Hiru kanpinetatik batek ez du gainditu azterketa, gabeziak eduki dituelako irisgarritasunean eta segurtasunean
Kanpadendak eta bungalowak boladan daude, eta hotelen izar distiratsuak baino nahiago izaten ditu hainbat jendek. Naturarekin harremanetan egoteko aukera eskaintzen dute, eta opor merkeagoak egiteko modua ematen dute a priori, eta, nagusiki, horrexegatik hautatzen ditu jendeak. Kanpadendak, izan ere, badu bere xarma. Espainiako Estatuan, 1.168 establezimenduk eskaintzen dute kanpalekua, kanpadendentzat bezala auto-karabanentzat, eta urtero 6 milioi turista joaten dira horietara.
Kanpin horiek zer egoeratan dauden aztertu nahi izan du EROSKI CONSUMERek, eta, horretarako, 100 kanpin bisitatu ditu Espainiako Estatuko 18 probintziatan: 10 Bartzelonan eta Madrilen; 7 Alacanten, Asturiasen, Kantabrian eta Valentzian; 6 Malagan, Murtzian, Nafarroan eta Sevillan; 5 A Coruñan, Granadan eta Gipuzkoan; 4 Zaragozan; 3 Bizkaian; eta 2 Valladoliden, Kordoban eta Gasteizen. Aztertu ditugun guztien erdiak baino gehiago (61), 2. mailakoak izan dira; beste 24, berriz, 1. mailakoak, eta gainerako 15ak, 3. mailakoak. Lehenik eta behin, kanpin horietako arduradunekin hitz egin dugu, instalazioek zer-nolako ezaugarriak dituzten jakiteko, eta, ondoren, aldizkariaren teknikariak, bezeroen itxurak eginez, kanpinetara bertara joan dira, ikusi egin nahi zituztela esanez. Bisita horietan, instalazioak nola zainduta dauden aztertu dute; zer-nolako irispideak eta segurtasuna dituzten; zer neurrirekin hornituta dauden, bai osasun-arreta eskaintzeko eta bai bestelako ekipamendu eta zerbitzuei erantzuteko; eta erabiltzaileari zer-nolako informazioa ematen dioten ere neurtu dute. Gainera, kanpin horiek goi-denboraldian dauzkaten tarifak ere aztertu dituzte.
Ondorioak ateratzen hasita, hauxe izan da lehena: hiru kanpinetatik batek ez du gainditu azterketa, gabezia handiak -eta larriak- eduki baititu irisgarritasunean, eta hutsuneak segurtasunaren eta zerbitzuen ataletan (2007. urtean ere antzeko azterketa bat egin genuen, eta orduan ere antzekoa izan zen emaitza). Azterketa gainditu ez dutenen ondoan, badira emaitza hobeak atera dituztenak ere: kanpinen heren batek emaitza ‘onargarria’ atera du, beste 31 kanpinek emaitza ‘oso ona’ eskuratu dute, eta izan dira emaitza ‘oso ona’ lortu dutenak ere (3 kanpin). Kanpin motaren arabera, 1. mailakoek izan dituzte emaitzarik onenak (batez beste, ‘ona’), 2. mailakoek ‘onargarria’ atera dute, eta 3. mailakoek, oro har, ez dute gainditu azterketa (‘hala-holako’ emaitza.) Probintziaka ere badira aldeak eta nabarmentzeko moduko datuak: Kordoban, Nafarroan, Valentzian eta Valladoliden aztertu ditugun kanpinek emaitza ‘ona’ lortu dute; gainerako probintzietako kanpinen erdiek, aldiz, ez dute gainditu maila ‘onargarria’, eta badira azterketa gainditu ez duten probintziak ere: A Coruña, Asturias, Murtzia, Sevilla eta Zaragoza.
- Kokapena: seinale bidez adierazia egon behar du kanpina non dagoen eta hara nola iristen den, alferreko itzulingururik ematen ibili beharrik ez izateko. Era berean, eta behin kanpin barrenean gaudela, ekipamendu eta instalazio guztietara iristeko seinaleak ere behar dira, erabiltzaileek ez dezaten izan arazorik komunak, igerilekua, harreragunea edo supermerkatua aurkitzeko.
