Udako oporretan ikastea

Lehenik atseden, eta liburuak ondoren

Ikasleek ikasturtean berenganatu ditugun ohiturak ez atzentzeko, aukera ona da udaldiko oporretan aisialdia eta ikasketak uztartzea
1 uztaila de 2011
Img eco domestica listado 465

Lehenik atseden, eta liburuak ondoren

Ikasturte guztia ordutegi eta arau zorrotzen pean pasatu dute ikasleek, eta udako oporrak noiz iritsiko egon dira. Heldu dira, bada! Errutinak eta eguneroko eginbeharrak baztertzeko gogoz egongo dira asko eta asko, eta eskolarekin zerikusirik ez duten jarduerak egiteko desiratzen. Adituen ustez, dena den, guztia ezin da izan aisialdia eta jolasa. Irakasleen eta hezkuntza arloko adituen esanetan, udaldian ere eutsi egin behar zaie lan-eredu eta ikasketa-jarrera batzuei, ikasleek ez ditzaten erabat atzendu ikasturtean bereganatu dituzten ohiturak, eta iraila heltzen denean, ez daitezen arrastaka ibili berriz ere eskolako martxa hartzeko.

Kasu batzuetan, aski izaten da ikasturtean ikasitakoa berrikustea edo errepasatzea, berariaz horretarako prestatuta dauden eskola-materialak erabilita (udako koadernoak, esaterako). Beste batzuetan, berriz, irakasleak hala gomendatu diolako, adibidez, ikasgai jakin bat edo curriculumeko konpetentzia jakin bat finkatu beharra izango du ikasleak, heldu den ikasturteari behar bezala ekiteko hasietatik beretik. Egoera batean zein bestean, funtsezkoa da udan ere denboratxo bat eskaintzea ikasturtean ikasitakoa berrikusteari, horixe baita modurik onena ezagutzak finkatzeko.

Denbora ongi antolatu

Oreka bilatu beharra dago, eta neurria hartu atsedenari, aisialdiari eta lanari. Nola egiten da hori, ordea? Udaldiaren lehen zatia, adibidez, mozteko erabili behar da, ikasturtearekin eteteko, nolabait, eta lagungarria gertatzen da bestelako jarduera ludiko batzuk egitea. Udaldiko azken hilabetean, berriz, ikasketa-ohiturak hartzen hasi beharra dago, adin eta ikasle bakoitzaren beharrak aintzat hartuta. Lehen Hezkuntzan hasiberri den edo hasierako zikloan dagoen ikasle batentzat, aski litzateke egunean 10 minutuz aritzea; aldiz, Bigarren Hezkuntza egiten ari direnek ordu eta erdiko saioak ere egin behar izango dituzte.

Ikasteko unerik egokienak goizak izaten dira, beste edozein jarduerari ekin aurreko uneak. Haurrik gehienak gai izaten dira eurek bakarrik lan egiteko, nahiz eta gero gurasoek gainbegiratu beharko duten egindako lana, eta zalantzak argitzen ere lagundu behar dieten. Adituen ustez, gurasoen zeregin nagusia ez da haurren ondoan eseri, eta haien gain-gainean egotea. Seme-alabei denbora antolatzen laguntzea eta ordutegi batzuk ezartzea da gurasoen eginbeharra, eta lanak egin dituztela egiaztatzea eta zuzenketak bideratzea.

Udan ikasketekin ongi moldatzeko jarraibideak
  • Ikaslearen tutoreak daki beste inork baino hobeki haren ibilbide akademikoaren berri. Edozein zalantza sortzen dela, hari eskatu behar zaio laguntza, eta hark esango du udaldian zenbat denboraz aritu behar duen ikasten eta curriculumeko zer alderdi landu behar dituen bereziki.
  • Beharrezko ikusten bada, irakasle partikular baten laguntza espezializatua eska daiteke, edo akademia batean eman daiteke izena, ikasketa-lanak errazteko eta ikaskuntza-prozesuaren bilakaera egoki kontrolatzeko.
  • Ikaslea ez da zamatu behar. Atsedena, aisialdia eta lana behar ditu ikasleak, eta oreka aurkitu behar da horien artean, eskolako lanei jarrera onarekin ekin diezaien.
  • Seme-alabak motibatzeko modurik onena, interesa agertzea da, eta gauzak ongi egiten dituztenean eta emaitza egokiak lortu dituztenean, pozik gaudela adieraztea.
  • Eskolako lanen osagarri, lanari ukitu ludikoa emango dioten baliabide didaktiko interaktiboak eta esperientzia praktikoak erabiltzea komeni da, ikasketa-lana atseginago bihurtzeko.
  • Etxe berean senide batek baino gehiagok ikasi behar badu udaldian, oso garrantzitsua da guztiek ordutegi berbera edukitzea horretarako, eta inor ere ez sentitzea frustratua jarduera jakin bat ezin duelako egin lanean aritzea egokitu zaiolako.

