'Roaming'-a: muga bat etorkizunarentzat
Nor bere herrialdean Internetera konektatu eta megabyte bat deskargatzea 0,05 euro kostatzen da. Aldiz, erabiltzailea beste herrialde batean badago, eta mugikorra ez bada han bertakoa, askoz garestiago ordaindu beharko du megabyte bakoitza: 2,6 euro ere bai zenbaitetan. Adibide bat jarriko dugu: atzerrian dagoen norbaitek hiru megako argazki bat jaitsi nahi badu, ia zortzi euro ordaindu beharko ditu, eta hamar argazki deskargatuz gero, ia laurogei euro. Bere herrialdean, ordea, 1,5 eurorekin egingo luke hori bera.
Atzerritik egindako deiei eta bidalitako mezuei ere eragiten die tarifa-garestitze horrek. Europako Batzordeak, baina, esku hartu du deien eta mezuen auzian, prezioen espekulazioa geldiarazteko helburuz, eta gehienezko tarifa batzuk ezarri dizkie telefonia-operadoreei. Deietan, adibidez, minutu bakoitza gehienez 0,35 euro kostako da, egindako dei bakoitzean, eta jasotako deietan, 0,11 euro. SMS bat bidaltzea, berriz, 0,11 euro kostako da, gehienez ere, eta atzerrian SMS bat jasotzea doakoa izango da (egoera oso bestelakoa zen 2009. urtearen aurretik).
Europako Batzordearen begiradapean
Uneotan, deiekin eta SMSekin egin bezala, orain datuetarako sarbidea arautu nahian ari da Europako Batzordea, atzerrian egiteagatik ezartzen diren tarifak gehiegizkotzat jotzen dituelako, eta batzordekide diren herrialdeen artean ekonomia bateratuaren kontzeptuak agindu behar duelako, baina tarifa horiekin ez da hala gertatzen. Argudio horiek eman ditu Europako Batzordeko lehendakariorde eta Agenda Digitaleko komisarioak, Neelie Kroes-ek.
Lehendakariordeak azpimarratzen duenez, azken belaunaldiko telefonoei esker, erabiltzaileek gero eta datu gehiago kontsumitzen dituzte eta gero eta maizago sartzen dira Internetera, eta askotan eta askotan, gainera, zerbitzuen, negozioen edo saltoki jakinen inguruko informazioa eskuratzeko egiten du jendeak, norbera dagoen lekutik hurbil dauden aukeren berri jakiteko; bilaketa geokokatua esaten zaio horri, eta telefonoaren GPSa eta Sareko datuak konbinatuz egiten da. Era horretako bilaketak publizitate-iturri dira, bai tokiko negozioentzat eta bai zerbitzuen inguruko gomendioak egiteaz eta informazioa emateaz arduratzen diren plataformentzat.
Kroes-en iritziz, erabiltzailea atzerrian dagoenean, gauza asko ez ditu ezagutzen, eta, beraz, datu-sareetarako sarbidea edukitzea oso lagungarria gerta dakioke, eta horrexegatik ugaritzen dira hainbeste bilaketa geokokatu horiek. Etxetik kanpo gaudenean, asko eskertzen da non zer aurki dezakegun jakitea: arropa-saltokiak, jatetxeak, ostatuak, museoak, botikak… Halaber, batetik bestera joateko mapak on-line eskuratzea ere oso erabilgarria izaten da. Hori guztia aukera ona da erabiltzaileentzat, baina baita tokian tokiko negozioentzat ere, bezero berriak erakartzeko bide ematen baitie. Oztopo nagusia, ordea, tarifak dira. Europako Batzordeak berriki argitaratu duen Eurobarometroa 2011n ikusten da hori: han ageri denez, erabiltzaileek askoz behar handiagoa izaten dute mugikorretik Internetera sartzeko, baina atzera eginarazten diete tarifa handiek.
Hori guztia ikusita, ondorio hau atera liteke: roaming-eko tarifa handiek galarazi egiten dute mugikorraren bidezko teknologia digitalaren bilakaera. Ildo horretan, Espainia eta Portugal negoziatzen ari dira urte hasieratik, roaming-ik gabeko gune bateratu bat sortzeko, eta, hartara, mugikorraren erabilera sustatzeko bi herrialdeen artean.
Zergatik ordaintzen dugu hainbeste kanpoan gaudenean?
Atzerrira joan eta mugikorretik deitzea edo mugikorretik Internetera sartzea garestia izaten da, baina zergatik? Mugikor bat bestearekin konektatzeko erabiltzen den protokoloan bilatu behar da horren zergatia. Deiei dagokienez, erabiltzaileak ez du deitzen bere operadorearen bidez, beste baten bidez baizik (operadore anfitrioia esaten zaio). Operadore horrek agindua eman behar du erabiltzailearen operadorea bilatzeko, eta nazioarteko bidetik bidali behar dio deia; hau da, herrialde bat baino gehiago igaro behar ditu, dei-hartzailearengana iristeko. Hartzailea dagoen herrialdera iristen denean, erabiltzailearen operadoreak bilatu egin behar izaten du hartzailearen telefonoa, eta biak harremanetan jartzen ditu.
Operadore anfitrioiak diru bat kobratzen dio erabiltzailearen operadoreari, prozesu horretan egiten duen lanagatik. Europak prezioak arautu aurretik, antenak jartzen egindako inbertsioen arabera ezartzen zituen tarifak operadore anfitrioiak, eta, beraz, zerbitzuari erantzuteko zenbat eta inbertsio handiagoak egin izan, orduan eta garestiago kobratzen zuen bere lana. Har dezagun adibidetzat Costa del Sol esaten zaion ingurua. Udan, turista atzerritarrez betetzen da, eta telefonoz hitz egiten dute etxekoekin. Lineek gainezka ez egiteko, Espainian jarduten duten operadoreek antena gehiago jarri behar izan dituzte, eta inbertsio handiak egin. Amortizatu, ordea, udan soilik egiten dituzte.
Ondorioz, Espainiatik beste herrialde batzuetara egiten ziren ibiltaritza-deiak oso garestiak ziren Europak tarifak arautu zituen arte. Europako Batzordeak ezarri dituen prezioekin, oreka bat bilatu nahi da: operadoreek beren inbertsioak amortiza ditzatela, baina epe luzeagoan. Interneterako sarbidearekin ere antzera gertatzen da, baina kasu horretan, prozesua ez da joaten nazioarteko telekomunikazio-bideetatik, nahiz eta hor ere operadore anfitrioi baten antenak erabiltzen diren.
Erabilera-esparru guztiak arautu artean, atzerrian mugikorrik ez erabiltzea da onena, batik bat sareko datuetara sartzeko. Deiak egin beharra badago, gaueko edo asteburuetako ordu-tarteak erabiltzea komeni da, edo bestela, ostatu edo hotel bateko wifi konexio finkoaz baliatuz, Interneten dauden ahots-programetako bat (voIP) erabil daiteke, Skype adibidez. Nabigatzeko ere erabil daiteke wifi konexioa, eta, beraz, ostatu hartzerakoan, aukera hori eskaintzen duen edo ez ere kontuan hartu behar da. Badaezpadako neurri gisa, eta fakturak ezusterik ez emateko, atzerrian gauden bitartean, telefonoan deskonektatu egin daiteke 3G sareak erabiltzeko aukera.