- Segurtasuna: kanpinak hartzen duen eremu guztiak hesitua egon behar du, eta segurtasun-zerbitzuak eduki behar ditu. Era berean, toki seguruan dagoela egiaztatu behar dugu (inola ere ez du egon behar ezponda batean, euri-bideetan, ibaien ibilgu lehortuetan, edo osasunarentzat kaltegarri diren lekuetatik gertu). Gainera, larrialdi-plan on bat ere eduki behar du kanpinak.
- Profesionaltasuna: kanpinean lanean ari direnek profesionalak izan behar dute, eta kanpinzaleen beharrei eta sor dakizkiekeen arazoei erantzuteko gertu egon behar du. Egokiena litzateke, kanpinzaleak iristen direnean, norbaitek argibideak ematea eta ongi azaltzea zer programazio daukaten, zerbitzuek eta jarduerek zer ordutegi duten, gauza bakoitza non dagoen, zer egin behar den larrialdiren bat gertatuz gero, zer-nolako arauak dituen kanpinak, edo zer zerbitzu diren bereiz ordaintzekoak (aparkalekua, garbigailuak…).
- Garbitasuna: kanpalekuek behar bezala egokituta egon behar dute, eta ahal dela, itzala ere eduki behar dute, bero gehien egiten duen egunetarako. Garbi eta ongi zainduta egon behar dute komunek, igerilekuek, kirolguneek, arropa- eta ontzi-garbitegiek, eta kanpin barreneko instalazioek (taberna, jatetxea, areto soziala, harreragunea, supermerkatua…).
- Osasun-arreta: larrialdiko botika-ontzi bat, gutxienez, eduki behar dute kanpin guztiek. Era horretan, zauririk edo lesiorik arinenak artatu ahalko dituzte, osasun-etxe edo ospitale batera joan gabe (beharrezko bada, joan egin beharko da, jakina).
- Erreklamazioak: egonaldia ez bada izan norberak uste zuen modukoa, kanpinak erreklamazio-liburu bat eduki beharko du bezeroentzat, baita iradokizun-orriak ere.
Informazioa: onena, 1. mailakoetan
Ikerketaren abiapuntu gisa, teknikariek ariketatxo bat egin dute: hautatu duten kanpinera iristea zaila den edo ez egiaztatu nahi izan dute. 100 kanpinetatik 80tan, arazorik gabe iritsi dira, eta emaitza, beraz, ona izan da atal horretan.
Kanpinetara sartzeko atean bertan edo sarbidean, erabiltzaileentzako informazioa egon ohi da, baina erdiek soilik eduki dituzte tarifak jarrita, eta erabilera-arauak eta irekitze- eta ixte-datak ere erdietan baino ez dituzte ikusi teknikariek. Behin barrenera sartuta, harreragunera joan dira teknikariak (kanpin guztiek eduki dute halako gune bat, bik izan ezin; horietan, kanpineko taberna erabiltzen dute horretarako). Harreragune horiek, batez beste, 12 orduz egoten dira irekita egunean. Kanpineko instalazioei lehen begiratuan hartzen zaien itxura oso garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da harrera egiten duen langileak ematen duen tratua: alderdi hori egoki zaindu dute guk aztertu ditugun kanpin guztiek. Era berean, komeni izaten da, lehen unetik beretik, plano edo mapa bat eskaintzea bezeroari, zerbitzu bakoitza non dagoen jakin dezan eta galduta ibil ez dadin, baina 52 kanpinetan soilik egin dute hori. Espainiako Estatuko zenbait erkidegotan, hizkuntza ofizial bat baino gehiago dago, eta atzerritik datozen turistek ere beren hizkuntza ekartzen dute. Horregatik, komeni izaten da kartelak eta seinaleak hizkuntza batean baino gehiagotan egon daitezela. Guk aztertu ditugun kanpin guztietatik, 65ek soilik daukate informazioa hizkuntza batean baino gehiagotan. Gainerakoek, gaztelania hutsez ematen dute.
Oro har, honako probintzia hauetako kanpinetan eskaini dute informaziorik osatuena: Valladolid (‘oso ona’) eta Murtzia, Madril, Gipuzkoa, Kordoba, Bartzelona eta Alacant (‘ona’ guztiek).