Materialik egokienak, paperean eta Sarean

Aukeratu egin behar izaten da udan zer liburu erabiliko dituzten seme-alabek, baina lan hori, gehienetan, irakasleen gomendioei jarraituz egiten da. Ohikoena izaten da, ikasturtea bukatzen denean, irakasleek ikasmaterialen zerrenda bat eskaintzea ikasleei, non agertzen diren zer koaderno edo material erabiltzea komeni den udan ikasteko (maizenik, ikasturtean erabilitako ikasliburuak egiten dituzten argitaletxeenak izaten dira). Izan ere, jarraibide pedagogikoak, irakurketa-idazketa sistemak eta enuntziatuen formulazioa ere berberak izatea komeni da, nahasketarik sor ez dadin eta gurasoek zuzenketa-lanak errazago egin ditzaten.

Eskolak aholkurik edo gomendiorik ematen ez badu, argitaletxearen irizpideari jarraitu behar zaiola esaten dute adituek. Material horiek eskuragarri ez badaude, ikaslearen adinari egokitzen zaizkionak bilatu behar dira, eta bakoitzak dituen ikaskuntza-behar espezifikoei erantzuten dietenak. Ikasle batek, adibidez, arazoak eduki baditu matematikako eragiketekin, arlo hori lantzeko balioko duen koadernotxo bat beharko du; arazoa beste nonbait badago, irakurketa-idazketa arloan, esaterako, kaligrafia-koadernoekin edo irakurgai osagarriak eskaintzen dituzten materialekin lan egin beharko du.

Udako koadernoak

Argitaletxeek ere badakite udan lan eginbeharra suertatuko zaiela hainbat ikasleri, eta udako koadernoak argitaratzen dituzte horretarako. Liburuen eta Irakaskuntzako Materialen Editoreen Espainiako Elkarte Nazionalak (ANELE) hainbat argitaletxe biltzen ditu, eta horko kide direnek, esaterako, 300 koaderno baino gehiago eskainiko dituzte aurtengo udan: Repasa con Kika Superbruja; Papapapú, cuaderno de vacaciones: Supervacaciones… dira horietako batzuk. Prezioa 6 eta 14 euro artekoa daukate, nahiz eta badiren garestiagoak ere (15 eta 18 euro artekoak); azken horiek irakurketa-liburuak eta multimedia-euskarriak eskaintzen dituzte osagarri gisa, eta horregatik dira garestiagoak.

Ikasteko unerik egokienak goizak izaten dira,
beste edozein jarduerari ekin aurreko uneak

Koaderno horien edukiak aldatu egiten dira hezkuntza-ziklo batetik bestera. Haur Hezkuntzan, ludikoagoak izaten dira, jostagarriagoak, eta oinarrizko alderdiak lantzen dituzte: grafomotrizitatea, formak edo plastika, betiere eskolan erabiltzen dituzten fitxen antzekoekin. Lehen Hezkuntzan, asko zabaltzen da eskaintza, eta ziklo horretan lantzen dituzten ikasgai guztiak agertzen dira koadernoetan, eta horiez gain, ikasgai jakinen inguruko koaderno espezifikoak ere badira. Bi ziklo horietako materialek eranskinak ere ekarri ohi dituzte, non erantzun guztiak agertzen diren, ariketak zuzentzen laguntzeko. Bigarren Hezkuntzan, ikasgai jakinak errepasatzeko materialak baizik ez dituzte eskaintzen argitaletxeek.

