta tabako gehiegia.
- Ongi hidratatuta egon behar da, udan batez ere; likido asko hartu behar dira, azukretsuak, azukre-beheraldia (hipogluzemia) izan daiteke-eta zorabiatzeko arrazoia.
- Bidaia hasi aurretik, ez da hartu behar kafeina duen kolazko edaririk, horiek ere zorabioa eragin dezakete eta.
- Zorabiatu ondoren bai, har daitezke kolazko edariak edo likido gozoak onera etortzeko, baina sekula ez zukuak.
- Egun argiz bidaiatu behar da, eta zorabioa agerrarazten dutenez, saihestu egin behar dira bero handieneko orduak eta gauak ere bai, galdu egiten baitira erreferentzia bisualak.
- Txiklea murtxikatzea ona izaten da belarriarentzat (han dago orekaren organoa).
- Zorabiatzeko joera duen norbait baldin bada, ongi planifikatu behar da bidaia, eta oso garaiz abiatu, bi orduz behin geldialdiak egiteko moduan.
- Ez dira eraman behar jantzi estuak, zeren zorabiatuz gero, arropa estuek traba egiten baitute, eta areagotu egiten dute larritasun-sentipena.
- Lasaitzen saiatu behar da, eta bidaian zer gaizki pasatuko dugun pentsatzen aritu beharrean, beste gauza batzuetan jarri behar da burua.
Iturria: Norberto Proupin, SEMG Mediku Orotariko eta Familiakoen Espainiako Elkartekoa eta Paloma Casado, SEMERGEN Lehen Arretako Medikuen Espainiako Elkartekoa