Bezeroak kanpin batean gustura egon daitezen, ekipamenduz eta zerbitzuz ongi hornitua egon dadin komeni da. Gure azterketak erakutsi duenez, zer hobetu ugari daukate kanpinek atal horretan, eta batez besteko emaitzak ere horixe adierazten du: ‘onargarria’ baino ez da izan. Ekipamendu-eskaintzarik onena Araban, Alacanten, Bartzelonan, Kordoban, Valentzian eta Valladoliden antzeman dugu (emaitza ‘ona’); eskasena, berriz, A Coruñan, Sevillan eta Murtzian (lehen biek ‘hala-holako’ emaitza eskuratu dute eta hirugarrenak emaitza ‘txarra’). Kanpinak mailaka hartuz, 1. mailakoek eskaintza ‘ona’ eduki dute, 2. mailakoek ‘onargarria’ eta 3. mailakoek ‘hala-holakoa’ (beraz, ez dute gainditu azterketa).
Jende askok kirola egiteko erabiltzen ditu oporretako egunak. Kanpinetan egin dugun azterketak argi utzi du, dena den, horietako askok ez daukatela kirola egiteko instalaziorik: hogei kanpinetan soilik dauzkate futbolean, saskibaloian edo areto-futbolean aritzeko guneak; 33 kanpinetan baino ez ditugu ikusi erabilera anitzeko kirol-zelaiak; 27 kanpinek soilik eduki dute tenis-pista; eta gimnasioa, berriz, 7k baino ez. Ez da berdin gertatzen igerilekuekin: lautik bakarra topatu dugu igerileku bat ere ez duena.
Haurrak dituzten familientzat oso baliagarria izaten dira haiek jolasteko guneak. Aztertu ditugun 100 kanpinetatik, 85ek eduki dituzte, eta ongi zainduta egon dira, gainera.
Ostalaritza-zerbitzuak eta jatetxeak ere aintzat hartzekoak dira. Murtzian aurkitu dugun kanpin batek izan ezik, gainerako guztiek taberna bat eduki dute, gutxienez; hamarretik zortzitan supermerkatua egon da, eta lautik hirutan jatetxea (eguneko menuak, batez beste, 10 euro balio izan du). Teknikariek arreta berezia jarri nahi izan diete tabernei, baina 11 kanpinetan itxita eduki dituzte, denboraldia hasi gabe egon baita. Oro har, garbi egon dira, baina 33 tabernak ez dute agerian eduki prezioen zerrenda, eta beste 21etan, agerian egon arren, ia ezin izan dira ikusi.
Kanpin asko landa-eremuan edo mendi-inguruan daude, baina horrek ez du esan nahi teknologia berriak iritsi ez direnik. Kanpinen erdiek baino gehiagok daukate ordenagailu-gela Interneten nabigatzeko. Norberak bere ordenagailua erabili nahi badu, hamarretik ia bederatzi kanpinetan, wifi gunea erabil dezake. Internet erabiltzeko modurik ematen ez duten kanpinak ere aurkitu ditugu (14). 2. mailakoak izan dira erdiak, 3. mailakoak beste bost, eta, bitxia bada ere, 1. mailakoak beste bi.
Medikurik? Ez, botika-ontzia soilik
Edozein osasun-arazo gertatzen dela ere, osasun-etxe batera joatea izaten da ohikoena, baina ostatu hartu dugun lekuan medikuren bat egonez gero, askoz hobeki. Kanpatuta gauden lekuak osasun-zerbitzu ona edukitzea garrantzitsua da, eta halaxe eduki dute guk aztertu ditugun gehienek, bik izan ezik, non ez duten eduki botika-ontzirik ere (3. mailakoak izan dira biak). Gainerako guztien artean, zortzik baino ez dute eduki mediku-zerbitzua (1. mailakoak izan dira erdiak, eta 2. mailakoak beste erdiak), 15ek erizaindegi guztiz egokitua eduki dute, eta 30ek larrialdiko sendaketak egiteko gela bat. Kanpin gehienek (89k) botika-ontzi bakarra daukate, eta deigarria egin zaigu hori. Bitxia bada ere, 2. mailako kanpinak egon dira ongien hornituta osasun arloan.