Lan-koadernotxoak

Lan-koadernotxoak erabiltzeko aukera ere bada udan, eta irakasle askok gomendatzen dituzte, gainera, eduki jakin bat edo curriculumeko konpetentzia jakin bat lantzeko aukera ematen baitio horietan zailtasunak dituen ikasleari. Liburuen eta Irakaskuntzako Materialen Editoreen Espainiako Elkarte Nazionalak (ANELE) 6.000 titulu baino gehiago argitaratu ditu urte honetarako, hezkuntza-ziklo guztientzat, hasi Haur Hezkuntzatik eta Batxilergoraino, nahiz eta horien erdiak baino gehiago Lehen Hezkuntzarako eginak diren. Koadernotxo horiek merkeagoak izaten dira udako koadernoak baino ( 4 eta 9 euro artean balio dute).

Kaligrafia, ortografia, kalkulua, formulak… hainbat alderdi lantzen dituzte koadernotxo horiek. Oso ezagunak dira, esaterako, Rubio koadernotxoak (4.250.000 ale saldu zituzten iaz). Argitaletxe horrek 50 urteko ibilbidea egin du, eta orain, koadernoak Internetetik inprimatzeko aukera eskaintzen du (http://tienda.rubio.net/), eta saltokietan baino merkeago eskura litezke (0,80 euroan).

Sarean ikasiz

Interneten ere hainbat baliabide aurki daitezke udako ikastaldian erabiltzeko modukoak; sareak, gainera, baditu abantaila batzuk: merkeagoa da, jostagarriagoa eta, ikasle askorentzat, motibazio-iturri ere bai. Koadernoen eta gainerako material fisikoen osagarri ona izan daiteke, bi arloak egoki konbinatuz gero; Interneteko saioak, dena den, ordutegi baten arabera antolatu behar dira, eta gurasoek gainbegiratu egin behar dituzte. Garrantzitsua da gurasoek jarraipen bat egitea, jakiteko seme-alabek zer etekin ateratzen dieten euskarri digitalei, eta laguntza emateko ere bai, zalantzak-eta sortzen zaizkienean.

Atari bat baino gehiago dago Interneten, hezkuntza ziklo guztietako curriculum-edukiak lantzen dituztenak, era ludikoan. Hona hemen horietako batzuk:

  • SuperSaber atariak (www.supersaber.com) hainbat jarduera eta ariketa biltzen ditu, jolas formatuan; irakasleek sortu eta berrikusi dituzte guztiak, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasgaiak modu jostagarrian errepasatzeko prestatuak daude.
  • Vedoque webguneak ere (www.vedoque.com) jolasak eta pertsonaia dibertigarriak erabiltzen ditu Lehen Hezkuntzako zenbait gai jorratzeko: matematikak, gaztelania eta inguruaren ezagutza.
  • Lehen eta Bigarren Hezkuntzako matematiken arloa berariaz lantzeko, oso baliabide erabilgarria da Win Mates webgunea (www.winmates.net): matematikako 9.000 problema biltzen ditu, zailtasunaren arabera antolatutako testu-enuntziatuekin.
  • Todo Matemáticas gunean, (www2.gobiernodecanarias.org/educacion/), sarean lan egiteaz gain, Lehen Hezkuntzako ikasleek aukera dute matematika arloko hainbat fitxa eta problema deskargatu, eta arkatza eta papera erabiliz lantzeko. A mejor atariak, berriz (www.amejor.net), aritmetika, aljebra eta geometria arloetako 300 problema eskaintzen ditu, DBHko ikasleek landu ditzaten.
  • Grafomotrizitateko koadernotxoen osagarri, Profes.net webgunean sartu (www.infantil.profes.net), eta fitxa-bilduma ugaria deskarga daiteke, Lehen Hezkuntzako ikasleak idazten treba daitezen. Konpetentzia hori lantzeko beste baliabide interesgarri bat Olesur ataria da (www.olesur.com/educacion); inprimaki erraz-erraz bat eskaintzen du, norberak bere kaligrafia-inprimakiak sortu eta inprima ditzan.