Liburu elektronikoen irakurgailuak

Tinta elektronikoa isuri da liburuen gainera

Liburu elektronikoak irakurtzeko gailuek iraultza ekarriko dutela dirudi eleberrien eta ikasliburuen mundura
1 iraila de 2009
Img internet listado 526

Tinta elektronikoa isuri da liburuen gainera

Musikazaleek ezin sinetsiz bezala begiratzen zieten duela ez asko euren disko bildumei. Ulertzen hasiak ziren MP3ak eta musika entzuteko gailu eramangarriek desagerraraziko zituztela. Biniloz eta disko konpaktuz beteta zeuden apalategi haiek sakelan eraman ahal izango zituzten lastez, iPod eta antzeko tresnekin. Musika guzti-guztia sartzeko adina leku izango zuten.

Liburuzaleek ere susma zezaketen euren liburutegietara ere iritsiko zela aro digitalaren haizea. Ordurako hasiak ziren autore eskubiderik gabeko lanak digitalizatzen eta Sarean doan eskaintzen (hori egiten du, adibidez, Gutenberg proiektuak). Urte batzuk geroago, Google Print proiektua aurkeztu zuten, asmo handikoa bera: 10 urtean 15 milioi liburu digitalizatu nahi ditu Google bilatzaileak.

Aspalditik dago jendea zain

Musikaren munduan aspaldi samar gertatu da formatu aldaketa, baina letren eremuan uste baino gehiago ari zaio kostatzen. Abesti bat CD batean entzun edo MP3an entzun, ez dago alderi handirik kalitatean, baina liburu bat irakurri behar denean, askoz ere erosoagoa da paperetik egitea, eta ez ohiko pantailetan (eskuko telefonoan edo ordenagailuan). Baina arazo hori ere gainditzeko bidean da teknologia. Amazon etxeak, adibidez, Kindle izeneko liburu irakurgailu elektronikoa jarri du merkatuan, eta jendea hasi da aurreiritziak baztertzen eta zalantzak uxatzen.

Liburu elektronikoa ordenagailu merke bat baino ez da, liburu fin eta txiki baten neurrikoa, baina haren pantaila ez da orain arte ezagutu ditugunak bezalakoa; “tinta elektronikoa” ageri da pantaila horietan, eta begiak ez dira nekatzen. Ordenagailuen LCD pantailek argia igortzen dute, eta bereizmen txikia ematen dute, irudiak etengabe ari direlako sortzen; berdin du bideo bat ikusten edo dokumentu bat irakurtzen ari bagara, beti ari da birsortzen, segundoan dozenaka aldiz. “Tinta elektronikoa” erakusten duten pantailak, berriz, hainbat eta hainbat bolaz osatuta daude; bola horiek kolore bat daukate alde bakoitzean, eta birak ematen dituzte, erakutsi nahi duten irudia ikus dezan irakurleak (estadio baten harmailetako mosaiko bat izango balitz bezala). Era horretan, irudia geldirik egoten da orria pasatu arte, eta begia apenas nekatzen den; bateria ere oso gutxi kontsumitzen du, beste orri bat erakusten duenean soilik gastatzen baitu, hau da, bolek bira ematen dutenean. Liburu elektronikoak asteetan funtziona dezake behin bateria kargatuta.

Kindle-ren negozioa

Kindle irakurgailua izan da era horretako lehena; Amazon-ek jarri du merkatuan, sareko merkataritzan aritzen den enpresa erraldoiak, 299 dolarretan (215 euro inguru). Badira gehiago ere, ordea: Papyre da horietako bat, Grammata Espainiako enpresak saltzen duena (299 euro); Reader izenekoa da bestea, Sony etxearena (350 eta 500 euro artean dabil, modeloaren arabera); eta iRex Iliad delakoa ere aukeran dago (550 euro). Guztiek ere erdi mailako liburu baten itxura, neurriak eta pisua dituzte, baina ordenagailu txikiak dira, lauak, pantaila bat eta botoi gutxi batzuekin. Aipatu ditugun tresna horiek eta beste batzuek arrakasta handia izan dute Ameriketako Estatu Batuetan eta Europa iparraldeko herrialdeetan.