botika-ontzia
daukate, baina medikurik ez
Instalazioen segurtasunari dagokionez, oso garrantzitsua da kanpinak ez egotea inguru arriskutsuetan (ibaien ibilguan, adibidez), eta baldintza hori ongi bete dute guk aztertu ditugun guztiek. Baina segurtasunaren auzian, alderdi gehiago ere hartu behar izaten dira kontuan, kanpin barrenean ere modu seguruan ibiltzeko. Ildo horretan, kanpinen % 88k larrialdi plana eduki dute, beste % 6k pentsatu izan dute plana egitea, baina ez dute idatziz jarri, eta beste % 6k, berriz, ez daukate ez planik, ez egiteko asmorik. Azken horien ustez, “ez da beharrezkoa”. Larrialdi-plan hori daukaten kanpinen artean, lautik hiruk baino gehiagok baieztatu dute urtero berrikusten dutela segurtasun-proiektu hori; % 18k, berriz, denboraldi hasieran egiten dute, eta beste % 3ren iritziz, nahikoa da bi urtez behin eginda. Baina deus gutxirako balioko luke larrialdi-plan bat edukitzeak, baldin eta kanpinean lanean ari direnek ez badute formaziorik jaso prebentzio- eta segurtasun-gaietan, eta ez badakite zer egin istripu bat gertatzen denean. Kasu horretan ere oso ona izan da emaitza, eta ia kanpin guztietako langileek baieztatu dute badakitela zer egin behar duten arrisku-egoeretan (2. mailako lau kanpinetan aurkitu dugu salbuespena). Larrialdi-itxuratzeak edo simulakroak egin dituzten galdetuta, ordea, lautik ia batek baino ez du egin halako bat azken urtean (2. mailakoak izan dira 14, 1. mailakoak 9 eta 3. mailakoa beste bat), eta Bizkaian, Gipuzkoan, Kordoban, Sevillan eta Zaragozan aztertu ditugunetatik, batek ere ez.
Teknikariek aztertu dituzten kanpinen % 3tan (A Coruñako bitan eta Murtziako batean), ez dute eduki inolako segurtasun-sistemarik: ez zaintzailerik, ez segurtasun-kamerarik; halako sistemak eduki dituztenen artean, % 44tan biak ikusi dituzte, zaintzaileak eta kamerak. Gainera, bisitatu dituzten kanpinen erdietan baino gehiagotan, zirkulazio-seinaleak antzeman dituzte, kanpin barrenean abiadura mugatzeko (10 km/h-ko abiadura ezarri dute barruti osorako), eta kanpaleku bakoitzeko elektrizitate-hargailuak babestuta daudela ikusi dute (Bartzelonako eta Murtziako batean izan ezik).
Kanpinek guztientzat izan behar lukete irisgarriak, baina ez dira: EROSKI CONSUMERek bisitatu dituen 100 kanpinetatik, 40 ez daude egokituak, 31k komunak soilik egokitu dituzte pertsona ezinduentzat, eta lauk baino ez dituzte egokitu jatetxea, harreragunea eta igerilekua. Beste muturrean, 25 kanpinek guztiz egokituak eduki dituzte instalazio guztiak ezintasun fisikoren bat daukatenak ere ongi molda daitezen (Valladoliden aztertu ditugun biak nabarmendu behar dira). Gurpil-aulkian joan behar dutenentzat, oro har, egoera ez da ona, baina are okerragoa da ikusmen-arazoak dituztenentzat: kanpin bat bera ere ez dago egokitua horientzat.
egokituak
ikusmen urritasuna
dutenentzat
Azterketa egin ondoren, ondorio garbia atera dugu: irisgarritasunaren atalean, ez du axola kanpina zer mailatakoa den. 1. mailakoek, adibidez, ‘hala-holako’ emaitza atera dute, batez beste (ez dute gainditu azterketa), eta beste bi mailetakoek emaitza ‘txarra’.
- “Luxuzko” kanpinak. Sarrerako kartelean lau kanpin-denda (triangelu) eduki ohi dituzte. Denda jartzeko eremu bakoitzak elektrizitatea izaten du, ur beroa izaten da komun eta dutxa guztietan, eta bakoitzak bere kutxa gotorra eduki dezake.
- 1. mailako kanpinak. Hiru denda-triangelu ageri dituzte kartelean. Banakako telefono-kabinak izaten dituzte, ur beroa komun guztietan eta dutxen % 50etan, eta banakako kutxa gotorrak. Denda jartzeko eremuen % 50-75etara iristen da elektrizitatea, eta zerbitzu osagarriak aski osatuak izaten dira, goren mailakoen antzekoak.
- 2. mailako kanpinak. Bi denda-triangelu izaten dituzte. Ez dute alde handirik izaten 1. mailako kanpinekin; 2. mailako hauek ez dira egoten aurrekoak bezain leku “onean”, baina zerbitzu aldetik antzekoak dira.
