Hondartzak: geuk erabili, geuk zaindu
Hondartza inguruek jende asko erakartzen dute uda garaian, eta aurrerantzean ere hala izan dadin, ongi zaindu behar dira eremu natural horiek. Erabiltzaileek zeresan handia dute horretan, eta, hori dela eta, beren jokabidea zenbat eta ekologikoagoa izan, hainbat hobeki. Aholku batzuei jarraituz gero, ingurumenean daukagun eragina murrizteko moduan izango gara, eta, ondorioz, hondartzak hobeki zainduta egongo dira. Guztion esku dago hori.
Hondartzara nola joan erabakitzeko orduan, adibidez, ingurumenari ahalik eta eraginik txikiena egiteko moduak bilatu behar dira. Bidaia luzea bada, garraio publikoa izango da aukerarik onena. Udan, gainera, ohikoa izaten da hondartza guneetara doazen garraio-lineak ugaritzea (autobusa, trena edo metroa). Aldiz, nork bere ibilgailua erabiliko badu, aholku batzuei jarraitu behar die gutxiago kutsa dezan eta, bide batez, dirua aurreztu: ibilgailuan ahalik eta jende gehien eraman behar luke (beste pertsona batzuekin parteka daiteke), abiadura murriztu, aire girotua neurrian erabili… Edonola ere, aukerarik onena oinez edo bizikletaz joatea da, baina horretarako, jakina, hondartzatik gertu samar bizi behar da.
Behin hondartzara iritsita, funtsezkoa da mentalitatea aldatzea: eremu handia hartzen dute hareak eta itsasoak, eta pentsa liteke gutako bakoitzak oso gaitasun txikia duela eremu hori hondatzeko. Baina ez da hala. Oso eremu sentiberak dira hondartzak, eta ongi zaindu eta babestu ezean, zabortegi handi bihur litezke. Ozeanoak eta itsasertzak hondatzerik eta suntsitzerik nahi ez badugu, etxean bertan har ditzakegu neurriak: ekologiaren hiru arau oinarrizkoekin hasiz gero (murriztu, berrerabili eta birziklatu), askoz hondakin gutxiago helduko dira itsasora. Bestalde, produktu ekologikoak edo ongarri gutxiago dituztenak erabilita, kalte gutxiago egingo diogu ingurumenari. Adibidez: plastikozko ohiko poltsen ordez, biodegradatzen direnak edo berrerabil daitezkeenak erabil daitezke, baina ez hondartzara goazen egunean soilik, egunero baizik. Gainera, itsasertzean bizi diren kontsumitzaileek modu aktiboan parte har dezakete itsasoko ekosistemak zaintzeko eta babesteko lanean, eta naturaren alde ari diren GKEekin elkarlanean arituz, lor dezakete erakunde horien arduradunek ekintza gehiago susta ditzaten.
Nola jan hondartzan modu ekologikoan
Hondartzara egun-pasa joanez gero, bazkari eta guzti, jakiak zumitzezko ohiko saskietan eramatea komeni da, edo, bestela, kapazuetan edo oihalezko poltsetan, horiek aukera ematen baitute mahai-tresna guztiak eramateko (berrerabiltzekoak izan behar dute horiek ere, ez erabili eta botatzekoak). Beira ere birziklatzen da, baina ez da materialik egokiena hondartzara eramateko, hautsiz gero arriskutsua izan baitaiteke gainerakoentzat, oinutsik ibiltzen dira eta.
Janaria ere jakiontzi berrerabilgarrietan eraman daiteke, eta edaria, berriz, termoetan edo aluminiozko botiletan. Plastikozko ontziek (bai botilek eta bai poltsek) eragin handia daukate ingurumenean, eta ahalik eta gutxien erabiltzea komeni da, batez ere hondartzan. Itsasoan, izan ere, plastikozko hondakinak gero eta gehiago ari dira pilatzen, eta ehunka urte behar izaten dituzte degradatzeko; gainera, hainbat animalia-espeziek irentsi egiten ditu hondakin horiek, eta kalte egiten diete edo hil egiten dira. Hondartzan eguna pasatu ondoren, zaborra ere sortzen da, eta ingurumenari errespetua agertzeko moduan jokatu behar da zabor horrekin. Gaika bereiztea eta behar bezala birziklatzeko prestatzea izaten da oinarrizko pausoetako bat. Zenbait hondartzak badituzte edukiontzi bereziak gai bakoitzarentzat, baina halakorik ez badago edo zalantza sortzen bazaigu non zer bota behar den, hobe da norberak gordetzea, egoki birziklatzeko modua izan arte. Kasu horretan, poltsa biodegradagarrietan sar daitezke, eta etxera heldutakoan bereizi: hondakin organikoak batetik, plastikoak bestetik…
Kontuan hartu behar da, halaber, hondartzak ez direla hautsontzi erraldoiak, eta, beraz, erretzaileek arduraz jokatu behar dute, eta zigarrokinak eta errautsa ez dituzte harea gainera bota behar, eta are gutxiago uretara. Hori guztia saihesteko aholkurik onena, hondartzan ez erretzea da, baina grinari ezin bazaio eutsi, hautsontzi modura zerbait erabiltzea da egokiena, eta eguna bukatzean, edukiontzira eramatea. Horrez gain, hainbat jendek hondartzan irratia edo musika entzuteko ohitura izaten du, eta pilekin dabiltzan gailuak eramaten dituzte horretarako. Eta pilekin ere kontu handia ibili behar da, hondakinik toxikoenetakoak baitira ingurumenarentzat. Horrexegatik, pilak ahitzen direnean, bizkar-zorroan edo poltsan gorde behar dira, birziklatzera eraman artean.