Bat-batean, liburuen bertsio digitalak eskatzen hasi da jendea, eta horrek harritu egin ditu liburu horien eskubideen jabe diren argitaletxeak. Argitaletxe anglosaxoiak azkar mugitu dira, eta Amazon etxeak Kindle-rekin egiten duen horixe egiten hasi dira, negozioa euren esparrutik kanpo joan ez dadin. Amazonek Kindle irakurgailua saltzen duenean, baldintza batekin egiten du: liburuak bide ofizialetik soilik eros daitezke, eta kopien aurkako sistemarekin izan behar dute. Gero, Amazonek eta gainerako irakurgailuen ekoizleek argitaletxeekin banatzen dituzte irabaziak, salmenten arabera betiere. Apple-k ere eredu horixe bera erabiltzen du iPod musika entzungailuarentzat (bere dendan soilik eskuratu daitezke abestiak, iTunes Music Store izenekoan).

Baina horrek ere badu eragozpen bat: ezin da libururik erosi etxe horiek ezarritako zerbitzuetatik kanpo. Abantaila handi-handi bat ere ekarri du, ordea, salmenta modu horrek: argitaletxeen errezeloak gainditzeko balio izan du, eta erraztu egin die euren liburuak digitalizatzeko urratsa egitea. Hori lortu ezean, alferrik dira irakurgailu guztiak. Ingelesez idatzitako liburuetan eskaintza ugaria da, eta aski gaurkotua dago, gainera; aukeran, liburu klasiko asko falta direla esan liteke. Google ere hasia da negozio horretan sartzen; Sony etxearen irakurgailua hartu du lagun, eta bere liburu katalogoa eskaintzen hasi da, Google Liburuak izenekoa.

Espainiako argitaletxeak uzkur samar ageri dira aldaketa hauen aurrean, eta askoz ere mantsoago doa liburuak digitalizatzeko prozesua. Papyre irakurgailuaren ekoizleak ari dira zenbait akordio egiten argitaletxeekin (halaxe jakinarazi zioten CONSUMER EROSKI-ri ekainean egindako elkarrizketan), baina eskaintza aski urria da oraingoz, nahiz eta eskaria handitzen ari den egunetik egunera.

Musika digitalak bezala, liburu digitalak ere aldaketa handiak ekarriko ditu, baina aurreikusi liteke arazoak ere ez direla txikiagoak izango, ongi doitu beharko baita egile eskubideen gaia eta eduki jakin batzuen hedapenari buruzkoa. Une hauetan, esaterako, sarean dabiltza milaka liburu, Emule, Bittorrent eta gisakoetan, era guztietako abesti, film eta serieekin nahasian.

Liburu elektronikoak eskuratzeko denda batzuk
  • Gaztelaniazko liburuak erosteko bada webgune bat baino gehiago. Hortxe dago Bubok (www.bubok.com), esate baterako, edota Mi elibro (www.mielibro.com). Euro bat baino apur bat gehiago ordainduta eta gehienez 6 euroren truk eskuratu daitezke horietan liburu elektronikoak, eta argitaletxe zein idazleentzako ere negozio aukerak eskaintzen dituzte.
  • Ingelesezko literatura sarean eta doan jartzeko proiektua beste hizkuntza batzuetan baino aurreratuago dago. Horren adibide da Gutenberg proiektua (www.gutenberg.org). Publiko izateko asmoarekin sortua da, eta Wikipedia entziklopediaren antzera, boluntarioen lanarekin atera nahi du aurrera; finantzatu, berriz, erabiltzaileek egiten dute. 20.000 titulu baino gehiago ditu ingelesezko katalogoak. Laurehun bat eskaintzen ditu txineraz, berrehun inguru gaztelaniaz eta batere ez, oraingoz, euskaraz.
  • Euskaraz ere bada ekimen aipagarririk literatura sarean jartzeko. Bat, behintzat, ezinbestean nabarmendu beharrekoa, Susa argitaletxearen Armiarma webgunea (www.armiarma.com). Idazleei buruzko informazioa eta liburu kritikak jasotzeaz gain, euskal poesia mundura ezagutarazteko poemen itzulpenak eskaintzen ditu, eta euskal klasikoen gordailua ere bai, 1936 urtea arte idatzitako lan guztiak sarean jartzeko asmoz sortua.