- 3. mailako kanpinak. Denda-triangelu bakarra eduki ohi dute. Alderik handiena honako alderdi hauetan izaten dute: komun kopurua, zoruaren ezaugarriak, pertsona bakoitzari dagokion gainazala…
Garbienak, 1. eta 2. mailetakoak
Kanpin bat segurua izan daiteke, merkea, irisgarria edo zerbitzuz eta ekipamenduz ongi hornitua, baina horrek ez du askorik balio, baldin eta ez badago txukun eta ongi zainduta. Atal honetan, ez dago alderik 1. eta 2. mailako kanpinen artean. Emaitza ‘oso ona’ lortu dute guztiek, eta 3. mailakoek, berriz, ‘ona’.
Kanpinak eskaintzen dituen zerbitzuei erreparatuz gero, lautan soilik ikusi dugu taberna zikin zegoela, eta zikin egon dira, halaber, Sevillako eta A Coruñako bi kanpinen komunak eta Madrilgo beste batena. Azkenik, Zaragozan aztertu ditugun kanpinen erdietan, zikinkeria handia antzeman dugu haurrak jolasteko gunean, eta berdin gertatu da A Coruñako lautik batean. Arropa eta ontziak garbitzeko lekuak garbi egon dira ia kanpin guztietan. Salbuespen gisa, A Coruñako bat nabarmendu behar da, oso zikin egon da eta.
Zaborrontziak eta edukiontziak oso lagungarriak izaten dira leku horiek garbi edukitzeko, eta are hobea izaten da hondakinak gaia sailkatzeko aukera ematen badute. Aztertu ditugun kanpin ia guztiek eduki dituzte hondakin organikoak birziklatzeko edukiontziak, baina ez da berdin gertatu gainerako edukiontzi motekin: % 65etan ikusi ditugu papera eta plastikoa botatzekoak, % 78tan beirarentzat izaten direnak, eta % 69tan pilak biltzekoak.
Kanpinak aukera ona ematen du aire zabalean egun batzuk pasatzeko, nahiko modu onean. Hori da, behintzat, jendearen ustea. Hala ote den egiaztatu eta tarifak alderatzeko, kalkulua egin du EROSKI CONSUMERek, bi familia mota aintzat hartuta: batetik, bi gurasok eta haur batek osatutako familia bat, familia-kanpadenda batekin hamabost egun pasatzera joan dena, abuztuko lehen hamabostaldian (goi denboraldia); bestetik, familia hori bera hartu dugu, garai berean joan dena, baina karabanarekin, eta ez kanpadendarekin.
Ia ez dago alderik bi egoeren artean: 460 euro kostako litzateke kanpadenda batekin joatea eta 464 euro karabana eramatea. Batez beste, beraz, 462 euro kostatzen da abuztuko lehen hamabostaldia kanpinean igarotzea; 2007an baino % 22 garestiagoa da aurten, eta KPIa, berriz, % 9 baino zertxobait gehiago igo da tarte horretan. Batez besteko prezio horren gainetik ibili dira, dena den, probintzia hauetako kanpinak: Bizkaia, Valladolid, Malaga, Kantabria, Gipuzkoa, Bizkaia eta Bartzelona (azken horretan aurkitu ditugu preziorik garestienak); gainerako probintzietakoak merkeagoak izan dira, eta merkeenak, Sevillakoak. Tauletan ikus daitezke, gainera, zeintzuk diren EROSKI CONSUMER aldizkariko teknikariek lortutako datuen arabera, helduek, umeek, autoek, familia osoarentzako dendek eta karabanak ordaindu behar dituzten prezioak.
Egonaldia ordaintzeaz gain, instalazio edo zerbitzu batzuk erabiltzeagatik ere ordaindu egin behar izaten da zenbait kanpinetan; garbigailu automatikoa eduki duten 91 kanpinetatik, adibidez, bakarrak soilik eskaintzen du doan zerbitzu hori, eta gainerakoetan, 1 eta 6 euro artean kobratzen dute. Berdin gertatzen da lehorgailu automatikoarekin ere (61 kanpinek daukate): kanpin batean ez dute deus ere kobratzen, eta gainerakoetan, 0,20 zentimoren eta 6 euroren artean dabiltza. Sei kanpinetan, berriz, kobratu egiten dute dutxa beroa hartzeagatik (0,5 zentimo eta 4 euro artean).