Ingurua errespetatu
Jokabide ekologikoak eta gizabidezkoak noranahikoa izan behar du, eta hondartza ez da salbuespena. Seinaleak errespetatu egin behar dira, baita mugatuta edo itxita dauden guneak ere (arriskutsuak direlako edo bereziki sentiberak). Hondartzarik gehienetan, galarazita daude etxe-animaliak, ez baita komeni haien gorozkiak harea gainean geratzea. Dutxak ez dira denbora luzean irekita eduki behar, ura ere agortu egiten baita: sartu-atera bat egin, eta itsasoko kresala kentzeko dira. Eta, jakina, horietan ez da erabili behar xanpu edo xaboirik, kalte handiak eragingo lituzkete-eta hondartzan. Kutsadura akustikoak ere eten egiten du oreka naturala eta gainerako erabiltzaileen lasaitasuna, eta, beraz, saihestu egin behar da musika ozenegi edukitzea eta oihuak egitea.
Hondartzek beren ekosistema izaten dute, eta kontu handia eduki behar da hor dauden elementu guztiekin. Dunek, adibidez, babestu egiten dituzte hondartzak higaduratik, ekaitzetatik eta olatuetatik, eta zenbait landareren eta animaliaren bizilekuak dira. Izaki horietako batzuk arriskuan daude (koralak, esaterako), eta ez dira ukitu edo mugitu behar, ezta etxera eraman ere, eta are gutxiago desagertzeko arriskuan dauden espezieak badira.
motordun edo uretako motor zaratatsurik gabe egiten direnak
Bestalde, pertsona askok erabiltzen dute udaldia aire zabaleko jarduerak egiteko hondartzan eta itsasoan. Ontzi motordunak edo uretako motor zaratatsuak baino egokiagoak dira belaontziak edo arraunekin dabiltzanak, kanoak eta surf-taulak.
Azkenik, hondartzako eguna ez da bukatzen toallarekin harea kendu, arropa aldatu eta hondartzatik urruntzen garenean. Etxera iristen garenean ere (edo hotelera edo apartamendura), energia eta ura aurrezteko aholkuei jarraitu behar diegu. Hoteletan, adibidez, ez dago zertan erabili xaboi guztiak egunero, eta bainuetan ura alferrik xahutzen ibili beharrik ere ez dago, dena ordainduta dagoen aitzakiarekin. Oporrak planifikatzerakoan ere, aztertzeko modukoa izan liteke hotel ekologiko batera joateko aukera, ingurumenari arreta berezia jartzen diote eta.
Kontsumitzaile aktiboa
Herritarrek ere modu aktiboan jokatu behar dute hondartzak babestu eta hobetzeko, Ingurumenari eragiten dion alderdiren bat gaizki dabilela iruditzen bazaie, tokiko arduradunengana jo behar dute, eta zer gertatzen den jakinarazi. Lan asko egin behar da hondartza bat egoera onean jartzeko, baina behar-beharrezkoa izaten da udan, eta modu egokian egiten den edo ez aztertzea komeni da. Erakundeei eska dakieke, halaber, hondartzen kalitate-ziurtagiriren bat lortzeko urratsak egin ditzatela (bandera urdina, ISO 9001 eta 14001 kalitate-arauak, Kalitate Qa edo EMAS kudeaketa-sistema).
Zenbait hondartzatan, ingurumen-heziketako programak eskaintzen dituzte, eta horietan parte har daiteke, zaborrak bilduz edo desagertzeko arriskuan dauden espezieak lehengoratuz, adibidez. Horrez gain, kontsumitzaileek ikusiko balute eraikin edo egoitza multzo batek ez duela betetzen ingurumen-araudia, salatu egin behar lukete. Hain zuzen, hainbat txostenek ohartarazten dute itsasertzeko hainbat gunetan kalte handiak egin direla.
- Joan-etorriak. Itsasertzeko herriren batean bizi bagara, bidea oinez edo bizikletaz egitea da hondartzara joateko modurik berdeena. Ibilgailuren bat hartu behar badugu, garraio publikoa erabiltzea da aukerarik onena ingurumenarentzat.
- Hotelak. Ez dago hotel ekologiko askorik, baina han-hemenka daudenek aukera ematen dute inguru naturalarekin harmonian dagoen egonaldia egiteko, eta jaki ekologiko osasungarriak dastatzeko. Hala ere, ekohotel izena hartzen duten zenbait egoitzak ez dituzte betetzen baldintza nagusiak. Herritarrek informazio oso eta osatua eskatu behar dute; besteak beste, ziurtagiri ekologikoa galdegin behar diete hotelei.
- Otorduak. Bazkaria edo askaria hondartzan egiteko asmoa badugu, kapazu batean edo poltsa berrerabilgarri batean eraman behar dira jakiak. Baztertu egin behar dira erabili eta botatzekoak diren mahai-tresnak eta edalontziak; ingurumena zaintzeko, jakiontzi berrerabilgarriak erabiltzea komeni da.
- Zaborra. Etxean eta hondartzan, oinarrizko ekintza da hondakinak gaika bereizi eta birziklatzea. Zenbait hondartzak badauzkate edukiontzi bereziak, baina halakorik ez bada edo zalantza sortzen bazaigu non zer bota behar den, hobe da norberak gordetzea, egoki birziklatzeko modua izan arte.
- Kirolak. Uretako kirolak egin nahi baditugu, motorrik ez duten ontziak erabiltzea da onena ingurumenarentzat: kanoak, kayak-ak, surf-taulak…